Enrique Urculo, Donostialdeko ESIko Neurokirurgia Zerbitzuko burua: “Neurokirurgialari batentzat, milimetro bat kilometro bat da”

Ezezaguna eta konplexua, baina aldi berean zirraragarria; horrelakoa da batez ere nerbio-sistema zentralean eta periferikoan jarduten duen Neurokirurgiaren espezialitatea. Garezurra, bizkarrezurra edo gorputz-adarrak dira bere lan-eremua. Espezialitate hau etengabe eboluzionatzen ari da; bertan, teknologiak garrantzi handia izan du, eta du. Enrique Urculo Donostialdeko ESIko Neurokirurgia Zerbitzuko buruak esperientzia handia du neurokirurgiaren arloan, eta horrek espezialitate honen bilakaeraren lekuko pribilegiatu bihurtzen du. Elkarrizketa hau egingo diogun azkena izan liteke bere ustez –kasu horretan, guretzat ohore bat izango litzateke–, eta bertan kirurgia-espezialitate honen egoera eta erronkak azaltzen dizkigu. Eskerrik asko, Enrique, zure eskainitako denboragatik eta gure galderei erantzuteagatik.

 

Azalduko zeniguke zer antolakuntza duen zuen zerbitzuak, zenbat lagun ari zareten lanean, zer zerbitzu eskaintzen duzuen…

Talde txikia gara, baina eraginkorra. Ez hain aspaldi, Neurokirurgiako zerbitzuak hipertrofiaturik zeuden presentzia fisikoko 24 orduko guardia tradizionak zirela-eta, horiek betetzeko neurokirurgialari gehiegi baitzeuden plantilletan, eta zerbitzuko kide bakoitzaren ebakuntza programatuen ehunekoa txikia zen, besteak beste. Zentro honetako Gerentziarekin eta Zuzendaritza Medikoarekin adostuta, duela urte gutxi presentzia fisikoko guardien paradigma aldatu eta guardia lokalizatuak ezartzea lortu genuen. Hasiera zailak izan ziren, baina asmatu genuen: staffeko kide guztien –baita gure egoiliarren eta neurokirurgiako erizainen– ahaleginari eta laguntzari esker, mediku-jardunaren eta dei urgenteen inguruko hainbat protokolo egin ziren. Gurearen kideko beste espezialitate batzuk ere lagundu ziguten, bai eta Informatikako Zerbitzuak ere sarbide telematikoarekin; horrela zerbitzuak antolakuntza eta eraginkortasun hobea izatea lortu genuen, eta oso harro nago horretaz.

Gaur egun, neurokirurgiako lantaldea honako hauek osatzen dugu (erizainak, erizain laguntzaileak eta zeladoreak kontatu gabe): zerbitzuburu batek (Enrique Urculo Bareño), 6 mediku ondokok (Mariano Arrazola, Nicolas Sampron, Mikel Armendariz, Jose Undabeitia, Patricia Torres eta Leticia Fernandez), 4 egoiliarrek (Alejandro Elua, Pelayo Hevia, Patricia Moreno eta Irati Goñi) eta administrari batek (Andoni Mozo). Aipatzekoa da Mariano Arrazola eta ni neu izan ezik, zerbitzuko gainerako mediku guztiak “bitartekoak” direla; beraz, lehenbailehen konpondu beharko litzateke lan-ezegonkortasuna, lantaldearen etorkizuna behin betiko sendotzeko.

Kontuan izanda Neurokirurgia ospitale tertziario bateko espezialitatea dela eta, gure kasuan, Gipuzkoa osorako erreferentziazko zentro bakarra garela (espezialitate hau ez baitago eskualde-ospitaleetan eta anbulatorioetan), bere garapenean eta antolaketan lagunduko duten beste espezialitate mediko eta kirurgiko batzuen beharra du; horien artean aipagatuko nituzke, adibidez, Neuroanestesia (eta haren suspertze- eta bizkortze-unitatea), ZIU, Neurologia, Pediatria, ORL, Oftalmologia, Neuroerradiologia, Barne Medikuntza, Onkologia, Erradioterapia, Errehabilitazioa eta Etxeko Zainketa eta Zainketa Aringarriak. Beraz, irudika dezakegu gure espezialitatearen antolakuntzan zenbatekoa den lan asistentziala eta interdiziplinarra; adibidez, 2020an, orotara 1.042 ospitaleratze izan genituen gure unitatean, eta ospitaleko egonaldiak 7.01 egunekoak izan ziren, batez beste.

