Iban Basabe, Donostialdea ESIko Barne Medikuntzako zerbitzuburua: “Koronabirusa duten pazienteei laguntzeaz gain, murriztu ez den gure ohiko jarduerari eutsi diogu”

Paziente Kronikoen eta Susperraldikoen Kudeaketa Klinikoko Unitatea hiru ospitale-zerbitzu handik osatzen dute: Errehabilitazioa, Etxeko Ospitalizazioa eta Barne-medikuntza. Barne Medikuntzako zerbitzua funtsezko pieza izan da eta da gure osasun-erakundean ospitaleratutako pazienteen kudeaketan, bai azken urteetako integrazio-prozesu anitzen aurretik, bai eta ondoren ere.

Gaur egun, Paziente Kronikoen eta Susperraldikoen Kudeaketa Klinikoko Unitatea Amara eraikineko 3 solairutan kokatuta dago, eta bakoitzean 43 ohe ditu. Lehenengoa eta bigarrena patologia akutu eta kronikoetara bideratuta daude, eta laugarren solairua susperraldiko pazienteentzako da.  Urteko hainbat sasoitan, beste paziente batzuk ere artatzen ditu, bai neguan (gripe-epidemiarekin), bai udan, eta are gehiago pandemia honetan. Ez da ahaztu behar bere jardueraren zati bat ospitaleko beste zerbitzuei laguntzeko interkontsultak direla.

Garbitzaile eta zeladoreez gain, 75 erizain laguntzaile, 80 erizain eta 22 mediku daude lanaldi partzialean edo osoan, urteko 8.000 bat ospitaleratze-kasu artatuz (2020an orotara ospitaleratutakoen %16), horietatik % 50 modu zuzenean (Larrialdietako zerbitzutik pasatu gabe), lehen mailako arretako lantaldeekin modu integratuan edo koordinatuan lan eginez, urtean 15.000 bat kontsultari eta 8.000 bat interkontsultari erantzunez.

Zerbitzu honek eraldaketa handia izan zuen 2004. urtean: ebidentzian oinarritutako osasun-arretan oinarritzen den lan-metodologia bat ezarri zen, zeinak aukera ematen duen jarduera eta prozesu klinikoak ikuspegi kritikotik aztertzeko, sortzen den kalitate handieneko ezagutza pazienteen eta erabiltzaileen lehentasunetara egokitze aldera, eta hori guztia ingurunearen ezaugarrietara eta aukeretara egokituz. Metodologia hau zerbitzuaren jardueran txertatu da, eta sistemaren iraunkortasuna hobetzea eta asistentzia-emaitza hobeak lortzea ekarri du, hori guztia erakundearen eta batez ere zaintzen diren pertsonen mesedetan (osasun-emaitzak, gogobetetzea).

2009az geroztik Kudeaketa Klinikoko Unitate gisa funtzionatzen du errehabilitazio-zerbitzuekin, susperraldiez eta errekuperazio funtzionaleko prozesuez arduratuz; eta Etxeko Ospitalizazioko zerbitzuarekin, funtsean lehen mailako arretarekin lantaldeak eratuz (integrazio asistentzialeko prozesuen aurretik eta ondoren), zeinak Barne Medikuntzako prozesu akutu klasikoetara bideratzen diren, paziente hauskorren, kroniko pluripatologikoen, mendekoen edo bizitzako azken estadioan daudenen bestelako maneiua txertatuz, hori izanik gaur egun guretzat garrantzitsuenetako bat den prozesua, bai duen eraginagatik, bai maneiuaren zailtasunagatik.

