Donostialdeko ESIak eremu sanitarioen komunikazioa hobetzeko kultuarteko bitartekotzako proiektu pilotu bat jarri du abian
Osasun erabiltzaile migranteen komunikazio eta arreta hobetzeko asmoz, , “Osasun Bitartekaritza Zerbitzua” jarri da martxan Donostialdeako eta Bidasoako ESIetan. Zerbitzu hau Esi hauetako zuzendaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Biogipuzkoak eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak bultzatutako Ikerketa Proiektu Pilotu baten barruan kokatzen da.
Bitartekaritza Zerbitzua bi ESIetako ospitaleetan zein osasun-zentroetan eskainiko da, eta osasun langile nahiz erabiltzaileek eskatu ahal izango dute, ahal dela 48-72 ordu lehenago, telefonoz, posta elektronikoz edo web bidez. Gaur egun, hizkuntza hauetarako osasun bitartekariak ditugu prest eta eskuragarri: arabiera magrebtarra eta ekialdekoa, frantsesa, ingelesa, errusiera, ukrainera, lugandera, mongoliera eta wolof-a.
Akila Elhachemi bitartekariak, Maialen Ibarguren, Harkaitz Azkune eta Xabier Kortajarena Gaixotasun Infekziosoen Unitateko medikuekin batera, azaldu digute hau zertan datzan proiektuak
Zertan datza zehazki osasun-arloan kulturarteko bitartekari gisa egiten duzun lana?
Nire lanean, batez ere, komunikazioa errazten dut osasun-langileen eta komunikatzeko hizkuntza- edo kultura-zailtasunak dituzten erabiltzaileen artean, informazioa gehitu, kendu edo aldatu gabe. Bitartekari eta interprete naizenez, lagundu egiten dut komunikazioan eragina izan dezaketen alderdi kultural jakin batzuk ulertzen. Oso garrantzitsua da une oro neutraltasunari, konfidentzialtasunari eta inpartzialtasunari eustea. Harreman asistentzialak profesional sanitarioaren eta pazientearen artean izaten jarraitzen du; nire egitekoa komunikazio hori erraztea da.
Nola eska dezakete zerbitzu hori profesionalek?
Osasun langileek zerbitzua eska dezakete, uste dutenenean, oztopo linguistiko edo kultural baten ondorioz, ezin direla pazientearekin behar bezala komunikatu.
Eskaera hainbat modutan egin daiteke:
- Web-orrian egin dezakezu, bertan dagoen galdetegia beteta eta bidalita. (https://www.mediacionsociosanitaria.eus/)
- Telefono-dei baten bidez. Telefono honetara: 633148057
- Posta elektronikoz (mediacionsociosanitaria@bio-gipuzkoa.eus)
Zer oztopo linguistiko eta kultural nagusi daude profesional sanitarioen eta askotariko jatorri kulturaletako pazienteen artean?
Lehenengo oztopoa hizkuntza izaten da, baina ez da oztopo bakarra. Ezberdintasunak egon daitezke, besteak beste, mina adierazteko moduan, sintomak azaltzekoan, edota gaixotasun eta tratamendu jakin batzuk ulertzeko eran. Horrez gain, baliteke ezberdinak izatea ohiturak, elikadura, familia, emakumearen edo gizonaren rola, etab.
Zer balio ematen du kulturarteko bitartekaritzak kontsulta batean edo prozesu asistentzial batean?
Kulturarteko bitartekaritzak hainbat onura dakartza kontsultan; esaterako, lagundu egiten du, ez daitezen egon ez gaizki-ulertuak, ez eta oztopo linguistikoen eta kulturalen ondoriozko gatazkak ere. Era berean, aukera ematen du pazienteak bere zalantzak eta premiak adieraz ditzan, eta profesionalak informazioa modu argian eta ulergarrian eman dezan. Azken batean, bitartekaritzak elkar ulertzean, konfiantzan eta errespetuan oinarritutako komunikazioa sustatzen du bi aldeen artean.
Partekatu dezakezu gurekin egoeraren bat, zeinetan bitartekaritzak lagundu egin duen pazientearen eta profesionalaren artean ulermena edo konfiantza hobetzen?
