Alejandro Joral, Donostialdeko ESIko Alergologiako zerbitzuburua: “badirudi aurten polen dezente egon daitekeela”

Udaberriaren etorrerarekin, polenak ezohiko protagonismoa hartzen du herritarren osasunean, eragiten dituen erreakzio alergikoak direla-eta. Bestalde, gero eta jende gehiagok jasaten ditu lore, landare eta zuhaitzetan dauden partikula txikiek eragindako alergiak. Duela urte batzuetatik hona, kutsadurak eta klimatologiak gaixotasun honen eraginean duten garrantzia azpimarratzen dute adituek. Gainera, COVID-19ak inkognita berri bat gehitu dio ekuazioari. Oraindik goiz da jakiteko zer eragin izan dezakeen SARS-CoV-2ak polenari alergia dioten pertsonen osasunean, baina dagoeneko badira gai horrekin lotutako zenbait ebidentzia. ESIko Alergologiako zerbitzuburu Alejandro Joralek argitu dizkigu alergiek eta haiek koronabirusarekin izan dezaketen loturak sortzen dizkiguten zalantza batzuk.

Zer polinizazio-aurreikuspen ditugu udaberri honetarako?
Udaberria iristen den bakoitzean, alergiak eta polena etortzen zaizkigu gogora. Aurreikuspenei erreparatuta, badirudi aurten polen dezente egon daitekeela, batez ere gramineoen polena. Beste zonalde batzuetan ez bezala, gure zonaldean, hemendik aurrera izan dezakegun klimatologiak agintzen du kontu honetan. Landareak garaturik eta polen asko izateko prest egotea gauza bat da, eta beste gauza bat da hemendik aurrerako klima. Eguraldi ona, haizetsua eta eguzkitsua egiten hasten bada, polenari alergia dioten pazienteek sintomak izango dituzte. Ordea, euria egiten badu eta eguraldi txarra egiten badu, polena ez da garraiatuko, eta paziente horiek eragin txikia nabarituko dute. Horregatik diot aurreikuspena hemendik aurrera izango dugun klimatologiaren mende dagoela, neurri handi batean.

Euskadin, zenbatek diote alergia polenari?
Datu zehatzik ez daukagu. Gramineoen, zuhaitzen eta abarren polena kontuan hartzen badugu, beharbada 35.000-40.000 biztanle inguruk izan dezake polenarekiko alergia.  Nire ustez, herritarren % 5 inguru dira, nahiz eta estatu mailan % 25eko intzidentzia egon daitekeen zenbait lekutan. Leku bakoitzean desberdina da. Gure zonaldean akaroekiko alergia nagusitzen da, eta polenak garrantzi txikiagoa du. Andaluzian, Levanten edo Madrilen polenak prebalentzia askoz handiagoa du.

Zein dira Euskadiko polenik arruntenak?
Leku guztietan bezala, gramineon polena da arruntena, hemendik aurrera agertzen dena eta sintoma gehien eragiten dituena, hain zuzen. Eta hor dugu zuhaitzen polena ere, zonalde batetik bestera asko aldatzen dena. Euskadin, zehazki, betulazeoen polena –urkiarena, esaterako– nahiko ugaria da, eta pinuarena ere bai. Ordea, beste zonalde batzuetan ez bezala, altzifrearen edo olibondoaren polena askoz urriagoa da.

Kutsadurak eta klima-aldaketak badute zerikusirik gero eta jende gehiagok polenarekiko alergia izatearekin?
Bai, eta gero eta garrantzia handiagoa ematen ari zaio kutsadurari. Aspalditxoan behin eta berriz ari gara esaten patologia alergikoak ugaritzen ari direla, oro har: gero eta paziente gehiagok dute gaixotasun hau, eta horretan garrantzi handia du kutsadurak. Zehazki, polenarenarekiko alergiarena gauza bitxia da; izan ere, hirietan dago paziente alergiko gehiago, ozonoak eta kutsadurak erasokorragoa bihurtzen baitute polena, eta horregatik sintoma eta alergia gehiago eragiten baititu.

Maskararen erabilerak izango du ondoriorik polenarekiko alergia dutenengan?
Oro har, maskara lagungarria izan da. Maskaren partikula-iragazkiek pazienteei murriztu egin diete alergenoekiko kontaktua, eta, horregatik, sintoma gutxiago izan dituzte. Horrez gain, iazko udaberriko konfinamendua eta polinizazio handieneko hilabeteetan kalean denbora gutxiago egotea mesedegarriak izan dira. Baina ez denentzat; izan ere, paziente batzuek larruazaleko arazoak dituzte, eta nahikoa lan ematen die maskarak, narritadurak eta abar direla-eta.