Ahalegin handia egin da azken urteotan kronikotasuna eta hauskortasuna maneiatzeko erronka nagusiak identifikatzeko eta horiei erantzuteko, eta lorpen hori arlo asistentzial desberdinetako pertsona askori zor zaie: Onarpenekoei, administrariei, gizarte-langileei, zeladoreei, erizainei (komunitateko kasuen kudeaketa, Osareanetik; ospitaleratutako pazientearen maneiua, ospitaletik), lehen mailako arretakoei, etxeko ospitalizaziokoei, paziente kronikoen arloko barne-medikuntzakoei, ESIko zuzendaritza-taldeari…

Orain dela urtebete, Donostialdea ESIak nazioarteko aintzatespena jaso zuen ahalegin horregatik, Quality Innovation Award (QIA) entzutetsuen osasun-sektoreko berrikuntzari emandako saria, hain zuzen. Sari hori Finlandian sortu zen 2007an, produktu-, prozesu- eta antolaketa-arloko berrikuntzen sorrera eta garapena sustatzeko, eta mundu osoko herrialdeek parte hartzen dute bertan. 2019ko edizio honetara nazioarteko 450 hautagaitza baino gehiago aurkeztu ziren, 13 herrialdetakoak.

Pandemiak utzi digun egoera berri honetan, Unitate honen jarduera funtsezkoa izaten ari da, nabarmen laguntzen ari baita Donostialdea ESIaren beharrak asetzen. Iban Basabek, Donostialdea ESIko Barne Medikuntzako zerbitzuburuak, egun hauek nola igarotzen ari diren eta Paziente Kronikoen eta Susperraldikoen Kudeaketa Klinikorako Unitatean nola lan egiten ari diren kontatu digu.

 

Zer moduz zaudete hilabete gogor hauen ondoren, eta etorkizun hurbilean gerta daitekeenaren aurrean?

Hilabete hauek benetan gogorrak izan dira, proban jarri baikaituzte gure antolaketa-sistema eta berau osatzen dugun pertsonak. Antolaketari dagokionez, ziurrenik hobetu daiteke alderdi askotan, batez ere kontuan hartuta ezezaguna den zerbaiti aurre egin behar diogula, ziurgabetasun handiarekin, eta horrek berritzera eta berrasmatzera behartzen gaituela. Bestalde, agerian geratu da profesional sanitario eta ez-sanitario gehienen profesionaltasuna, inplikazioa eta entrega, nahiz eta kasu askotan lan-baldintzak ez diren onenak. Olatuak bata bestearen atzetik etorri zaizkigu, atsedenik gabe; orain hurrengoari aurre egin behar diogu, lehengoa amaitu gabe dagoenean; beraz, nekatuta gaude, egia da, eta etorriko denaren beldurrez. Baina konfiantza dugu arazoei aurre egiteko eta konponbidea emateko daukagun gaitasunean.  Erakundeari ahalik eta baldintza onenetan lan egiteko aukera ematea baino ez diogu eskatzen.

 

Orduan, hirugarren olatu baten atarian gaude?

Uste dut dagoeneko hirugarren olatuan gaudela. Amara eraikinean COVID paziente askori lagundu diegu, eta aurrerantzean ere lagundu beharko diegu, beste zerbitzu batzuekin lankidetzan. COVID-19aren arretan inplikatutako beste zerbitzu batzuekiko lankidetza erraz eta emankorra ezarri dugu, gure ustez pazienteentzat oso onuragarria izan dena, eta espero dugu etorkizunean ere lankidetza horri eustea. Beste zerbitzu batzuekiko adostasun multidiziplinarra onuragarria izan da protokolo asistentzialetan. COVIDari aurre egin diogun era berean bihotz-gutxiegitasunari, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoari, hepatopatiari edo dementziari aurre egin izanak gure komunitateari onura handia ekar diezaiokeela uste dut. Ospitaleko zerbitzu eta egitura batzuen laguntza handia sentitu dugu; beste batzuek gutxiago lagundu digute, eta batzuek batere ez. Bakoitzak hausnartu beharko du zer eginkizun duen pandemia honetan, guztion arazoa baita. Nire ustez, zuzendaritzak oso kontuan hartu behar du hori; izan ere, COVID pazienteen asistentzia ziurtatzeko, gaixotasun horren maneiuan trebatuak dauden langileak izan beharko genituzke. Zoritxarrez, “boluntarismoa” ez dela aski ikasi dugu.  Orain oso nekatuta gaude, eta zaila egiten zaigu ulertzea zer nolako zailtasunak izan ditugun maila askotan laguntza lortzeko; baina, era berean, ulertu behar dugu denok ari garela zailtasunak izaten.

