COVID-19ren inpaktua Ekonomia eta Finantza Sailean

Donostialdea ESIko sail garrantzitsuenetako bat Ekonomia eta Finantza Saila da, bai dimentsioari, bai jarduera-bolumenari dagokionez. Zerbitzu honetan gure erakundearen funtzionamendurako prozesu estrategiko ugari biltzen dira. COVID-19ak gure erakundean izan duen inpaktua ezagutzeko asmoz, pandemiaren eragin handia jasan duten sail honetako zerbitzuetako arduradunekin hitz egin dugu. Donostialdeko ESIak bizi izan dugun krisiaren ondorioz sortutako behar askori modu eraginkorrean erantzun ahal izateko egin behar izan dituen ahaleginen erradiografia interesgarria da elkarrizketaren emaitza.

 

 

JUAN MARTÍN GOGORZA, GARBITEGIKO ZERBITZUAREN ARDURADUNA

Zer eragin izan du zuen sailean COVID-19ak?

COVIDak oso eragin handia izan du, bai jardueran, bai zerbitzuko langileengan.

Jarduerari dagokionez, prozesatu beharreko uniforme gehiago izan ditugu, baina, bestalde, garbitu beharreko oheko arroparen bolumena murriztu egin da.

Pertsonei dagokienez, garbitegiaren funtzionamenduan aldaketak azkar egin dira, eta, batzuetan zerbitzuko langileei ezin izan zaizkie zehatz-mehatz azaldu aldaketak egiteko arrazoiak. Baliteke egoera honek antsietatea edo estresa eragin izana zenbait pertsonengan, baina bizi izandakotik ikasi behar dugu.

Zer aldatu behar izan duzue ESIan sortutako beharrei erantzuteko?

Besteak beste, hau egin behar izan dugu:

  • Garbitegiko jarduera oso azkar berrantolatu, errealitate berriari aurre egiteko.
  • Txanda gehigarri bat sortu eta profesionalaren arretarako estaldura asteko egun guztietara zabaldu, arratsaldeko txandan.
  • Lehen mailako arretako zentroetako uniformeen bilketa eta entregatzea areagotu, asteko bilketa bikoiztuz.
  • Uniformeen banagailuak birprogramatu, uniformeak banatzeko sistema optimizatzeko.

 Zer ikasi duzue COVID-19aren pandemian bizitako egoeratik?

Denok ikasi dugu langileek gaitasun eta profesionaltasun ikaragarria dutela hain ustekabekoa eta hain izugarria den egoera batera egokitzeko. Egoera honek balio izan digu ohartzeko zein garrantzitsua den gure zerbitzuko zein ESIko gainerako zerbitzu eta unitateekiko koordinazio ona izatea.

Garbitegiko profesionalek egin duten lana aitortu nahi nuke, eta uste dut honelako egoeretan arduradunok inoiz baino ahalegin handiagoa egin behar dugula komunikazioan, zerbitzuko pertsonak babestuta senti daitezen, eta eguneroko jardunean sortzen diren arazo guztiak konpontzen saiatu behar dugula.

Uste duzue lehengo egoerara itzuliko garela? Zergatik?

Ezer ez da pandemiaren aurretik bezala izango, ez osasungintzan, ez gizartean; ikasi egin beharko dugu, eta gure jokabideez eta ohitura berriez arduratu, geratzeko etorri baitira.

 

TERESA RODRÍGUEZ, HORNIDURA SAILEKO BURUA

Zer eragin izan du zuen sailean COVID-19ak?

Ahalegin eta dedikazio handia eskatu digu COVID-19aren ondoriozko material-eskaerei, ohikoei zein bestelakoei, erantzun beharrak.

 Egoera “normal” batean, nolakoa da materiala erosteko prozesua?

Normalean, biltegia planifikatuz funtzionatzen da, aurreko aldietako kontsumoen arabera. Programak automatikoki ateratzen ditu behatutako materialetik hautematen dituen beharrak, gutxieneko kantitate gisa ezarritakotik.

Bat-batean, ospitale guztietako erosketa-sail guztiek material berberak behar izan dituzte, ez bakarrik Euskadin, baita mundu osoan ere. Zer suposatu dizue honek?

Babes-materialaren, produktu desinfektatzaileen, instrumental txikien eta laborategiko hodi guztien stock-haustura.

Produktu alternatiboak bilatu beharra, hornitzaile berriak, materialen baliozkotzea…

Profesionalen kezkei, kexei eta ziurtasun-gabeziari erantzuten saiatzea.

 Zer behar berezi izan ditugu ESIan pandemiari aurre egiteko?

