Donostialdeko ESIko COVIDaren Zaintza Epidemiologikoaren Sareko lantalde multidiziplinarrari elkarrizketa

2020ko maiatzean, pandemia betean murgilduta, Donostialdeko ESIak, pandemia egoera hori kudeatzeko, COVID kasuen eta kontaktuen jarraipenean inplikatutako alde guztiak bilduko zituen talde multidiziplinar bat antolatzeko agindua jaso zuen, COVIDaren Zaintza Epidemiologikoaren Euskadiko Sarearen eskutik. Profesional batzuk berehala hasi ziren lanean, eta horrela sortu zen Donostialdeko ESIko COVIDaren Zaintza Epidemiologikoaren Sarea. Talde horrek, denbora gutxian, protagonismo nagusia hartu zuen ESIaren arreta-eremuko pandemia-kudeaketan eta birusaren transmisio-kateen kontrolean. Lantalde horren bileretan hartu dira pandemiaren eragina geldiarazten lagundu duten erabaki garrantzitsuenetako asko. Donostialdeko ESIko COVIDaren Zaintza Epidemiologikoaren Sarea profil desberdinetako profesionalek osatzen dute: Zaintza Sareko kudeatzaileek, Lan Osasuneko profesionalek, ESIko Prebentzio Medikuntzaren Zerbitzukoek, Osalanek, Oinarrizko Epidemiologia Unitateak eta Donostialdeko ESIko beste profesional batzuek. Gaur egun biltzen jarraitzen dute, oraindik lana badagoela uste baitute. Elkarrizketa honetan gure ESIko pandemia-kudeaketaren lekukotza garrantzitsuak bildu ditugu. Profesional horiek lan aparta egin dute, itzalean, inplikazio eredugarria erakutsiz. Zalantzarik gabe, haiek gabe, pandemia hau beste kontu bat izango zen.

 

Nolakoak izan ziren lantalde honen hastapenak?
Carlos Barruso: Olatu handitik ateratzen ari ginen eta une horretan eguneroko txostenetan ia ez zegoen positiborik; zero positiboko egunak genituen, bi positibokoak… Lehenengo erizain taldea kasu positibo horiek arakatzen hasi zen. Kontaktuak aztertzen hasi ziren, lehen mailako arretan aztarnari lanak egiten.  Geroago, ospitaleko pazienteen kasuak aztertzen hasi ziren Prebentzio Medikuntzaren Zerbitzuko profesionalak eta Lan Osasunaren Unitatekoak. Egoitzetako egoera, berriz, Epidemiologia Unitateak kontrolatzen zuen.
“Go.data” izeneko datu-base bat ere ezarri zen, hainbat bilera eta prestakuntza-saio eginez, gure artean zalantzak partekatuz, eta abar. Datu-base horretan jasotzen ziren positibo guztiak, horien kontaktuak eta beste hainbat datu, hala nola sintomak noiz hasten ziren, noiz ematen zuen positibo probak, datu demografikoak… Hasieran, polita zen grafikoa ikustea, baina gero, hainbeste daturekin, oso konplexua zen. Talde hau osatzen dugun guztiok datu-base horretara sartzeko aukera dugu. Datu guztiak datu-base honetara iraultzen ziren, eta denak –egoitzetako datuak ere bai– lotuta geratzea zen asmoa; oso ondo funtzionatzen zuen. Birusaren agerraldiei erantzuteko prestatutako tresna bat zen, egoera berrira egokitu eta Euskadi osoan ezarri zena.

 

Nola antolatu behar zen eta nortzuk osatu behar zuten Donostialdeko ESIko COVIDaren Zaintza Epidemiologikoaren Sareko lantaldea?
Carlos Barruso:
Lantaldea nola eta nortzuk osatu behar zuten Zerbitzu Zentralek zehaztu zuten. Zaintza Epidemiologikoaren Sarea zer zen definitzen zuen dokumentuan azaltzen zen zein eremuk egon behar genuen bertan ordezkatuta. Pandemiarekin lotutako talde guztiak geunden: ospitaleratutako pazienteen Prebentzio Medikuntzaren Zerbitzua, pazienteak lehen unetik arakatzeko aztarnarien taldea, Lan Osasuneko profesionalak… Denen artean egiten zen lan. Azkenean, paziente berberak ditugu. Izan ere, hasieran komunitatekoak diren pazienteak paziente ospitaleratuak izan daitezke gero, edo egoitza bateko erabiltzaileak izan daitezke… Bilerek kasu horiek guztiak jakinarazteko balio ziguten. Bilaketa-sarean enpresa bateko hiru pertsonako agerraldi bat detektatzen bagenuen, Osalani jakinarazten genion, eta haiek gertutik jarraitzen zituzten kasuak. Gauza bera gainerako zerbitzu eta unitateekin.