Nola eragin dizue pandemiak Alergologiako kontsultetan?
Bada, guztioi bezala. Ahal izan dugun moduan egokitu gara egoera berrira. Hasieran shock bat izan zen, eta gero ohiko jarduerara bueltatzen joan gara. Egia da telefonoz egiten ditugula lehenengo kontsulta dezente, baina gero eta aurrez aurreko kontsulta gehiago egiten ditugu. Hori bai, kontu handia izaten dugu distantziak, tarteak zaintzeko… Orain goizez eta arratsaldez dauzkagu kontsultak, hain zuzen ere, jende-pilaketak saihesteko eta babestuago egoteko.

Nola bereizi ditzakegu polenarekiko alergia eta koronabirusaren sintomak?
Printzipioz, nahiko antzekoak dira: kongestioa, doministikuak, sudurreko molestiak… Egia esan, nahastu egin daitezke. Nire ustez, COVID-19a izan dezakegula adierazten duen sintoma argi bat sukarra da. Sukarra badaukagu, ondoez handia sentitzen badugu eta, gainera, beste udaberri batzuetan sintomarik izan ez badugu, orduan pentsatu daiteke COVIDa izan dezakegula, eta ez polenarekiko alergia bat.

Polenarekiko alergia duten pazienteek arrisku handiagoa dute SARS-CoV-2arekin kutsatzeko?
Duela gutxi, iazko azterlan baten berri ematen duen artikulu bat argitaratu da, eta hori bera iradokitzen da bertan. Egia esan, guk beti jakin izan dugu polenari alergia dioten pazienteetan ugariagoak direla arnas infekzioak –birikoak, oro har–, hala nola erretrobirusarena, gripearena eta abar.  Horrek pentsarazten du COVIDarekin gauza bera gerta daitekeela. Lehen aipatutako artikuluak ildo horretatik jotzen du. Izan ere, iazko udaberrian, polenari alergia dioten pazienteetan COVID kasu gehiago izan ziren, alergikoak ez direnetan baino. Hainbat herrialdetan egin zen ikerketa horren arabera, konfinamendu oso zorrotza ezarri zen tokietan, COVID infekzio gutxiago egon zen polenari alergia dioten pazienteetan. Arazoa betikoa da. Urtebeteko esperientzia jasotzen duen ikerlana da, baina norabide hori seinalatzen du. Dena den, urte gehiago itxaron beharko da hori horrela dela baieztatzeko.

Polenari alergia dioten pazienteek hartu dezakete COVID-19aren aurkako txertoa?
Ez dute inolako arazorik txertatzeko. Are gehiago, nik mundu guztiari txertoa hartzeko aholkatzen diot.

Polenarekiko alergiaren krisialdi batean banago eta txertoa hartzeko proposatzen badidate, zer egin behar dut?
Lehenengo, polenaren sintomak tratatu, agindutako medikazioa hartu edo familia-medikuarekin hitz egin, polenaren sintomatologia tratatu dezan eta dagokizunean txertoa har dezazun.

COVID-19aren aurkako txertoek zer nolako alergia eragin dezakete?
Hasieran zeresan handia eman zuen Sendagaien Europako Agentziaren abisuak; izan ere, kontrako erreakzio larriak edo erreakzio anafilaktikoak izan zitezkeela iradoki zen. Gainera, alergia larriak zituztenei ez txertatzeko agindu orokorra eman zen, eta horrek nahasmendu eta zalaparta handia eragin zuen medikuen artean, eta hainbat interkontsulta eta galdera egin ziren: adibidez, kakahueteei, itsaskiei, nolotilari… alergia zietenek txertorik har zezaketen. Esperientziak erakutsi digu ez dagoela inolako arazorik: arrautzari, esneari, erleei eta abarrei alergia dieten paziente guztiek arazorik gabe har dezakete txertoa. COVID-19aren txertoari dagokionez, kontuan hartu beharreko kontraindikazio bakarra da txerto horren kontserbatzaileren batekiko alergia izatea. Beste gaixotasun batzuen aurkako txertoekiko kontrako erreakzio larriak izan dituzten pazienteek ibili behar dute kontuz, eta medikuari kontsultatu behar diote txertoa hartu aurretik. Beste alergia batzuk dituzten pazienteek ez dute inolako arazorik.