2020-2021. Olatuak, txertaketa eta itxaropena

Batzuetan, gure bizitzan, une batez gelditu behar izaten dugu, atzera begiratu eta zer egin dugun, non egin dugu estropezu, zer ikasi dugun ikusi. Bizitakoa aztertzeak aurrera egiten laguntzen digu, gure izateari zentzua ematen. Gure azkenaldiko bizitza gure eguneroko zeregina hankaz gora jarri duen birus batek baldintzatu du. Dena oso azkar gertatzen ari da eta, batzuetan, ez gara konturatzen zer egiten dugun eta nola egiten dugun. Baina hilabete gogor batzuen ondoren, etorkizunari itxaropenez eta ilusioz begiratzen diogu. Udari eta denok merezi dugun atsedenaldiari heldu aurretik, ikasturte hau nola igaro den gogorarazi nahiko genuke; batez ere, egiten ari garena baliagarria dela jakin dezagun.

Joan den iraila ez zen nahi genukeen bezala hasi. Udan mugak irekitzeak eta neurriak arintzeak kutsadurak ugaritzea ekarri zuen eta, horren ondorioz, hilaren erdian, egindako 8.519 PCRetatik 314 positiboak izan ziren; horietatik 87 herritar gipuzkoarrei zegozkien.

Ikasturteko lehenengo hilabeteetan, bigarren olatua sortu zen: kutsadurak eta horien ondorioak areagotu egin ziren. Olatu horretan, hasieran, urteko lehenengo herenean kutsadurak murriztu egin ziren, alarma-egoeragatik eta konfinamenduagatik, baina aldi batez bakarrik; izan ere, udaren ondoren, kasuak ugaritzen joan ziren eta argi geratu zen transmisio komunitarioa eragin zuela. Hala, Gipuzkoan hilkortasun-tasa % 19,6koa izan zen.

Kutsadura-egoera horren aurrean, Osakidetzak euskal herritarren artean baheketa masiboak egin zituen, positibo berriak atzeman eta garaiz geldiarazteko. Baheketa masibo asko egin ziren: lehenengoa, Azkoitian, urriaren 7tik 10era bitartean; bigarrena, berriz, hilaren 11tik 17ra, Villabonan eta Zizurkilen. Gainera, udan, Euskal Autonomia Erkidegoko herri batzuetan laginketa masiboak egin ziren, aisialdiko lokaletako eta jatetxeetako bezeroen artean.

Abenduan, Gabonak iritsi ziren eta, haiekin batera, opariak. Hainbat hilabetez ikerketa eta entsegu klinikoak egin ondoren, Ameriketako Estatu Batuetako Pfizer farmazia-enpresaren txertoa Espainiara iritsi zen. Txertoak mugarri bat ezarri zuen koronabirusaren aurkako borrokan, handik aurrera haren aurkako tresna bat geneukalako.

2020aren amaieran txertaketa-kanpaina hasi zen –abenduaren 27an– eta, orduz geroztik, txertaketa-estrategiak etengabe aurrera egin du, eskuragai zeuden dosien arabera.

Baina albiste guztiak ez ziren onak izan. Gizarte-kontroleko neurriak arintzearen eraginez, abenduaren bukaeran Euskadin 336 positibo izan ziren, horietatik 115 Gipuzkoan; hau da, irailean baino gehiago.

Urtea hasi zen eta, horrekin batera, txertaketa irrikatua. Donostialdeko ESIko profesionalok txertoa jasotzen lehenengoetakoak izan ginen, Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Ministerioak finkatutako lehentasun-irizpideei jarraituz. Txertaketa-kanpaina abian jartzeak orduan zegoen hirugarren olatuaren ondorioak arintzeko balio izan zuen.

Martxoan, gure erakundearentzat mugarri garrantzitsu bat gertatu zen. Illunbeko zezen-plazako txertaketa-kanpaina martxan jarri zen eta, egun horretan bertan, erizaintzako bi talde funtsezko 260 profesional txertatzera iritsi ziren, horietako gehienak irakasleak, eta beste batzuk, udaltzainak. Horrela, Illunbe Euskadiko ezaugarri horietako lehenengo barrutia bihurtu zen, eta eredu, txertaketa-zentro gehiago martxan jartzeari begira. Illunbeko barrutiarekin batera, Ospitalean eta Bengoetxeako EAGan egin zen Donostialdeko txertaketa. Handik, Errenteria, Hernani eta Zarautz herrietara zabaldu zen.

