EATRIS Españak, bere agenda estrategikoa indartzeko eta Ikerketa Sanitarioko Institutuek nazioarteko jardueretan parte har dezaten bultzatzeko, Medikuntza Traslazionaleko adituek osatutako Batzorde Zientifikoa izendatu du berriki. Talde horrek Joan Comella (Vall d ‘Hebron-VHIR Institutua) zuzendari nazionalari lagunduko dio EATRIS Españaren erabaki estrategikoak hartzen.

Estefanía Carrasco-García doktorea, Biodonostiako Onkologia Zelularreko Taldeko kidea, batzorde horretako kide izateko aukeratu dute, Carlos III.a Osasun Institutuak (ISCIII) egiaztatutako ikerketa translazionaleko 23 zentro liderretako hautagaien artean. Carrasco-García Miguel Servet ikertzaileak, 15 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du Onkologiako Ikerketa Biomedikoaren esparruan. Arlo horretan, terapia alternatiboak bilatzearen eta minbizia tratatzeko diana molekularrak identifikatzearen inguruan jardun du.

Carrasco-García doktorearekin batera, EATRIS Españak hautagai guztien artean bere estrategiari eta jarduerari balioa gehitzeko aukeratutako ikertzaileak hauek izan dira: La Paz Unibertsitate Ospitaleko Ikerketa Sanitarioko Institutuko (IdiPAZ) Inmaculada Ibáñez Dk (Terapia esperimentalak eta biomarkatzaileak minbizian) eta Germans Trias i Pujol Ikerketa Institutuko (IGTP ) Julia García Prado Dk (biro-immunologia) doktoreak; Fundación Jiménez Díaz Osasun Ikerketako Institutuko (IIS-FJD) Federico Rojo Dk (anatomia patologikoa), Sevillako Biomedikuntza Institutuko (IBiS) Pablo Mir Dk(Parkinson eta mugimenduaren nahasmenduak) eta La Fe Osasun Ikerketako Institutuko (IIS La Fe) Agustín Lahoz Dk(metabolismoa, epigenetika eta minbiziaren biologian duen erlazioa).

EATRIS Ikerketa Azpiegituren Europako Partzuergoa (ERIC) da, eta Europan ikerketa traslazionala sustatzea eta erraztea du helburu, eragile akademiko, industrial, sanitario, ikertzaile eta politikoen arteko lankidetzaren bidez. Sare horrek tresna eta teknologia biomedikoen aurrerabidean eta berrikuntzan lagundu nahi du, ikerketaren emaitzetarako sarbidea optimizatuz, klinikan aplikatu ahal izateko.