Zer etorkizun dugu zain antibiotikoak era horretan erabiltzen jarraituz gero?
Gaur egun baditugu jada tratatzen oso zailak diren infekzioak, dauden antibiotiko-familia guztiekiko erresistenteak baitira, horrek dakarrena ekarrita. Hori orokortu egingo litzateke eta, orduan, oso egoera iluna izango genuke; XIX. mendera itzultzea bezala izango litzateke.
Aurreikuspenen arabera, 2050. urtean jende gehiago hilko da infekzioen ondorioz minbiziaren eraginez baino, nabarmen ugarituko baitira lehen erraz sendatzen ziren infekzioek eragindako heriotzak.
Eta ez hori bakarrik, medikuntza modernoaren lorpenak ere badaude arriskuan: antibiotiko eraginkorrik ezean, kolokan egongo da zenbait tratamenduren arrakasta –hala nola organoen transplante, kimioterapia eta kirurgiarena–.
Antibiotikoen aurkikuntza eta erabilera medikuntzaren aurrerapen nagusienetako bat izan bazen, nola iritsi gara egoera horretara?
Antibiotikoekiko erresistentziarik egon bazegoen haiek aurkitu aurretik. Bakterio ugari berez dira antibiotiko batzuekiko erresistente. Gainera, denboran, antibiotikoen eragina pairatzen duten zenbait bakteriok erresistentzia-mekanismoak hartzen dituzte beste bakterio erresistente batzuetatik.
Hortaz, naturan eta pertsonengan, baita osasuntsuengan ere, oso maiz agertzen dira, kopuru txikian bada ere, antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak. Kontua da ezen, eskala handiko tratamendu antibiotikoak erabiltzen direnean, bereziki luzaro eta dosi desegokiekin eginez gero, bakterio sentikorrak suntsitu egiten direla, eta erresistenteak hautatu. Antibiotiko asko kontsumitzen dira ospitaleetan, eta ondorioz, aski maiz gertatzen da hori; hala bada, arras ingurune egokia sortzen da bakterio multirresistenteak kontzentratu daitezen.
Gainera, arazoa areagotu egiten dute beste alderdi batzuek, hala nola globalizazioak, biztanleriaren aldaketek (gero eta zaharragoak dira eta, ondorioz, askoz harreman handiagoa dute antibiotikoekin eta ingurune sanitarioarekin) eta antibiotikoen familia berririk ez agertzeak.
Nola funtzionatzen dute erresistentzia-mekanismo horiek?
Erresistentzia-mekanismo bat daraman bakterioak (dela berez, dela beste bakterio batetik hartuta) eutsi egiten dio antibiotikoaren ekintzari. Bizirik irauteaz gain, erresistentzia-mekanismo hori beste bakterio batzuei transmititu ahal die, edo baliteke pertsonek elkarri helaraztea, batez ere eskuen bitartez, luzaro egoten baitira bertan.
Nola aurre egin ahal diogu mundu mailako arazo horri?
Begi-bistakoa da mundu osoan heldu behar zaiola. OMEk estrategia orokorrak proposatzen ditu. Estrategiok, batetik, oinarritzen dira erresistentzia mikrobiologikoa zaintzean, antibiotikoen erabilera monitorizatzean eta gizaki eta animaliengan antibiotikoak neurrian erabil daitezen sustatzean, eta bestetik, infekzioa kontrolatu eta prebenitu beharra nabarmentzean (txertaketaren bidez, eskuen garbitasunaren bidez eta elikagaien garbitasunaren bidez, besteak beste). Eta horrekin batera, erresistentzia-mekanismoen eta antibiotiko berrien arloko berrikuntza eta ikerkuntzan inbertitzea ere proposatzen du, jakina.
Gure ospitale-ingurunean antibiotikoen erabilera egokia bermatzea da arazo hori kontrolatzeko neurri nagusia. Antibiotiko egokiak hautatu behar dira paziente bakoitzaren arabera, bai eta dosi egokia behar den aldirako agindu ere; eta, jakina, ez dira antibiotikoak erabili behar infekzio bakterianorik ezean.
Antibiotikoekiko Erresistentziaren kontrako Plan Nazionalak erresistentzien hautapena eta barreiatzea murriztu asmo ditu. Zein da horren garrantzia?