Material berrien faltak baino gehiago, materialen erabilera-protokoloek eskatzen zituzten kopuruek sortu digute beharra, eta, merkatuan dagoen eskasia dela-eta, ohiko materialak ordezteko material baliodunak bilatu beharrak. Adibidez, hilean kontsumitu ohi den bata kopurua bost aldiz handiagoa izan da, kontuan hartuta, gainera, jarduera kirurgikoa eten egiten dela. Merkatuan ez zegoen salgairik, eta alternatibak bilatu behar izan genituen: bata iragazgaitzak, berrerabilgarriak, edo, bestela, mantala eta mahukak zituztenak, protokoloak adierazten zuen bezala.

Adibide gisa, ia 3 hilabete hauetan erabili eta botatzeko 100.000 bata banatu ditugu, 545.000 maskara kirurgiko, 45.000 FFP2, 106.000 mahuka eta 100.000 mantal, eta 6.500 litro gel hidroalkoholiko.

Unitateak hornitzeko ohiko plangintzarekin ohiko moduan jarraitu ahal izateko (tiradera bikoitza, Eskabide…) funtsezkoa den stocka ez izateak, modu ez-automatikoan funtzionatzera behartu gaitu, posta elektroniko bidezko eskaerekin eta eguneroko banaketekin. Horrek eskatzen zuen bizpahiru langilek goizeko 8:00etatik gaueko 10:00etara bitartean lan egitea, astelehenetik igandera.

Eragin al dizue Ospitalean egin den berrantolaketa guztiak? Eta lehen mailako arretako zentroetan egin denak?

Bai, ospitaleko edo lehen mailako arretako zentroetako antolaketan izandako aldaketek eragina izan dute hornikuntzan; izan ere, hornikuntza beharretara egokitu behar genuen, baina protokoloarekin bat: COVID solairuak, susmoak, ZIU, Larrialdiak, zonifikatutako zentroak, eraikinez aldatutako solairuak, laginak hartzeko puntuak, hotela…

Une bakoitzean egoera berrietara egokitu behar izan dugu, planifikatzeko eta berrantolatzeko denborarik gabe.

 Eta biltegia? Banatu beharreko hainbeste material…

Zaila izan da eskari asistentzialari modu urgentean erantzun eta materiala kontrolatzea. Arreta-ordutegia luzatu egin da: presentzia fisikoa arratsalde eta asteburuetara zabaldu dugu, eta etengabeko guardia ezarri.

Langile guztiak, administrariak zein biltegikoak, buru-belarri aritu dira lanean, sortzen joan diren beharrei erantzuteko, bai material kitak prestatzen, bai eta edozein ordu eta egunetan egiten ziren eskaerak jasotzen ere.

Zaila izan da materialaren hornidura bermatzea. Nola egin diozue aurre arazoari?

Dedikazio handiz –bai Erosketetan, bai Biltegian, etengabe ibili gara hornitzaileak bilatzen, behar adina material lortzeko eta eskaria asetzeko–; eta hornitzaile batzuen laguntza ordainezinarekin, ahal zuten guztia eman baitute guregatik.

Pandemiaren gorakada bat egongo balitz ere, materiala pilatzen ari zarete?

Bai, hala da. Une honetan, bai Zuzendaritza Nagusia eta bai gu COVIDaren balizko beste agerraldi berri baterako prestatzen ari gara, material hornitzaileekin kontratuak itxiz, ezer falta ez dakigun.

Bere garaian, urtarrilean bertan, pandemia jasateko eskaerak egiten hasi ginen, baina hornitzaileak materialik gabe geratu ziren eta kasu askotan ez zen hornidura inoiz iritsi. Hurrengo baterako prest egongo gara.

Nola baliozkotzen dira materialak?

Zuzendaritza Nagusitik datozen norbera babesteko materialak dagoeneko ziurtatuta daude UPB korporatiboarekin. Gure erosketak Medikuntza Prebentiboko Zerbitzuarekin eta Donostialdea ESIko Prebentzioko Oinarrizko Unitatearekin egiten ditugu. Haiek baliozkotzen dituzte materialak.

 Lehen bezala lan egingo duzue berriro ala ezer ez da berdina izango?

Jakina. Zuzendaritza Nagusiak eta guk elkarrekin egiten ditugun jarduketekin normaltasunez onartu ahal izango dugu COVID egoera.

Gainera, egia da maskarak bezalako material batzuk, ziur asko, modu iraunkorrean geratuko direla, baina guretzat hornitu beharreko biltegiko beste material bat gehiago izango da.

Azken batean, materialak erabiltzeko protokoloa eta erosketa-plangintza argiak eta zehatzak baditugu, balizko beste berragertze baterako prest egongo gara.

 

IGOR ASTARBE, EKIPAMENDU, ERAIKIN ETA MATERIALEN BURUA

Zer eragin izan du zuen sailean COVID-19ak?

Hasierako fase batean, aldez aurretik diseinatutako kontingentzia-plana aktibatzean, espazio eta zerbitzu desberdinak egokitu behar izan dira, batez ere ospitalekoak, sortutako beharrei erantzuteko. Instalazioetan aldaketa, lekualdatze eta handitze-lan asko egin dira oso denbora laburrean.

