Biodonostiak emakume zientzialariak ikusarazten laguntzen du

Biodonostiak bat egin du, beste behin ere, otsailaren 11n ospatzen den Emakumearen eta Neskatoaren Nazioarteko Egunarekin,

Oraingo honetan, Institutua beste zortzi euskal erakunderekin elkartu da (CIC nanoGUNE, CFM CSIC-UPV/EHU, CIC biomaGUNE, DIPC, Tecnun, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar), Emakumeak Zientzian 2020 programaren barruan. Otsailaren 7tik 14ra bitartean burutu den programa horrek hainbat ikuslerentzako jarduera-programa zabala izan du: familiak, nerabeak, helduak…

Besteak beste, gure ikertzaile Joanna Lópezek otsailaren 7an parte hartu zuen Atzoko eta gaurko Zientzialariak ekitaldian. Hemengo eta gaurko 6 ikertzaile Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretora igo ziren beren lana aurkezteko eta iraganean aitzindari izan ziren emakume zientzialariak omentzeko. Izan ere, iraganean aitzindariak izan baziren ere, askotan, ez zitzaien garaiz aitortu zientziari egindako ekarpena, eta ahaztuta geratu dira denboraren poderioz.

Bestalde, otsailaren 11n, Emakume zientifikorik ezagutzen duzu? jardueraren esparruan, The English Schooleko Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleak bisitatu gintuzten. Historian zehar emakumeek zientzian izan duten zereginaz hitz egiteaz gain, laborategiak bisitatu eta DNArekin esperimentatzeko proba bat egin zuten.

 

Halaber, otsailaren 13an, Amona´s Power jardueraren bidez (emakume helduaren irudia goraipatzera bideratuta dago, kultura zientifikoaren transmisio gisa), 55 urtetik gorako 17 emakume izan ziren gurean. Zentroan nazioarteko ikerketaren eta bikaintasunaren mundua ezagutzeko aukera izan zuten. Kasu honetan ere hainbat jarduera esperimental egin ahal izan zituzten, beren etxeetan eta ingurunean erreproduzitu ahal izango dituztenak eta, adierazi zigutenez, beren bilobekin praktikara eramango dituztenak.

 

Azkenik, gure ikertzaileek beren lanaz hitz egiteko gonbita jaso zuten hainbat  komunikabideetatik. María Caffarel-i ETBn eta Joanna Lópezi Radio Euskadin egindako elkarrizketak ikusi eta entzun ahal izateko, hemen dituzue estekak:

Jarduera horien bidez, beste behin ere, Institutuak aberastu egiten du bere Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuen (RRI) aldeko apustua. Horren helburua da komunitate zientifikoaren eta gizartearen artean dagoen arraila murriztea, eta, horretarako, zenbait interes-taldek (gizarte zibileko erakundeak, hezkuntza-komunitatea, komunitate zientifikoa, politika-arduradunak eta enpresa- eta industria-sektorea) elkarrekin lan egitea ikerketa- eta berrikuntza-prozesu osoan.