 

Zorionez, giza espezie gisa dugun txertaketa garrantzitsuenetako batean murgilduta gaude dagoeneko.

Txertoen gaiari buruz informazio gutxi dugu, eta polemika handia sortu da.  Ez da komeni herritarrak zein profesionalak nahastea. COVID 19a kontrolatzeko gomendatu diren neurrietatik bakar bat ere ez da % 100 eraginkorra, guztiek dituzte akatsak eta ondorioak edo albo-ondorioak (maila pertsonalean, sanitarioan eta sozialean). Txertoak beste neurri bat gehiago dira, eta onura eta arrisku potentzialak dituzte; esan bezala, oraindik ez dugu horiei buruzko informazio gehiegi. Argi dagoena da txertoek ez dutela eragin garrantzitsurik izango gainerako neurri eta gomendioak jarraitu ezean; oso garrantzitsua da herritarrei mezu hori ematea, gainerako neurriak zorrotz ez betetzeak egoera okertu baino ez baitu egingo.

 

Nola berrantolatu da zuen zerbitzua pandemiari aurre egiteko?

Esperientzia handia dugu, urte asko baitaramagu gripearen planetan parte hartzen, gure langileekin arratsalde eta asteburuetako ordutegiak zabalduz, eta gripeak ekarritako ospitaleratzeen zati handi bat gure gain hartzen, horiek modu eraginkorrean kudeatuz, eta era horretan programatutako ospitale-jarduera blokeatzea saihestuz. Azken urteotan Barne Medikuntzako zerbitzuaren bereizgarri bat izan da ospitaleko eta ESIko beharrak eta arazoak neutralizatzen dituen zerbitzu bat izatea, eta batzuek lan hori ez dute ezagutzen. Alde horretatik, aurretiko “entrenamendua” funtsezkoa izan da eguneroko lana abiada handian etorri diren aldaketetara egokitzeko gaitasuna izateko. Nolabait, lehengo arazo berberei erantzuten saiatu gara (sistemaren eta langileen gainkarga, karga asistentzial aldakorra…) zentzu batean berria baina alderdi askotan gure ohiko egoeraren parekoa den testuinguru batean. Gure zerbitzuak ESIko Zuzendaritzak ezarritako kontingentzia-planen diseinuan parte hartu du. Plan horietan ohi baino paziente gehiago modurik ahalik eta seguruenean artatu ahal izateko osasun-zentroek dituzten ezaugarriak jasotzen dira, gaixotasunaren ezaugarriak kontuan hartuta.  Ikuspegi horretatik, infektatutako pazienteak gainerakoetatik bereizten dituzten zirkuitu eta unitateetan biltzeko helburua betetzeko, Amara Eraikina, bere ezaugarriengatik, funtsezko pieza zen aurretiko pandemietarako pentsatutako planetan. Hala, gure erizaintza-unitateak gaixotasunaren susmoa zuten pazienteentzako gorde ziren, susmoa baztertu artean (grisak); bai eta COVID pazienteentzako ere, ospitaleratze-kopurua handitu ahala. Hasteko, laugarren solairua COVID solairu bihurtu genuen, eta gainerakoekin berdin egin genuen; momentu batzuetan eraikin osoa COVID patologiari eskainita egon zen. Hori dela eta, Barne-medikuntzako eta Susperraldiko ez-COVID pazienteak eraikinetik kanpoko erizaintzako unitateetan eduki behar izan genituen, paziente hauen maneiuan trebakuntza gutxiago zuten langileek artatuta. Pazienteak nora, medikuok hara joan gara haiei jarraipena egitera, artatutako paziente kopuruari dagokionez ratioak doituz, ohiko jarduera egiteari utzi gabe (interkontsultak, kanpo-kontsultak, kronikotasuna). Zentzu horretan, leungarri moduko batzuk izan gara; izan ere, ospitaleratze kopuru hain handiak gainerako zerbitzu edo unitateetan eragiten duen talka geldiarazi dugu.