Gure lan-zorroa zabala da. Beste espezialitate kirurgiko batzuekin partekatzen dugun larrialdietarako ebakuntza-gelan garezurreko eta ornoetako ebakuntza atzeraezinak egiten dira; besteak beste, oso ohikoak dira, urgentziazkoak izanik, hematoma traumatiko intrakranialak (epiduralak, subduralak, intrazerabralak, deskonpresio-kraniektomiak…) eta konpromiso medularreko orno-hausturen tratamenduak.

Ebakuntza programatuetarako gela bat dugu egunero, Neurokirurgiarako bakarrik, eta beste ebakuntza-gela bat partekatzen dugu astero, non era guztietako mikrokirurgia zerebralak eta errakimedularrak egiten diren askotariko patologiak tratatzeko, hala nola onkologikoak, baskularrak, endekapenezkoak, eta abar. Urteak dira neuroendoskopiak egiten ditugula garezurraren oinean, batez ere hipofisiaren tumore-patologiak tratatzeko, eta duela gutxi hasi gara zenbait hidrozefalia tratatzeko endoskopia bentrikular zerebrala erabiltzen. Oro har, iazko urtean, 2020an, 408 ebakuntza programatu egin ziren eta 89 ebakuntza urgente.

Bestalde, egunero bi kontsulta-bulego irekitzen ditugu, eta 2020an, adibidez, guztira 4.824 kanpo-kontsulta izan genituen, eta atzerapenen iraupena 11,89 egunekoa izan zen, batez beste.

Neuroonkologiako Batzordeko buru gara, eta astero egiten ditugu bilera interdiziplinarrak.

Neuroerradiologiako saio batzuetan parte hartzen dugu, eta saio telematikoak izaten ditugu Neurologiarekin.

Azaldu dudan jarduera asistentzialari erantzuteko zerbitzuan dugun antolakuntzaz gain, konpromiso garrantzitsua dugu irakaskuntzarekiko eta ikerketarekiko ere. Hala, beste espezialitate batzuetako medikuntzako ikasleak eta egoiliarrak hartzen ditugu, prestakuntzarako errotazioak egin ditzaten gurean; gainera, gure zerbitzuak Osasun Ministerioaren, Neurokirurgiako Espainiako Elkartearen eta Latinoamerikako Neurokirurgiako Federazioaren onespena du neurokirurgiako espezialistak prestatzeko. Ikerketari dagokionez, garuneko tumore gaiztoei buruzko hainbat doktoretza-tesi eta argitalpen zientifiko egin ditugu, Biodonostiarekin lankidetzan.

 

Gehienok pentsatzen dugu zuek garuneko ebakuntzak bakarrik egiten dituzuela, baina bizkarrezurrekoak ere egiten dituzue, adibidez. Zer da, egiazki, neurokirurgia?

