Ana Lersundi, Donostialdeko ESIko Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologiako zerbitzuburua: “Pandemia honek kalte handia egin dio gure zerbitzuari”

Donostialdeko ESIren Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologiako zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzu osoenetako bat da. Hala ere, zerbitzu honentzat ez da erraza izan pandemiari aurre egitea. Izan ere, jarduera kirurgikoa nabarmen murriztu da bertan, eta kontingentzia sanitario honi aurre egiteak ondorio garrantzitsuak izan ditu bere jarduera asistentzialean. Hainbat hilabete normaltasunik gabe igaro ondoren, zerbitzu hau pixkanaka eguneroko zereginei ekiten hasi da berriz, COVID-19ak eragindako itxaron-zerrendak murrizteko asmo irmoarekin. Ana Lersundik hilabete zail hauen ostean nola dauden eta esku artean zer proiektu dituzten kontatu digu.

 

Nola dago antolatuta Donostialdeko ESIko Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologiako zerbitzua, eta zenbat profesionalek lan egiten dute bertan?

Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologiako zerbitzuan 41 ondoko eta 10 egoiliar gaude, kirurgiarekin tratatu daitezkeen patologia muskulueskeletikoak barne hartzen dituzten hainbat ataletan banatuta.
Batetik, Donostialdea ESIko pazienteek dituzten prozesu traumatologikoak tratatzen ditugu, eta, bestetik, erreferentziazko lantalde batera bideratzen diren patologiak tratatzen ditugu unitate espezifikoetan. Unitate horietan paziente konplexuagoak baloratzen dira, beste zentro batzuetatik hirugarren mailako ospitalera bideratzen direnak.

 

Zein dira patologiarik arruntenak zuen unitatean?

Gure unitatean patologia traumatikoak, hausturak, tratatzen ditugu. Horiek tratamendu urgentea behar dutenean, guardiako lantaldeak artatzen ditu; hausturen tratamendu geroratuak, berriz, lantalde espezializatuek egiten dituzte.

Bestalde, endekapen-patologiarekin lotutako arazo ortopedikoak tratatzen ditugu. Tratatzen ditugun patologiak lotuta daude, besteak beste, haurren ortopediarekin, eskuko patologiarekin, tumoreekin eta infekzioekin, bizkarrezurreko patologiarekin eta ortopedia orokorrarekin, eta lesioak artroskopiarekin edo kirurgia irekiarekin tratatzen ditugu.

 

Donostialdeko ESIko Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologiako zerbitzua gure erkidegoko zerbitzu asistentzial osoenetakotzat jotzen da. Zertan oinarritzen da ospe hori?

Ospe hori gure zerbitzuko medikuen kalitatean eta ezagutzan oinarritzen da. Donostialdeko ESIko Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologiako zerbitzuak gure espezialitateko ia azpiespezialitate guztiak eskaintzen ditu bere zerbitzu-zorroan.
Erkidegoko beste probintzietatik datozen pazienteak tratatzen dituzten unitate espezifikoak daude, hala nola tumore-patologiarena edo bizkarrezurraren deformazioarena.

 

Donostialdeko ESIko Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologiako zerbitzuak hainbat azpiespezialitate biltzen ditu. Zein dira horiek?

Gaur egun, unitate hauek ditugu zerbitzuan: haur-ortopediaren unitatea, eskuko kirurgiaren unitatea, bizkarrezurraren unitatea eta tumoreen eta infekzioen unitatea. Horrez gain, traumatologia orokorreko azpiespezialitatean sartzen diren zerbitzuko kideak beste atal batzuetan banatuta daude: hor ditugu, besteak beste, artroskopia aurreratuaren lantaldea, ortopedia aurreratuarena eta oineko eta orkatileko patologiarena.

 

Zuen zerbitzua gero eta gehiago espezializatu da, eta horrek bloke kirurgikoko zerbitzu zabalenetako bat bihurtu du. Zenbat ebakuntza-gela daude zuen ardurapean eta zer ebakuntza egiten dira?

Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologiako zerbitzuak, egunero, 6-8 bat ebakuntza-gela ditu zabalik Gipuzkoa eraikineko blokean, jarduera programaturako; ebakuntza-gela bat astean, haurren ortopediarako; ebakuntza-gela bat egunero Arantzazu eraikinean, hausturak tratatzeko, eta traumatologiako beste bi ebakuntza-gela arratsean, aldakako hausturak tratatzeko. Gainera, Kirurgia Handi Anbulatorioan (KHA) ere jarduten du, astean egun batean, gutxi gorabehera.

 

Donostialdeko ESIak hausturen tratamenduan erreferentziazkoa den unitate bat dauka. Zer lan egiten du unitate horrek?

Traumatologiako lantaldeak haustura konplexuen tratamendu geroratua eta paziente politraumatizatuen tratamendua egiten ditu. Bestalde, adinekoen aldakako hausturen tratamendua egiten du, ortogeriatria-programaren barruan.

 

Gainera, unitate hau ortogeriatriarekin lotutako proiektu bat egiten ari da. Zertan datza?