Txertaketarekin lotutako beste lorpen adierazgarrietako bat honako hau izan zen: BioDonostia Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Institutua, BioCrucesekin batera, Alemaniako Curevac farmazia-enpresak garatu eta sustatutako SARS-CoV-2aren aurkako txertoaren azterketan parte hartzeko aukeratua izan zen, Espainiako beste zentro batzuen artean.

Aste Santuan, gizarte-kontroleko neurriak malgutu egin ziren. Horren ondorioz, kasuak ugaritu egin ziren eta beste kutsadura-olatu bat sortu zen, laugarrena.  Olatu hori aurrekoak baino arinagoa izan zen eta, lehenengo hilean, hilkortasuna % 60 murriztea lortu zen, lehenengo olatuarekin alderatuz. Lehenengo olatuan 99.486 biktima erregistratzetik 8.887ra pasatu ginen; hau da, 90.599 gutxiago.

Okerrena iristeko zegoen. Oporren ondoren, intzidentzia metatua % 120 handitu zen eta ZIUetan 173 ohe betetzera iritsi ziren, urte bat lehenagoko kopuruaren antzekoa. Kasuen gorakada horren ondorioz, LABIak eremu gorrian sartzeko finkatutako azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua murriztu egin zuen; zehazki, 100.000 biztanleko 400ekoa izatea erabaki zuen. Hala, Gipuzkoako 5.000 biztanle baino gehiagoko hogei herri eremu gorrian sartu ziren, Donostia barne. Gipuzkoako zati handi bat eremu gorrian sartzeak gizarte-kontroleko neurriak eta mugikortasun-mugak gogortzea ekarri zuen. Horrek ondoeza eta atsekabea eragin zituen herritarren artean eta pandemiaren hasierako une ilunenak gogorarazi zizkigun.

Hilabete horretan bertan, Bingen Uriondo Egiako Lehen Mailako Arretako Unitateko burua eta Enrique Contreras Groseko anbulatorioko Lehen Mailako Arretako familia-medikua elkarrizketatu genituen. Lehen Mailako Arretako lana funtsezkoa izaten ari zela eta deseskaladarako pieza giltzarria zela esan ziguten biek ala biek. Zerbitzu hori funtsezko pieza izan da eta izaten ari da, baheketa- eta bideratze-protokoloei esker ospitaleak gainezka egin ez dezan eta osasungintza-sistema osoak modu seguruan eta kalitate handiz funtzionatu dezan.

Maiatzaren 9an, alarma-egoera bertan behera geratu zen –martxoaren 14tik zegoen indarrean–. Horren amaierak neurri eta protokolo berriak ezartzea ekarri zuen; besteak beste, gaueko etxeratze-agindua amaitzea. Hilabetearen bukaeran, intzidentzia metatuaren datuak beherantz egiten ari ziren: 100.000 biztanleko 228 kasu maiatzeko azken 14 egunetan eta 88 positibo berri Gipuzkoan. Ospitaleko presioa ere murriztu egin zen: 338 ospitaleratu zeuden; horietatik 124 Zainketa Intentsiboen Unitatean.

Azken hilabete hau, ekaina, eramangarriagoa izaten ari da; izan ere, ZIUetako presioa 45 pazientera murriztu da eta intzidentzia metatua 111 kasura. Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik adierazi duen bezala, «oraindik ere ZIUetako 219 oheetako oinarri-egoeratik urrun gaude, baita 100.000 biztanleko 60 kasuko intzidentzia metatu bakanetik ere», baina esan duenez, «aurrera egiten jarraitzen dugu eta itxaropentsuak izateko arrazoiak dauzkagu».

Donostialdeko ESIko zerbitzu guztiok segurtasun-neurri eta -protokolo berrietara egokitu behar izan dugu eta hilabete batzuetan lan-zama handia izan dugu.

Orain, atseden hartzeko garaia iritsi da. Esperotakoa betetzen bada, udaren ondorenerako talde-immunitatea izango dugu. Hala izatea espero dugu. Opor onak izatea eta betiko gogo eta ilusioarekin itzultzea opa dizuegu.