Bingen Uriondo, Egiako Lehen Mailako Arretako unitateburua: “Pazientearen erreferenteak gara, bai arreta emateko orduan, bai osasun-baliabideak behar bezala erabiltzeko orduan”

Apirilaren 12an Lehen Mailako Arretaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Ospakizun hori beharrezkoa da, kontuan hartzen baditugu profesionalak pandemia honetan egiten ari diren lana eta datozen urteetako erronka ugariak. Kronikotasunak, zahartzeak, osasun-sistemaren iraunkortasunak eta demografian eta baliotaen izandako aldaketek egoera zaila erakusten dute.

Askotan, lehen mailako arreta osasun-sisteman sartzeko ate gisa aurkezten da. Hori horrela izanik ere, topiko hori nahiko mugatua da osasun-sistema modernoetan lehen mailako arretak duen benetako eginkizuna adierazteko. Kontuan izan behar dugu pertsonek bizitzan zehar dituzten osasun-premia gehienak lehen mailako arretak beteko dituela, eta horrek agerian uzten du haren benetako dimentsioa.

1978an, Alma-Atako konferentzian, lehen mailako arreta gidatzen duten printzipioak ezarri ziren, eta 80ko hamarkadan ekin zitzaion Euskadin erreformari, euskal osasun-sistemaren funtsezko elementu bihurtzeko. Ordutik hona, aldaketa asko izan ditu lehen mailako arretak, eta horregatik eta egun hau ospatzeko, Bingen Uriondo Egiako Lehen Mailako Arretako unitateburuarekin hitz egin dugu.

Gaur inoiz baino gehiago, lehen mailako arretaren eginkizuna aldarrikatu behar dugu. Izan ere, gure profesionalek gaur egun osatzen duten lehen mailako arreta hau gabe, dena desberdina izango zen. Lehen Mailako Arretaren Nazioarteko Egun honetan, zorionak eman nahi dizkizuegu eta gure babesa bidali nahi dizuegu. Mila esker denoi.

 

Joan den hilaren 12an Lehen Mailako Arretaren Munduko Eguna izan zen. Zergatik da beharrezkoa egun hau ospatzen jarraitzea?

Gure ustez, osasuna  munduko pertsona guztientzako eskubide unibertsala izan dadin, funtsezkoa eta ezinbestekoa da osasunaren lehen mailako arreta. Apirilaren 12a izendatu zen Lehen Mailako Arretaren Munduko Eguna, gure lana ikusgarri egiteko eta aintzat hartzeko.

Bigarren urtez jarraian, pandemia betean ospatu dugu zoritxarrez, egun asko  atsedenik gabe borrokan eman ondoren. Koronabirusak ez gaitu abandonatu eta gure bizitzak baldintzatzen jarraitzen du.

Lehen mailako arreta on batek herritarren bizi-kalitatea eta osasun-sistemaren iraunkortasuna hobetzen ditu. Zergatik?

Lehen mailako arreta funtsezkoa da osasun-sisteman. Pazienteei arreta emateko katearen lehen maila da. Pazientearen erreferenteak gara , bai arreta emateko orduan, bai osasun-baliabideak behar bezala erabiltzeko orduan.
Pertsonen osasun-arazoak tratatzen ditugu bizitzan zehar sustapen, babes, prebentzio, sendatze, errehabilitazio eta zainketa aringarrietako laguntza integralaren bidez, sistemaren funtsezko osasun-zerbitzuak estrategikoki lehenetsiz.

Inbertsio errentagarria da; kalitatezko lehen mailako arretak osasun arloko kostu guztiak murrizten ditu, eta eraginkortasuna hobetzen du ospitaleratze-kopurua murriztean.

 

Zure ustez, nola egokitu da lehen mailako arreta azken urteotan gertatzen ari diren erronka demografiko eta epidemiologikoetara?

Lehen mailako arreta osasun-premien gorakadara egokitu behar da; gero eta paziente zaharragoak ditugu eta, bestalde, erantzun azkar eta eraginkorrorraren eza agerian utzi duen epidemia dugu.

Lehen mailako arretara bideratutako aurrekontua geldirik egon da gastu sanitario osoa kontuan hartuz gero, eta oparoaldi ekonomiko handieneko urteetan hazkundea beti izan da ospitaleena baino txikiagoa. Desberdintasuna areagotu egin da 2008an hasitako krisiaren urte nagusietan, finantza-atzerakada areagotu egin baita.

 

Bost urte baino gehiago pasa dira lehen mailako arreta eta arreta espezializatua integratu zirenetik. Integrazio horren ondoren, zer aldaketa ikusi dituzue lehen mailako arretan?

Mailen arteko integrazioa beharrezkoa da asistentzia-zatiketa klasikoa saihesteko; pazienteen asistentzia-beharrak ezin dira zatitu.

