EGOkITU programako gazteak ospitalea bisitatu dute eta hainbat profesionalekin harremanetan jarri dira

Amaitu dira EGOkITU Programako (Euskal Gazteen OrientazioraKo Ikastaroa. Talentua Unibertsitatean) gazteen ospitalerako bisitak, EHUko Gipuzkoako Campusak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta gure ESIaren lankidetzaz garatuak.

Udako campus honen helburua 15 eta 17 urte bitarteko gazteak unibertsitatera, enpresara eta etorkizuneko lanbideetara modu ludikoan hurbiltzea da, eta osasun-zientzien modalitatea garatzen den lehen urtea izan da.

Asteazkenetan Ospitaleko hainbat arlo eta zerbitzu bisitatu eta ezagutu zituzten, eta profesionalekin harremanetan jartzen ziren, aukeratu nahi zuten lanbideari buruzko galderak eta kezkak partekatzeko.

Parte-hartzaileak osasun-munduaren, ospitalearen eta osasun-lanbideen errealitatera hurbiltzen ziren.

Bisita amaitu zutenean, poza agertu zuten, eta, kasuren batean, esperientziarekiko zirrara, eta aho batez eskerrak eman zizkieten Ospitaleko profesionalei.

Batzuek zalantzak zituzten etorkizunean hartuko zuten bideari zegokionez, eta beste batzuek erizaintzara, medikuntzara, fisioterapiara eta abarretara jotzeko asmoa adierazi zuten. Luze gabe erabaki beharko dute, eta dena ondo badoa, urte batzuk barru gure zentroetan praktikak egiten arituko dira.