Neurokirurgia espezialitate ezezaguna da; beraz, gizarteak, oro har, eta medikuek, bereziki, beldur diote.  Baina ezagutzen denean, beldurra galtzen da eta pasio bihurtzen da. Beste espezialitate batzuetako medikuntzako ikasleak edo egoiliarrak errotazioa egitera etortzen zaizkigunean, harrituta geratzen dira zenbat patologia desberdin artatzen ditugun ikusita; besteak beste, traumatismo kranioentzefalikoak eta bizkarrezur-muineko edo garuneko tumoreak, biztanleria zahartzearen ondorioz ugaritu diren ornoetako endekapenezko patologiak (hala nola hernia diskalak, kanaleko estenosiak…), ornoetako eta bizkarrezur-muineko traumatismoak; eta, horrez gain, haurren neurokirurgia ere bai, zeinak prestakuntza berezia eskatzen duen, lan fina eta delikatua baita, paziente hauek, duten adinagatik eta dauzkaten patologiengatik, oso hauskorrak direlako. Haurren kasuan batez ere garuneko tumoreak edo sortzetiko malformazioak tratatzen ditugu, hala nola hidrozefaliak, bizkarrezur bifidoa, eta abar. Horiek horrela, neurokirurgiako espezialitatearen barruan azpiespezialitateak sortzen joan dira, askotariko patologiekin eta teknologia emergentearekin lotuta; adibidez: garuneko neurokirurgia baskularra, onkologikoa, garezur-oinekoa, bertebrala, pediatrikoa, endoskopikoa, funtzionala… Horiek neurokirurgialariek eta neuroanestesistek ez ezik, inplikaturiko gainerako estamentuek ere ezagutu beharko lituzkete. Esan nahi dudana da ospitaleratze-solairuetako eta ebakuntza-geletako erizainek eta erizain laguntzaileek ere lan garrantzitsua egiten dutela, eta, beraz, ezinbestekoa dela horien espezializazioa; izan ere, gero eta teknologia sofiktikatuagoak erabiltzen dira patologia konplexuak eta ebakuntzaren unean nahiz ebakuntza-ondoan arrisku kirurgiko handia duten patologia konplexuko paziente kritikoak artatu eta zaintzeko. <0}

 

Neurokirurgiakoa da espezialitate guztietan zailenetako eta osoenetako bat, ezta?

Neurokirurgiak konplexutasun zirraragarria du: espezialitate honetako BAMEen 5 urteko prestakuntza-aldia ez da nahikoa jakintza-arlo hau menderatzeko. Bost urteko espezializazio-aldian ebakuntzak egiten ikas daiteke, baina denbora gehiago behar da jakiteko noiz ez den ebakuntza egin behar edo noiz eman behar zaion amaiera kirurgiari. Horretarako, aurretiko entrenamendu kirurgiko bat izan behar da, eta ondo ezagutu behar dira nerbio-sistema zentralaren eta periferikoaren anatomia eta funtzioa, bai eta neurologiako eta neuroerradiologiako jakintza-arloak ere.  Halaber, funtsezkoa da gure mugak ezagutzea aurrean dugun patologiari konponbide kirurgiko bat emateko orduan; zoritxarrez, batzuetan ez da konponbiderik izaten, eta horrek frustrazioa eragiten digu. Horregatik, beti saiatu naiz gure egoiliarrei erakusten nire ustez neurokirurgialari batek ezinbestean eduki beharko lituzkeen balio hauek: zintzotasuna, umiltasuna, leialtasuna, eskuzabaltasuna eta jarraikitasuna (talde-lanerako beharrezkoak diren ezaugarriak, bestalde). Halaber, espezialitate honen eboluzioa etengabekoa da, eta, beraz, etenik gabeko praktika eta prestakuntza eskatzen ditu: inoiz ez diogu ikasteari uzten.

Neurokirurgiako Espainiako Elkarteko presidente –eta, beraz, espezialitate honen Batzorde Nazionaleko presidente– izan nintzenean, Osasun Ministerioak tronkalitate izeneko proposamen bat egin zuen. Proposamena horrek Neurokirurgiako egoiliarren prestakuntza-urteak murrizten zituen; beraz, Administrazioaren aurka jo genuen, eta azkenean lortu genuen proposamena bertan behera utzi eta gaur egungo prestakuntzako 5 urteei eustea.

 

Zein dira Donostialdeko ESIko Neurokirurgiako Zerbitzuaren ebakuntzarik arruntenak? Eta zein dira berezienak eta bitxienak?

Ebakuntza arruntenak bizkarreko arazoak konpontzeko izaten dira, adibidez, hernia diskalak edo kanalaren estenosiak; patología horiek nerbioak edo bizkarrezur-muina estutzen dituzte, eta mingarriak dira. Halaber, gorputz-adarren indarra edo sentikortasuna galarazten duten alterazo neurologikoak konpontzeko ebakuntzak ere ohikoak dira. Maiztasunaren arabera, “kraniektomiak” daude bigarren: garezurra irekitzen da, garuneko tumoreak erauzteko, trastorno baskular zerebralak konpontzeko, edo, prozesu batzuetan, neuronabigazioz gidaturiko biopsiak egiteko. Horiek guztiak mikrokirurgia bidez egiten dira batez ere.