Sergio Girón: Koordinazio hori funtsezkoa zen. Esate baterako, ospitaleratutako paziente batek alta jaso ondoren ez bazuen berrogeialdia egiteko lekurik, bilaketa-sarearekin harremanetan jarri eta berrogeialdi hori egiteko leku bat bilatzen zitzazion. Ezinbestekoa zen koordinazio hori, azken finean komunitate bateko positiboak zirelako, eta koordinazioa beharrezkoa zen agerraldiak kontrolatzeko, baliabideak egokitzeko…

Carlos Barruso: Gauzak ahaztu egiten dira, baina agerraldiak zituzten tabernak ixteko gomendioak ere bilera horietan erabakitzen ziren. Ia polizia-lana egiten genuen: informazioa Osasun Publikoari bidaltzen genion, eta taberna bat ixteko agindua ematen genuen. Tabernetako profesionalek ez gintuzten ikusi ere egin nahi, bazekitelako positiborik izanez gero taberna itxiaraziko geniela.

Sergio Girón: Gutxi gorabehera, jarduteko modua hau zen: pazienteek Osakidetzan proba egin ondoren, emaitza positiboak Integra aplikazioan (adinaren eta ESIaren arabera antolatutako kasu positiboen errolda batean) erregistratzen ziren. Ondoren, positibo zirenei Zaintza Sareak deitzen zien, kasuen miaketa egiteko. Hartu behar zituzten neurriak azaltzen zitzaizkien, hala nola isolamendua betetzearena; gainera, haien kontaktu estuak identifikatzen ziren, eta horiei egin beharreko proba diagnostikoak eskatu eta berrogeialdia betetzeko jarraibideak ematen zitzaizkien. Bestalde, pazienteak lan-esparru edo eremu sozial zehatz batekoak izan zitezkeen, baliabide soziosanitario baten erabiltzaileak, edo ospitaleratuta egon zitezkeen. Bileretan kontu horiek guztiak jorratzen genituen, bakoitzak bere esparruan baina aldi berean amankomunean genituen auziak baitziren.

Carlos Barruso: Lehen mailako arretatik ere egiten zen jarraipena; izan ere, positibo ematen zuen pazienteari lehendik haren jarraipenaz arduratzen zen lehen mailako arretako taldearekin zita jartzen zitzaion, eta gaixotasunaren jarraipena haren eboluzioaren arabera antolatzen zen. Pazientea ospitaleratu behar bazen, koordinatu egiten zen.

Sergio Girón: Hori da. Sintomak arinak eta lehen mailako arretako profesionalek kontrolatzeko modukoak baziren, pazientea osasun-zentrora deribatzen genuen. Kasua larriagoa bazen eta ospitaleratu beharra bazegoen, ospitalearekin koordinatzen zen.

Carlos Barruso: Hasierako asmoa zentro bakoitzean sare bat izatea zen, eremu bakoitzeko lehen mailako arretako taldeekin harremanetan egongo zena, baina azkenean sare bakar eta batu baten eredua aukeratu zen, eta profil profesional berriak gehitu genizkion sare horri. Hasieran 6 profesional ziren, 10 positibo baino ez zeudenean. Baina gero profesional gehiago hasi ziren lanean. Oso zaila zen erizaintzako profesionalak lortzea, eta, beraz, aztarnari lanetan beste profil profesional batzuk jartzeko aukera aztertu zen. Hala, gizarte-langileengana, fisioterapeutengana eta lantalde administratiboetara jo genuen. Hasiera batean, lehen mailako arretako profesionalekin egin behar zen aztarnarien lana, baina ikusi zen lehen mailako arreta ez zela gai izango lan hori bere gain hartzeko. Beraz, aztarnari-sare bat izateko beharrari erantzunez sortu zen sarea, ez bakarrik kasuen jarraipena egiteko, baita kasu bakoitzaren inguruan gertatutako guztia ulertzen saiatzeko ere, ikuspegi askoz globalago batekin. Talde honen indarguneetako bat izan da alderdi guztien inplikazioa. Osasun-zentroan pertsona eta bere familia artatzen ziren, baina guk enpresetara jotzen genuen, futbol-taldeetara… edonora.

