Biodonostia OII-ko ikertzaileek haurren garuneko tumore ohikoenaren eta gaiztoenaren garapenean funtsezkoa den gene bat identifikatu dute

Duela gutxi, Cancers aldizkariak Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Onkologia Zelularreko taldeak gidatutako ikerketa-lana argitaratu du. Bertan deskribatzen da ERBB4 geneak nola laguntzen duen haurretan ohikoena eta gaiztoena den meduloblastoma tumorearen sorreran eta progresioan.

Ikerlana Ander Matheu doktoreak koordinatu du, Biodonostia OIIko Onkologia Zelularreko taldeko arduradunak, eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuak eta Ipar Karolinako Unibertsitateak (AEB) lagundu dute.

Meduloblastoma fetuaren enbor-zelulak (ingelesez granule neuron precursor cells [GNPC] deritzenak) gehiegi ugaltzearen ondorioz haurren zerebeloan agertzen den tumore gaizto bat da.

Ikerketaren emaitzek erakusten dute ERBB4 proteina tirosina kinasa beharrezkoa dela enbrioi-garapenean GNPCek aktibitate egokia izateko. Gainera, ikerketak identifikatzen du ERBB4 mailak nabarmen handitzen direla meduloblastomaren sorreraren eta progresioaren erantzulea den zelula tumoralen populazioan. Areago, ikertzaileek ERBB4ren adierazpena tumore-zeluletan isilarazten dutenean, zelulek beren ezaugarri gaizto guztiak galtzen dituztela ikusten dute, baita zelula ama birsortzaile gisa jokatzeko gaitasuna ere.

Emaitzek agerian uzten dute ERBB4k zeregin garrantzitsua betetzen duela meduloblastomaren sorreraren eta progresioaren erantzulea den zelula-populazioa mantentzen. Gainera, ikertzaileek ERBB4ren maila altuak ikusi dituzte pazienteen biziraupen txikiagoarekin lotutako tumore biopsietan eta OMEren dibisioko 4 azpitaldean.

Halaber, azterlanetik justifikazio aurrekliniko sendoa ondorioztatzen da estrategia berriak ikertzeko, genea estratifikazio-biomarkatzaile eta helburu terapeutiko gisa erabiliz.

Ikerlan hau Biodonostia OIIren eta Donostia Unibertsitate Ospitalearen arteko 5 urteko elkarlanaren emaitza izan da, eta Aspanogi, SuperH, Juneren Hegoak, Carlos III.a Osasun Institutua eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailen dohaintzekin finantzatu da.

Erreferentzia:
ERBB4 IS REQUIRED FOR CEREBELLAR DEVELOPMENT AND MALIGNANT PHENOTYPE OF MEDULLOBLASTOMA by Juncal Aldaregia, Peio Errarte, Ane Olazagoitia-Garmendia, Marian Gimeno, Jose Javier Uriz, Timothy R. Gershon, Idoia Garcia, Ander Matheu.