Bai, hala da. Antimikronianoekiko Erresistentziaren aurkako lehen Plan Nazionala Europako Parlamentuaren eta Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko sortu zen, antibiotikoekiko erresistentziaren gaineko ekintza-plana egitea eskatu baitzieten Europar Batasuneko estatu kideei. Lehen plana 2014-2018an egin zen, eta luzatu egin da orain bigarren planarekin (2019-2021).
Plan horrek askotariko ekintzak ditu barnean; giza osasunari buruzko batzuk, animalien osasunari buruzkoak zein komunak diren beste batzuk. Ekintza horiek gizakiak eta animaliak tratatzen dituzten profesional sanitarioei eragiteaz gain, herritar guztiei, nekazariei eta abarrei ere eragiten diete.
Planaren bigarren ildo estrategiaren barruan (6 ditu) Antibiotikoen Erabilera Optimizatzeko Programak (AEOP) beharrezko tresnatzat jotzen dira ospitaleetan zein lehen mailako arretan antibiotikoen erabilerari buruzko jardunbide egokiak sustatu daitezen.
Plan horrek, gainera, –eta hori da onena– haren kudeaketa osoa egiten du; lehentasunezko 6 eremu zehazten ditu: zaintza, kontrola, prebentzioa, prestakuntza, ikerketa eta komunikazioa (guztiak gizakien eta animalien osasunaren esparruetan garatuta).
Haren kudeaketa osoan datza Planaren garrantzia, behar-beharrezkoa dena, bestalde, erresistentzien hautapena eta barreiatzea ahalik eta txikienak izan daitezen.
Zer premia dago ospitaleetan antimikrobianoen erabilera optimizatzeko programak ezartzeko?
Azterketa ugarik baieztatzen dute antimikrobianoen ospitaleetako preskripzioa hobetu ahal dela kasuen % 30-50ean. Askotariko arrazoiak daude.
Mikroorganismo erresistenteen agerpena asko aldatzen da ospitale batetik beste batera, bai eta ospitale bereko eremuen artean ere. Hori horrela, ongi ezagutu behar da zer epidemiologia dagoen. Hori ez ezagutzeak antibiotikoak oker agintzea dakar.
Antimikrobianoa eta sindrome infekziosoetan erabili beharreko dosifikazioa egoki aukeratzeko, orobat, prestakuntza espezifiko eta eguneratua eduki behar da, eta hori, jakina, ez da beti posible; gainera, espezialitate guztiek agintzen dituzte antibiotikoak.
Horrez gain, antibiotikoak «segurtasuna» ematen dio sendagileari, eta horren ondorioz, batzuetan antibiotikoak agintzen dira infekziorik ez dagoen arren, tratamenduak beharrik gabe luzatzen dira eta neurrigabeko estaldurak dituzten antibiotikoak agintzen dira a priori espektro txikiagoko antibiotikoekin trata daitezkeen infekzioak tratatzeko.
Herri-hizkera erabilita, esan ohi da batzuetan «antibiotikoa sendagilearen antsiolitikoa dela», eta «euliak kanoikadaz» hiltzeko joera dago.
Zenbaitetan oztopoak ere badaude erakunde sanitarioetan, eta horiek zaildu egiten dute ospitaleetan mikrobioen aurkakoak behar bezala erabiltzea (adibidez, ezinezkoa izatea lagin mikrobiologikoen prozesatze azkar eta egokia egitea, edo antibiotikoaren plasma-mailak neurtzea ezinezkoa izatea posologia egokia egiteko, besteak beste).
Horren guztiaren ondorioz, handia izaten da «preskripzio desegokien» ehunekoa eta, horregatik, Antibiotikoen Erabilera Optimizatzeko Programak (AEOP) sortu ziren ospitaleetan duela urte batzuk. Antimikrobianoen erabilera hobetzeko sortutako erakunde-programak dira; gure ospitalean 2013ko urtarriletik darabilgu.
Zein dira haren helburuak?
Pazientearen emaitza klinikoak hobetzea da helburu nagusia, jakina.
Eta ondoren, garrantzitsua ere bada antibiotikoen erabilerari lotuta dauden kontrako efektuak gutxitzea. Ospitale-ingurunean zein pazientearengan berarengan erresistentziak minimizatzea zuzenean lotuta dago bigarren helburu horrekin.
Azkenik, kostuaren aldean eraginkorrak diren tratamenduak bermatzea ere bai.
Nork parte hartzen du AEOP horietan?