Traumatologiako lantaldea sortu zenetik, aldakako haustura duten adineko pazienteen tratamendua nabarmen hobetu da. Programa honetan parte hartzen dute Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologiako zerbitzuak, enestesiak, errehabilitazioak, barne-medikuntzak eta osasun-kudeaketako zerbitzuak. Pazienteei tratamendu goiztiarra ematen zaie kirurgia bidez lehenengo 48 orduetan, kontraindikaziorik egon ezean. Ospitaleratzen direnean, barne-medikuntzako eta errehabilitazioko zerbitzuek baloratzen dituzte, tratamendua optimizatzeko, eta osasun-kudeaketako zerbitzuak zentro itunduetara bideratzen ditu, errehabilitazio-tratamenduarekin jarrai dezaten. Programa hau zerbitzu honen zutaberik garrantzitsuenetako bat da gaur egun.

 

Hausturak, batez ere adinekoen aldakako hausturak, patologia errepikakorrak dira. Nola prebenitu ditzakegu eroriko horiek?

Jarduera fisikoak, giharrak indartzeko ariketek eta oztopo arkitektonikoen gutxitzeak adineko pertsonen erorikoak prebenitzen dituzte.

 

Nola eragin dio COVID-19k zuen zerbitzuari?

Pandemia honek kalte handia egin dio gure zerbitzuari. Gure espezialitatean patologia onkologiko atzeraezin gutxi dago; gure kontsultetan jarraipena egiten zaien paziente gehienek endekapenezko patologia ez-urgenteak dituzte, eta horien tratamenduak itxaron dezake. Paziente larrien asistentzia lehenetsi behar denez, programatutako jarduera errotik eten da. Laburbilduz, azken hilabete hauetan, 2021eko martxoan bakarrik mantendu dugu jarduera kirurgiko osoa. Orain jarduera hori pixkanaka berrabiarazten ari gara, baina bide luzea dugu aurretik.

 

COVID-19aren intzidentzia dela eta, itxaron-zerrendek gora egin dute nabarmen. Zer ekintza ari dira burutzen presio asistentzial hori arintzeko?
Aurten, itxaron-zerrendan dauden pazienteen ebaluazio jarraitua egin da. Konplikazioak izateko arrisku handiena izan dezaketen pazienteak identifikatu dira, eta, ahal den neurrian, tratamendu kirurgikoaren ordezko diziplina anitzeko aukerak bilatu dira. Ahalegin guztiak egin arren, zerbitzuak itxaron-zerrenda dezentea du gaur egun.

 

Nolako bilakaera izan du traumatologiak azken urteotan?
Traumatologia asko aldatu da azken urteotan. Gero eta kirurgia konplexuagoak egiten dira, abordatze txikiagoak eginez eta konplikazioak hobeto kontrolatuz.
Kirurgia minimoki inbaditzaileek garrantzi handia hartu dute. Larruazaleko osteosintesi-teknikak egiten dira, eta kirurgia artroskopikoak endekapenezko patologia asko tratatzeko aukera ematen du, abordatze txiki batekin.
Nabigazio-kirurgia protesikoak egiten dira eta 3D inprimaketa-teknologiak aurrerapen handia ekarri du espezialitatean. Teknologia horri esker, biomodeloak egin daitezke, kirurgia aurreko programazio egokia egiteko edo paziente bakoitzarentzat neurrira egiten diren material ezargarriak erabiltzeko.

 

Duela ez urte asko, ebaki handia egiten zen menisko bat operatzeko. Gaur egun, zentimetro bat baino gutxiagoko zauri txiki batekin emaitza hobeak lortzen dira. Kirurgia endoskopikoak protagonismoa hartu du azken urteotan. Zertan datza?
Kirurgia artroskopikoari esker, prozesu artikular asko konpon daitezke oso abordatze txikiarekin, artikulazioa ireki beharrik gabe. Arlo honetan asko aurreratu da. Kirurgia mota berri hau anatomia babestean datza, atal bigunak lesionatu eta konplikazioak sortzeko arriskua duten kirurgia irekiak saihestuz.

Zer proiektu berri ditu unitateak?
Gaur egun, zerbitzuak hainbat ikerketa-lanetan parte hartzen du, eta lankidetza garrantzitsuak hasi ditu BioDonostia Institutuarekin.
Zerbitzuaren helburu estrategikoetako bat da zubiak ezartzea beste zerbitzu kliniko batzuekin, gure erantzun asistentziala hobetzeko. Lehen mailako arretarekin eta beste espezialitate kliniko batzuekin lan egiten ari gara.
Kirurgia Handi Anbulatorioko (KHA) ebakuntza-gela berria irekitzeak ospitaleratzerik behar ez duen patologia asko konpontzea ahalbidetuko digu.

Nolakoa izango da etorkizuneko traumatologia? Zertan hobetuko da?
Etorkizuneko traumatologia, ziurrenik, nabigatzaile edo robot intraoperatorioen erabilerak markatuko du; horiei esker inplanteak zehaztasun handiagoz jarriko dira, eta konplikazio kirurgikoak izateko arriskua minimizatuko da. Teknika horien handicap handia prozesuen kostu handia da.