Elena Alustiza, Egiako Osasun Zentroko pediatra: “Familiako dieta-ohiturak hain dira funtsezkoak, non gehiegizko pisua duten haurrekin egiten diren esku-hartze guztiak familiako ohiturak aldatzera bideratzen baitira”

2003an, OMEk XXI. mendeko epidemia handitzat jo zuen gizentasuna. Milioika dira munduan gehiegizko pisua eta obesitatea pairatzen duten pertsonak; eta, horien artean, adingabeak dira arazo honen aurrean bereziki sentikorrak diren biztanleak. Janari azkarrak, freskagarriek eta litxarreriek gizentasuna zabaltzen laguntzen dute. Elena Alustizak, Altzako osasun zentroko pediatrak, arazo hori ikertu du eta, beste profesional batzuekin batera, Pausoz pauso programa sortu du, haurren gehiegizko pisua tratatzeko. Pediatra honekin hitz egin dugu gai honetaz eta haurren artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzearen garrantziaz.

 

Zer da Pausoz Pauso?

Pausoz Pauso 2012an Gipuzkoan sortu zen programa bat da, Amaia Perales eta Garbiñe Aizpuru nutrizionisten eta Donostialdeko ESIko lehen mailako arretako pediatra Irene Ozcoidi eta Elena Alustizaren eskutik, 9 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteen gehiegizko pisua tratatzeko helburuarekin. Diziplina anitzeko programa bat da; alegia, hainbat alderdi ditu oinarrian, familian edo taldean eta modu intentsiboan aldatu behar direnak (bizimodua, dieta, jarduera fisikoa eta portaera), gaur egungo ebidentzia zientifikoak gomendatzen duenaren ildotik.

 

Nondik sortu zen programa honen ideia?

Duela urte batzuk, 2 pediatrak, 2 nutrizionistak eta Donostialdeko lehen mailako arretako Ikerketa Zerbitzuko Itziar Vergarak osatutako gure taldeak planteatu zuen gure biztanleriari egokitutako diziplina anitzeko programa propio bat sortzea, literaturan dauden ebidentziei jarraituz, haurren gehiegizko pisua tratatzeko. Orduan sortu genuen Pausoz Pauso.
2012an egin genuen lehen azterketa 30 haurrekin, baina Europako Pre-Start azterlanak eman zigun programa praktikan jartzeko aukera. Azterlan horretan, 12 eta 14 urte bitarteko 100 nerabeko talde batean esku hartu genuen, honako helburu hauekin: 2. motako diabetesaren haurtzarotiko arrisku-faktoreak aztertzea, gehiegizko pisua tratatzea eta 2. motako diabetesa ekidin edo atzeratzea. Hori izan da gure programa baliozkotzeko aukera eman digun ikerketa.

 

Osasun-zerbitzu publiko oso gutxik du honelako programa bat.

Nik dakidala, Espainian ez dago osasun publikoan aplikatzen den honelako programarik.

 

Nola ezartzen da programa hau haurretan?

Gehiegizko pisua duten haurren esku-hartze programetan prestakuntza eta esperientzia duten 2 dietista-nutrizionistek egiten dute esku-hartzea.
Programak teknika kognitibo-konduktualak erabiltzen ditu elikadura osasungarriaren oinarrizko printzipioak lantzeko, autokontrola sustatzeko, gorputz-irudia hobetzeko, komunikazioa areagotzeko, gatazkak konpontzeko eta asertibitatea lantzeko, autoestimua hobetzeko, jarduera fisikoa areagotzeko, sedentarismoa murrizteko eta familia-ingurunean aldaketa emozionalak errazteko.

Esku-hartzearen ardatza haurra eta haren familia-ingurunea dira, hau da, aldaketak familia osoari proposatzen zaizkio. Helburua bizi-ohiturak aldatzea da.

Programak 11 saio ditu, guztira 16.5 ordu, bi fasetan banatuta: batetik, fase intentsiboa, astean ordu eta erdiko saioekin, segidako 8 astetan; eta, bestetik, errefortzu-fasea, hiru saio gehiagorekin. Saio bakoitzean bi talde sortzen dira aldi berean: bat nerabeek osatzen dute (12 talde bakoitzeko) eta bestea gurasoek edo tutoreek (20 bat pertsona talde bakoitzeko). Saio guztiak eskola-ordutegitik eta eskola-ingurunetik kanpo egiten dira.

