Elena Elosegi Vallejo, Pazienteen Balorazioaren Unitateko atalburua: “Uste dugu pandemia honetan erakutsi dugula gure lan-tresnak eraginkorrak direla eta komunikazio-kanal soziosanitarioak garrantzitsuak direla”

Asistentzia soziosanitarioa osasun-arreta eta gizarte-arreta aldi berean eskaintzean datza. Arreta mota horren beharra gero eta handiagoa da, egungo aldaketa demografiko, sozial eta sanitarioak direla-eta. Gure gizartea aldatzen ari da. Gero eta luzaroago bizi gara, eta gure zainketa-beharren bilakaera ere horren araberakoa da. Gaixotasunen diagnostikoa eta tratamendua, neurri handi batean, diagnostiko soziosanitario on baten mende daude. Gero eta garrantzi handiagoa du gure osasun-zerbitzura datozenei arreta soziosanitarioa emateak. Horretarako, Gipuzkoako osasun-esparruan, Pazienteen Balorazioaren Unitatea dugu. Unitate horrek lan izugarria egiten du; izan ere, gisa horretako arreta eskaintzeko, ehunka balorazio egin behar dira, baliabideak martxan jarri eta zerbitzuak koordinatu, pertsona bakoitzak behar duen arreta jaso dezan. Elena Elosegi Pazienteen Balorazioaren Unitateko atalburuak lan hori nola gauzatzen duten kontatu digu.

 

Zer da arreta soziosanitarioa?

Gizarte-zerbitzuen 2008ko Legearen definizioaren arabera, arreta soziosanitarioa da, osasun-arazo larriak edo muga funtzionalak edota gizarte-bazterketaren arriskua direla-eta, aldi berean osasun- eta gizarte-arreta koordinatua eta egonkorra behar duten pertsonentzako zainketen multzoa, arretaren jarraitutasun-printzipioari egokitua.

Beraz, kontzeptu transbertsal bat da, gizabanakoarengan ardaztua eta herritar guztiei dagokiena; baina arreta soziosanitarioaren fokuan ezaugarri zehatz batzuk dituzten gizataldeak daude bereziki, hala nola aniztasun funtzionala dutenak, mendekotasun egoeran dauden adinekoak, gaixotasun kronikoak eta baliaezintasunak dituztenak, gaixo terminalak, gaixotasun mental kroniko eta larriak dituztenak, bazterkeria-arriskuan dauden kolektiboak…

 

Zer da Pazienteen Balorazioaren Unitatea?

Unitate hau 2004an sortu zen, Osasun Sailaren ekimenez, alta hartzean pazienteek zituzten beharrak egonaldi ertainetarako baliabideetara eta Gipuzkoako zentro soziosanitarioetara egokitzeko helburuarekin. Urte horretan bertan, Gipuzkoako lehenengo unitate soziosanitarioa ere sortu zen (Gurutze Gorriarena).

Helburu hori betetzeko, Gipuzkoako oheak eta ospitale guztietako lekualdatzeak kudeatzen zituen Onarpenaren atal zentralizatua baliatu zen. Onarpenaren atala eta bertako profesionalak Onarpen eta Dokumentazio Klinikoko zerbitzuen parte ziren.

 

Zein profesionalek lan egiten duzue zuen unitatean?

Profesional soziosanitarioek, medikuek, erizainek, gizarte-langileek eta administrariek. Diziplina desberdinen arteko talde-lana da gure ezaugarria. Beharrezkoa da ikuspegi bateratua izatea, pazientearen diagnostikoa egin eta lan-plana zehazteko.

Urtez urte, patroi epidemiologikoak aldatu egin dira –mendekotasun pluripatologien prebalentziak gora egin du, eta, ondorioz, baita problematika sozialak ere–. Horren ondorioz, lan egiteko modua nabarmen aldatu behar izan dugu, arlo sanitarioaz eta arlo sozialaz haragoko proiekzio bati helduz.

Bestalde, eskariaren gorakada handiak profesionalen kopurua handitu du. Hasieran, mediku batek, erizain batek, bi gizarte-langilek eta administrari batek osatu zuten unitatea, eta orain 4 mediku, 4 erizain, 6 gizarte-langile eta bi administrari gaude bertan.

