Illunbe: nostalgiaren eta betetako eginbeharraren artean

Bukatu da. Irailaren 29tik aurrera, Illunbe saskibaloi kantxa bat izango da berriro. Zezen-plaza hori Euskadiko errendimendu handiko lehen txertaketa-puntu bihurtu zenetik zazpi hilabete igaro direnean, Osakidetzak hango instalazioak utzi ditu, arrakasta nabarmeneko txertaketa bati aurre egin eta gero. Bertan, modu eredugarrian jardun dugu, halabeharrez, gizarteak gure baliabide guztiak bere zerbitzura jarri eta gaixotasun izugarri bati aurre egiteko emana zigun agindua betetzeko.

Honelako pandemia baten ondorioei buru emanez hainbat hilabete lan neketsuan jardun eta gero, gaina hartu, arnasa hartu, eta baliabide asko mobilizatu beharra zekarren txertaketa bati aurre egin behar zitzaion. Gipuzkoako biztanleei txertoa jartzea erronka handia zen gure erakundearentzat; agian, hamarkadetan izan duen handienetako bat. Honelakorik sekula egin gabe geunden, eta, ziurrenik, gutako askok ez dugu berriro antzeko erronkaren bati erantzun beharrik izango.

Garai berri bat hasi zen pandemiaren aurkako borrokan. Lana erruz, ondo  eta azkar egin beharra zegoen. Maila eman beharra zegoen; horretarako abagunea zen. Hala, makineria martxan jarri zen. Donostialdeko ESIko zuzendaritzak eman zituen lehen urratsak. Txertaketa antolatu eta koordinatu behar zen, eta eskura zeuden baliabide guztiak mobilizatu. Osasun Sailarekiko harreman estuan, erabakiak berehala eta erabakitasunez hartu ziren. Pixkanaka, txertaketa-plan bat marraztu, eta txertaketa gunetzat Illunbe aukeratu zen, gero gure autonomia-erkidegoan ireki ziren zentro guztien eredu izango zen bandera-ontzia.

Otsaila hasi besterik ez zen egin. Hilabete eskas zen lehen txertoak Euskadira iritsi zirela. Txertaketa errealitate bihurtzen hasi zen, eta gutako gehienok lehen dosiak jasotzen hasi ginen, osasun-langileak izanik. Baina beste urrats bat eman beharra zegoen. COVID-19ari aurre egitekotan, milaka pertsona txertatu beharra zegoen. Lanari ekin behar zitzaion. Lehen une haietan, txertaketa gure ESI osoan zabaltzea erabaki zen. Beraz, Illunben ez ezik, Bengoetxeako EAGan, Groseko anbulatorioan, DYAren Zarauzko egoitzan, Zumaiako frontoian, Errenteriako Reina aretoan eta Hernaniko kiroldegian ere funtsezko langileei eta 90 urtetik gorakoei txertoa jartzen hasi ginen.

Hala, Illunbe errealitate bihurtzen hasi zen. Egia da hasierako une haietan zorabioa sentitzen genuela zezen-plazako instalazioak ikusi eta bertan txertaketa-zentro bat eraiki behar genuela pentsatzean. Zaila zen zer zetorren imajinatzea. Milaka lagunentzat pentsatutako esparru bat egokitu eta humanizatzeko erronka izugarria zen. Erizain, erizain laguntzaile eta zeladore batzuk aukeratu zituzten hura martxan jartzeko. Hasiera batean bi postu bakarrik ireki ziren, baina apustua hori baino handiagoa zen. Anbizioz jokatzeko unea zen, handira jokatzekoa. Beraz, txertaketa jendetsu bat aurreikusi, eta horri aurre egiteko esparru bat prestatzea erabaki zen; hala, helburu horrekin hasi ginen lanean.

Gure erakundearen erantzuna eredugarria izan zen. Zerbitzuen arteko mezu elektronikoak, bilerak… etengabeak ziren. Gune erraldoi bat egokitu beharra zegoen. Jendea, altzariak, ordenagailuak, kartelak… denetik behar zen. Hunkigarria zen ikustea nola jartzen zituen gure ESIko jende guztiak bere esperientzia eta jakintza osoa Illunben, azken hilabeteetan izan dena izan zedin.