 

Patologia honek berritzera behartu gaitu, orain arte hartu gabeko erabakiak hartzera

Kronikotasunaren eta hauskortasunaren maneiuan izandako esperientziak eta ospitaleetako gertaera kaltegarrien maneiuari dagokionez urte hauetan egindako ikerketek erakutsi digute zer garrantzia duen pazienteen zainketa-premietan oinarrituta osasun-arreta sailkatu eta lehenesteak, tratatzen dugun paziente mota bakoitzari zaintza optimoa eskainiz. Alde batetik, garrantzitsua da bilakaera txarra izateko arrisku handiena duten pazienteak identifikatzea, eta, alde horretatik, erabili ohi ditugun iragarpen-erregelak (Risk score) eta COVIDera egokitutako beste batzuk aplikatzen saiatu gara. Bestalde, zainketa-beharren definizioa egokitu dugu, zainketen intentsitatea kontuan hartuz, hasi zainketa aringarrietatik eta zainketa intentsiboetaraino, pazientearen hainbat alderdi aintzat hartuta: zein diren haren bizi-pronostikoa eta pronostiko funtzionala, eta zainketa horiei aurre egiteko erreserba-gaitasunik duen ala ez. Egokitzapen terapeutiko hori funtsezkoa da ahaleginik handienak benetan onurak lor ditzaketen pazienteei eskaintzeko, eta kontraindikatuta dauden pazienteen kasuan kalterik eta yatrogeniarik izan ez dezaten. Funtzionaltasuna, hauskortasuna, komorbilitatea eta zainketa-intentsitatearen proportzionaltasuna bezalako kontzeptuek beste arlo batzuetako eguneroko jardunean ez zuten gure jardunean zuten garrantzi bera. Pandemiak lehen planora ekarri du kontzeptu horien garrantzia, eta, horri esker, askoz profesional gehiagoren eguneroko jardunean txertatu ahal izan dira. Pronostiko txarreko faktoreak garaiz identifikatzeak eta zainketa egokienak planifikatzeak balio izan dute pazienteei eta senideei informazio hobea emateko, bai eta prozesuaren hasieratik erabaki partekatuak hartzeko ere, pazienteen eta senideen pertzepzioa hobetuz, aurreikuspen faltak profesionalei eragin diezaiekeen estresa saihestuz eta baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean egokituz. Pazienteen sailkapen honek balio izan du haiek COVID eremuen barruan kokatzeko, pazienteak behar dituzten zainketak hobekien emango dizkieten profesionalekin jarriz. Normalean, tratamendu kontserbatzailea edo aringarria duten pazienteak Amara eraikinean tratatu izan dira, batez ere laugarren solairuan; eta Amarako gainerako instalazioetan (beheko laugarrenean edo 4.4.ean) kokatu dira tratamendu aktiborako, intentsiborako edo bizi-euskarri aurreratuko tratamenduetarako inolako kontraindikaziorik ez duten pazienteak. Erraza da ulertzea erizainen, erizain laguntzaileen eta zeladoreen zainketen mendekotasun- eta intentsitate-maila oso desberdinak izan direla talde batean eta bestean;hori ez da COVID patologiaren kasuan bakarrik gertatzen, baina orain nabarmenagoa da.

 

Krisi-egoera honetan, nola antolatu da beharrezkoa den prestakuntza eta ezagutza?