Baina programa hau Osakidetzan ezartzea zaila da. Izan ere, hiru lurraldeetan ezarri beharko litzateke eta horretarako nutrizionistak beharko lirateke (eta ez dauzkagu). Gainera, Osakidetzak oso berritzailea den beste programa bat ezarri berri du sare osoan: haurren gehiegizko pisua tratatzeko “Mangolsen bidaia” izeneko serious gamea, mugikorrerako app bat duena. Programa hori Osabide Globalen ezarri berria da, eta Irene Ozcoidi eta biok haren talde bultzatzaileko kideak gara. Talde horretako kideok dagoeneko erabiltzen dugu programa hau, eta espero dugu hilabete bat edo bi barru Euskadiko lehen mailako arretako pediatra eta erizain guztiek erabili ahal izango dutela.  Programa hau 7 eta 14 urte bitarteko biztanleen gehiegizko pisuaren aurka borrokatzeko tresna handi eta berritzailea da, eta Pausoz Pauso programaren osagarri bikaina da.

Beraz, denbora gutxian bi tresna oso berritzaile ditugu eskura, gehiegizko pisuaren aurka borrokatzeko.

Gure Pausoz Pauso programarako planteatzen dugun beste aukera bat da –Donostiako Udalaren eta Osakidetzaren arteko lankidetzarekin lehendik ezarri diren beste zerbitzu batzuekin egin den moduan– udalak programa hori ezartzea; hala, udalak finantzatuko luke, eta lehen mailako arretako pediatrok hautatuko genituzke pazienteak.

 

Europako programa batean ere parte hartu duzue, eta gero jarraipena eman diozue programa horri. Zertan datza?

Europako Pre-Start azterlanaren helburuetako bat da 2. motako diabetesaren garapenarekin lotutako arrisku-faktoreak dituzten nerabeetan ohitura osasungarriak sustatzeko programa baten eraginkortasuna ebaluatzea. Programa horretan, Europako 5 herrialdek parte hartu genuen, gehiegizko pisua zuten 12 eta 14 urte bitarteko nerabeekin egindako saiakuntza kliniko batean. Talde esku-hartzaileak diziplina anitzeko programa bat ezarri zuen 24 hilabetez, eta 11 talde-saio egin zituen nutrizionistekin. Kontrol-taldeak ohiko jarraipena egin zuen lehen mailako arretako pediatrekin.

Europako azterlanak esku-hartzea egin 9 hilabetera amaitzen zuen jarraipena, eta gure taldeak bakarrik eman zion 24 hilabeteko jarraipena; horregatik, argitalpenak Euskadi taldearen emaitzak baino ez ditu islatzen.

Azterlana Anales de Pediatría aldizkarian argitaratu da berriki, eta haren ondorioetako batek honelako ezaugarriak dituen diziplina anitzeko programa baten eraginkortasuna nabarmentzen du. Zer dela-eta ondorio hori?

Izan ere, 2 urteko bilakaeraren emaitzek erakusten dute, esku-hartzeko taldean aldaketa nabarmena gertatzen dela kontrol-taldearekin alderatuta, hainbat alderditan: gorputz-masaren indizearen (GMI) bilakaera hobetzen da, fruta eta barazki gehiago jaten da, zizka-mizka eta freskagarri gutxiago hartzen dira, jarduera fisiko gehiago egiten da. Azterlan honetan aplikatutako programak gaur egungo literaturak familiako eta taldeko esku-hartze intentsiboa egiteko ezartzen duen gomendioari jarraitzen dio.

 

Obesitatea izurritetzat jotzen da herrialde garatuetan. Hain arazo larria al da Euskadiko neska-mutilen artean?

OMEk 2003an XXI. MENDEKO IZURRITE HANDI gisa definitu zuen gizentasuna, eta haren hazkundearen berri eman zuen. Gaur egun, gure garaiko osasun-arazo larrienetako bat da. Haurren obesitateari dagokionez, Espainia lehen postuetan dago Europaren barruan, eta, Espainia barruan,autonomia-erkidegoen arabera zertxobait aldatzen da egoera. Gehiegizko pisuaren zifrarik handienak Kanarietan, Galizian eta Andaluzian daude, eta zertxobait txikiagoak dira Katalunian eta Euskal Autonomia Erkidegoan, baina, hala ere, Euskadin gure haurren herenak baino gehiagok gehiegizko pisua du.

 

Askotan pentsatzen dugu haurren obesitatea ez dela benetan osasun-arazo bat, denborarekin pasatuko den zerbait dela.

Ukaezina da obesitatea gaixotasun ohikoa eta larria dela, tratatzen zaila, eta gizarte garatuei eragiten diela.