Egiten ditugun ebakuntza kirurgiko berezi eta ikusgarrienen artean 3 hauek egon litezke: batetik, batez ere akustikoaren neurinomak edo meningiomak bezalako tumoreak tratatzeko egiten den angelu pontozerebelosoko mikrokirurgia, non bereziak diren bai pazientearen jarrera (eserita egoten baita), bai tresneria (hala nola ebakuntza-barneko monitorizazio neurofisiologikoa, gure neurologo Juanjo Pozaren ezin ordainduzko laguntzarekin egiten duguna); bestetik, teknika endoskopikoa erabiliz sudurrean zehar egiten den hipofisiko kirurgia; eta, azkenik, pazientea esna dagoela garuneko zenbait eremu elokuentetan (batez ere hizkuntzaren eremuan) egiten dugun mikrokirurgia, non funtsezkoa dugun neuroanestesiaren eta neuropsikologiaren laguntza.

 

Zein dira egiten dituzuen ebakuntzei hobekien erantzuten dieten gaixotasunak?

Zalantzarik gabe, edozein motatako prozesu mingarriak jasaten dituzten pazienteak dira guk emandako konponbidea gehien eskertzen dutenak: adibidez, min zerbikobrakial jasangaitza eragiten duen hernia diskal zerbikala duten pazienteak; lunboziatika ezgaitzailea eragiten duen nerbio-konpresioa dutenak, edo trigenimoko neuralgia batek edo garezur barneko tumore batek eragindako min ikaragarria jasaten dutenak. Anestesiatik minik gabe eta urritasun neurologikorik gabe esnatzen diren paziente hauen poza –eta, beraz, gure poza ere– deskribaezinak dira.

 

Pentsatzen dut neurokirurgian garrantzia handia duela zehaztasunak. Nola lortzen duzue zehaztasun hori?

Pazientearen segurtasunerako, edozein ekintza neurokirurgikok zehaztasun milimetrikoa izan behar du: neurokirurgialari batentzat, milímetro bat kilometro bat da. Ebakuntza bat luzatu ahala, zehaztasun hori galtzen joaten da; horregatik, batzuetan hobe da ebakuntza garaiz gelditzea eta beste egun batean zehaztasunez berrekitea (horri esaten zaio bi ebakuntza-aldiko kirurgia); izan ere, nekeak hutsegiteak ekartzen dizkigu.

Neurokirurgialari batek entrenaturik egon behar du batzuetan hainbat orduz luzatzen den kirurgia-lan zehatz, estresagarri eta erantzukizun handiko bat egiteko, pultsuari irmo eutsiz eta, batzuetan, aurretik inoiz bizi izan ez diren ebakuntza-barneko egoera konplexuei berehalako erabakiekin erantzunez; alderdi psikikoak zein fisikoak zeregin garrantzitsua dute neurokirurgian, non exijentzia handiko gorputz-jarrerak hartzen diren (adibidez, garunaren atzealdeko edo garezurreko eta garondoko kirurgietan, kirurgialariak besoak luzatuta garun-eremu sakonetan jardun behar du mikroskopio kirurgikoarekin, pazientea eserita dagoela). Horregatik, kirurgialarien ebakuntza-gelako ergonomiak funtsezko zutabea izan beharko luke beharrezko zehaztasuna lortzeko, alderdi hori gehiegitan ahazten bazaigu ere.  Dena den, entrenamenduarekin eta pasioarekin, dena lor daiteke.

 

Zelula amak eta nerbio-ehunen birsorkuntza dira zuen espezialitatean itxaropen gehien sortzen ari diren alderdiak. Nolako garrantzia dute?

