Enrique Contreras, Groseko Anbulatorioko lehen mailako arretako familia-medikua: “Honek guztioi pentsarazi behar digu hemendik aurrera nolako osasungintza nahi dugun”.

Lehen mailako arretak protagonismo handia izan du pandemiaren kudeaketan. Haren jarduera funtsezkoa izan da sistema osoak modu seguruan eta kalitate-maila handiarekin funtzionatzeko. Hala ere, erronka eta egoera berriak garrantzitsuak izango dira. Honetaz guztiaz hitz egin dugu Enrique Contreras Groseko Anbulatorioko lehen mailako arretako familia-medikuarekin.

 

Zer zeregin bete du lehen mailako arretak pandemiaren kudeaketan?

 Nire ustez, funtsezkoa. Hasiera batean, kasu posibleak bereizi, kontrolatu, jarraitu eta ospitalera bideratu beharreko pazienteak ahalik eta ondoen bideratzeko zeregina bete du; baina pandemiari eusteko zereginaz haratago, arnas patologiak ez diren gainerako kasuen artean medikuak ikusi beharrekoak bereizteko eginkizuna ere bete du, kasu guztiak ezin baitira telefono bidezko kontsultekin ebatzi.

 

Gaixotasun hori izan duten pertsona gehienak ez dira ospitaletik igaro, eta horrek esan nahi du lehen mailako arretako profesionalak izan zaretela artatu eta tratatu dituztenak. Lan handiko egunak izan dira.

 Lan handia eta desberdina izan da: telefono bidezko lana, orain arte egin ohi genuena ez bezalako lana. Ez daukat daturik, baina sentsazioa da hasieran arnasketa-patologian zentratuta geundela, kasu posibleak eta bestelakoak zehazten, eta orain, aste batzuetatik hona, jendeak dei egiten duela ez bakarrik COVIDekin lotutako gaietarako, baita pixka batean stand by utzi ditugun patologia horietarako ere. Baina bai, lan mota desberdina.

 

Uste duzu pandemiaren hasieratik lehen mailako arretako profesionalak izan zaretela krisia gehien bizi izan duzuenak?

 Nik ez nuke esango gehien guk bizi izan dugunik. Nire ustez, zerbitzu bakoitzak, bai lehen mailako arretak eta bai larrialdietako, infekziosoetako, barne-medikuntzako zerbitzuek, ZIUek eta abar bere modura bizi izan du, eta zerbitzu bakoitzaren barruan ere pertsona bakoitzak bere modura bizi izan du. Bai, uste dut oso modu intentsoan bizi izan dugula. Zalantza apur batekin, lehen esaten nuenagatik, beharbada lan egiteko modu desberdina izan delako eta horretara ohituak ez geundelako. Zenbait kasutan, zalantza horrek nolabaiteko segurtasunik eza ere ekarri digu. Horregatik, nire ustez, patologia infekziosoa duten pazienteen jarraipena egiteko protokoloek eta formularioek asko lagundu digute.

 

Nolakoa izan da lanegun arrunt bat?

Goizeko lehen orduan bideokonferentzia bat izaten genuen beti, eta unitateko buruak nobedadeen berri ematen zigun, bai protokoloaren ingurukoak, bai antolakuntzaren ingurukoak. Kontsulta ia guztiak telefono bidezkoak eta kontsulta administratiboak ziren, eta gero etxekoak. Azken orduan beste bideokonferentzia bat egiten zen edo, bestela, talde txikiak sortzen ziren, bakoitzak zituen zalantza guztiez hitz egiteko, hau guztia berria baitzen guztiontzat. Arnas infekzioko kontsulta bat tokatzen zenean, han ematen genuen eguna; eta patologia infekziosoagatik etxeko zerbitzua ematen genuenean,  gauza bera, eguneroko kontsultez gain.

 

Eta etxeetan?

