Arantza Lekuona, Donostialdea ESIko Ginekologia eta Obstetriziako burua: “Koronabirusaren intzidentzia oso txikia izan da gure zerbitzuan”

Haurdunaldi baten garapena eta haur baten jaiotza itxaropenez, desioz eta pozez betetako bizi-prozesuak dira, kezkaz bizi ohi direnak, eta dena ahalik eta modurik onenean gauzatu dadin nahi izaten da. Horregatik, koronabirusa agertzea eragozpen bat izan da askorentzat. Zorionez, emakumeak ez dira arrisku-talde bat izan pandemia honetan, eta Donostialdea ESIan oso intzidentzia txikia izan du koronabirusak. Hala ere, ondorioak izan ditu haurdunaldian, erditzean eta erdiberriaroan ere. Donostialdea ESIko Ginekologia eta Obstetriziako buru Arantxa Lekuonak azaldu digu nola antolatu den bere zerbitzua eta nola artatu diren pandemia garaian haurdun zeuden emakumeak

 

Nola pasatu dituzue aste zail hauek?

Ziurrenik, COVIDaren eragin handiagoa jasan duten beste zerbitzu batzuetan baino lasaiago, funtsezko bi arrazoirengatik: alde batetik, COVID-19ak, oraingoz behintzat, ez du emakume haurdunetan gainerako biztanleetan baino eragin handiagoa izan –beraz, gripe-birusaren kasuan ez bezala, emakume horiek ez dira arrisku-taldekoak izan–; eta, bestetik, Ama-haurren eraikina ospitaleko gainerako eraikinetatik pixka bat bereizita dago, eta horrek aukera eman digu zirkuituak ondo antolatzeko eta egoera hainbesteko kezkarik gabe bizitzeko.

 

Nola antolatu da Ginekologiako Zerbitzua egoerari aurre egiteko?

Kontuan hartuta haurdunaldia, erditzea eta erdiberriaroa lehentasunezkoak direla eta ezin direla bertan behera utzi, arrisku txikiko haurdunaldien jarraipen anbulatorioa egiteko protokoloa berrikusi eta egokitu dugu, telefono bidezkoak eta ez-presentzialak diren kontsultekin.
Jarraipen ekografikoa beti bezala Groseko anbulatorioan zentralizatuta egon da, eta babes-gomendio guztiak errespetatu dira une oro. Bestalde, kontrol anbulatorioko prozesu nagusienen beste protokolo batzuk berrikusi dira: antisorgailuak, zoru pelbikoa, bularreko patologia onbera, patologia anexiala… horiek guztiak pandemia, deskonfinamendu eta bestelako egoeretara egokitu ditugu, eta aurrez aurrekoak ez diren kontsultak eta erabakimen handiko kontsultak sartu ditugu. Arrisku handiko haurdunaldiak ospitalean kontrolatzen jarraitu dugu, ahal izan dugun neurrian aurrez aurreko kontsulta guztiak saihesten saiatuz.

 

Nolakoak izan dira haurdunaldiak eta erditzeak pandemia garaian?

Lehen aipatu dudan bezala, haurdunaldia kontrolatzeko funtsezko proben jarraipena egokitu dugu (ekografiak, analisiak, txertoak…).

COVID-19aren intzidentzia txikia izan denez, erditzeak lehen bezala gauzatu dira. Egia da ardura handiz bete dugula pertsonako laguntzaile 1 bakarrik onartzeko baldintza, baina ez da arazorik egon.

COVID-19aren kasu baieztatu zein susmagarrientzako zirkuitu bereiziak ditugu larrialdietan, ospitaleratzeetan eta erditzeko geletan, gure emakumeei arreta ezin hobea emateko.

Duela 2 hilabetetik, gutxi gorabehera, PCR testa egiten diegu gure unitatean sartzen diren emakume guztiei, eta horrek aukera ematen digu erditzeko garaian dagokien lekuan kokatzeko.

Zer intzidentzia izan du COVID-19ak emakume haurdunetan?