5 urte hauetan, hobetu egin da lehen mailako arretako eta ospitaleko lankideen arteko harreman profesionala, elkarrekin lan egiteko taldeak sortu dira, pazienteak bideratzeko eta haien jarraipena egiteko protokoloak partekatu dira. Horien adibide dira pazienteak Minbizi zirkuitura bideratzea eta koronabirusa duten gaixoei ematen diegun arreta  eta jarraipena.
Bestalde, oraindik badago gainditu beharreko oztoporik; elkarlanak eta zoom bidezko saio klinikoek horretan lagunduko dute .

 

Administrazio-arloaren eginkizuna funtsezkoa da lehen mailako arretan. Gure ESIan urrats garrantzitsuak eman dira administrazio-kudeaketa aldatzeko eta lehen mailako arretako taldeetan izan behar duen pisua aldatzeko. Zer iritzi duzu gai honi buruz?

Administrazio-arloa osasun-zentroa martxan jartzen duen nerbio-sistema da. Arreta, proba-eskaerak, bideratzeak eta osasun-langileek gure pazienteak artatzeko behar den guztia kudeatzen dute. Gaur egun, kupoko erreferentziazko profesional bat izateko aukera planteatzen da.

Beharrezkoa da kontratatzeko orduan prestakuntza eta gaikuntza baloratzea.

 

Gero eta luzaroago bizi gara. Paziente kronikoek eta zahartzeak dakarren hauskortasunak eta mendekotasunak lehen mailako arreta eraldatu dute. Nola ari gara aldaketa horiei aurre egiten?

Asistentzia-eskaera handia duten pazienteak dira, dimentsio anitzeko tratamendua behar dutenak.  Erronka handia izan da horri aurre egitea… Lehen mailako arretako eta barne-medikuntzako profesionalek egindako zaintza- eta jarraipen-plan bat dugu, arreta integrala izan dezaten. Ospitaleratzea beharrezkoa bada, jada ez da beharrezkoa larrialdietatik pasatzea, eta alta ematen zaionean, arreta soziosanitarioa kontuan hartzen duen zainketa-plan batekin ateratzen dira.

 

Urtebete daramazue ahaleginez eta profesionaltasunez lan egiten. Zer balantze egin dezakezue hilabete hauei buruz?

Aprobetxatu nahi dut nire atsekabea adierazteko urte honetan zehar joan zaizkigun lankide eta pazienteengatik. Agenda saturatuak, protokolo aldakorrak eta etengabeko ziurgabetasun garai gogorra izan da, eta profesionalek onena eman dute. Eskertzekoa da egiten ari diren ahalegina.

Hilabete hauetan paziente akutuak artatu ditugu. Dagoeneko profesionalek eta paziente adindunek eta pluripatologikoek txertoa jarrita dute, beraz, gure paziente kronikoak aurrez aurre artatu behar ditugu pandemia aurretik bezala.

 

Pandemiak agerian utzi du lehen mailako arretaren garrantzia. Pandemiaren zaintza- eta kontrol-lanean betetzen ari zarete eginkizuna funtsezkoa izaten ari da. Nola ari zarete lan hau egiten?

Lehen mailako arretaren lana funtsezkoa izan da eta, egun , desezkalatzearen funtsezko giltzarria.

COVID paziente gehienak artatu ditugu egunero, baita asteburuetan ere, gainezka zeuden PACeko lankideak indartuz. Baheketa- eta deribazio-protokoloak funtsezkoak izan dira ospitalearen  kolapsoa saihesteko. Gau egun Ospitalera bideratzen diren paziente gehienak Covid probak eginda joaten dira.

 

Pandemiak aldatu egin du lehen mailako arretako lantaldeen lan egiteko modua. Zein izan dira aldaketarik garratsitzuenak?

Telefono bidezko kontsulta  eragin  asistentzial handikoa  izan da kontsulta-arrazoi ugariei erantzuteko eta pazienteen jarraipena egiteko, hala ere, ez du ordezkatu behar inoiz aurrez aurreko kontsulta

Esperientzia telematiko batzuk abiarazi dira pazientearen eta familia-medikuaren arteko komunikaziorako.

“Bideo-kontsulta” da Covid-19arekin beste osasun-zerbitzu batzuetara iritsi den beste berritasun bat. Tresna hori baliagarria izan liteke etorkizunean oso kontsulta hautatuak egiteko, batez ere dagoeneko ezagunak diren paziente kronikoak lekualdatzeko ezintasun-kasuetan.

Kontsulta ez-presentziala daukagu espezialistekin.

COVID probaren emaitza “SMS testu-mezu” bidez bidaltzen da; SMS mezularitza hitzorduak gogorarazteko ezar daiteke…