Obesitatea dela-eta, hurrengo belaunaldien bizi-itxaropena historian lehen aldiz murriztu egingo dela aurreikusten da; pentsa noraino den serioa arazo hau.

Obesitatea, besteak beste, hipertentsioarekin, dislipemiekin eta 2. motako diabetesarekin lotzen da; multzo horri sindrome metabolikoa esaten zaio, zeinak gaixotasun kardiobaskularra izateko arriskua handitzea dakarren. Adibidez, Europan 2. motako diabetesak gero eta gazteagoei eragiten die (20 urtetik aurrerakoetan agertzen da dagoeneko, eta hori pentsaezina zen duela urte batzuk); Ameriketako kontinentean ohikoa da diabetesa izatea nerabeetan, eta hemen, baliabideak jartzen ez baditugu, bizitzaren 2. hamarkadan agertzen hasiko da.

Gaixotasun kardiobaskularra izateko arriskua ondorio okerrena bada ere, badira obesitatearen beste ondorio batzuk, bizi-kalitatea nabarmen okertzen dutenak, hala nola arnasketa-arazoak eta artikulazio-arazoak, bai eta, haurretan duten eragin handiagatik, bereziki aipagarriak diren baldintzatzaile psikologikoak ere, hala nola autoestimu txikia, besteen umiliazioak eta horien ondorioak, besteak beste, gizarte-isolamendua, jarduera fisiko eskasa eta elikagaiak atsegin-iturri gisa hartzea. Horiek, era berean, areagotu egiten dute arazoa, eta ondorioak dituzte haur eta gazteen etorkizuneko garapen emozionalean.

 

Noiz kezkatu behar gaitu gure haurren pisuak?

Lehen mailako arretako pediatren jarraipen-kontsultetan, jaioberrietatik hasi eta 14 urtera bitarteko haur eta gazteen pisuaren eta altueraren garapena aztertzen da, gehiegizko pisua garaiz atzemateko, horretarako berariaz sortutako pertzentilen taulekin. Gehiegizko pisua edozein adinetan objektibatu daiteke, eta hautematen den unean hura zuzentzeko aldaketak egin behar dira.

Baina pediatrok kontuan hartzen ditugu, halaber, gehiegizko pisua eta horri lotutako gaixotasun metabolikoak izateko arrisku-faktoreak. Adibidez, ebidentzia handi batek erakusten du amaren obesitateak haurdunaldian eragin garrantzitsua duela. Izan ere, haurdun dagoen emakume gizen baten plazentak gantz-ehunaren oso antzekoak diren proteinak eta adipozinak sortzen ditu; hala, plazenta horretan dagoen haurra gizena izateko “programatuta” jaiotzen da, fetuaren garapenean aldaketa handiak gertatzen baitira, besteak beste etorkizuneko urteetan gizentasunaren joerari eusten dioten aldaketa epigenetikoak. Beraz, pediatrok jaioberriari egiten diogun lehenengo bisitatik oso kontuan hartzen ditugu haurdunaren obesitatea eta haurdunaldiko diabetesa, besteak beste.

 

Elikadura eskasa da haur baten obesitatearen kausa bakarra?

Gaur egungo ingurumen-aldaketek biztanleria kaltebera bati eragiten diotelako egin du gora haurren obesitateak. Alde batetik, zenbait elikagai gero eta gehiago kontsumitzen dira: adibidez, gantz eta kaloria askoko janari azkarra; xurgapen azkarreko azukre ugaridun freskagarri edo edariak, eta beste elikagai prozesatu eta ultraprozesatu batzuk, osasungarriak ez diren koipeak eta fruktosa bezalako azukre erantsiak dituztenak –zeinak, hain palatabilitateagatik, haurrek erraz onartzen dituzten– eta gozoekiko eta horrelako elikagaiekiko gustua baldintzatzen dutenak. Era berean, ez dira egokiak edulkoratzaileak dituzten freskagarriak, zukuak eta elikagaiak; izan ere, gustua baldintzatu eta zapore gozoekiko zaletasuna eragiten dute, eta dagoeneko hasi dira agertzen konposatu horiek gure osasunean eragiten duten kaltea azaltzen duten argitalpenak.

Gainera, errazioak gero eta handiagoak dira (hau da, hiperkalorikoagoak), eta sarritan eta erraz hartzen ditugu mokaduak, sozialki ere onarpen handia dutenak, bestalde.

