Begoña Azcarate, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko ikasketaburuari eta Eulali Mariñelarena, Gipuzkoako Familia eta Komunitate Arretarako Irakaskuntza Unitate Multiprofesionaleko ikasketaburuari egindako elkarrizketa

Esan al diezagukezue, oro har, nola dagoen antolatuta irakaskuntza gure erakundean?

Irakaskuntza-prozesua deritzona 4 azpiprozesu handiren inguruan egituratzen da: egoiliar berriaren harrera; irakaskuntza-prozesuaren gauzatzea; ebaluazioa, eta prestakuntza amaitu duen egoiliarraren agurra.

Prozesu horrek honako hauek ditu berekin:

  • Sailarekin adosturiko irakaskuntza-eskaintzaren plangintza, etorkizuneko profesionalen beharrei erantzuteko helburua duena.
  • Bai irakasleak eta bai plantillak, guztiak inplikatuko dituen irakaskuntza-estrategia baten garapena, irakaskuntza-metodologiak zabalduz eta tutoreak metodologia horietan pixkanaka trebatuz.
  • Irakaskuntza-eskaintzari erantzuteko beharrezkoak diren dispositiboetarako akreditazioak edo hitzarmenak.
  • Espezialitateko programa ofizialak erakundearen irakaskuntza- eta asistentzia-ezaugarrietara egokitzea, prestakuntza-ibilbidea osatuz eta beharrezko prestakuntza osagarria diseinatuz.
  • Emaitzen neurketa kuantitatiboa eta kualitatiboa.

 

Eta nolakoa da egoiliarren irakaskuntza-ikaskuntza prozesua?

“Eginez ikastea” da egoiliarren ikaskuntza-prozesuaren oinarria. Egoera errealetatik abiatuta, tutoretzapeko ikaskuntza baten bidez, egoiliarrak hautatu duen espezialitaterako eskatzen diren gaitasunak bereganatzen ditu. Hasieran gainbegiratzea erabatekoa izaten da eta egoiliarrak autonomia-maila minimoa izaten du; gero, prestakuntza-urteak igaro ahala, alderantziz gertatzen da: gainbegiratze-maila jaitsiz joaten da eta azkenik erabateko autonomia lortzen da.

Jarduera asistentzialaz gain, egoiliarrak prestakuntza-jarduera egin behar du, zeharkako gaitasunak eta jarduera zientifikoa eskuratzeko.

 

Zein dira espezialitateetako tutoreen eginkizunak?

Egoiliar bakoitzak tutore bat du esleituta, bere prestakuntzaren kudeaketa eta jarraipena egiteko. Tutore nagusiak jardunean dauden profesionalak dira, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren akreditazioa dutenak; modu altruistan egiten dituzte tutore-lanak eta hainbat eginkizun dituzte, bi multzo nagusitan bildu daitezkeenak:  batetik, egoiliarraren prestakuntza planifikatzea eta gainbegiratzea (prestakuntza-gida prestatzea, banakako prestakuntza-plana egitea, urtero banakako plana eguneratzea, prestakuntza-planaren garapena gainbegiratzea); eta, bestetik, egoiliarraren ebaluazioa (jarraitua eta urtekoa).

 

Zer prestakuntza-ibilbide jarraitzen dute ikasleek?

Bakoitzak espezialitatearen programa ofizialean zehaztutako gaitasunak lortzera bideratutako  ibilbide mota bat du. Programak eurak ere malguak dira, eta, horri esker, egoiliar bakoitzaren ezaugarri pertsonaletara eta interes-eremuetara egokitu daitezke.

 

Zein da irakaskuntza-batzordeen eginkizuna?

Irakaskuntza-batzordeek betetzen dituzten eginkizunen artean, honako hauek nabarmenduko genituzke:

  • Espezialitate desberdinetan ematen den irakaskuntza bermatzea.
  • Ospitaleko edo osasun-zentroetako irakaskuntza-jarduerak koordinatzea.
  • Prestatzen ari diren medikuek egiten dituzten jarduera asistentzialen jarraipena egitea.
  • Mediku egoiliarraren prestakuntza ebaluatzea.
  • Beste zentro batzuetarako zerbitzu-eginkizunak sustatzea.

