Blanca Morera, psikiatra eta Donostialdea ESIko Etika Asistentzialeko Batzordeko presidentea: “Une egokia da berriro pentsatzeko osasunaren, gaixotasunaren eta osasungintzaren zer eredu –azken batean, zer gizarte-eredu– eraikitzen ari garen guztion artean, eta zer egin nahi dugun benetan.”

Inork ez du zalantzan jartzen asistentzia sanitarioak esparru etiko bat behar duenik. Ezinbestekoa da gure eguneroko jardunean orientatuko gaituzten balio komunak errespetatzea. Horregatik, gutxieneko balio batzuk ezartzera behartuta gaude nolabait; izan ere, askotan planteatu behar dugu zer den bidezkoa egitea eta zer ez. Eguneroko jardunaren konplexutasunak zeregin hori zailtzen duenez, ikusi da beharrezkoa dela laguntza profesionala izatea, lan horretan lagunduko digun metodo egituratu bat edukitzea. Horretarako, zorionez, etika asistentzialeko batzordeak ditugu, erabaki horiek etikaren ikuspegitik hartzeko aholkuak emango dizkigutenak. Donostialdea ESIko Etika Asistentzialeko Batzordeak 20 urte inguru daramatza lanean. Gipuzkoan bizi den edozein osasun-langilek eta edozein pertsonak erabil dezake. Blanca Morera psikiatra Donostialdea ESIko Etika Asistentzialeko Batzordeko presidentea da. Profesional bikain honek azaldu digu nola funtzionatzen duten batzordeek eta nola hartzen ari diren erabakiak pandemia garai honetan. Mila esker, Blanca, zure arretagatik.

 

Zer da bioetika-batzorde bat, zein ditu partaide eta nola funtzionatzen du?

Bioetika-batzorde bat bioetikaren arloko prestakuntza duen jende multzo bat da (nahiz eta prestakuntza horrek, beste hainbat gauzak bezala, ez duen amaierarik), talde egonkor gisa eratzen dena eta helburu batzuk betetzeko aitormen arautua duena (araudi autonomiko bat dago). Gure kasuan, batzordearen funtzio nagusiak honako hauek dira:

  • Osasun-arloko profesionalen, erabiltzaileen eta erakundeen arteko gatazka etikoak sortzen diren egoeretan, erabaki klinikoak hartzeko prozesua aztertzea, aholku ematea eta prozesu hori erraztea.
  • Gatazka etikoak sortzen diren egoeretan erakundeari jarduteko protokoloak proposatzea, modu errepikatuan edo noizean behin.
  • Profesionalen bioetikako prestakuntzan laguntzea.

Gaur egun batzordea osasun-arloko profesionalek (mediku eta erizainek), zuzenbidearen arlokoek eta osasun-arloko langileak ez diren herritarrek osatzen dute, eta beste ikuspegi batzuk ematen dituzte. Nolanahi ere, batzorde irekia da, lan honetan konprometitu nahi duen edozein integratu daiteke bertan. Onena litzateke asistentzian parte hartzen duten talde profesional eta sanitario guztien ordezkaritza zabala izatea (araudiak zuzendariak bakarrik uzten ditu kanpoan, interes-gatazkak saihesteko); gure kasuan, oraindik ere kolektibo batzuek ez gaituzte ezagutzen, edo ez dira parte hartzera animatzen.

 

Etika klinikoan, deliberazio-metodoarekin hartzen dira erabakiak. Nola egiten da lan hori bioetikako batzorde batean?

Deliberazio-metodoa ez da bioetikako batzorde batean erabakiak hartzeko metodo bakarra, baina Donostialdea ESIko Etika Asistentzialeko Batzordeko kide gehienon prestakuntza metodo horretan oinarritzen da. Metodo arina eta ondo egituratua da, asistentzian arazoak eragiten dituzten balio-gatazkak ordena jakin batekin aztertzea ahalbidetzen duena (gertakariak, inplikatutako balioak, gatazkan dauden balioak eta ekintza-bideak), era horretan kontsultatzen gaituztenen eskaerei erantzun ahal izateko, ez baitira errazak izaten.