Horrekin batera, sedentarismoa gero eta handiagoa da,  eta “energia aurrezten duten gailu“ ugari ditugu, hala nola igogailuak, eskailera elektrikoak, urrutiko aginteak… eta ez dugu ahaztu behar telebistaren eta bestelako gailu elektronikoen eragina. Izan ere, pantailaren aurrean ordu gehiegi pasatzen dugu eta ariketa fisiko gutxiago egiten dugu ondorioz, eta hor ditugu, bestalde, osasungarriak ez diren elikagaien kontsumoa areagotzen duten iragarkiak ere.

 

Haur bat ondo elikatzeko, beharrezkoa da bere familia ere ondo elikatzea?

Familiako dieta-ohiturak hain dira funtsezkoak, non gehiegizko pisua duten haurrekin egiten diren esku-hartze guztiak familiako ohiturak aldatzera bideratzen baitira, besteak beste, erosketa-saski egoki bat osatzera. Familia funtsezkoa da; hori ukaezina da.

 

Nola erakutsi diezaiekegu gure haurrei modu osasuntsuan elikatzen?

Esan dudan bezala, eskolarik onena familia da; bertan ikasten dira elikatzeko ohiturak eta ariketa fisikoa egitekoak, jateko modua… familian, pantailarik gabe eta solasean gozatuz egiten diren otordu horietan. Eskolarik onena da, zalantzarik gabe.

 

Benetan hain kaltegarria al da janari azkarra gure haurren osasunerako?

“Janari azkarra” hiperkalorikoa da; hiperkoipetsua da (batzuetan, trans koipe gisa ezagutzen diren eta osasunerako oso kaltegarriak diren “partzialki hidrolizatutako landare-koipeak” ditu) eta hiperproteikoa ere bada. Gainera, xurgapen azkarreko azukreekin hartzen dira (freskagarriak), sodio asko eta palatabilitate bikaina dutenak, eta gero eta errazio handiagoak jartzen dira prezio berean. Janari azkarrak osagai guztiak ditu gehiegizko pisua izateko. Gainera, janari mota hau beti dago eskuragarri, eguneko ordu guztietan.

 

Eta freskagarriak?

Zenbait arrazoirengatik, lehen munduko obesitate-epidemiaren sorrerako funtsezko faktoreetako bat dira, besteak beste, dauzkaten xurgapen azkarreko azukreengatik. Azukre horiek intsulina-sekrezioa alteratzen  dute; ondorioz, intsulina-erpinak sortzen dira, kurba gluzemikoa alteratzen da, eta, epe luzera,  “intsulinarekiko erresistentzia” sortzen hasten da. Hala, denborarekin, 2. motako diabetesa agertzen da, horrek osasunerako dituen ondorio guztiekin.

Era berean, ez dira egokiak light freskagarri edo zukuak, edulkoratzaile natural edo sintetikoak dituztenak; izan ere, zapore gozoekiko gustuari eusten diote, eta, bestetik, gero eta argitalpen gehiagok erakusten dute konposatu horiek osasunean eragin kaltegarria dutela. Industriak “aurrea hartzen” digu, azukre gutxi baina edulkoratzaileak dituzten produktuekin; edulkoratzaile horiek azukreak bezain kaltegarriak izan daitezke, baina informazioa herritarrengana iritsi artean, light etiketarekin eusten diete salmentei, biztanleek zein kaltegarriak diren ez dakitela.

Horregatik, edateko, ura gomendatu behar dugu biziki, edari osasungarri bikaina baita.

 

Eta litxarreriak?

Litxarreriak eta bestelako zorro, opil industrial, snack eta abarrak ez dira batere gomendagarriak. Haur eta gazteen artean oso zabalduak daude, horiek ekoizten dituen industriak lan ona egin du haien kontsumoa orokortzen; beraz, badakigu hor daudela, baina ez ditzagun gehiago bultzatu hainbestetan entzuten dugun “litxarrerien eguna” izendatuz. Denok (familiek, ikastetxeek) minimizatu behar dugu litxarrerien kontsumoa, anekdotikoa izan dadin, eta bultzatu dezagun lagunen eguna, ipuinen eguna, gordetako mugikorraren eguna… eta abar. Badakit utopia bat dela eta arazoa gero eta handiagoa dela, industriaren eta komunikazioaren erraldoiak baititugu aurkari.

 

 Zer ez da faltatu behar gure haurren motxilan hamaiketakoa edo merienda egiteko?