 

Nola gogoratzen dituzue une latz haiek?
Carlos Barruso: Zoratzekoa izan zen. Hasiera batean, familiakoak etxean geratu ziren. Ni nintzen etxetik lanera eta lanetik etxera zebilena; lanean jarraitzen nuen. Eta esaten zidaten: “Aita, gutxienez jangelako mahaian lan egin, horrela behintzat ikusi egingo zaitugu”. Batzuetan, jaikitzen zirenean ni lanean egoten nintzen, eta oheratzen zirenean nik lanean jarraitzen nuen. Behin alaba txikiak esan zidan: “Aita, zergatik ez zara hemen esertzen?” Nik, ordura arte, ez nuen inoiz etxean lan egin. Jendeak txalo egiten zuen garaia zen… Une hartan, osasun-zentroak kolapsatu egin ziren. Dena zentralizatu zen, osasun-zentroek telefonoz baino ez zuten arreta ematen. Profesionalak zentro batetik bestera joaten ziren; EAGetan gaueko talde bikoitzak antolatu genituen; autoen kontzesionario batek autoak utzi zizkigun etxera bisitak egitera joateko; martxoa eta maiatza bitartean, aste santuan, mundu guztiari esan behar izan genion lanera joan behar zutela, lanegunak zirela, egunero lanera…

Elsa Elguea: Guk berrasmatu egin behar izan genuen, ezinezkoa baitzen denera iristea. Egun batzuetan, goizeko 10:00etan sartutako deiei arratsaldeko 19:00etan erantzutera iritsi ginen. Izenen eta sintomen post-itek betetzen ziguten mahaia, eta beldurgarria zen. Gero zerbitzua antolatzen joan ginen. Zerbitzua bikoiztu genuen: informatikariak, administrariak, errefortzuko erizain pila bat… eta prebentzio-lana utzi genuen. Goizean iritsi eta egun osoa pasatzen genuen, eta gauean ere mugikorra aldean eramaten genuen. Lanorduak ziren, ordu asko… Profesionalek beldur handia zuten, jendea hil egiten baitzen. Lankideak ere izan ditugu ZIUan, eta gogorra zen, oso gogorra.

Carlos Barruso: Denborarekin ahaztu egiten ditugu denak, baina zer nolakoak pasatu ditugun!

 

Zer gordeko zenukete horretatik?

Carlos Barruso: Eginbeharra bete izana.

Elsa Elguea: Ni pozik nago. Uste dut guztiok gainditu gaituela… Profesional moduan, oso frustragarria iruditu zait. Frustragarria diot, gauza asko ez zeudelako gure esku, ez medikuen, ez kudeatzaileen, ez telefonisten esku… ez inoren esku. Uste dut guztiok genekien eta ahal genuen bezain ondo lan egin dugula maila guztietan. Jendeak zuen guztia eman du.

Oscar Calleja: Genuen guztia eman dugu, bai.

Itziar Lanzeta: Jendeak borondate handia erakutsi du, inplikazio handia.

Elsa Elguea: Guk, gure ikuspuntutik, bizi izan ditugu hainbat gauza desatsegin, baina tira, azkenean enpatia izan behar duzu, eta bestearen lekuan jarri. Nik, mediku gisa, deitzen zuenaren balorazioa egiten nuen, baina solairuan ere egon behar nuen. Gure helburua zen jendeak gure laguntza sentitzea.

 

Zer ikasi dugu honetatik?

Carlos Barruso: Zaurgarriak garela. Honek guztiak umiltasun lezio bat eman digu. Uste genuen zerbitzu sanitario ahaltsu, indartsu bat genuela, baina honek guztiak gure lotsaizunak agerian utzi ditu. Eta gauza asko ikasi ditugu. Hemendik urte batzuetara, gauza batzuk ikusi eta esango dugu: hau COVIDarekin hasi zen… Ikusten ari gara dagoeneko gure egunerokoan txertatu ditugula zenbait gauza txiki, beharbada inoiz egingo ez genituzkeen hobekuntzak direnak.

