Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioaren Unitateak GETECCUren akreditazioa berritu du

Hesteetako gaixotasun inflamatorioa duten pazienteen Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Arreta Integralaren Unitateak Crohn-en Gaixotasunaren eta Kolitis Ultzeradunaren Espainiako Lantaldeak (GETECCU) ematen duen kalitate-ziurtagiria jaso du berriro. Hesteetako gaixotasun inflamatorioa duten pazienteen Arreta Integralaren Unitatearen bikaintasuna aitortzen duen ziurtagiria da, zeinak erreferentziazko ospitaletzat jotzen duen zentro sanitarioa, unitateko arretaren eta ikerketaren kalitatea aitortuz.

Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Digestio Zerbitzuko Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioaren Arreta Integralaren Unitateko Ana Isabel Muñagorri doktorearen ustez, ziurtagiri berri honek urte hauetan medikuek eta erizainek kontsultetan egindako lana aitortzen du.

Unitate honen helburu orokorra da, Muñagorri doktorearen hitzetan, “gaixotasunaren aktibitatea arintzea, paziente bakoitzari farmako egokia emanez”.

Aditu honek azaldu duenez, “gaixotasun kronikoak dira, aktibitate- eta erremisio-aldiak dituztenak, eta farmakoak erabili behar dira agerraldien erremisioa lortzeko eta ondoren erremisoari eusteko”. Horregatik, uste du paziente bakoitzak tratamendu indibiduala jaso behar duela, “gaixotasunaren hedaduraren eta larritasunaren araberakoa, aldian-aldian eboluzioaren araberako aldaketak eginez”. Muñagorri doktoreak gogorarazi du sintomak, hala nola beherakoa, sabeleko mina, fistulak, pisu-galera eta astenia bizia, ezgaitzaileak izan daitezkeela. Gainera, hesteez kanpoko beste agerpen batzuk ere (dermatologikoak, erreumatologikoak, oftalmologikoak, hepatikoak eta abar) gaixotasun honekin lotu daitezke, “horregatik, sarritan beharrezkoa da beste espezialitate batzuekin kontaktuan egotea. Eta gero eta farmako eraginkorragoak ditugun arren, paziente batzuek kirurgia behar izaten dute oraindik”.

Halaber, adituak nabarmendu duenez, azken urteotan, beste gaixotasun autoimmune batzuetan gertatu den bezala, “erruz handitu da hesteetako gaixotasun inflamatorioa duten pazienteen intzidentzia”, baina, zehaztu duenez, “tratamendu egoki baterako gero eta farmako gehiago ditugu, eta farmako berriak onartzeko ikerlan ugari daude”.

Muñagorri doktoreak azpimarratu duen bezala, gaixotasun kronikoak direnez, oso garrantzitsua da mantentze-tratamendua ondo betetzea; beraz, “komeni da pazientea ondo informatuta egotea bere gaixotasunaz”.

Erizaintzako kontsulta funtsezkoa da

Muñagorri doktoreak azaldu duenez, Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioen Unitatean gaixotasun horiei buruzko prestakuntza espezifikoa duen erizain bat dago, eta hark “pazienteak aurretik jaso duen informazio guztia finkatzen du”. Besteak beste, pazienteari sendagaiak behar bezala erabiltzen irakasten dio; haren deiak jaso eta zalantzak argitzen dizkio; hurrengo kontsultaren aurretik egon daitezkeen okerragotzeen abisua ematen du, eta horiek ahalik eta azkarren konpontzen ditu.