 

Zertan datza zuen lana?

Pazienteen behar soziosanitarioak atzematen ditugu, fokua norbanakoarengan eta haren ingurunean jarriz. Beharrak atzemandakoan, profil soziosanitarioen araberako esku-hartzeak egiten ditugu (ospitaleko susperraldia behar duten pazienteak, errehabilitazioa behar dutenak, edo zainketa aringarriak…). Esku-hartze horiek egin daitezke norberaren etxean eta zentro sanitario edo sozialetan. Kasu horretan, pazientea etxera itzultzeko plangintza egiten dugu (etxeko laguntza-zerbitzuak, laguntza teknikoak, eguneko zentroak, prestazio ekonomikoak eta bestelako laguntzak baliatuz), edo beste egoitza-baliabide batzuetara bideratzen ditugu (egoitzetara, aterpeetara, etxebizitza tutelatuetara…).

Pazientearen profilak zehazten du haren kokapena eta arreta emango dion lantaldea.  Plangintza indibidualizatu bat egiten da, iritsi beharreko helburuak, helburu horiek betetzeko beharrezko egonaldia eta prozesuaren amaieran pazienteak izango duen behin betiko kokapena zehaztuz.

Hitz batean esanda, pazienteari edo haren familiakoari elkarrizketa egiten diogu ospitaleko oheburuan, osasun-arazo aktiboak eta pasiboak identifikatzen ditugu, baita zer zainketa behar dituen, egonkor dagoen eta non eta norekin bizi den ere, eta behin diagnostiko soziosanitarioa egin ondoren, alta pertsonalizatu eta koordinatu bat planifikatzen dugu.

Elkarrizketa balorazio interdiziplinar ponderatu baten bidez egituratzen da, non hiru eremu bereizten diren: aldagai klinikoak, erizaintzakoak eta sozialak.

 

Nola iristen da paziente bat Balorazioaren Unitatera?

Geu gara aktibatzen garenak; Ospitalizazioko Unitatean esku-hartzearen beharraz ohartzen den profesionalaren interkontsulta jaso ostean, pazientea ikustera joaten gara.

Lan egiteko bi modu daude:

  1. Eskari hauei erantzunez:
  • Ospitalean, Osabide Globaleko interkontsultaren bidez jasotako eskariak.
  • Gainerako ospitaleetatik interkontsulta ez-presentzialarekin jasotako eskariak.
  • Lehen Mailako Arretatik jasotako eskariak. Kontsulta ez-presentzialarekin, egonaldi ertaineko zuzeneko ospitaleratzea eskatzen da. Eskari hau profil guztietan egon daiteke, baina gehienetan psikogeriatriatik eta zainketa aringarrietatik jasotzen dugu. Batzuetan, balorazioaren ondoren, akutuen zuzeneko ospitaleratzeak izaten dira.
  1. Proaktiboki:
  • Erkidegoan, oinarrizko gizarte-zerbitzuekin sinatutako protokolo soziosanitarioen bidez (Oiartzualdea, Donostia, etxerik gabekoak).
  • Ospitalean, kasu zehatz hauetarako ezarritako protokoloekin: garuneko kaltea, susperraldia-iktusa, paziente aringarrien zuzeneko ospitaleratzeak eta ortomedikuntza-ortogeriatria.

Kontsulta ez-presentzialetan, ohikoa da telefonoz harremanetan jarri behar izatea. Izan ere, hainbat alderdi egiaztatu behar izaten dira. Gainera, kasuak berrorientatu daitezke, eta ezagutza partekatzen da.

 

Zein da zuen jarduera-eremua?

Balorazioa Gipuzkoako ospitale publiko zein itunpeko guztietan egiten da, eta gure unitatean eskari eta lekualdatze guztiak zentralizatzen ditugu. On line konektaturik gaude, EDPS izeneko programa baten bidez.

Esparru kontzeptual soziosanitario batean erakunde desberdinen menpe dauden baliabideekin lan egin ahal izateko, gure unitatean baliabide sanitarioen arteko mugimendu guztiak kudeatzen ditugu. Prestazio sozialak bideratu behar ditugunean, Gipuzkoan jarduten duten erakunde sozial guztiekin koordinatzen gara, Foru Aldundiaren eta Osasun Sailaren baterako finantzaketa duten baliabide soziosanitario guztietarako. Bestalde, balorazio eta orientazio soziosanitarioren erakunde arteko batzorde batean parte hartzen dugu, Osakidetzaren ordezkari gisa.