Oscar Calleja: Egokitzeko izan dugun gaitasuna ere azpinarragarria da, nire ustez. Etengabe egokitzen joan gara, eta ziurgabetasun handiz lan egin dugu, zer zetorkigun jakin gabe.

Carlos Barruso: Eta beldurra. Profesionalentzako apartamentuak eta hotelak prestatu genituen, haien familiekin lo egin ez zezaten, arrisku handia baitzuten.

Sergio Girón: Lantalde honetan asko lagundu diogu elkarri. Elkarrekin barrena husteko aukera izan dugu, gutako asko berdin sentitzen baikinen. Elkar ondo ezagutzea lortu dugu, eta konfiantzazko giro bat sortu dugu, bakoitza bere eremuan erreferentziazkoa izanik eta edozein zalantza edo arazori erantzuteko prest egonik.

 

Nola hartu zenuten txertaketa lantaldean? Poza emango zizuen…

Itziar Lanzeta: Bai, irrikaz itxaroten genuen. Eta haren eragina nabarmen ikusi da; orain dugun intzidentzia eta izan duguna ikusita, txertorik gabe, hau hondamendia izango zen.

Carlos Barruso: Txertoa ilusio bat izan zen, ahalegin izugarria Illunbe irekitzea… eta itxaropena.

Itziar Lanzeta: Orain ikusten ari gara ospitaleratzen diren pazienteen profila erabat aldatu dela. Oraindik ere kasu askotan COVIDa duten adineko pertsonak dira ospitaleratzen direnak, baina horren funtsezko arrazoia ez da COVIDak eragindako pneumonia bilaterala. Orain batzuek zainketa intentsiboetan amaitzen dute, baina horietako asko txertatu gabe daude. Eta gero, hor daude immunodeprimituak; batzuetan, gazteak izanagatik, txertoak ez du eraginik, haien oinarrizko patologia dela-eta, eta horiek ere ospitaleratzen dira. Paziente asintimatikoak edo oso sintoma arinak dituztenak ere badaude, beste arrazoi bategatik ospitaleratu eta COVIDa detektatu zaienak kontrol gisa egiten diren PCR probetan.

Sergio Girón: Zenbaki batzuk ematearren, Donostialdeko ESIan, urtarrilean 37.000 kasu positibo genituen erregistratuta Osabide Integran.

Carlos Barruso: Urtarrilaren 31n, 2.000 kasu baino gehiago erregistratu genituen egun bakar batean. Eta Andia kalea ireki zenean, jende-ilara Gipuzkoa plaza inguratzera iritsi zen. Eskandalagarria zen, Gobonak bete-betean…

Elsa Elguea: Nik egun batean laborategira igo behar izan nuen, eta hura ikusi nuenean… han zegoen hura, eguneroko PCRak… Eta pentsatu nuen “Hau bideraezina da. Nola asumitu daiteke hau? Ezinezkoa da…”

Sergio Girón: Gabon egunetan, agenda gehiago irekitzea eskatzen genuen, ez baikinen iristen… Ireki eta bete egiten ziren…

Elsa Elguea: Bestalde, sistemak funtzionatzen zuela ikusten genuen. Guk mezu elektronikoak bidaltzen genituen, eta 24-48 ordutan jendeak zita izaten zuen.

Carlos Barruso: Nire ustez, Gabonetan egin zen baheketarik masiboena; mundu guztiak etxean egin zuen proba, etxekoekin afaldu edo bazkaldu zezakeen ikusteko… Egoera irudikatu dezazuen, Euskal Autonomia Erkidegoan egun bakar batean 10.300, 7.900, 10.900 eta 12.000 kasu positibo izan genituen.

Elsa Elguea: Bi errealitate paralelo baleude bezala zen; guk eremu sanitarioko egoera ikusten genuen, eta gero kalera atera eta errealitateak beste bat ematen zuen.

 

 Noiz arte jarraituko du lantalde honek lanean?

Carlos Barruso: egia esan, dagoeneko elkarren beharra dugu.

Elsa Elguea: Baikor izanda, esango nuke uda arte jarraituko dugula, baina gauzak nola doazen ikusita, badirudi irauteko sortu garela. Lantaldearen jarduera eraldatzen ikasi beharko dugu…

Itziar Lanzeta: Badaude beste gaixotasun kutsakor batzuk ere; eta egongo dira, gero ere.

 

Nola baloratzen du Osalanek zeregin hau eta lantalde honetako partaide izatea?

