Beatriz Arrillaga, Donostialdea ESIko erizain ondokoa eta Maria Cristina hotel “sanitarizatu”aren koordinatzailea: “Guztiontzat esperientzia berria izan da, eta horrek gure lanbidea berrasmatzera eraman gaitu”

Euskadiko deskonfinamendu sanitarioa hasi da, dagoeneko, pandemiari aurre egiteko eta osasun-zerbitzuen kolapsoa saihesteko Osakidetzaren esku jarritako hoteletan ere. Hala, joan den ostiralean, maiatzak 15, Maria Cristina hotelak ateak itxi eta desinfektatzeko prozesua hasi zuen. Sei aste hauetan Covid-19 paziente arinak artatu dituzte bertan, eta Beatriz Arrillaga, hoteleko erizain koordinatzailea, denbora horretan hotel entzutetsuaren hormetan gertatu denaren lekuko izan da.

Joan den astean itxi zen Maria Cristina hotela, hotel “sanitarizatu” gisa. Zer balantze egin dezakezu esperientziari buruz?

Balantzea, zalantzarik gabe, positiboa da. Guztiontzat esperientzia berria izan da, eta horrek gure lanbidea berrasmatzera eraman gaitu. Talde osoak zalantza eta urduritasunez bizi izan zituen lehen egunak, baina lasaigarria da atzera begiratu eta arrakastatsua izan dela ikustea.

Pozgarriena pazienteengan pentsatzea da, une horretan behar zituzten zainketak eskaintzeko gai izan garela, egoera guztiontzat guztiz berria zenean. Pazienteek gure lana estimatu eta eskertu dutela ikustea oso pozgarria da.

 

Nolakoa izan da lanegun bat Maria Cristinan?

Txandak ospitale batean bezala zeuden egituratuta: goizez, arratsaldez eta gauez. Bezperan, hurrengo goizean ospitaleratuko ziren pazienteen zerrenda jasotzen genuen ospitaletik, eta dena prestatzen genuen haiek iristerako, bakoitzaren beharrak ikusteko historialak aztertuz.

Pazienteek isolamendua bete dute: ez zuten kanpoko bisitarik jasotzen, eta osasun-langileak ere ez ginen sartzen geletan, une jakin batzuetan izan ezik. Egunean bitan, tenperatura eta saturazioa hartzen genien atetik, eta aukera horretaz baliatzen ginen haiekin hitz egiteko, bai beren gaixotasunaz, bai beren gogo-aldarteaz. Izan ere, Maria Cristinan konfinatuta egoteak oso erakargarria dirudi, baina, azken finean, isolatuta zaude bertan.

Goizean frotisak egiten zitzaizkien proba hori egin behar zitzaien gaixoei, eta paziente bakoitzak behar zituen gehigarrizko zainketa guztiak ere egiten ziren, adibidez, sintrona. Kasu horietan bakarrik sartzen ginen osasun-langileak geletara. Goizean, aurreko egunean egindako frotisen emaitzak jasotzen ziren, eta paziente negatiboentzako alta prestatzen zen.

 

Egun gutxitan ospitale bat antolatu behar izan zen. Nola egin zen hori?

Aldez aurretik bilera batzuk egin genituen, eta hotel bat nola sanitarizatu azaltzen zuen dokumentu bat osatzen joan ginen. Dokumentu horretan zehaztu ziren paziente batek hotelean ospitaleratzeko bete behar zituen baldintzak, eska zitzakeen zainketak, eta behar guztiak (osasun beharrak, garbiketakoak, sukaldekoak eta abar) betetzeko langileen profilak,  bai eta beharrezko arreta- eta deribazio-zirkuitu guztiak ere; lan guztia egiteko beharrezko materiala eta pazienteak behin ospitaleratu ondoren bete beharreko protokoloa ere bai.

Behin guztia zehaztuta, hotela egungo egoerara egokitu behar izan genuen, hotelari hilabete batzuk geroago normaltasunez funtzionatzen jarraitu ahal izateko behar besteko babesa emanez.

 

Zenbat lagunek egin duzue lan hotelean?

