Donostialdeko ESIko Euskara arloa: Osakidetzaren II. Euskara Planaren ebaluazioaren emaitza orokorra garapen maila aurreratua izan da. Lortu litekeen altuena”

Osakidetzako II. Euskara Plana amaitu berria da eta ebaluazioaren emaitzak zabaltzen ari da Euskara Arloa. Aldi berean hurrengo planaren planteamenduak zein izan daitezkeen aztertzen dira. Udazkenean Osakidetzako III Euskara Plana aurkeztuko da eta ondoren, horren egokitzapena egin beharko da ESIan.  Donostialdeko ESIko euskara arloak eman dizkigu honi buruzko azalpenak.

Lehenengo galdera derrigorrez egin beharrekoa. Zer emaitza eman du egin berri den ebaluazioak?
Egia esan pozik egoteko modukoa lortu da. Emaitza orokorra garapen maila aurreratua deritzona da. Lortu litekeen altuena.

Hortaz, esan liteke euskara ESIan normalizatuta dagoela?
Ez, jakina. Emaitza horren erreferentzia eta abiapuntua, planaren hasieran egin zen aurreikuspena da. Hau da, 2014an ezarri ziren helburuen araberakoa da emaitza hori. Gainera, txostena irakurriz gero, hobetzeko puntuak ere jasotzen ditu dokumentuak. Duela bospasei urte egoera beste bat zen, ordutik hainbat aurrerapauso eman dira, eta orain beste batzuk emateko sendoagoa da oinarri.

Gero hitz egingo dugu etorkizunari buruz. Zein dira planaren hasieratik egin diren aurrerapenik garrantzitsuenak?
Batez ere, bi dira azpimarragarrienak, batetik euskarak erakundean daukan presentzia, planaren hasieran euskararen ezagutza %30ren bueltan zegoen eta une honetan, 2021ean %60 gaindituko du. Hortaz, bikoiztu egin da, eta lehen mailako arretan %80 da. Bestetik, ikuspegian egin den aldaketa, langile eta arduradunen artean dagoeneko euskararekin lotutako jarraibideak eta planaren neurriak lanaren baitan daudela barneratu da. Aldaketa hori poliki-poliki gertatu den zerbait da, eta aurrera begira ere landu beharrekoa.

Zein izan dira aldaketa horien giltzarriak?
Asko dira. Batzuk agerikoak eta beste batzuk ziur aski gure analisiei ihes egiten dietenak. Baina argi dago aldi berean aspektu asko landu behar direla aurrera egin ahal izateko. Oso garrantzitsua da erakundearen kokapena, nahiz eta erabiltzaileek esplizituki ez eskatu, inplizituki zein hizkuntza erabili nahi duten adierazten dute. Garrantzi handia izan du, baita ere, erakundeak ulertzea arretaren kalitatean hizkuntzak baduela zer eskaini. Eta ondorioz, euskara ikasteko ikastaroak egiteko aukera ematea, identifikazioaren presentzia, tarteko arduradunen inplikazioa plana hedatzeko eta adierazleen jarraipena egiteko, besteak beste. Ez dago formula magiko edo bidezidorrik, aldi berean esparru askotan aritu behar da.

Ebaluatzaileek jaso dute txostenean plana erakundean oso hedatuta dagoela.
Bai hala da. Inolako zalantzarik gabe hizkuntzaren presentzia handitzea lan kolektiboa da eta zabaltzeko ahalegin handia egin da. Komunikaziorako elementua den hizkuntzaren normalizazioa baino zeharkakotasun handiagoa duten gaiak gutxi dira. Ezinbestekoa da denon parte hartzea, eta baita erabiltzaileen eta kanpoko eragileen lankidetza.

Denok esaten duzunean, talde horretan sartzen al dituzu euskaraz ez dakitenak ere?
Bai, horiek ere rol garrantzitsua dute prozesuan. Batetik jakitea eta ez jakitearen arteko muga oso lausoa da, orain arte ez zaio garrantzirik eman hitz egiteko gaitasunik ez zuenari, baina argi dago ulertzen duenaren rola oso garrantzitsua dela, Euskaraldiaren moduko lanketek agerian utzi dute. Besteen ulermenak ematen baitigu erabiltzeko aukera. Hortaz, ulermenari dagokion lekua eman behar zaio.

Eta ezer ez dakitenak?
Horiek ere prozesuan ezinbestekoak dira. Bi hizkuntzen aurrean jarrera positiboa izanda eta denon ikuspuntua ulertuta hizkuntza bat edo bestea aukeratzeko lasaitasuna areagotzen da, eta erabilerari atea zabaltzen diote. Hori ere landu liteke. Eta euskara modu aktiboan entzunda ulertzeko bidea erraz egiten da.

Eta hemendik aurrera?
Beno, une honetan planaren emaitzak erakundean barrena komunikatzen ari gara, oso garrantzitsua iruditzen zaigu prozesuaren nondik norakoak langile guztiek ezagutzea, inplikazioa lortzeko lehenengo pausua baita. Horretarako hainbat bilera eta dokumentu egin ditugu. Lanketatxo bat ere martxan jarri dugu: Imajinatu 2027

Zer da Imajinatu 2027?
Prozesu hau etenik ez duen gurpil bat denez, hemendik aurrera hurrengo urteetan zein bide hartuko dugun pentsatzeko unea da. Eta Osakidetzako III Plana jasotzen dugunerako erakundeko kideen ikuspuntua jaso nahi dugu. Horretarako sortu dugu Imajinatu 2027, prozesu parte-hartzailea. Hurrengo planaren amaieran erakundea nola ikusten dugun irudikatzeko eta horren neurriko plan bat osatzeko.

Nola landu duzue Imajinatu 2027?
Lehenengo pausua informatzea izan da, lehen esan bezala, eta horrekin batera iritziak jasotzea. Horretarako galdetegiak prestatu eta hainbat modutan zabaldu ditugu. Udan dena bildu eta hausnarketa egingo dugu.

Eta zuek nola imajinatzen duzue 2027?
Bide berari eusten badiogu euskararen ezagutza orokortuta egongo da erakundean, horrek ate asko zabalduko dizkio erabilerari. Arreta euskaraz eremu guztietan bermatuta egotetik oso hurbil egongo da. Lanean ere euskarak bidea egina izatea espero dugu, ez da samurra izango, baina Itzulbide itzultzaile neuronalak asko erraztu dezake euskarak presentzia handiagoa izatea osasun dokumentuetan.

 

Imajinatu 2027 galdetegia

II Planaren ondorioen laburpen-bideoa