Intzidentzia oso txikia izan da. Konfinamenduan COVID-19aren 2 kasu izan genituen erditzeetan, eta orain beste 2 izan ditugu.

Dagoeneko badugu beste paziente haurdunen bat ere segimenduan, baina intzidentzia oraindik biztanleria osoan dagoenaren antzekoa da.

 

Nola jokatu da kasu hauetan?

Hasieratik, COVID-19aren protokolo bat egin genuen gure unitatean, ez bakarrik haurdunentzat eta erditzeentzat, baita gure gainerako pazienteentzat ere, batez ere onkologikoentzat, eta bi zirkuitu bereizi genituen: COVID eta Ez-COVID.

COVID-19 pazienteak COVID eremuan ospitaleratu eta erditzeko COVID geletan sartzen dira.

Pandemiaren hasieran izan genituen lehen bi kasuetan, pazienteak isolatu egin genituen, eta jaioberria banandu egin genuen, elkarte zientifikoek ematen zituzten gomendioak jarraituz; baina, ondoren, emakumeei laguntzailearekin eta jaioberriarekin egon zitezen utzi genien, hala nahi izanez gero, amagandiko edoskitzea sustatuz, betiere denok ezagutzen ditugun neurri zorrotzak betez (maskara, eskuetako higienea, distantzia…).

 

Emakume haurduna koronabirusarekin kutsatzen bada, horrek ondorioak izan ditzake bere haurdunaldian?  

Oraingoz oso argitalpen gutxi daude, baina badirudi azken hiruhilekoko kutsatzeek ez dutela eraginik fetuan. Oraindik datu gutxi dago lehen hiruhilekoan gerta daitekeenari buruz, eta, gainera, oso zaila da daturik izatea, kontuan hartuta gaitzaren garapena asintomatikoa izan daitekeela.

 

Zer egin behar du emakume haurdun batek koronabirusaren sintomak baditu?

Lehen Mailako Arretako medikuarekin harremanetan jarri behar du. Beste edozein pazienterekin bezala jokatu behar da.

Haurdunaldiarekin zerikusirik duen sintomarik badu, ginekologook artatzen du; baina arnas sintomak baditu, horrek dauka garrantzia, eta adituek artatu behar dute.

 

Erditzerakoan emakumeek laguntzailearekin egoterik izan dute?

COVIDaren kasu negatiboak edo ez-susmagarriak direnetan, emakumeak beti bezala egon dira laguntzailearekin.

COVID eremuko emakumeak –COVID-19a dutenak, alegia–, lauguntzailearekin egoten dira erditzean, eta gero jaioberriarekin. Ordea, pandemiaren lehenengo hilabetean, hori ez zen horrela izan, gure ezjakintasuna eta jaioberria isolatzeko gomendioak zirela-eta.

 

Koronabirusak aldatu egin al du orain arte haurdunaldiaz eta erditzeaz genuen ikusmoldea?

Ziurrenik ikasgai asko ikasi ditugu. Lehen egiten genituen zenbait gauzak ez dute baliorik eta saihestu egin daitezke. Beharrezkoak ez diren aurrez aurreko kontsultak daude, eta telefonoz konpon ditzakegu, nahiz eta horrek profesionalei lehen adina lan edo are gehiago ekarri. Ospitaleratutako pazienteek laguntzaile bakarra izatea (eta ez 4-5)  hobekuntza garrantzitsu bat da emakume haurdunentzat, lasaiago baitaude, atsedenean, eta lagunduta egoten jarraitzen dute.

 

Zuen espezialitatean nola ikusten duzue etorkizuna pandemia honen ondoren?

Zalantzazkoa

 

Besterik esan nahiko zenuke?

Bai, ez dugu ahaztu behar gure unitateko beste paziente-talde handi bat: paziente onkologikoena, hain zuzen. Pandemia garaian ere ebakuntza egin ahal izan diegu, bai eta artatu ere, prozesu atzeraezinak direlako. Profesionalen laguntzarekin eta haurdunaldirako aipatu ditudan protokolo eta neurri guztiak jarraituz, tratamenduak ia atzerapenik gabe egin ditugu.