Eragin handieneko fasean, egoera berri honetako mantentze-/konponketa-beharrei erantzutea izan da zailtasun erantsia. Horretarako, zerbitzua berrantolatu da, eta funtsezkoa izan da langile guztien lankidetza.

 Zer behar berezi izan ditugu ESIan pandemiari aurre egiteko?

Zainketa Intentsiboetan ohe gehiago izateko, hainbat eremu prestatu behar izan dira, eta horretarako:

  • Instalazioak prestatu dira programatutako ebakuntzetan, eta Arantzazu eraikineko REA eta ABUetan.
  • 1.1 eta 1.2. unitateetako instalazioak prestatu dira.
  • Ekipamendu espezifikoz hornitu dira: oheak, arnasgailuak, monitorizazioa, etab.
  • Gainera, inplikatutako zerbitzuekin lankidetzan, ospitalean dagoen ekipamenduaren banaketa optimizatzea lortu da.
  • Larrialdiak zabaldu eta Covid eta ez-Covid kasu eta susmoetarako eremu bereiziak konfiguratu dira.
  • Oheak jarri ahal izateko eremuak prestatu dira.
  • Gipuzkoa eraikineko espazioak birkokatu dira.

Osasun-zentroetako jarduketak puntualagoak izan dira, osasun-zentroetako “ohiko” jarduera nabarmen murriztu delako, eta aukera egon delako espazioetan aldaketarik egin gabe arreta emateko.

Jarduera berrabiarazten ari garen une honetan, zenbait alderdi egokitzen ari gara, bai osasun-zentroetan bai ospitalean segurtasuna bermatzeko (pazienteari zuzeneko arreta ez-asistentziala emateko gune guztietan manparak jartzen ari gara).

Zer da egin behar izan duzuen gauzarik arraroena?

Ziurrenik gehien hunkitu gaituena zera izan da, eremu kirurgiko bat –non zirkuituak, eremu esterilak, ebakuntza-geletako presio positiboaren kontrola eta abar ezarrita egon ohi diren– Covid pazienteentzako zainketa intentsiboko eremu bilakatu behar izatea.

Uste duzue normaltasunera itzuliko garela ala ezer ez da berdina izango?

Normaltasunera itzuliko gara, baina denbora beharko dugu eta normaltasun horrek orain arte ohikoak ez ziren segurtasun alderdi batzuk izango ditu.

 

LOLI SEIJOO, GARBIKETA ZERBITZUKO ARDURADUNA – OSAKIDETZA

Zer eragin izan du zuen sailean COVID-19ak?

Nire ustez, garbiketa-zerbitzua izan da COVIDak eragin handiena izan duen zerbitzuetako bat. Nabarmen handitu da egin behar izan ditugun desinfekzioen bolumena, baina ezin dugu ahaztu egoera horrek garbiketa-zerbitzuko profesionalengan izan duen inpaktu emozionala. Martxoa eta maiatza bitartean, guztira, 685 desinfektatze egin ditugu, eta iaz, aldi horretan bertan, 240 egin genituen.

Zer aldatu behar izan duzue ESIan sortutako beharrei erantzuteko?

Nire ustez, garbiketa-zerbitzuko jardun nabarmenenak honako hauek izan dira:

  • Gelak garbitzeko eta desinfektatzeko prestakuntza espezifikoa planifikatzea eta antolatzea, onartutako protokolo espezifikoetan oinarrituta.
  • Indarrean dauden garbiketa-protokoloak protokolo horietara egokitzea.
  • Garbiketa-teknikak egokitzea.
  • Pertsona-taldeak lanaren berregituraketa berrira egokitzea.
  • Errefortzuak jartzea behar izan den lekuetan.

Zer irakatsi dizue COVID-19arekin bizitako egoerak?

Alde batetik, zerbitzuko profesionalek egokitzeko izan duten gaitasuna eta erantzun ona, nahiz eta une batzuetan zalantzak izan dituzten hainbat arlotako mezuetan kontraesanak egon direlako jarduteko moduari buruz. Puntu hau zerbitzuko arduradun eta lantaldeekin sakondu beharreko arloetako bat da. Arlo hori landuko dugu, egoera hau itzuliko balitz ere. Bestalde, diziplina anitzeko taldeetan zerbitzuaren eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko talde-lanak duen garrantzia, baita lortu nahi ditugun emaitzetan koordinazio on batek duen garrantzia ere, bai garbiketa-zerbitzuaren barne-koordinazioak, bai eta beste lanbide-kategoria batzuekiko koordinazioak ere.

 Uste duzue lehengo egoerara itzuliko garela? 

Egia da ospitalean izan duguna bezalako egoerara itzul gaitezkeela, baina bizi izan dugun esperientziak hobetzeko balio behar digu. Zerbitzu Orokorretan zerbitzuko pertsonekin batera gertatutakoa aztertzeko asmoa daukagu, bai eta plan bat zehazteko ere, akats berberak ez egiteko.