Ziurrenik, zelula amek oro har gaixotasunak tratatzeko izan ditzaketen onuren inguruko informazioa gehiegizkoa eta partziala izan da, eta nerbio-sistemako gaixotasunekin ere hori ari da gertatzen. Uste dut itxaropen faltsuak sortu direla zelula amek gaixotasun neurodegeneratiboen tratamenduan izan ditzaketen emaitzen inguruan.  Adibidez, bizkarrezur-muineko lesio traumatikoen kasuan (alegia, fase kroniko finkoan dauden paziente tetraplejiko edo paraplejikoen kasuan), oraindik ikertzen ari dira zelula amen inokulazio kirurgikoa kaltetutako ehun medularrean; emaitza batzuk itxaropentsuak izan daitezke, neuronen nerbio-luzapenetan hazkundea atzeman baita, baina oraindik ezin dugu esan gaur egun paziente hauek senda ditzakegunik.   Duela gutxi zendu da terapia zelularreko teknika berriekin nerbio-birsorkuntza ikertzen egindako lanagatik nazioartean ospe handia irabazi zuen neurokirurgialari handi bat, nire lagun Jesús Vaquero irakaslea, zeinak 20 urte zeramatzan lesio medularrak tratatzeko terapia zelularra ikertzen, saiakuntza fasean zegoen ikerketa klinikoko programa bat zuzenduz. Berak bestelako gaixotasun neurologikoetara zabaldu nahi zuen ikerketa hori, paziente hauen desgaitasuna arintzeko.

 

Duela urte batzuk estimulazio zerebral sakonaz hitz egiten hasi zen. Zertan datza? Zer beste teknika erabiltzen duzue zuen espezialitatean?

Gure zentroan ez dugu estimulazio zerebral sakona garatu; Euskadin, teknika hori Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean zentralizatu da, Bilbon. Estimulazio sakoneko teknika hauek behar dituzten pazienteak –adibidez, parkinsona dutenak– Gurutzetako Ospitalera bideratzen dira. Bertan esperientzia handia dute gaixotasun hauen tratamendu kirurgikoan. Teknika hori, funtsean, garuneko nukleo sakonetan estereotaxia bidez elektrodoak ezartzean datza, dardara, mugimendu anormalak eta abar hobetzeko.

Garuneko eremu motorrean edo hizkuntzaren eremuan kokatutako tumoreen kirurgia oso berezi batzuetan, duela urte batzuetatik hona estimulazio kortikala eta subkortikala erabiltzen dugu, ebakuntza-ondoan ahalik eta gehien mugatzeko tumore-erauzketaren osteko defizit neurologikoa.

 

Aurrerapen teknologikoek, batez ere bisualizazio- eta nabigazio-teknikek, neurokirurgian inbasio minimoko teknikak erabiltzeko aukera ematen dute. Zein izan dira aurrerapenik garrantzitsuenak zentzu horretan?

Neurokirurgia modernoak (bere baitan garuneko kirurgiaz gain bizkarrezurreko kirurgia, bizkarrezur-muinekoa eta nerbio periferikoetakoa ere hartzen dituena, jakina) pazientearen segurtasunerako neurriak etengabe areagotzeko kezka du nagusiki, eta horretarako diagnostikoaren eta tratamenduaren prozesu guztian hainbat estrategia erabiltzen ditu. Oro har, eta bereziki ospitaleko funtzionamenduari dagokionez, azken hamarkadan hainbat hobekuntza egin dira historia kliniko eta preskripzio informatizatuari esker, bai eta prozesu kirurgikoen modernizazio orokorrari esker ere. Adibidez, berrikuntzaren bidez pazientearen segurtasuna hobetzeko prozesu batzuk, berariaz Neurokirurgiakoakoak ez badira ere, geureganatu egin ditugu, hala nola pazientearen eta kirurgia-gunearen identifikazio ziurra, eta protokolo eta checklist kirurgikoen ezarpena.

Neurokirurgiako Zerbitzuak, oraintsuko urteetan, pazientearen segurtasunerako garrantzitsuak diren eta agertoki kliniko desberdinetan eraginkortasuna erakutsi duten berrikuntza eta teknika emergenteei heldu die. Lehenengo erronka da erabilgarriak diren berrikuntzak gure testuinguruan erabilgarriak izango ez direnetatik bereiztea. Gure testuinguruan erabilgarriak diren berrikuntzak behin identifikatu ondoren, inplementazioaren erronkari aurre egin behar diogu.