Erizaintzak norbera babesteko ekipamendua jartzeko eta kentzeko aurrez aurreko ikastaroak gidatu ditu uda osoan zehar, eta prestakuntza behar duten pertsonak prestatzen jarraitzen dugu. Izarkirekin batera ikastaro bat egin dugu ospitaleratutako COVID pazienteen asistentziaren inguruan, eta, funtsean, ikastaro horrek indarrean jarraitzen du. Ikastaro horren funtsa eta ikastaroa egiteko modua beste prozesu nagusi batzuetan proiektatu beharko genuke, hala nola kronikotasunean (bihotz-gutxiegitasunean, BGBKn, hepatopatian, dementzian) eta zainketa aringarrietan. Ezagutza sortzeko asteko jarduerari eusten saiatu gara, sortu diren eta sortzen ari diren galdera kliniko espezifikoei erantzunez.

 

Lehen mailako arretarekin koordinatzea funtsezkoa izan da pandemiaren kudeaketan

Lehen mailako arreta da gure sistemaren oinarria, lehen mailako arretari laguntzea da gure lana. Lehen mailako arretako zentro bakoitzak erreferentziazko mediku internista bat du, lan-ordutegian telefono aktiboa duena, eta edozein unetan egin dakioke kontsulta; gainera, guardiako internistarekin inolako mugarik gabe harremanetan jartzeko telefonoa du. Urteak dira hori horrela dela, eta horrela mantendu da. Egin ohi genuen lanetako bat zen lehen mailako arretarekin aldian behin biltzea, paziente kronikoen jarraipena egiteko. Nahiz eta jarduerari eutsi eta lehen mailako arretarekin ohiko asistentzia-lana egin, zailtasunak izan ditugu lehen mailako arretako  zentroetan bilerak egiteko; horietan eztabaidatzen dira kasuak, asistentzia-ibilbideak planteatzen dira, hobekuntza-ekintzak…

 

Nolakoa izaten ari da langileen erantzuna bigarren olatu honetan?

Profesionalek erakutsitako balio-aniztasuna eta egokitzeko gaitasuna nabarmendu nahi ditugu. Erresilientzia. Krisi-egoera honetan jendearen inplikazioa oso handia izan da; hori da azken 9 hilabeteetan gehien nabarmenduko nukeena. Daukagun potentzial hori guztia bideratzeko gai izan behar dugu, handia baita. Duela aste batzuk bilera bat izan genuen Amara eraikineko 4. solairuan COVID pazienteekin denbora gehien egon diren langileekin. Unitate honetako langileek, nekea eta nolabaiteko tratu desegokia jasan dituztela sentitu arren, funtsean eskatzen zutena zen pazienteei arreta ematen jarraitzeko baldintzak hobetzea eta, horrela, sortutako ezagutza aplikatzea eta aldez aurretik hautemandako arazoei irtenbidea ematea.

 

COVID-19a ospitaleko erabateko protagonista bihurtu bada ere, beharrezkoa da ohiko jarduerari eustea. Nola uztartu dituzue bi esparru horiek?

