Euskadik bat egin du Michael J. Fox fundazioaren Parkinsonaren progresio-markatzaileen ekimena (PPMI) proiektuaren hedapenarekin, gaixotaunaren tratamendua eta prebentzioa hobetzeko helburuarekin

Osakidetza, Donostia Unibertsitate Ospitalearen (DUO) eta Biodonostia Ikerketa Institutuaren bidez, lankidetzan ari da 12 herrialdetan banatutako beste 50 zentro klinikorekin, Michael J. Fox Fundazioaren PPMI proiektua (Parkinson gaixotasunaren progresio-markatzaileei buruzko ekimena) hedatu eta gaixotasun hori ikertzeko. DUO-Biodonostiako  lantalde klinikoa berriki diagnostikatutako pertsonak eta gaixotasuna ez duten baina arrisku-faktore jakinak dituzten 60 urtetik gorako pertsonak errekrutatzen ari da.

2010ean hasita, PPMI ikerketak Parkinson gaixotasunari buruzko munduko datu eta lagin biologikoen multzo sendoena biltzea lortu du, gaixotasunaren sintomak prebenitu eta are “sendatzeko” tratamendu hobeak garatzeko helburuarekin. DUO-Biodonostiak 2014tik laguntzen du proiektu honetan, eta gaur egun asmo handieneko etapan sartzen ari da, non 2023 urte amaierarako 1.400 eta 4.000 boluntario bitartean errekrutatuko diren. Parte-hartzaileek lagin biologikoak ematen dituzte eta ebaluazio klinikoak egiten zaizkie, gaixotasunaren arriskua, hasiera eta aurrerapena ezaugarritzeko.

«PPMI ikerlanak Parkinson gaixotasunaren progresio klinikoa eta fisiopatologia hobeto ezagutzeko datu ekarpen ikaragarria egin du, gaixotasun horren progresioa alda dezaketen terapiak lortzeko saiakuntza klinikoak diseinatzen lagunduko duena, baina oraindik asko dago aurkitzeko», adierazi zuen Javier Ruiz Martínez doktoreak, Donostia Unibertsitate Ospitaleko PPMI ikerlaneko ikertzaile nagusiak. «Oso harro gaude proiektu honetan parte hartzeaz, eta oso esker oneko gaude Michael J. Fox Fundazioarekin, sustatzailea den aldetik, eta batez ere Parkinson gaixotasunaren maneiua ziurrenik aldatuko egingo duen ekimen honetan modu altruistan parte hartzen ari diren boluntarioekin».

«Fundazioa sortu zenean, 2000. urtean, Parkinson gaixotasuna ikertzeko modua aldatzeko konpromisoa hartu genuen», esan zuen Michael J. Foxek. «Bi hamarkada geroago, harro nago inoiz imajinatuko ez genituen lekuetara eraman gaituen ekimen honekin jarraitu ahal izango dugulako. PPMI proiektuaren hedapenak energia sortu nahi du helburu bat lortzeko: parkinsona sendatzea eta gaixotasun honek beste familia batzuei ez erasatea».

 

Azterketako kohorte handiak biltzea Parkinsone gaixotasuna aurreikusteko eta prebenitzeko

Parkinson gaixotasuna aurreikusteko, prebenitzeko eta sendatzen laguntzeko helburu horiek lortzeko, PPMI proiektuak gaixotasunaren espektro osoa estaltzen duten kohorte adierazgarriak aztertzen ditu: diagnostikatu gabeko pertsonak, diagnostikatu berriak diren pertsonak eta Parkinson aurreratua duten pertsonak. Gainera, ikerlanean hasieratik parte hartu duten pazienteak aztertzen jarraituko da, horietako batzuk duela hamarkada bat baino gehiago diagnostikatutakoak.

Une honetan, azterlan honetan lagun lezaketen pertsonek ezaugarri hauek bete behar dituzte:

  • Azken bi urteetan parkinsona diagnostikatu zaien eta oraindik medikaziorik hartzen ez duten pertsonak izatea.
  • 60 urtetik gorako Parkinsonik gabeko pertsonak izatea, arrisku-faktore jakinekoak, hala nola:
    • Parkinson gaixotasuna duten lehen mailako senideak izatea (gurasoak, anai-arrebak edo seme-alabak).
    • Parkinson gaixotasunarekin lotutako mutazio genetiko bat izatea (GBA, LRRK2, SNCA, PRKN, PINK1)
    • REM loaren portaera-nahasmendua izatea
    • Parkinsonarekiko lotura ezagunik ez duten pertsonak izatea, kontrol osasuntsu gisa parte hartzeko

Biodonostian izena eman nahi duten boluntarioek ikerlaneko taldearekin harremanetan jartzeko, IOANA.CROITORU@biodonostia.org helbidera idatzi behar dute.
Azterketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu michaeljfox.org/ppmi helbidean

 

PPMI proiektuari buruz (Parkinson gaixotasunaren progresio-markatzaileak bilatzeko ekimena)

 Michael J. Fox Fundazioak (MJFF) 2010ean PPMI proiektua abiarazi zuen Parkinson gaixotasunaren bilakaera hobeto ezagutzeko eta tratamendu berrien aurkikuntza bultzatzeko. Proiektuaren lehen hamarkadan, mundu osoko 33 zentrotan banatutako 1400 parte-hartzaile baino gehiago bildu ahal izan ziren. Azterlan horretan informazioa bildu ahal izan da, eta, horri esker, hainbat saiakuntza kliniko egin ahal izan dira gaixotasun arraroak dituzten pazienteentzat onuragarriak izan daitezkeen botikekin. Ildo horrekin jarraitzeko, proiektua handitu egin da, eta bertan 12 herrialdetako ia 50 zentro klinikotako 4.000 parte-hartzaile eta 100.000 boluntario osasuntsu sartzea du helburu, on-line plataformaren bidez. MJFFk babestuta, PPMI ekimena industriari lotutako 40 enpresak, irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta finantzaketa pribatuek osatutako partzuergo baten ekarpen finantzario eta estrategikoei esker gauzatzen ari da.