Gaixotasun infekziosoetako espezialistek, antimikrobianoen kudeaketan aditu diren ospitaleko farmazialariek zein antimikrobianoen erresistentzien arloko mikrobiologo adituek parte hartzen dute. Hiru espezialitate horiek osatzen dute AEOPen nukleoa.
Baina, gainera, zentro bakoitzak beste diziplina batzuetako profesionalak gehitzea ere erabakitzen du, beharrezko iritziz gero. Gure ospitaleari dagokionez, pentsatu genuen gure AEOPn pediatriako profesionalek zein zainketa mediko intentsiboetako eta hematologiako profesionalek parte hartu behar zutela, bi zerbitzu horiek baitira ospitalean antibiotiko gehien erabiltzen dutenak.
Era berean, gure ESIko lehen mailako arretako AEOP taldea eratu da aurten; lehen mailako arretako familia-medikuez, erizainez, pediatrez eta farmazialariez osatuta dago, bai eta mikrobiologia, pediatria, gaixotasun infekzioso eta ospitaleko farmaziako espezialistez ere.
Zer jarduerak egiten ditu AEOPk gure ospitalean?
AEOP egunero biltzen da, eta askotariko jarduerak egiten ditu, baina garrantzitsuenak honako hauek dira: profesional sanitarioei aholkularitza klinikoa, prestakuntza eta kontzientziazioa ematekoak.
Agerikoa denez, ezinezkoa da aholkularitza klinikoa ematea paziente guztiei dagokienez. Irizpide jakin batzuk betetzen dituzten pazienteak hautatu ohi ditugu. Adibidez, pazienteren baten hemokultiboan bakterio edo onddorik hazi bada, paziente hori berraztertuko dugu, tratamendu azkar eta eraginkorra bermatzearren. Tratamendu luzeak ere berraztertzen ditugu, antibiotikoen bidezko tratamenduak laburtzen saiatzeko, bai eta, jakina, espektro zabala duten antimikrobiano guztiak ere, espektro txikiagoa barne hartzen duten beste batzuez ordezteko, edo besterik gabe eteteko, era horretan alferrikako erresistentziak hautatzea eragotzi nahian.
Baina nabarmendu nahi dut prestakuntza- eta zabalpen-jarduera oso garrantzitsua dela guretzat, eta gaixotasun infekziosoen tratamenduari buruzko gida batzuk argitaratu dira filosofia horri jarraikiz, hala ospitalean nola lehen mailako arretaren esparruan, askotariko zerbitzuetako profesional ugariren ezin eskertuzko laguntzari esker.
Aldatu al du ospitaleak antimikrobianoak erabiltzeko modua?
Duda izpirik gabe. 2013. urtean, ekin genionean, ez zen batere ohikoa klinikoek hasitako tratamendu antibiotikoa berriz azter zezaten erabiltzen ari ziren antibiotikoaren espektroa murrizten saiatzeko. Hau da, ez zegoen «deseskalatzeko» ohiturarik.
Orain ohikoa da, ordea. Oro har, preskripzioa egiten duten medikuek oso barneratua dute hori egin behar dutela, eta pauso handia da hori.
Kultura-aldaketa horri esker, nabarmen gutxitu da ospitalean espektro handiko antimikrobiano guztien preskripzioa. Adibide bat jartzearren, karbapenemen tankerako farmakoen preskripzioa % 60 gutxitu da 2013koaren aldean (antibiotiko horiek estaldura antimikrobiano handia eskaintzen dute).
Ospitaleko tratamenduen iraupena hobetu behar dugu oraindik. Nekeza zaigu medikuak konbentzitzea tratamenduak laburtu ditzaten. Gero eta ebidentzia argiagoak daude infekzio zehatz batzuetan tratamenduak laburtzeak ez duela okerragotzen ziklo antibiotikoaren eraginkortasuna eta, aitzitik, abantaila asko dakartzala erresistentzien hautespenari dagokionez.
Lanean jarraituko dugu horretan eta beste alderdi askotan, hala nola erresistentzien eta antimikrobianoen kontsumoaren zaintzan eta prestakuntzan. Aurrean dugun erronkari gure ekarpena egin nahi diogu, honako erronka honi, alegia: tratamendu egokiak bermatzea, erresistentziak sortu eta barreia daitezen prebenitzea, eta bermatzea etorkizuneko belaunaldiek antibiotikoak dituztela infekzioak tratatzen jarraitu ahal izateko.