Oro har, esan daiteke prozedura kirurgiko guztiek jaso dutela berrikuntza esanguratsuren baten onura. Berrikuntza horiek milaka ñabardura dituzte, baina horietatik hiru orokortasun nagusi hauek atera ditzakegu: 1) Inbasio minimoko baina eraginkortasun maximoko kirurgiaren bidez prozeduren agresibitatea murriztu da. 2) Neuronabigazio-teknika aurreratuen bidez, eta garuneko irudiak hartzeko teknika multimodalekin ebakuntza-aurreko plangintza optimizatuz, areagotu egin da ebakuntzen zehaztasuna. 3) Garuneko kirurgian neuromonitorizazio aurreratuak –hala nola mapaketa kortikalak eta pazientea esna egonik egiten den eta horrela eraginkorragoa den garuneko kirurgiak– murriztu egin dute morbilitatea.

Bizkarrezurreko kirurgia da gure ospitaleko praktika neurokirurgikoan bolumen handiena duen eremu kirurgikoa. Urtez urte areagotuz joan dira kirurgia mota hau behar duten pazienteak. Zehazki, nabarmen areagotu da bizkarrezurreko endekapenezko gaixotasunak tratatzeko kirurgia, zeina kanal lunbarreko estenosiaren gisako gaixotasun arinagoak nahiz helduen orno-deformitatearen gisako gaitz larriagoak tratatzeko erabiltzen den. Gaixotasun horiek pertsonen bizi-kalitatean eragiten dute batez ere. Aurreko hamarkadetan, gure gizarteak zahartzearekin lotzen zituen prozesu horiek eta normaltzat zituen, baina gaur egun ez dira onartzen: ez dugu onartzen bizkarreko minez bizitzea, edo bakarrik ibilbide motzetan edo konkorturik ibili behar izatea. Gehiago eskatzen diogu bizitzari, eta, beraz, gehiago eskatzen diogu gure osasun-sistemari.

Hala, bizkarrezurreko gaixotasunak dituzten pazienteen tratamenduak helburu handizaleagoak ditu, eta gero eta paziente gehiagori eta gero eta prozesu gehiagotan agintzen da kirurgia. Paziente onkologikoetan ere gero eta gehiago agintzen da ornoetako kirurgia. Inbasio minimoko kirurgiarekin morbilitatea murriztu denez eta prozeduren eraginkortasuna areagotu, kirurgia onkologiko errakideoa gero eta agertoki kliniko gehiagotan da erabilgarria.

Berehalako etorkizunean erronka handiak ditugu zain: adibidez, ebakuntza-barneko irudiak hartzeko ekipo aurreratuak, bizkarrezurreko nabigazioa eta kirurgia robotikoa. Lehen aipatu bezala, prozeduren zehaztasuna areagotzeaz eta agresibitatea murrizteaz gain, bizkarrezurreko kirurgian pazienteek zein lantalde kirurgikoko kideek jasaten duten erradiazio ionizatzailea murriztu behar da.

Ikuspuntu kliniko batetik, gure erronka kliniko nagusia prozesu kirurgikoak, diagnostikoak eta tratamendu-aginduak estandarizatzea da, batez ere.

 

Zer sentitzen da garuna edo bizkarrezurra ikusi eta bertan ebakuntza bat egitean?

Ebakuntza egiten ari zarela, erantzukizuna eta errespetua sentitzen dituzu, baina kirurgia arrakastaz amaitzean, lasaitasun eta poz izugarria sentitzen dira.

 

Urtero milaka pertsonak pairatzen dituzte bizkarrezur-muineko lesioak. Nola prebenitu ditzakegu horrelako lesioak?

Erantzuna galderan dago: istripuen prebentzioa da bide bakarra. Istripuak eta horien ondorio neurologiko larriak murrizteko, ezinbestekoak dira gizartea informatu eta kontzientziatzeko kanpainak.