Profil bakoitza ondo zehaztea oso garrantzitsua da, ezin baitugu ahaztu arlo sozialean koordainketa existitzen dela.

 

Urtean zenbat paziente pasatzen dira Balorazioaren Unitatetik?

Donostialdeko ESIko balorazioen bilakaera honako hau izan da:

 

Zer eragin izan du pandemiak zuen lanean?

Uste dugu pandemia honetan erakutsi dugula gure lan-tresnak eraginkorrak direla eta komunikazio-kanal soziosanitarioak garrantzitsuak direla.

Medikuek egindako plangintza terapeutikoetan oinarrituta, triaje hirukoitz bat diseinatu eta gauzatu genuen, COVID+ paziente bakoitzarentzat eskura genuen baliabiderik onena zein zen erabakitzen laguntzen ziguten algoritmo batzuekin.

Hasieran lan gogorra izan zen, baina poliki-poliki hobetzen joan ginen; gero, gure lantaldean intentsibista bat ere hasi zen, eta azkenerako lana menderatzea lortu genuen.

 

COVID-19ak herritarren behar soziosanitarioak areagotu ditu?

Bai. Konfinamenduan adineko asko bakarrik edo adin beretsuko bikotekidearekin egon da etxean, eguneko zentrora joan ezinik, auzoekin harremanik izan gabe, jubilatuen etxera joan ezinik… Horrek eguneroko gaitasunetan galera ekartzen du, eta, ondorioz, mendekotasuna areagotu zaie askori. Bestalde, psikogeriatriako arretaren beharra areagotu egin da. Jokabide-nahasmendu kontrolagaitza duten adinekoak izaten dira arreta hori behar dutenak.

 

Datu demografikoek adierazten dutenez, arreta soziosanitarioa gero eta beharrezkoagoa den gizarte baterantz goaz.

Gero eta luzaroago bizi gara, eta hori gure gizartearen lorpen bat da. Berezko balioa duen lorpen bat da, eta ekonomia seniorraren merkatu berrietako berrikuntza-nitxo bat ere bai. Hori bai, errealitate horrek eta familien, gizartearen… dinamika aldatu izanak arreta soziosanitarioa sendotzea eskatzen du, pertsonek beren etxeetan egoteko aukera izan dezaten, edo, hori posible ez denean, beste egoitza-baliabideren bat izan dezaten. Eskari horri erantzun eta plangintza bat egin behar dugu, gizarte gisa porrot egin baino lehen.

Gure unitatean, BAEEek eta BAMEek errotazioak egiten dituzte. BAME-4 mediko eta kirurgikoentzako prestakuntza-saioak ematen ditugu. Horrela, ezagutza soziosanitarioa hedatu nahi dugu, espezialitate edo diziplina desberdinen egonerokotasunean txertatu dadin. Lortuz gero, hori izango litzateke arreta soziosanitarioari egingo geniokeen ekarpenik handiena.

 

Asko falta zaigu hori lortzeko?

Elkarrekin bide bat egin beharrean gaude. Lehenengo, ezinbestekoa da prebentzio soziosanitarioa sendotzea. Alegia, besteak beste, adin batetik aurrerako balorazioak estandarizatu behar dira, bizitzaren fase bakoitzera egokitutako esku-hartzeak egiteko. Bestalde, pertsona bakoitza bere arreta-planean aktibo egon dadin saiatu behar dugu.

Antolakuntza sozial likido baterantz joan behar dugu, egokitzapen-mekanismo azkarrak garatuko dituena; “sistemari herdoila kenduko” diona; rolak eta egiturak aldatuko dituena; etengabeko aldaketetara egokitzeko malgutasuna izango duena, eta, batez ere, herritar guztien laguntza eta parte-hartzea sustatuko dituena.

Etorkizunera begira, badirudi antolaketa-eredu berriak lehenetsi beharko liratekeela, zentro sanitario berriak ireki edo lehen daudenak handitu beharrean.