Euskadi 2030 Agenda Sariko “Konpromisoa” errekonozimendua lortu du Donostialdeko ESI-ak

Osakidetzak, bereziki Donostialdeko ESIak, Euskadi 2030 Agenda Sariko «Konpromisoa» aitortza lortu du. Halako aitortza bat lortzeko, aurretik erakunde bakoitzak frogatu behar du 2024an aurrerapen-maila jakin bat eta emaitza zehatz batzuk lortu dituela. Atzo Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi batean jaso zuen Euskadi 2030 Agenda Sarietako aitortza Donostialdeko ESIak.

Lortutako aintzatespenak Osakidetzak 2030 Agendarekin duen konpromisoa berresten du; izan ere, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) barneko kudeaketan eta plangintzan ezartzen ari da. Aitortza hau Lehendakaritzako Komunikazio eta Berrikuntza Sozialeko Idazkaritza Nagusiko Gizarte Berrikuntzako eta 2030 Agendako Zuzendaritzak bultzatu du, horren bidez sustatzeko eta zabaltzeko zein garrantzitsua den GJHak kudeaketan integratzea, lehiakortasun jasangarriko elementu gisa, eta erakundeen konpromiso eraginkorra lortzeko.

GJHak erakundeen kudeaketan txertatzea tresna erabilgarria da, hausnarketarako, diagnostikorako eta garapen jasangarriaren aldeko apustua egin nahi duen edozein motatako erakunde hobetzeko, 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin(GJH) konpromisoa hartuta. Erakunde bakoitzak bere inguruabar, interes eta beharretara egokitu dezakeen lan-tresna da.

Bi helburu ditu aitortza horrek:

  • Erakunde aurreratuenak identifikatzea, GJHekin lotutako kudeaketako jardunbide egokiak beste erakunde batzuentzako sustagarri eta erreferente izan daitezen.
  • Publikoki aitortzea erakunde horiek egindako ahalegina eta Garapen Jasangarrirako Helburuen alde egindako aurrerapen- eta ekarpen-maila.

Autoebaluazio osoa egiten duten erakundeek oinarrizko mailako aitortza jasotzen dute, «Konpromisoa» delakoa.

Kanpoko kontrastea jasotzen duten eta baldintzak betetzen dituzten erakundeek tarteko aitortza eskuratzen dute: «Bidean».

Gainera, erakundeak kanpoko kontrastean maila jakin bat gainditzen badu, maila «Aurreratua» lortzen du. Aurreko edizioan Aurreratua lortu zutenek, aurten beren jardunbide egokietako baten aitortza eskuratzeko aukera izanda, «Jardunbide Egokiak» saria jaso dezakete.