Juanjo López Ucha Donostialdeko ESIko zeladoreen buruaren agurra
Zeladore 40 urtez eta zeladoreen buru 5 urtez lan egin ondoren, Juanjo López Uchak erretiroa hartu du. Lau hamarkadatan ibilbide profesional oparoa eta garrantzitsua egin du, eta betiko arrastoa utzi digu.
Donostiako Ospitaleko korridoreetan egin zituen zeladore gisa lehen urratsak, eta ordutik borondatez eta pasioz aritu da bere lanbidean, gure ospitalean zeladoreek duten garrantzia jardun praktikoarekin aldarrikatuz. Bere lana eguneroko eginkizunez haragokoa izan da: sustatzaile eta parte-hartzaile gisa egon da dozenaka kongresutan, eta profesionaltasunaren eta jardun onaren arrastoa utzi digu, zeladoreen estamentua bikaintasun estandar gorenean utziz. Izan ere, Juanjok antolatu zuen Osakidetzako zeladoreen lehenengo jardunaldia.
Bere profesionaltasunaren eta, bereziki, bere alaitasunaren eta sinpatiaren falta nabarituko dugu.
Juanjok bereziki bere lanbideari eta zeladoreei zuzendutako maitasun hitz batzuekin agurtu nahi izan gaitu denok.
Eskerrik asko eman diguzun guztiagatik.
Besarkada bat, zeladore.
Iritsi da. Berriro hegoak zabaldu, eta norabidez aldatuko dut; atzera begiratu, egindako bidea aztertu eta iraganeko ekaitzak eta barealdiak balioetsi, baina haietatik ikasi dudala ahaztu gabe.
Urrun ikusten nuen, duela berrogei urte, obra amaiera hau; baina begiratu bat eman, eta azkar pasatu da.
Hor daude nire izateari eta nire lanari hurbildu zaizkien profesionalak. Elkarrekin partekatu ditugu gure esperientziak, bai bizitzakoak eta bai lanekoak; beraz, bizipen horiek ere badaramatzat nirekin.
Negar egin dut, barre egin dut, partekatu, irakatsi, zalantza egin dut, erratu naiz, baina saiatu naiz nire alde atsegina erakutsi eta laguntzen, nahiz eta batzuetan ezin okerrago atera zaidan.
Bizitzan lehiatzen gara, eta, etapa honi, ERRETIROAREN etapa HANDIARI ekitea erabakitzean, nire zuhaitzaren adar honetatik salto egingo dut, beste askatasun batera, etorkizun berri batera, niretzat ezezaguna dena, baina egiteko gauza asko izango dituena.
Azken hitz hauek eskerrak emateko erabili nahi ditut; eskerrik asko lagundu nauten, aholku eman didaten eta nirekin hainbat unetan egon diren pertsona profesional horiei.
Era guztietako talde multidiziplinarrekin partekatu ditut esperientziak; ez dezagun ahaztu hau hiri handi bat dela, eta batek bestearen beharra dugula.
Maitasun berezia diet zeladoreei, jakina: haiek jasan naute gehien. Zalantzarik gabe, profesionalen kate garrantzitsu honetan, beste kate-maila bat gehiago dira, ez gorago ez beherago dagoena, kate zirkular honetan.
Ez ahaztu pazientea, irribarrea, besarkada, isiltasuna, enpatia; horrekin edonora iristen gara.
ESKERRIK ASKO DENORI ¡!!!!
Juanjo. Zeladorea.