 

Eta bizi dugun salbuespen- eta krisi-egoera honetan, nola hartzen dira erabakiak?

Orokorrean hitz egiten badugu, pertsonek erabakiak beti hartu izan dituzten moduan hartu ohi dituzte, eta modu hori aldatu egiten da pertsona batetik bestera. Batzuk gehiago fidatzen dira beren intuizioaz, beste batzuek nahiago dute zailtasunak partekatu, beste batzuk gogoetatsuagoak dira, batzuek pisu handiagoa ematen diote ezagutzari eta beste batzuek, berriz, esperientziari; azken finean, ez dago modu bakarra. Berehalako larrialdietan, erabakiak hartzeko metodo deliberatzailea ez da onena; izan ere, gelditu eta ideiak eta hausnarketak trukatu behar izaten dira, eta hori ez da beti posible urgentzia aginduzkoa denean. Baina metodo optimoetako bat izango litzateke eguneroko praktika ez-urgentean edo berehalakoak ez diren larrialdietan, gatazkak sortzen direnean. Denok aztertzen ditugu egoerak eta horien ondorioak (modu sinple batean deliberatzen dugu); azken finean, deliberazioa hori bera da, baina entrenamendu eta metodo gehiagorekin.

 

Noiz sortzen da medikuntzaren aldetik posible denaren eta etikaren aldetik zuzena denaren arteko talka?

Edozein momentutan. Ikerketak (oro har, eta medikuntzaren arloan, berdin) teoriatik praktikara igarotzean bakarrik pentsatzen du gatazka etikoan, lortu duen hori bizitza errealean aplikatzerakoan zuzena den galdetu behar duenean. Teknika beti harago doa, beti du helburu bat lortzeke, baina horrek ez du esan nahi posible den guztiak ona edo zuzena izan behar duenik. Egiazki, etikak, eta are gehiago batzordeak, egin beharko genukeenaren gainean lan egiten du, egoera jakin batean (non hainbat balio dauden jokoan) zuzena litzatekeenaren gainean. Teknikarena balio horietako bat baino ez da, aurrerapen zientifikoa balio bat da, baina ez da bakarra; horregatik, etikak haren mugei buruz galdetzen du, barneratuak ditugun beste balio batzuek (askatasunak edo bizitzak, esate baterako) dituzten mugei buruz galdetzen duen bezala, balio horien arteko gatazka sortzen denean.

 

Entzutea funtsezkoa izango da zuen lanean. Badakigu entzuten?

Entzuteak, nahitaez, bikoitza izan behar du batzordean: batetik, aholkua eskatzen digunari entzun behar diogu, ondo ulertzeko zer gatazka duen eta zer egoerari aurre egin behar dion (guk baino askoz hobeto ezagutzen duen egoera), haren lekuan jarri eta haren kezka ulertzeko. Bestetik, deliberazio-prozesuan ere entzun behar dugu, eta entzute hori da ikasten zailena; izan ere, Etika Asistentzialeko Batzordeko kideen ikuspuntu desberdinek ikuspegi desberdinak ematen dituzte, eta bakoitzak etengabe planteatu behar du ez duela dena ikusten, beste batzuen ekarpena hor dagoela, eta gatazkak konpontzeko guztion beharra dagoela. Horretan, gure nortasuna da batzuetan etsairik handiena; horregatik, etengabe entrenatu eta hobetu behar da.

 

Medikuntzan gero eta ezagutza gehiago ditugu, baina pandemiak erakutsi duen bezala, jakintzaren hazkunde horrek ez du ziurgabetasuna murrizten. Zailagoa al da gaur erabaki bat hartzea duela 50 urte baino?