Hala da, koronabirusa duten pazienteei arreta emateaz gain, gure ohiko jarduerari eutsi diogu, eta jarduera hori ez da murriztu. Gure lanari gainkarga ezarriz uztartu ahal izan ditugu bi esparruak. COVID ez diren paziente ospitaleratuen jarduerari eutsi diogu, gure ohiko solairuetatik kanpo. Horrek zailtasunak ekarri dizkigu; izan ere, solairu berrietako laguntzaileak, erizainak eta zeladoreak gure paziente-profilera egokitu behar izan dira. Solairu horietako langileak oso gogo onez aritu dira, eta hori eskertu behar diegu. Kanpoko kontsultei dagokienez, jarduera mantendu egin da, zailtasunekin bada ere. Paziente kronikoen jarraipen-kontsultak modu mistoan egin dira (telefonoz eta aurrez aurre), eta diagnostiko-kontsultak gehienbat aurrez aurre egin dira, batez ere lehen mailako arretari eta ospitaleko larrialdiei erantzuna emateko. Gure kanpo-kontsulten jarduera, gehienbat, diagnostiko azkarrera eta beren patologia kronikoen desoreka duten pazienteen baloraziora bideratuta dago; beraz, atzeratu ezin diren kontsultak dira, eta mantendu egin behar izan ditugu. Aurreko urteetan, kanpo-kontsulten funtzionamenduari buruzko gogoeta egin genuen; ospitaleko espezialisten kontsultak pazienteentzat epe laburrean eskuragarri egon behar zutela pentsatu genuen, eta horrek paziente egonkorren jarraipena egiteko modua birpentsatzera behartu gintuen, gure kanpo-kontsultetako agendetan denbora asko hartzen baitzuten. Egonkor zeuden pazienteen jarraipena egiteko kontsulta medikoak gutxitzen joan gara (lan hori loturako eta lehen mailako arretako erizainek egiten dute batez ere), eta medikuak pazienteen beharrei erantzuteko moduan egon daitezen saiatu gara. Horren ondorioz, gaur egun izaten ditugun kontsultak, gehienak, ezin dira atzeratu. Gainerako espezialitate mediko eta kirurgikoekiko interkontsultak zerbitzu eskatzaileen beharrei erantzunez egin dira.

 

Gauza asko ondo egin diren arren, ziur hobetu beharreko esparruak daudela.

Maiatzean eta ekainean gogoeta egiteko eta ikasteko gai izan gara, baina ikasitakoa aplikatzea kostatzen ari zaigu. Detektatuta genituen akats batzuk egin ditugu.  Erdi-mailako arduradunek ikasitakoaren aplikagarritasunean duten erantzukizuna handia da; hobetu egin behar dugu, langileek eskatzen diguten mailara iritsi behar dugu Lan-kargaren desorekak kezkatzen nau esparru guztietan.  Erizain laguntzaileen, erizainen eta zeladoreen ratioak ohe kopuruaren arabera ezartzeko antzinako ikuspegia aldatu egin behar da. Ratioek paziente motarekin eta dituzten beharrekin lotuta egon behar dute. Dinamikoagoak izan behar dugu; izan ere, gerta daiteke solairu batean 5 laguntzaile behar izatea egun batean, eta beste egun batean, berriz, 3 bakarrik behar izatea. Konponbide zaileko arazoa da, baina arazo hori konpontzeko gai izan behar dugu, ospitalea zamatzen ari dela uste baitut, eta batez ere zainketa gehiago behar dituzten eta gainera ahulenak diren pazienteei kaltea egiten ari baitzaie. Bizitzaren amaierako asistentzia zaila izaten ari da, batez ere gogorra delako familiakoen laguntzarik gabe hemendik joan beharra. Gure unitateetan beste espezialitate batzuetako pazienteak izan ditugu, modu desberdinean lan egiten duten medikuek artatuak, eta horrek batez ere erizainen karga areagotu du. Familiakoei pazienteen kokapen-aldaketei buruzko informazioa ematean arazo asko sortu dira, eta hori hobetu beharreko puntu bat da.

 

Zuen zerbitzuan artatzen duzuen paziente mota kontuan hartuta, haien zaintza funtsezkoa da. Uste duzu pandemia honetan gai honi buruzko hausnarketa sakon bat egin beharko genukeela?