Hotelean 13 osasun-langilek lan egin dugu, baina lantaldea administrariek, zeladoreek, garbitzaileek, sukaldeko langileek eta segurtasuneko langileek ere osatzen zuten.

 

Nola prestatu ziren gelak COVID-19 gaixoei arreta eman ahal izateko?

Gelak egokitu ziren pazientearen erosotasuna ziurtatzeko, hotelarenak ziren gauzak kaltetu gabe.

 

Zenbat ohe prestatu ziren eta zenbat okupatu ziren?

56 ohe prestatu ziren, baina, azkenean  sei aste hauetan Maria Cristina hoteletik igaro diren 58 pazienteak artatzeko, 28 ohe bakarrik okupatu dira.

 

Bete al dira hotel “sanitarizatua” martxan jarrita bete nahi ziren itxaropenak?

Bai, itxaropenak bete dira. Aukera eman diegu hainbat arrazoirengatik isolamendua etxean bete ezin zuten Covid gaitzaren paziente positiboei isolamendu hori betetzeko leku bat izateko, behar zuten zainketa eta arreta jasoz.

 

Klinika arina zuten pazienteak artatu dituzue. Zer harreman mota izan duzue haiekin?

Lehen aipatu dudan bezala, haiekin oso tarte laburrean izaten genuen kontaktua. Hala ere, bai guretzat bai pazienteentzat oso une bizia eta benetan baliotsua zen, eta harreman estua eraiki dugu horrela.

 

Eta lankideen arteko harremana?

Parte hartu dugun estamentu guztiekin osatu den lantaldea oso ona izan da, elkarlanean aritzekoa;  lanerako gogo bizia eta ilusio handia sumatzen zen. Uste dut denok ere hutsune txiki bat genuela gure bihotzetan elkarri agur esan diogunean, eta proiektu honetan parte hartu izanak betiko elkartuko gaituela.

 

Pentsatzen dut esperientzia ona izan dela, bai pertsonalki, bai profesionalki.

Profesionalki oso erronka polita izan da, eta jarritako helburuak beteta ikustea benetan pozgarria da.

Maila pertsonalean, adiskidetasuna eta pazienteak nabarmenduko nituzke. Sortu den taldea bikaina izan da, sortu ditugun loturak motorra izan dira etapa honetan. Eta zalantzarik gabe, pazienteen esker ona guztiontzat poz-iturri izan da.

 

Profesionalki hau izan da orain arte aurre egin behar izan diozun egoerarik larriena?

Hotelean ez dugu larritasunik bizi izan gaixotasunari dagokionez. Ez da egoerarik larriena izan, baina bai erronkarik handiena planteatu diguna, ezagutzen ez genuen errealitate bati aurre egin baitiogu.

 

Mezuren bat bidali nahi diezu azken aste hauetan zaintzen aritu zaren paziente horiei?

Eskertzeko mezu bat bidaliko nieke. Haiek ere lagundu dute osasun-egoerak hobera egin dezan, eta beharrezko isolamendua bete dute, jarrera ulerkor eta kolaboratzailearekin.

 

Maria Kristinako pasilloetan turistekin topo egin gabe ibiltzeak gutxienez bitxia izan behar zuen.

Egia esateko, orain arte inoiz ez nintzen Maria Kristinan egon. Oso polita izan da ingurune horretan lan egitea; hoteleko zuzendaritzak asko erraztu digu lana, eta bere jarrera eskertzekoa da. Maria Cristinak mota guztietako pertsonaiak ikusi ditu bere pasilloetan, seguru bere logelek mila istorio gordetzen dituztela, eta polita iruditzen zait Osakidetzak ondare hori aberasten lagundu izana.

 

Uste dut sei aste inguru eman dituzula Maria Kristinan bizitzen. Harro esan dezakezu hotel honetan denbora gehien eman duen pertsonetako bat zarela.

Bai, sei aste izan dira. Hotela ireki genuenean, nik neu nahiago izan nuen hona lekualdatu; proiektuan % 100 aritzeko beharra nuen.