“Zer falta den” baino gehiago, “zer dagoen soberan” begiratu beharko genuke; alegia, opil industrialak, produktu prozesatuak, edozein motatako zorroak (patatak, gusanitoak…), galletak, freskagarriak, irabiakiak… Horiek kendu eta geratzen dena elikagai goxoak eta askotarikoak dira: era askotako otartekoak, urdaiazpikoak, indioilar-fianbrea, gazta, atuna, sardinak, txokolatea, arrautzopilak eta abar, frutarekin eta ezinbesteko edaria den urarekin batera.

 

Obesitatea eta sedentarismoa txanpon beraren bi aldeak dira?

Argi dago gehiegizko pisuaren eta obesitatearen genesian dagoen faktore nagusienetako bat dela ariketa fisikoaren gabezia eta sedentarismoa, eta hori lotuta dago pantailen aurrean luzaroago egotearekin –TV, ordenagailu, tablet zein mugikorren aurrean, alegia–.

Zenbait ikerketak erakusten dute pantailen aurrean (TV, tablet, mugikor…) pasatzen ditugun orduen eta obesitatearen arteko lotura. Adibidez, haurrak bi taldetan banatzen baditugu (alde batetik, egunean 2 h baino gutxiago pasatzen dutenak eta, bestetik, 3 ordu baino gehiago pasatzen dutenak), ikus dezakegu 3h baino gehiago pasatzen dutenen taldean obesitatearen ehunekoa nabarmen handitzen dela.

Pantailen aurrean igarotako orduek denbora kentzen diete gainerako jarduera fisikoei; gainera, jateko eta bizitzeko modua areago aldarazten diguten iragarkiak ikusten dituzte.

Oso garrantzitsua da TV familian ikustea, haurren logelan telebistarik, ordenagailurik… ez egotea, eta pantailen aurreko orduak mugatzea adin guztietan, baina batez ere haur helduagoetan eta nerabeetan, arazoa areagotu egiten baita orduan.

 

Gure inguruko haurrek ariketak gutxi egiten dute?

Espainian asko ikusten da kirola, baina ez da Europako beste herrialde batzuetan adina praktikatzen. Adibidez, Euskadiko eskoletan kirol-ordu gutxiago ematen dira, Europan batez beste ematen direnekin alderatuta.

Bestalde, badaude aldeak ere. Esate baterako, mutilek neskek baino kirol gehiago egiten dute; baina 15-16 urterekin talde-kirolak neurri handi batean desagertu egiten dira eta txikitatik ohitura sedentarioak hartzen dira. Hori da arazo nagusia. Artikulu zientifikoetan ebidentzian oinarrituta frogatzen da sedentarioa ez izatea kirola egiteko ohitura izatea bezain eraginkorra dela obesitatea prebenitzeko. Eta horretan aurka ditugu gizartea eta aurrerapenak, jendea gero eta sedentarioagoa baita. Adibidez, ez zaigu batera arraroa iruditzen kirolen bat egitera doanak kirol-eremura edo kiroldegira joateko autoa hartzea edo eskailera mekanikoak igotzea. Eta oso ohikoa da hirian, eskaileren eta igogailuaren artean aukeratu behar denean, gehienek, baita osasuntsu eta sasoi oneko dauden gazteek ere, igogailua hartzea.

Bestalde, pantailen aurreko ordu-kopurua esponentzialki igotzen ari da, eta, ondorioz, nabarmen murrizten ari da kirola edo bestelako jarduera fisikoren bat egiteko denbora.

 

Haur bat obesoa bada, helduaroan ere obesoa izango da?  

Errealitate bat da haurrak adinean aurrera joan ahala handitu egiten dela helduaroan obeso izaten jarraitzen dutenen ehunekoa. Hala, nerabe obeso batek % 80ko arriskua dauka helduaroan obeso izateko, eta umetan ezarritako obesitatea helduaroan ezarritakoa baino larriagoa da. Horregatik da hain garrantzitsua obesitatearen prebentzioari eta tratamenduari haurtzarotik heltzea.

 

Covid-aren pandemia honetan obesitatea areagotu da ariketa faltaren eta elikadura eskasaren ondorioz?

Pediatra gehienok egiaztatu dugu haur askoren GMIak gora egin duela konfinamenduan, batez ere ariketa fisikoa murriztu dutelako, eskolako kirol-jarduera gutxitu dutelako, sedentarioago egon direlako eta pantailen aurrean denbora gehiago igaro dutelako. Eta pandemia honek beste behin ere erakutsi du, beste hainbat patologiatan gertatzen den bezala, paziente gizen bat zaurgarriagoa dela, COVID gaixotasun konplexuago bat izateko aukera gehiago baititu. Obesitatea arrisku-faktore bat gehiago da ia gaixotasun guztietan.