COVID pazienteak zaintzea zailagoa da, eta mendekotasuna duten pazienteen zainketak bereziki konplexuak dira. COVID instalazioetan lan egitea asaldagarria izan da medikuentzat eta garbiketa-zerbitzuarentzat, baina uste dut erizain, erizain laguntzaile, fisioterapeuta eta zeladoreentzat askoz zailagoa izan dela pazienteak eskatzen dugun gutxieneko kalitate-mailarekin zaintzea. Lehen mailako arretako profesionalek eta Etxeko Ospitalizaziokoek guk baino askoz hobeto dakite oso zailak direla mendekotasuna duten COVID pazienteen etxeko zainketak; batzuetan, etxean egin ohi den zainketa eta jarraipena ospitalean egin behar izan dugu, eta hori oso gogorra da pazientearentzat eta familiakoentzat. Gure pazienteen zati handi bat gaixotasun-fase oso aurreratuetan dago, eta urteak dira zainketa aringarrien arazoari heltzeko beharra sentitzen dugula (eta gaia lantzen ari gara). Egiturazko urratsak eman behar ditugu gure zerbitzuaren barruan, bai eta ospitalean eta lehen mailako arretan ere. Tratamenduaren beste zutabe bat farmakoak dira, baina ditugun ebidentzien arabera, badirudi mugatua dela tratamendu mediko-farmakologikoekin gaixotasunaren bilakaera aldatzeko dugun gaitasuna. Medikuok joera dugu mediku-tratamenduei balio handia emateko eta pazienteen oinarrizko zainketei garrantzia kentzeko, eta litekeena da paziente-profil jakin batzuetan (batez ere komorbilitate eta mendekotasun handikoetan) oinarrizko zainketek mediku-tratamenduek baino garrantzi handiagoa izatea. Tratamenduetan merezi duten garrantzia eman behar diegu kontziliazioari eta sendagaia hartzeaz bestelako mediku-aginduei.

 

Ospitaleratuta egon diren pertsonek diote geletako isolamenduak bakardade-sentsazioa sortzen duela, eta horri aurre egitea zaila dela. Bioetikaren eremutik ere entzun ditugu isolamendu horiek nolabait malgutzea eskatzen duten ahotsak. Zer iritzi duzu horri buruz?

COVID pazienteen ospitaleko isolamenduak larritasun handia sortzen die pazienteei eta senideei, batez ere haien familiekiko mendekotasuna duten pazienteei eta narriadura kognitiboa dutenei. Ospitaleratuta zeuden paziente asko ez ziren gai etxekoekin edo gertukoekin komunikatzeko telefonoa erabiltzeko, edo ondo ez zeudelako, edo ez zekitelako nola erabili. Isolamenduak eragiten zuen sufrimendua arintzeko, senideekin bideodeiak egitea pentsatu zen. Lan hori lehendik gainkarga zuten erizain eta laguntzaileek egin zuten, eta, beraz, medikuntzako ikasleekin lankidetzan, pazienteak beren laguntzaileekin komunikatzeko proiektu bat egitea erabaki zen. Gaur egun, proiektua oso ondo funtzionatzen ari da, eta horri esker oso beharrezko kasuetara bakarrik mugatu dezakegu laguntza hori.  Familiakoek batzuetan ez dakite haien etxekoa non dagoen ospitaleratuta.  Arazo horri heltzea funtsezkoa da, eta unitateetan dagoen karga baloratuta, ez zaigu zentzugabea iruditzen pertsona bat (edozein estamentutako administraria edo sanitarioa) lan horretarako bakarrik jartzea.

 

Oker ez banago, egoera hori ahal den neurrian arintzen saiatu zarete

Bai, pazienteei eta haien senideei elkarrekin egotea eragotzita lehenengo olatuan eragin genien kaltea ikusi ondoren, proiektu bat egitea erabaki genuen familiek haien gaixoei lagundu ahal izateko, batez ere klinikoki bilakaera txarra izaten ari zirenei eta haien egunerokotasunean zaintzaileen mendeko zirenei. Laguntzaile batzuek ordu batzuk pasatu ahal izan dituzte gaixoekin, eta beste batzuek egun batzuk. Horrek pazienteen asistentziaren kalitatea hobetzea ekarri du, eta ez die kalterik eragin laguntzaileei, baina lan-karga handia eta larritasun handia eragin digu profesionaloi. Sortutako ezagutza bildu eta aplikatu behar dugu, karga gutxiago sor dadin eta ospitaleko pazienteak laguntzaileekin egoteko aukera izaten jarraitu dezaten.