Bizitza osoa ziurgabetasuna da, eta ezagutzak dakigunaren mugak bultzatu baino ez ditu egiten, beste leku batean jartzeko. Ziurgabetasunean bizitzea, eta –datu berrien argitan biharko egunean berrikusi beharrekoak izango direla jakinda ere– erabakiak hartzea, indibidualki heltzeko prozesuaren beraren parte da. Horregatik, sarritan norberaren hersturaren ondorioz agertzen diren harrokeriaren eta nagusikeriaren aurrean, dakigunarekiko umiltasuna sustatu behar dugu, bai eta zuhurtzia ere, erabakiak hartzerakoan. Osasun-langileok eta paziente/erabiltzaile/familiek onartu behar dugu dena ez dakigula eta dena ez dela posible. Komunikazioa ona ez bada edo gure zereginean segurtasunik gabe sentitzen bagara, errazagoa da erabakiak hartzeko zailtasunak hautematea (edo ukatzea). Baina gaur egun ez da zailagoa erabaki bat hartzea; aitzitik, gure ingurunean badaude laguntza batzuk, Etika Asistentzialeko Batzordea, adibidez, eta laguntza horiek erabil daitezke zuzena den hori egiten dugula hautemateko.

 

Pandemiak, besteak beste, agerian utzi du gure hauskortasuna. Zaintzaren krisia bizi dugu?

Hori eztabaidagarria da, eta Etika Asistentzialeko Batzordekoa izateagatik ez dut ikuspegi pribilegiaturik, baina nire uste apalean pandemiak agerian utzi du gure gizartea (ez dakit beste batzuk) finkatuago zegoela balio instrumentaletan (bitartekoak diren eta prezioa duten horietan) balio intrintsekoetan (ordezkaezinak diren horietan) baino; inolako mugarik gabe inbaditu, xahutu eta kontsumitu dugula, eta, garai txarrak etortzean, azkenean denak funtsezkoa den horren inguruan biratzen duela: harremanak, maitasuna, zaintza, komunikazioa, osasuna… Gizartean zein ingurune sanitarioan, batzuek krisi hau baliatuko dute gogoeta egiteko, ikasteko, gauzak aldatzeko…, azken batean hazkunderako krisi bat izan dadin; beste batzuek iragazgaitzak izaten jarraituko dute edo haien inplikaziorik ez dakarten interpretazioak egingo dituzte, eta beste batzuek ahal duguna egingo dugu. Nolanahi ere, osasun-sistemak gertatu denaren argitan antolaketaren eta pertsonen gaineko berrikuspen sakona egiteko erronka du aurrean. Une egokia da berriro pentsatzeko osasunaren, gaixotasunaren eta osasungintzaren zer eredu –azken batean, zer gizarte-eredu– eraikitzen ari garen guztion artean, eta zer egin nahi dugun benetan.

Balioak zuen lana egiteko lehengai gisa ulertzen baditugu, zein balio zaindu eta garatu behar ditugu une konplexu hauetan?

Asko dira: osasuna beti egon da hor, baina baita komunikazioa, tratu amultsua, trebetasun profesionala, harreman sanitarioak eta profesional eta senideen arteko harremanak, bidezko banaketa, elkartasuna, eskuzabaltasuna, antolaketa, eraginkortasun eta beste hainbat balio kontaezin. Jakin behar dugu honelako krisietan atzean geratzen direnak ahulenak izan ohi direla beti, eta eskatzeko gaitasun gutxien dutenak, baztertuak eta marjinatuak. Haien bila joan behar da zaintza-sisteman sar daitezen, eta protokoloak eta prozedurak errealitate oso aldakor batera egokitu behar dira. Erronkak handiak dira, zalantzarik gabe.

 

Badirudi ikasi dela paziente guztiei neurri berak ezin zaizkiela aplikatu, malgutasunez jokatu behar dela.