Eta martxoaren 2a iritsi zen, gizarteari txertaketa-zentro berria aurkeztu zitzaion eguna. Eragin mediatikoa oso handia izan zen. Hamarnaka komunikabide zeuden gertakizun honen berri eman nahian. Oraindik gogoan dugu nola desagertzen ziren Donostialdeko ESIko ordezkariak kamera eta mikrofono sareen atzean, hedabideen eskariz. Munduaren erdigunea ginen. Agian ez ginen ohartzen, baina garrantzizko zerbait egiten ari ginen. Txertaketa hasia zen; irteerako pistola-tiroa botata zegoen. Zer gertatuko zen? Horixe zalantza.

Eta arrakasta izugarria izan genuen; horixe gertatu zen, eta ezin zen bestela gertatu. Illunbe handituz joan zen. Bi postuek beste bosti eman zieten bidea. Txertaketa esparru osora zabaldu zen. Lana espezializatzen ari zen. Hainbat gela irekitzen ziren: txertoak kargatzeko, biltegiratzeko, bulego-lanak egiteko… Haztea zeregin konplexua izaten da beti, ahalegin handiagoa, erantzukizun handiagoa eta baliabide gehiago eskatzen baititu. Baina lortu genuen hura hazi zedin, eta asko, gainera. Hainbesteraino, non maiatzaren 1eko eta 2ko asteburuan 16.000 txerto jarri baitziren. Egun haietan, 16.000 lagun hurbildu ziren Illunbera; horiek denak, eta haien laguntzaileak. Zenbaki horrek agerian uzten du gure ESIaren antolaketa-gaitasuna.

Zaila da lerro batzuetan agertzea zerbitzu bakoitzak egin duen lana; izan ere, lan handia eta askotarikoa izan da. Halaber, zaila da inor ahaztu gabe denak aipatzea. Erakunde honetako pertsona bakoitzak erantzukizun zati bat du Illunberen arrakastan: erosketa egin dutenak; horniketaz arduratu direnak; komunikatu dutenak; ziztatu dutenak; erabaki dutenak; garbitu dutenak; gauzak eraman eta ekartzen aritu direnak; zaindu dutenak; hitzordua eman dutenak; telefonoa hartu dutenak; txertaketa zaindu dutenak; langileen segurtasunaz eta osasunaz arduratu direnak; garraiatu dutenak; ordenagailuak prestatu, instalatu eta martxan jarri dituztenak…

Eta gizatalde aparta aritu da hori guztia aurrera eramaten. Illunben 100 pertsonak baino gehiagol lan egin du hilabete hauetan. Eurak izan dira txertaketari aurpegi eman diotenak, arraun egin eta trainerua helmugara eramateaz arduratu direnak. Bidezkoa da esatea pertsona horiek portaera eredugarria eta profesionaltasun eztabaidaezina erakutsi dituztela. Haiei esker izan da Illunbe guztiok nahi genuena.

Eta gauzak ondo ateratzen direnean ohi denez, hasiera eta amaiera izan dira onenak. Onena, lehenengo gure adinekoak txertatu genituelako, eta, azkenik, gure gazteak txertatu ditugulako. Gure gizarteak, Osakidetza buru duela, pandemia hau gelditzen lagundu du. Euskadin inokulatu diren bi milioi txertotatik 428.000 baino gehiago Illunben jarri dira. Bai, 428.000 adreilu, gaixotasun hau zokora eramateko jartzen ari garen paretaren zati txiki bat eraikitzeko; gure planeta –arraza, sexu eta nazionalitateen arteko bereizkeriarik gabe– altxatzen ari den horma horren zati txiki bat. Horretan gabiltza, eta horretan ibiliko gara. Hori da gure ekarpen txikia. Illunbe sinbolo bat da dagoeneko, taldean lan eginez lor daitekeenaren adibide bat.

Lehengo batean, Illunbe desmantelatzen ari zirela, lankide batekin hizketan ari zen erizain batek modu grafiko batean azaldu zuen, pena pixka batekin, une hura: “Diskotekako argiak piztu eta gaua amaitu dela esaten dizutenean bezala da hau”. Dena amaitu da. Argiak piztu eta denok aurpegira begiratu diogu elkarri, agerian ditugu begi-zuloak eta nekea, baina pozik gaude, garrantzizko zerbaitetan lagundu dugulako. Historia liburuetan idatziko den zerbait, zalantzarik gabe. Guretzat, merezi izan duen zerbait.

Onenak zarete. Mila esker.