Noemi Ollakindia: Oso modu positiboan; izan ere, orain arte ez genuen horrelako lankidetzarik izan. Jasotzen zen informazioa funtsezkoa zen Osalaneko lantaldearentzat. Donostialdeko ESIarekin oso eskerturik gaude lantalde honetan Osalan sartu eta bertan jarraitzeko aukera emateagatik. Bilera hauek gure informazio-sistemen hobekuntzarako elementuak detektatzen ere lagundu digute, etorkizuneko lankidetza posible baterako.

 

Nola tratatu duzue egoitzetako egoera?

Oscar Calleja: Hasiera batean, Epidemiologia zerbitzuan aztertzen ziren kasu positiboak; egoitzetatik deitzen ziguten positiboen berri emateko. Orain, egoitzan bertan aztertzen dira kasuak, eta positiboen berri ematen digute. Hasieran, guk egiten genuen, egoitzarekin batera, kontaktuen azterketa. Laneko kontaktuak Prebentzio Zerbitzuan kudeatzen ziren; erabiltzaileenak, berriz, Epidemiologia Zerbitzuan, eta probak egitera bidaltzen genituen. Guk historian begiratzen genuen, positiboa edo negatiboa zen esaten genien, nola jokatu, berrogeialdiak nola egin… Gaur egun, haiek bidaltzen dizkigute positiboak, baina, adibidez, eguneko zentroak, erlijio-elkarteak eta abar gurekin harremanetan jartzen dira probak eskatzeko. Lehen, tutoretzapeko etxebizitzak eta abar ere kudeatzen genituen; orain, biztanleria orokortzat hartzen dira, eta saretik egiten da. Seigarren olatu honetan ia egoitza guztietan izan dira kutsatzeak. Zenbait egoitzatan 100 egoiliarretik 80 kutsatu dira; hori bai, asko sintoma gutxirekin edo sintomarik gabe egon dira. Seigarren olatuak dezente eragin zien.

Carlos Barruso: Unerik txarrenetako bat lehen olatuan bizi izan genuen, egoitza batean. Hango osasun-langile gehienak kutsatu ziren, eta ia langile gabe geratu ziren. Gure profesionalak eraman behar izan genituen, eta haiek ere kutsatu ziren; inork ez zuen hara joan nahi… Ikaragarria izan zen… Gero, hainbat egoitzak pandemiaren kudeaketa bikaina egin dute, konponbideak aurkituz, kudeatuz eta behar zuten laguntza guri eskatuz. Erlijiosoen kongregazioak ere gogor kolpatuak izan ziren, guztiak kutsatzen baitziren, eta 90, 99, 100 urteko adina zuten.

 

Zerbait gehitu nahi duzue?

Carlos Barruso: Asko eta gogor lan egiteaz gain, ondo pasatu dugu. Tarteka barre ere egin dugu, eta niri asko eman dit lantaldeak. Eta uste dut, gure gaitasunen mugen barruan, lan ona egin dugula. Lantalde honetan egon diren eta dauden guztien lana eskertu nahi dut. Guztion ahalegina izan da.

Itziar Lanzeta: Nire ustez aberasgarria izan da. Lantalde multidiziplinar batek beti egiten dizu ekarpen bat, eta talde-lana beti erraza ez den arren, oso ongi konpondu gara.

 

Parte-hartzaileak:

  • Yeshika Merino, Donostialdeko ESIko Erizaintzako zuzendaria
  • Elsa Elguea, Donostialdeko ESIko Lan Osasuneko medikua
  • Oscar Calleja, Gipuzkoako Epidemiologia Zerbitzuko teknikaria
  • Sergio Girón, Donostialdeko ESIko kasuen eta kontaktuen erizain kudeatzailea
  • Garbiñe Sukia, Donostialdeko ESIko Erizaintzako ondokoa
  • Eli Barandiaran, Donostialdeko ESIko Arreta Integratuko Erizaintzaren zuzendariordea
  • María Bartolome, Donostialdeko ESIko Arreta Integratuaren zuzendariordea
  • Carlos Barruso, Donostialdeko ESIko Arreta Integratuaren zuzendaria
  • Itziar Lanzeta, Donostialdeko ESIko Prebentzio Medikuntzako zerbitzuburua
  • Noemi Ollakindia, Gipuzkoako Osalaneko epidemiologia teknikaria