Neska baten kasua datorkit burura; diabetesa zuen eta gurasoekin batera ingresatu zuten. Egoera bereziki zaila zen, aita itsua zelako eta amak ez zekielako gaztelaniaz; horregatik, nekez ulertzen zituen profesional sanitarioen azalpenak. Hasieran, bazirudien amak ulertzen zuela zer azaltzen zioten, baina, egiaz, ez zituen ulertu, ez alabaren gaixotasunaren larritasuna, ez behar zituen zainketak. Horrek asko zaildu zezakeen tratamenduaren jarraipena. Bitartekari gisa esku hartu nuenean, amari azaldu nion —modu errazean eta bere egoerara egokituta— zer gaixotasun zuen neskak, zergatik zen garrantzitsua tratamendua eta zer zainketa izan behar zituen. Bestalde, komunikazioa erraztu nuen familiaren eta profesional sanitarioen artean: haien zalantzak argitzen lagundu nien, eta profesionalek egiazta zezaten haiek emandako informazioa ulertu zutela. Kasu honi esker, argi eta garbi ikusi nuen bitartekaritza ez dela hizkuntza bat itzultzea bakarrik. Lan honetan, horrez gain, pazienteak, familiak eta profesionalak elkar ulertzea eta konfiantza izatea lortzen da. Bitartekaritzari esker, familiak hobeto ulertu ahal izan zuen egoera, eta seguruago sentitu ahal izan zen neskaren zaintzari aurre egiteko.
Zer alderdi kulturalek eragiten dute gehien osasuna, gaixotasuna edo tratamenduak ulertzeko moduan?
Alderdi askok izan dezakete eragina: gaixotasuna ulertzeko modua, haren kausei buruzko sinesmenak, elikadura, osasunarekin lotutako praktikak, familiaren rola edo erabakiak hartzeko modua.
Bestalde, eragina izan dezake profesional sanitario jakin batzuei buruz dugun pertzepzioak edo mina eta beste sintoma batzuk adierazteko moduak.
Baina garrantzitsua da ez orokortzea. Pertsona batek ez du ezinbestean kultura oso bat ordezkatzen. Horregatik, bitartekari gisa, pertsona bakoitzari entzun behar diot, baita adierazten duena transmititu ere, suposiziorik egin gabe.
Konta dezakezu nolakoa izan den proiektu honetan parte hartzeko jasotako prestakuntza?
Prestakuntzan berariaz landu dugu eremu soziosanitarioko kulturarteko bitartekotza eta interpretazioa. Hainbat alderdi landu ditugu, besteak beste, profesionalen eta pazienteen arteko komunikazioa, interpretazio-teknikak, etika profesionala, neutraltasuna, inpartzialtasuna eta konfidentzialtasuna. Horrez gain, egoera praktikoak eta terminologia sanitarioa ere landu ditugu, bitartekaritza-lana behar bezala egin ahal izateko ospitale- eta asistentzia-testuinguruan.
Zure ustez, zer onura jasotzen dituzte erabiltzaileek kulturarteko bitartekari baten laguntza dutenean?
Onura nagusietako bat zera da, haien beharrak adieraz ditzaketela, baita prozesu asistentzialean jasotako informazioa hobeto ulertu ere. Baliteke, era berean, seguruago sentitzea, aukera dutelako haien hizkuntzan komunikatzeko, baita galderak egiteko edo zalantzak argitzeko ere. Bitartekaritzak komunikatzeko oztopoak murrizten laguntzen du eta arreta ulergarriagoa eta irisgarriagoa sustatzen du.
Nola erreakzionatu dute profesional sanitarioek, figura hori prozesu asistentzialean sartu dela ikustean?
Figura berri horri esker, profesionalek berariazko laguntza dute oztopo linguistiko edo kultural bat dagoenean. Komunikazioa zaila izan daitekeen egoeretan, bitartekari bat izateak informazioa trukatzea errazten du, eta profesionalari arreta sanitarioan zentratzeko aukera ematen dio, pazientearekin komunikazioa izatea bermatzen den bitartean. Uste dut garrantzitsua dela, halaber, profesionalek ondo jakitea zein den gure funtzioa eta zein diren gure mugak, bitartekaritzak ez baitu profesional sanitarioa ordezten, eta ez du hartzen erabaki klinikorik. Bi alderdien arteko komunikazioa erraztea da gure eginkizuna.