Niri, pertsonalki, etxeek eragin didate zalantza gehien. Etxekoekin harremanetan jartzen zinenean anamnesi labur bat egiteko edo kontsultaren arrazoia ezagutzeko, batzuetan ondorioak atera zenitzakeen, baina beste batzuetan ez zenuen ezer argi ateratzen. Baliabiderik egokiena aktibatzeak sortzen zigun zalantza gehien. Gero, norbera babesteko ekipamendua jartzeko eta kentzeko protokoloak beste lan bat eskatzen zuen. Nire kasuan, joan naizen etxe guztietan erizain batekin egon naiz, eta horrek lagundu egiten zidan NBEa jartzeko eta kentzeko orduan egin beharreko ekintzen check list-arekin;  hori oso laguntza garrantzitsua izan da niretzat maila pertsonalean, eta eskertu egin nahi nuke. Laguntza hori gabe ez nintzatekeen hain lasai joango etxeetara.

 

Nola egin diozue aurre estresari, beldurrari, segurtasunik ezari…?

Bakoitzak ahal zuen moduan aurre egingo zion. Nik neuk erabaki nuen, oraingo hau patologia berri bat zenez, protokoloari ehuneko ehunean lotzea. Horrek ziurgabetasun gutxiago izatera eraman nau. Protokoloa zorrotz jarraitzeak segurtasuna eman dit, eta horrela beldur gutxiagorekin lan egin dut; eta beldurra zen, bestalde, akats gehiago eginarazi ahal zidana. Egia da ez zela jakiten duela bi eguneko protokoloa bete behar zen edo berri bat zegoen. Baina tira, hori horrela izan da. Dinamikoa izan da, aldaketa asko izan dira, estutasunak. Egin beharreko premiazko aldaketetara izugarri azkar egokitu gara.

 

Krisi honek zerbaitetarako balio izan badu, lehen mailako arretari balioa emateko balio izan du, kalitatezko lehen mailako arreta dugula konturatzeko. 

Zalantzarik gabe. Tristea iruditzen zait zerbait gertatu behar izatea, Gipuzkoako lehen mailako arreta kalitatezkoa dela konturatzeko. Hemendik aurrera uste dut are gehiago hobetu dezakegula –hori posible bada–, ez dakit normaltasunera, baina gutxienez beste errealitate batera itzultzen saia gaitezkeela. Pandemia honek agerian utzi ditu, nire ustez, sistema baten gabeziak eta, maila pertsonalean, gutako bakoitzaren gabeziak. Uste dut aukera paregabea dela horri buelta eman eta hobetzen saiatzeko, ospitale-arretarekiko, arreta espezializatuarekiko, kanpo-kontsultekiko, baliabide soziosanitarioekiko eta abarrekiko harremanak hobetzen saiatzeko.

 

Telefonoa funtsezkoa izan da arreta antolatzeko orduan. Zein tresnarekin egin duzue lan?

Funtsean, kontsulta guztiak telefono bidezko kontsultak izan dira. Pazienteen eta gure arteko komunikazio-bidea izan da. Denbora daramagu “eskariaren kudeaketan” telefono bidezko kontsultekin lanean, baina ez dei-kopuru honekin, ezta era guztietako kontsulta-arrazoiekin ere. Telefonoa funtsezkoa izan da. Nire ustez lan-tresna horrek gure artean geratu behar du, baina ez denerako. Ez dut uste dena telefono bidezko kontsultekin ebatzi daitekeenik. Osasun-zentroetako posta orokorra ere erabili dugu, eta bezeroen arretarako eremuak (BAE) kudeatutako administrazio-izapide guztietarako garrantzitsua izan da; uste dut hori ere ez genukeela galdu beharko, areago, bide horretan aurrera egin beharko genukeela. Pazienteekin ez dugu telemedikuntza gehiago egin. Moldatu egin beharko dugu. Ez nintzateke ausartuko aurrez esaten pazienteekin telemedikuntza egitea nolakoa izango den. Hori baino lehen, arreta espezializatuko lankideekiko komunikazio-irizpideak eta -bideak ezartzea gustatuko litzaidake.