Asistentzia sanitarioaren funtsezko elementuetako bat da: ondo egituratutako eta landutako protokolo eta prozedurak izatea (etengabeko berrikuspenekin) praxi onaren oinarria da; baina paperak dena jasaten du, esan ohi denez, eta ez ditu ikusten bakarrak eta anitzak diren errealitate indibidualak (egungo eredua biopsikosoziala eta espirituala da). Hori ez dago protokoloan, eguneroko asistentzian baizik, eta hori da bikaintasunaren lekua, eta, beraz, etikarena. Horrek ez du esan nahi bakoitzak nahi duena egiten duenik, inola ere ez; esan nahi du protokoloen minimoen ondoan pertsonen maximoak daudela.

 

Lehen mailako arretak une honetan hain beharrezkoa den ikuspegi komunitarioa eman du. Gure eredu asistentzialean aldaketak egin behar direla uste duzu, krisialdi honi modu eraginkorragoan aurre egin ahal izateko?

Lehen mailako arretan erantzukizun handiko lana egiten dute eguneroko jardunean, tresna mugatuekin; gero eta gaixotasun-karga handiagoa jasaten dute (espezializatuaren saturazioa saihesteko); batzuetan lehen lerroan egoten dira herritarren larritasunaren edo haserrearen aurrean; gainerako asistentzia-eremuekiko (asistentzia sanitario, sozial zein laboralarekiko) bitartekotza egiten dute, aitormen eskasarekin, eta pazienteekiko harreman pertsonalaren azken gotorleku izaten jarraitzen dute. Garrantzi handiko premia da lehen mailako arreta zaintzea, bai egiturari dagokionez, bai profesionalei dagokienez (dotazioa, prestakuntza, aitormena, etab.). Bitxia da lehen mailako arretako profesionalak izatea Etika Asistentzialeko Batzordeari kontsulta gehien egiten diotenak, oso denbora gutxi izaten baitute, haiek izatea ea ondo ari diren gehien galdetzen diotenak, eta beren pazienteen onerako gurekin “partekatzera” ausartzen direnak. Horrek zerbait esan nahi du.

 

Txerto batean jarri ditugu itxaropen guztiak. Hala ere, biztanleriaren zati batek ez dio jaramonik egiten. Etikaren ikuspegitik, behartu al daiteke pertsona bat txertoa hartzera?

Txertoak nahitaezkoak diren ala ez planteatzea, funtsean, norbanakoaren askatasunaren eta guztion onaren arteko gatazka planteatzea da. Txertoa hartzen duenak arrisku pertsonal bat jasaten du (arrisku horrek mugatua izan behar du) ondasun pertsonal bat lortzeko (babesa), baina baita ondasun global bat lortzeko ere (haren babesa immunitate orokorrari gehitzen zaio, “artaldearen immunitate” deitzen zaionari). Orain arte bezala, gure herrialdeko txertaketan, talde-immunitatea lortzeko adina pertsona “eskuzabal” egon dira, eta errespetatu egin da beste pertsona batzuek txertorik hartu gabe gainerakoen erabakiaren onurak jasotzea. Tarteko bide bat da, ikuspuntu dibergenteak errespetatzen saiatzen dena, guztien ongia lortzen delako. Hori horrela izango ez balitz, haurren nahiz helduen artean, COVIDarekin edo beste edozein gaixotasunekin, hausnartu egin beharko litzateke, arriskuan ez baitago txertorik hartzen ez duenaren osasuna bakarrik: gaixotasunak denengan eragiten du modu desberdinean, are gehiago honelako pandemia egoera batean.

Osasun-arloko profesionalen edo beste batzuen arretan edo babesean inplikatutako pertsonen kasuan, gaia konplexuagoa da, lanbide askok betebeharrak dituztelako: alegia, “ongia egitea edo, gutxienez, kalterik ez egitea”. Kasu horietan, erabakia bera beste betebehar batzuekiko bateragarri egiteak ekar lezake –Fernando Savaterrek zioen bezala– egin nahi ez dudana egitean datzan askatasun zail hori gauzatu behar izatea. Gizarte gisa beste modu batera pentsatzen ez dugun bitartean, gurean hau guztia erantzukizun indibidualaren esku geratzen da.