Donostialdeko ESIak biztanle-talde handiei COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko lehen gunea ireki du

Joan den asteartean biztanle-talde handiei txertoa jartzeko Euskadiko lehen gunea ireki zen Illunben. Txertaketarako gure ESIak duen leku bakarra ez bada ere, COVID-19ren aurkako txertoaren ikur bihurtu da Illunbe, gure erkidegoan ireki den horrelako lehenengo esparrua baita.

Hala, lehenago zezen-plaza eta gaur egun saskibaloi-kantxa den esparru honek erabilera berria eman die bere instalazioei, eta COVID-19ren aurkako txertaketa-estrategiaren aitzindari bihurtu da gure erakundean, beste zentro batzuekin batera, hala nola Donostiako Bengoetxeako EAG, Hernaniko kiroldegia, Errenteriako Reina Aretoa, Groseko anbulatorioa, Zarauzko DYAren aretoa eta Irungo Elitxu.

Txertaketa masiboaren lehen esperientzia pilotu honek ilusio eta interes handia piztu du herritarren artean, eta horren erakusgarri da txertaketa abian jartzeak eragin duen oihartzun mediatiko ezohikoa. Joan den asteartean, estatu osoko dozenaka komunikabide hurbildu ziren, txertaketa leku horretan nola egingo zen eta immunizatzen lehenak zein izango ziren jakiteko.

Illunbe txertaketarako egokitzeak antolaketa- eta logistika-ahalegin handia eskatu du, eta Donostialdeko ESIaren zerbitzu eta profesional asko aritu dira azken unera arte lanean (informatikariak, garbitzaileak, mantentze-lanetako langileak, hornitzaileak eta komunikazio-unitateko langile guztiak),  berez beste erabilera batzuetarako den espazio zabal hau humanizatu eta COVID-19ren aurkako txertaketa-zentro bihurtzen.

Gaur egun Illunbe errealitate bat da eta txertaketa abiada handia ari da hartzen. Bertan, lehenik irakasle eta udaltzainek jaso dute txertoa. Hasiera batean postu bakarra jarri zen martxan, baina, bial gehiago jaso ahala, gainerako txertaketa-postuak ireki dira.

Daniela Morenok, Illunbeko lanetan parte hartu duen erizainetako batek, txertaketa nola antolatu den azaldu digu: “Illunben sei txertaketa-postu daude, horietatik 5 zezentokiaren eraztun nagusian, eta beste postu bat dago auto barruan txertatzen diren pazienteentzat. Postu bakoitzean bi talde –eta, taldeko, bina erizain– daude txertoak jartzen. Bestalde, aipatzekoa da bederatzigarren ateko postua adinekoen txertaketarako gordetzen dela. Danielak adierazi duenez, “nabarmentzekoa da postu horretan DYAk ematen duen zerbitzua, hainbat boluntario lan handia egiten ari baitira txertaketa-prozesu osoan adinekoei laguntzen”.

Naiara Etxeberria Illunbeko txertaketan parte hartzen ari den erizainetako bat da, eta Donostialdeko ESIaren zentro berri honetako martxa onaz arduratzen da. Naiarak txertoa jartzeko prozesua azaldu digu: “Lehen orduan anafilaxia-kitak aztertu eta zerrendak inprimatzen ditugu, txertoa zenbat jenderi jarri behar diogun jakiteko. Horren arabera, txerto kopuru txiki bat prestatzen dugu, txertoak kargatuta edukitzeko eta arin jarri ahal izateko. Bizpahiru bial geratzen zaizkizunean, gelditu egiten gara pixka batean, zenbat jende datorren ikusi eta horren arabera bialak ireki edo nola banatu daitezkeen erabakitzeko, dosiak alferrik gal ez daitezen. Atean zeladore bat egoten da, jendeari datuak hartu eta pasatzen uzten diona. Txertoa hartu dutenak itxarongunera joaten dira, eta 15-20 minutuz egoten dira bertan, kasuaren arabera. Lehen egunetan txerto gutxixeago jarri genituen, pilotaje bat izan zelako, proba bat. Baina txertoen kopurua handitzen joan gara, dena oso ondo funtzionatzen ari baita. Une batzuetan geldialdiak izaten dira, baina berehala hartzen dugu martxa. Nire ustez, txertatzen aritu garen beste leku batzuekin alderatuta, hau da, oro har, txertatzeko lasaitasunik handiena ematen duena”.

Erizain honen esanetan, “dena berria da eta egunero egokitu behar da zerbait. Arazoak sortu ahala egokitzen joaten gara, irtenbide bat bilatzen dugu. Horrela izan da hasieratik, egoitzetan txertoa jartzen hasi ginenetik. Dena berria zen. Txerto hauek ez dute lehenago manipulatu izan ditugun beste medikamentu batzuekiko antz handirik, baina berehala ikasten duzu nola erabili behar diren eta zer funtzionamendu duten, nola prestatzen diren eta nola mantendu behar diren, ematerakoan egoera onean egon daitezen. Baina hasieran egokitzen joan behar duzu, eta orain egokitze une horretan gaude “.

Illunbera joan behar dutenei hitzordua eman behar zaie. Marian Bermejo BAEko teknikari arduradunak azaldu digunez, batez ere San Pedroko anbulatorioan ematen ari dira hitzordu horiek. Bertan, administrari talde bat asteko zazpi egunetan ari da lanean, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara bitartean, “zitazio proaktiboa” deitzen den horretan; alegia, biztanleria-talde desberdinei txertatzeko aukera eskaintzen. Bestalde, funtsezkotzat jotzen diren taldeetako kideei aukera emango zaie hitzordua web-orriaren bidez hartzeko, eta hori berrikuntza bat da.

Zezen-plazako instalazioak ikusi dituztenek horrelako txertaketa baterako egokiak direla berretsi dute: lekua behar bezala aireztatuta dago; erraz ezar daitezke ibilbide argiak, jendea pilatu beharrik Gabe; aparkaleku zabala du, eta ez dago hiritik oso urrun. Gainera, Donostiako Unibertsitate Ospitaletik gertu dago; beraz, edozein gorabehera gertatzen bada, minutu gutxiren buruan izango gara Larrialdietako atean. Horrela baieztatu du Naiarak: “Txertoa jartzeko leku aproposa da, egokia baita jende gehiegi ez pilatzeko. Plazaren banaketa ondo pentsatuta dago, txertatzeko ateez gain txertoen erreakzioak kontrolatzeko 20 minutuko itxaronaldia egiteko eremua hartu dira kontuan. Gainera, jende pilaketak saihesten dira. Behin finkatuz gero eta dena kontrolpean dugunean (materiala, biltegiratzea, antolaketa bera…) uste dut askoz arinagoa izango dela txertaketa “.

Adierazi behar da herritarren erantzuna eredugarria izaten ari dela. Naiarak dioenez, “txertoa hartzera etortzen dena, oro har, itxaropentsu eta pozik etorri ohi da, esanez bezala: azkenean, une hau iritsi da! Jendea gogotsu etortzen da, batez ere adineko jendea eta arrisku-talderen bateko kideak direnak”.

Duela astebete Illunbe proba pilotu bat baino ez zen, baina gaur egun errealitate bat da. Dagoeneko milaka txerto eman dira; espero dezagun etorkizun hurbilean ehunka mila izatea. Zezen-plaza zaharra pandemia honen amaieraren ikur bihurtuko ahal da! Ea gure ekarpen apal honek horretarako balio duen.