 

Irakaskuntza-batzordeak zentro edo irakaskuntza-unitate bati lotuta egon daitezke. Gipuzkoaren kasuan, bi irakaskuntza-batzorde daude: bat Donostia Unibertsitate Ospitaleari lotuta dago; Ospitaleko espezialitateak biltzen ditu, hala BAMEenak nola BAEEnak, eta espezialitate horiek DUOn garatzen dira; beste batzordea Gipuzkoako Familia eta Komunitate Arretarako Irakaskuntza Unitate Multiprofesionalari lotuta dago, eta BAMEen nahiz BAEEn Familia eta Komunitate Arretako prestakuntza-programa garatzen du Gipuzkoako dispositibo asistentzialetan.

 

Noiz uzten du egoiliar batek erakutsi diegun ospitalea?

Helburua da profesional trebeak prestatzea, aurre egin beharreko osasun-erronkei erantzun ahal izateko.

Gaitasuntzat hartzen dira pertsonek beren bizitzarekin eta lanbidearekin lotutako egoera zehatzak konpontzeko agertzen dituzten jarrera, abilezia, trebetasun, ezagutza eta balioen multzo baten ondoriozko portaerak.

Ildo horretan, ezagutzak eta trebetasunak ez ezik, honako hauek ere barne hartzen dituen prestakuntza sustatzen da: espiritu kritikoa garatzea, ikaskuntza autonomoa errazten duten tresnak erabiltzea, balio etikoak txertatzea, komunikazio-trebetasunak, eta ekimenerako eta talde-lanerako gaitasuna.

 

Zein dira gure erakundean gehien eskatzen diren espezialitateak?

Gaur egun, gure erakundeak dauzkagun espezialitateen % 100 ditu akreditatuta. Aurten, lehen aldiz, akreditatu berri diren bi espezialitate eskaini dira: Alergologia eta Aurpegi-masailetako Kirurgia. Gehien eskatzen diren espezialitateak bat datoz eskari nazionalarekin (K. plastikoa, Neurokirurgia, Dermatologia, Kardiologia). Dena den, urtero izaten dugu aurreko urteetako hautaketa-profila jarraitzen ez duen espezialitateren bat, eskaera handiagoa duena, edo, alderantziz, txikiagoa. Gure erakundean eskaintza guztiak betetzen dira urtero.

Familia eta Komunitate Arretako espezialitatea da eskaintzan gehien hazi dena; izan ere, urtebetean, 27 BAME plaza eta 3 BAEE plazako eskaintza batetik 37 BAME plaza eta 8 BAEE plazako eskaintza batera igaro da. Kasu honetan ere eskaintza beti %  100 betetzen da.

 

Zer balorazio egiten dute ikasleek gure ESIko egonaldiaz?

Urtero, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gogobetetze-inkesta bat bidaltzen die egoiliar guztiei. Inkesta horretan, beren prestakuntzaren punturik garrantzitsuenak baloratzen dira: tutoreak, staffak, Irakaskuntza Batzordea, prestakuntza osagarria, etab. Inkesta anonimoa da. Emaitzak irakaskuntza-batzorde bakoitzari bidaltzen zaizkio, eta guk, horien balorazioa egin ondoren, hobekuntza-ekintzak eta hurrengo ikasturterako helburuak planteatzen ditugu. Item guztien balorazioa 0-5ekoa da.

Gure erakundea lehenengo hiruren artean dago, bai jasotako erantzun kopuruari dagokionez,  bai balorazio orokorrari dagokionez.

 

Zergatik animatuko zenukete ikasle bat gure erakundean prestatzera?

Hainbat arrazoirengatik uste dugu Gipuzkoa leku ona dela espezialista gisa prestatzeko. Gure irakaskuntza ibilbidea 1975ean hasi genuen. Prestakuntza zabala eskaintzen dugula nabarmenduko genuke; horretarako, hirugarren mailako ospitale bat eta eskualdeko 3 ospitale ditugu, bai eta lehen mailako arretako zentroen sare zabal bat ere. Tutore-talde handia dugu konprometituta, eta tutore/egoiliar ratioa 1/2-3 ingurukoa da. Espezialitate bakoitzean prestatzen diren egoiliarren kopurua oso egokia da eskatzen diren gaitasun guztiak segurtasunez lortu ahal izateko. Bestalde, bi Irakaskuntza Batzordeen arteko lan koordinatua nabarmenduko genuke, bai eta  urrats txikiak ematen ari garela simulazioa prestakuntza-tresna gisa pixkanaka sartzeko eta, gainera, Biodonostia Institutuarekin lankidetza estuan ari garela. Aipatzekoak dira, halaber, laneko irteerak eta hilean egin beharreko guardien kopurua.