 

Nola eragin dio COVID-19ak zuen espezialitateari?

Nire ustez, azken urte hauetan gure sistema sasiosanitarioan izugarrizko aldaketak eragin dituzten hiru gertakari paradigmatiko bizi izan ditugu: lehenengoa, 1983an, Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzua sortu zenean; bigarrena, 2000. urtean, ospitaleen bateratzearekin Donostiako Unibertsite Ospitele sortu eta ondoren Donostialdeko ESIa garatzean, eta, hirugarrena, COVID-19aren pandemia larri hau agertzean.

2019ko koronabirus gaitzaren pandemiak (COVID-19ak) neurokirurgiako praktikari dagozkion hainbat alderdiri buruz hausnartzera eraman gaitu: Zein paziente lehenetsi behar dira baliabide eskasak ditugunean? Zein pazientek jasan beharko ditu kalte iraunkorrak kirurgia atzeratzen bada? Zein pazientek izango dituzte kalte iraunkorrak garaiz kontsultatu ez dutelako? Zein dira pandemia batean neurokirurgialariek dituzten arriskuak, betebeharrak, erantzukizunak eta eskubideak?

COVID-19aren pandemiak ekarri digun koronabirusaren gaitzak praktika neurokirurgikoa ziztu bizian aldatzera behartu gaitu. Nagusiki, honako alderdi hauek aldatu dira: (1) jarduera kirurgiko programatua gauzatzeko, baliabideen murrizketa zorrotzagatik paziente neurokirurgikoak lehenesteko prozesuak (2) zainketa mediko intentsiboetan ospitaleratzeko irizpideak, (3) abordatze endonasalen ordezko abordatze-bideak aukeratzea, (4) aurrez aurrekoa ez den praktika asistentziala, (5) bilera administratiboak eta zientifikoak eta batzorde multidiziplinarren bilerak, (6) saio zientifikoen, prestakuntza jarraituko ekintzen eta ikerketaren antolakuntza.

Pandemia honetan, egoera dramatikoetan zailtasunak gainditzen ikasi dugu; gure mugak ezagutzen; gure jokabideak aldatzen; emozioei itzuri egiten; aldatzen, eta aldaketarekiko erresistenzia gainditzen. Gure ispilu-neuronek egoera berrietara egokitzen eta etorkizunerantz aurreapausoak ematen lagundu digute; alegia, gaur egun erresilientzia izenez ezagutzen den hori eman digute.  Pandemia egoera batean, berrikuntzak gutxien ukitzen dituen sistemak ere behartuta egoten dira aldatzera. Nazioarteko komunitate neurokirurgikoa ez da salbuespen bat, eta ikerketan zein irakaskuntzan lankidetza-ekimen kontaezinak sortu dira baliabide telematikoetan oinarrituta. Jarduera asistentzialak ere aldaketa esanguratsuak egin ditu bere antolakuntzan, eta telemedikuntza sustatu da, arrakasta handiagoz edo txikiagoz. Esan daiteke pandemiak, nolabait, beste egoera batean –bestela ere, eta motelago bada ere– berdin etorriko ziren aldaketak katalizatu dituela. Posible da, eta komenigarria, pandemiak ekarri dituen aldaketek ezohiko egoera hau amaitu ondoren ere irautea.

Ez nuen elkarrizketa honek agur baten itxura izaterik, baina, niren nortasun-agiriak adierazten duen adin aurreratua kontuan izanda, ziurrenik egingo didazuen azkena izango denez, aukera hau baliatu nahiko nuke eskerrak emateko, lehenik eta behin, nire lantalde bikainari, pazienteei, erizainei, erizain laguntzaileei, zeladoreeei, gaibitzaileei, beste espezialitate eta estamentu batzuetako lankideei eta erakunde izugarri honetako zuzendaritzako kideei (ez ditut izenak esango, ez bainuke inor ahaztu nahi); izan ere, aukera eman didazue nire bizitza profesional osoan medikuntzaren lanbideaz eta, zehazki, nire pasioa den Neurokirurgiaz gozatzeko.