Biodonostia 2021eko Erakunde Berritzaile gisa aitortua DSS WeekINNen

Donostiako Udalak, bere Sustapen Sozietatearen bitartez, Berrikuntzaren VIII. Astearen esparruan (DSS WeekINN), DSS INN sariak eta erakunde berritzailearen aitortza eman ditu. Aitortza hori Donostian ikerkuntzaren eta berrikuntzaren arloan lan garrantzitsua egin duen eta Donostiako ekonomian eragina duen pertsona edo erakundeari egiten zaio, eta aurten Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutuak jaso du. Bestalde, enpresa sarituak izan dira Lander Simulation (enpresa finkatuen kategorian) eta Onena Medicines (enpresa gazteen kategorian), berrikuntzaren alde egin duten apustua, haien ikuspegi globala eta hiriarekiko duten lotura azpimarratu delarik.

Biodonostia OIIko zuzendari Julio Arrizabalagak jaso zuen aintzatespen-plaka, hiriko alkate Eneko Goiaren eskutik, eta nabarmendu zuen plazer handia zela berarentzat Biodonostia OIIari errekonozimendu hori ematea, bere ibilbideagatik eta azken 11 urteetan egindako lanagatik. Adierazi zuenez, «Biodonostia ez da institutu bat gehiago, hiri honen parte dela erakutsi duen institutu bat baizik, denean parte hartu duen eta behar izan den bakoitzean inplikatu den eragile bat, adibidez, duela gutxi COVID 19ak sortutako egoeran egin duen moduan, non guztion artean erantzun bat emateko ahalegina egin den”. Era berean “institutuak hiriko ekosistemari egiten dion ekarpena” nabarmendu zuen, “neurri handi batean, gaur egun Donostia berrikuntzaren arloan erreferente izan dadin lagundu duela” adieraziz.

Ikerkuntza-lanaz haratago, Biodonostiak aktiboki laguntzen du Donostiako Sustapen Sozietatearekin, zientzia eta ikerketa gazteen artean zabaltzen, proiektu ekintzaileak bultzatzen eta transferentzia teknologikoko prozesuak lantzen. Ekintzailetzaren esparruan, 2020an, bi erakundeek EKIN+ Osasuna programa abiarazi dute, osasunaren arloko ekintzaileak bizkortzeko. 2016. urteaz geroztik, Donostiako Sustapen Sozietateak kudeatzen dituen Bono Teknologikoak izeneko laguntzen programako parte da Biodonostia. Programa horrek biozientzien arloko aholkularitza teknologikoa eta I+G garapenak eskaintzen ditu, tokiko enpresek eta ekintzaileek sustatutako osagai teknologikoko proiektuak lankidetzan sustatu eta garatzeko, transferentzia teknologikoaren eta Biodonostian garatutako ezagutzaren bitartez. Era berean, bi erakundeak talentua erakartzeko eta garatzeko lanean ari dira, eta Biodonostiako ikertzaileak dira Harrera Planeko zerbitzuen erabiltzaileak.

Bestalde, Julio Arrizabalagak eskerrak eman zituen aitorpenagatik, eta apalki adierazi zuenez, “Donostiari, baina, oro har, Gipuzkoari ere egiten diogu gure lanaren zati baten ekarpena, bai asistentziaren, bai ikerketaren, bai eta berrikuntzaren sustapenaren arloan ere, Donostialdeko ESIaren eta bere I+G departamentua den Biodonostiaren bidez.  Era berean, eskerrak eman zizkien duela hamaika urte proiektuan sinetsi eta hura babestu zuten guztiei, baita gaur egun laguntzen jarraitzen dutenei ere.

Ekitaldian Cristina Garmendia Berrikuntzarako COTEC Fundazioko presidenteak parte hartu zuen, eta – sariak banatu eta aintzatespena eman aurretik – berrikuntzaz eta talentuaz hitz egin zuen.