“Euskaraz geroz eta gehiago hitz eginez, lan hizkuntza bihurtuta, eta benetako historia kliniko elebidun bat izanda”

“Euskaraz geroz eta gehiago hitz eginez, lan hizkuntza bihurtuta, eta benetako historia kliniko elebidun bat izanda”, horrela irudikatzen du Donostialdeko ESIko Langileen Euskara Batzordeko buru Felix Zubiak 2027ko euskararen egoera erakundean. Helburu horrekin lan egiten dute batzordean, lan-jardunean euskararen erabilera normalizatzeko hainbat ekimen sustatuz eta antolatuz. Aurten, Euskararen Egunaren bezperan, abenduaren 2an, hainbat ekitaldi egingo dira egun hori ospatzeko; besteak beste, Itzulbide osasun arloko testuen itzultzaile automatikoaren aurkezpena, INFAC buletinarekin egindako euskarazko saio klinikoei buruzko hitzaldia, lan-jardunean euskara bultzatu duten langileei aitortza egiteko ekitaldia, eta Donostialdeko ESIaren I. kopla lehiaketako sarien banaketa.

 

 

Noiztik ospatzen da gure ESIan Euskararen Eguna?

Langileen Euskara Batzordea sortu ondoren hasi zen ospatzen, duela 18 urte hasita (buruz ari naiz).

 

Noiz eta zergatik sortu zen Langileen Euskara Batzordea?

Langileen Euskara Batzordea duela 18 urte sortu zen, Maximo Goikoetxea orduko gerenteak bultzatuta, ospitaleko giroa euskalduntzeko asmoz. Ez du euskara planean edo legeetan eragiten; bere helburua giroa sortzea da, euskararen erabilera hedatu dadin.

 

Zer bilakaera izan du euskarak gure ESIan, Langileen Euskara Batzordea sortu zenetik?

Erabilera asko hazi da, ezagutza hazten joan den neurrian. Langile gazte gehienek euskaraz ikasi dute, eta modu naturalean erabiltzen dute. Baina oraindik ere asko daukagu egiteko, bai erabileran, eta baita lan hizkuntza bihurtzeko ere.

Zer lan egiten duzue batzordean?

Gure lana euskararen erabilera bultzatzea da, bai ahoz ahokoan, bai lan hizkuntza moduan. Saio kliniko elebidunetan laguntzen dugu, Joanes Etxeberri saria antolatzen dugu, euskararen eguna, hitzaldiak… Irekitako batzordea da, eta parte hartu nahi duen edonor ongietorria da.

Zer egitarau prestatu duzue Euskararen Eguna ospatzeko?

Abenduaren 2an izango da. 12:30etatik aurrera ekitaldi aretoan, Itzulbide osasun gaietarako itzultzaile automatikoa aurkeztuko da, INFAC buletinak erabiliz egindako saio klinikoak aurkeztuko dira, euskararen arloan lan egiten duten langileei aitortza egingo zaie, eta ESIko lehenengo kopla lehiaketako irabazleei saria banatuko zaie.

Euskararen Egunean zer mezu zabaldu nahi zenukete?

Euskara erabiltzea denon eskubidea dela, eta ezin dela profesional ona izan pazientearen hizkuntzan hitz egiten ez bada. Hizkuntzaren gaiak, ez euskararena bakarrik, arretaren kalitatean eta ziurtasunean ere eragiten du, ez soilik pazienteen eskubideetan.

Posible da euskaraz lan egitea Donostialdeko ESIan?

Ahozko hizkuntza moduan asko erabiltzen da, baina lan hizkuntza bihurtzeko pausoak behar ditugu. Benetako historia kliniko elebiduna beharko genuke, eta horrek bultzada handia emango lioke.

Zer ekarpen egin diezaiokegu langileok euskarari?

Handia, egunerokotasunean erabiliz, eta gure formazioa euskaraz ere eskatuz.

Gero eta euskaldun gehiago daude gure ESIan. Nabaritzen da bertan euskara gehiago entzuten denik?

Bai, geroz eta gehiago; nik eguneroko elkarrizketen erdia baino gehiago euskaraz egiten ditut. Aldaketa handia eman da, baina, hala ere, lan hizkuntza bihurtzeko ahalegina egin behar dugu.

 

Orain dela gutxi “Imajinatu Donostialdeko ESIa Euskaraz 2027” galdetegia jaso genuen langileok. Nola imajinatzen duzu zuk?

Euskaraz geroz eta gehiago hitz eginez, lan hizkuntza bihurtuta, eta benetako historia kliniko elebidun bat izanda.