 

Zer garrantzi izan du zentroa berrantolatzeak, baliabideak optimizatzeko ahaleginean COVID ziren gaixoak eta ez zirenak ez elkartzeko?

 Funtsezkoa. Erabaki hau Zuzendaritzatik zetorren eta egokia izan da. Etxean konfinaturik egon behar izan badugu, nola bilduko genuen, bada, hemen jendea? Imajina itzazu osasun-zentro batera datozen profil guztiak: paziente onkologikoak, hematologikoak, haurrak, adineko pluripatologikoak, etab. Uste dut izugarri azkar egokitu garela egiturazko aldaketa horietara. Nire oraingo lantokian ez dut une batez ere antolaketa-kaosik sentitu, eta arazo larrienak espazio-arazoak izan dira. Gure kasuan, Grosen, solairu oso bat itxi behar izan dugu, horrek dakartzan arazoekin (espazio eta baliabideen koordinazioa, agenda-aldaketak, eta abar). Saiatuko gara, poliki-poliki bada ere, normaltasun berri batera itzultzen, errealitate berri batera.

 

Lehen mailako arretak ospitalean alta jaso duten COVID pazienteen jarraipena egin beharko du.

 Lehen mailako arreta izango da detektatzen diren kasuen arduraduna, eta ospitaleko alten jarraipena egin beharko du. Badago lantalde bat sendagaiak adosteko. Paziente horien bilakaerari arreta espezializatuaren laguntzarekin jarraitu beharko zaio; izan ere, paziente bati klinikoki alta emateko moduaren araberakoa da guztia. Ebakuntza kirurgikoetarako eta proba osagarrietarako egiten diren testen kasu positiboak ere tratamendu onkologiko jakin batzuen aurretik jarri beharko ditugu. Eta ezin dugu ahaztu bizitzaren azken fasean dauden pazienteen ardura hartu behar dugula, etxeko paziente kronikoena, paziente pluripatologikoena, horiek ere hartzen baititu gure radarrak. Garai zailak eta gogorrak datoz, eta, nire ustez, hobetzeko aukera gisa ikusi behar dugu hau, eta arreta espezializatuarekiko komunikazioa hobetzeko aukera gisa. Orain ez zaio lehen mailako arretari bakarrik reset egin behar, ez da hori kontua. Nire ustez, honek guztioi pentsarazi behar digu hemendik aurrera nolako osasungintza nahi dugun.

 

Birus honek lehen mailako arreta aldatu du?

Gure lan egiteko modua erabat aldatu da. Lehen mailako arretaren etorkizuna jakingo banu, ez nintzateke lasai egongo hemen lanean. Nire ustez, aukera bat da lehen mailako arretarako, denbora asko baitaramagu lehen mailako arretan aldaketak egiten saiatzen. Une hau, tragediak tragedia (benetako familia-tragediak ikusi baititugu), aukera bat da Donostialdeko ESIan nahi dugun osasungintza planteatzeko. Aurrera egiteko egin diren aldaketak aprobetxatu behar ditugu, hala nola, aurrez aurrekoak ez diren kontsultak, karga burokratikoa murriztea, talde-lana… denbora asko daramagu aldarrikapen horiek egiten, eta aldatu behar badugu, uste dut unea dela. Gainera, uste dut biztanleria ere aldaketaren alde dagoela.

 

Baikorrak izan gaitezke pandemia honek utziko dizkigun irakaspenei dagokienez?

Baikorrak eta apalak izan behar dugu. Uste dut lan handiko eta ziurgabetasun handiko garaia datorrela. Ez dut uste inork gure zalantzetako asko argitu ahalko dizkigunik. Baina, era berean, garai polita da antolaketa-aldaketak egiteko, ez bakarrik epe laburrean egoera honetatik ateratzeko, baita epe ertainean ere, ikuspegi soziosanitariotik irmoak eta erabakigarriak diren egiturak mantentzeko.