Euskararen Eguna 2019

Aurreko buletinean iragarri bezala, joan den ostegunean ospatu genuen Euskararen Eguna Donostialdea ESIan. Bertaratutako langileek eta Zuzendaritza-taldeak bat egin zuten euskararen erabilera sustatu eta sendotzeko ahaleginaren ospakizunean.

Felix Zubia batzordeburuak eta Idoia Gurrutxaga zuzendari medikoak ireki zuten ekitaldia. Ondoren, Ander Zuloaga euskara teknikariak Euskaraldiaren I. edizioaren balantzea eta II.aren berritasunak azaldu zituen, 2020rako lanketari bidea eginez.

IX. Joanes Etxeberri sariaren lan irabazlearen argitalpena aurkeztu zuen Joserra Furundarena batzordekideak: Etengabeko arretaguneetako saikatze-sistema. Gidaren erabilgarritasuna azpimarratu zuen, pazienteen sintomen larritasunaren araberako triaje-sistema baten proposamen zehatza baita.

Jarraian, ESIaren hainbat unitate eta langile izan ziren protagonista. Langileen Euskara Batzordeak eta Zuzendaritzak aitortu nahi izan zuten euren eguneroko lan-jardunetan euskararen erabilera normalizatzeko egindako ahalegina: Telefono-arretarako Zentro Integratua-TAZI eta Larrialdi Orokorrak izan ziren saritutako unitateak; Juan Carlos Garmendia urologoa, Mikel Zubimendi Amara Berriko zeladore ohia eta Josemi Rekarte pertsonaleko teknikaria saria jaso zuten langileak.

Aurrekoaz gain, Rafa Egiguren lankide ohi eta idazleak bere azken lanaren aurkezpena egin zuen: Txipiroiak bere beltzean. Hamahiru ipuinez osatutako liburua da, ikuspuntu eta molde desberdinetatik abiatuta askotariko gaiak lantzen dituzten gozatzeko hamahiru kontakizun.

I. bertso-saio zientifikoak borobildu zuen ekitaldia. Nerea Irastorza Tecnaliako ikertzaileak eta Gari Lasa kardiologoak emandako hitzaldi banatan –Exoeskeletoa eta Bihotzeko balbulen tratamendu ez inbasioa, hurrenez hurren– azaldutakoa hartu zuen Karlos Ibargurenek aitzakia gisa gaia jartzeko. Oihana Iguaran eta Felix Zubia bertsolariak ezin hobeto aritu ziren paziente, mediku, senitarteko… paperetatik, noiz zer eskatu.

Festa-giroan eman zitzaion amaiera 2019ko Euskararen eguneko ospakizunari.

Eskerrik asko, antolatzaile zein ikusle, parte hartu duzuen guztioi.