entzun! podcastak, euskara ikasten eta praktikatzen jarraitzeko

OSATUBERRI (Foku)

Urriaren 6an hasita, astero jasoko duzu e-mailez entzun! saio bat: 7 minutu inguruko entzungaia, horren transkripzioa eta hiztegia lantzeko Hitza pasa jolasa.

Bi langileren arteko solasaldiak dira eta gure lanarekin lotutako gaiak dituzte hizpide: botikak, aharrausia, idorreria, odol-taldeak, zotina, hilekoa… Hizkera freskoa da, tonua umoretsua eta zirikatzailea.

Euskara aberasteko aukera bikoitza duzu entzun! saioetan: batetik, harridura, haserrea, adostasuna, umorea… azaltzeko esaerak, interjekzioak, etab.; eta bestetik, gaiaren inguruko terminologia. Gainera, ale bakoitzaren Hitz pasa jolasean horiek guztiak landu ahal izango dituzu modu entretenigarrian.

Saioak zure kasa entzuteko eta irakurtzeko aukera izango duzu, nahi duzunean eta nahi adina bider, zeuk erabakiko duzu entzun! non eta noiz landu, nola, zein gai aukeratu eta zeini paso egin, zein arin entzun eta zeinetan sakondu.

Podcast-ak ohiko baliabideak dira hizkuntzen ikaskuntzan. Horien inguruan egin diren ikerketek berresten dute entzumenaren ulermena hobetzen laguntzeaz gain, nabarmen eragiten dutela mintzamenean, baita gramatikan, ahoskeran eta hiztegian ere.

Baliabide berri hau Osakidetzako Gipuzkoako euskararen normalkuntzako teknikariek (Bidasoa, Debabarrena, Debagoiena, Donostialdea, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarea, Goierri-Urola Garaia eta Tolosaldea zerbitzu erakundeak) sortu dute euskara ikasten ari diren edo sakondu nahi duten lankideei begira.

entzunaldi on!