Iñaki Salegi, Pneumologiako zerbitzuburua: «Bigarren bolada honetan, pneumologiako presentzia fisikoko guardiak egiten ari gara asistentzia espezializatua eguneko 24 orduetan eman ahal izateko»

Donostialdeko ESIko Pneumologia Zerbitzua eguneko 24 orduetan ari da lanean bere solairuan ospitaleratuta dauden COVID pazienteak tratatzeko. Lan hori paziente larrienen tratamenduan espezializatu da bigarren bolada honetan, arnasketa-terapia aurreratuen bidez. Kutsatzeko hasierako beldurra gainditu ondoren –are handiagoa espezialitate honetan, egunero egin behar dituzten proben arriskuak direla eta–, zerbitzu honek arreta handiz espero du txertoa, asistentziaren pisua arintzea ahalbidetuko baitu. Iñaki Salegik, Pneumologiako zerbitzuburuak, xehetasun gehiagorekin azaldu digu zerbitzu horretatik nola egiten ari zaien aurre pandemiari.

 

Zer moduz igaro dituzue lan biziko hilabete hauek?

Oso esperientzia gogorra izaten ari da. Izan ere, gaixotasunarekiko beldurra, lan-gainkarga handia eta gure lan egiteko modua egokitzeko beharra nahastu dira.

 

Nola egin diote aurre zerbitzuko langileek bigarren olatu honi?

Oso harro nago zerbitzuko langile guztiek (garbitzaileek, administrariek, zeladoreek, laguntzaileek, erizainek eta medikuek) pandemiari nola erantzun dioten ikusita. Lanerako sekulako gaitasuna, ausardia handia eta gertatutako aldaketa guztietara egokitzeko izugarrizko gaitasuna erakutsi dute. Baina, egoera honetan, pilatutako nekeak lanean eta taldearen gogoan eragina izan dezakeela nabaritzen ari naiz.

 

Nola eragin dio COVID-19ak Pneumologia Zerbitzuari, asistentziaren ikuspegitik?

Lehenengo boladan, pneumologoek Barne Medikuntzako Zerbitzuari lagunduz egin dugu lan Amara eraikinean, ospitaleratutako COVID pazienteei asistentzia ematen eta, alta eman ondoren, arnasketa-konplikazioen jarraipen anbulatorioa egiten.

Bigarren boladan, gure lana bereizi egin dugu, eta arnas terapia aurreratuak (ATA) dituzten paziente larriagoak tratatu ditugu gure pneumologiako solairuan (4.a), erizaintzako langileekin batera, terapia horiek modu seguruan egin ahal izateko zenbait gela monitorizatu ondoren.

Bigarren fase honetan, ZMIrekin lankidetzan aritu gara, eta ZMI alta goiztiarragoak eman ditugu solairura; baita BM/Infekziosokoak ere, ZMIra eramateko hautagai ez diren paziente larrienak tratatu baititugu.

 

Zer ekarpen egin dute pneumologiako langileek krisi honetan?

Arnas gutxiegitasunaren tratamenduan dugun ezagutza eskaini dugu, arnas terapia aurreratu (fluxu handiko sudur-betaurrekoak eta aireztapen mekaniko ez-inbaditzailea) gisa ezagutzen denaren bitartez. Gure unitateko erizainek eta medikuek urteak daramatzagu terapia horiek dituzten pazienteak tratatzen, eta, horri esker, gure ezagutza eta esperientzia erabili ahal izan ditugu COVIDa duten paziente larriak tratatzeko.

Esan behar da, bigarren bolada honetan, pneumologiako presentzia fisikoko guardiak egiten ari garela, asistentzia espezializatua eguneko 24 orduetan eman ahal izateko.

Bestalde, gaixotasun interstizialen kontsulta monografikoak (EPID) kasu larrienen ondorioen jarraipena egin du, EPID BATZORDEKO partaideen laguntzarekin (erradiologoak, erreumatologoak, kirurgialari torazikoak, patologoak, immunologoak eta farmazialariak) eta birika-funtzioko gure laborategiaren laguntzarekin.

Azkenik, ZMIri ere lagundu diogu; izan ere, bronkoskopia ugari egin ditugu COVIDa duten pazienteen konplikazioak kudeatzeko.

 

Zer oztopo nagusiri egin behar izan diote aurre Pneumologiako langileek koronabirusaren aurka borrokatzeko orduan?

Hiru oztopo nagusi gainditu behar izan ditugu:

Batetik, kutsatzeko beldurra gainditzea, infekzio-arrisku handiagoarekin lotutako prozedurak egiten baititugu gure eguneroko jardunean, hala nola bronkoskopiak, birika-funtzioaren probak, lainoztapenak, oxigenoterapia eta aireztapen mekaniko ez-inbaditzailea. Prozedura guztiak egokitu ditugu, langileentzako eta pazienteentzako arriskuak murrizteko helburuarekin.

Bestalde, zaila izan da COVID susmoa duten eta beste patologia batzuk dituzten pazienteak bereiztea, COVID sintomak oso ohikoak baitira gainerako arnas gaixotasunetan ere (Barne Medikuntzarekin eta Infekziosoekin batera egindako lana nabarmendu behar da, baieztatu gabeko COVID susmoa duten pazienteak segurtasunez kudeatzeko irizpide batzuk garatu baitira).

Azkenik, paziente larrienetan arnas terapia aurreratuak erabiltzearen hasierako errezeloak gainditu behar izan ditugu. Hasiera batean ez zen horiek erabiltzea gomendatzen eta, orain, berriz, COVIDak eragindako arnas gutxiegitasuna kudeatzeko protokoloetan sartzen da nazioarteko tratamendu-gida nagusietan.

 

Birus hau uste genuena baino larriagoa izan da?

Txinatik iristen zitzaizkigun datuek argi eta garbi erakusten zuten pneumonia-koadro larriak sortzen zituen birus bat zela. Gure esperientziak aldez aurreko datuak baieztatu ditu.

 

COVID-19a arnas infekzio bat al da funtsean?

Arnas infekzio bat da, baina paziente batzuengan oso pneumonia larriak eta konplikazio sistemikoak garatzen ditu.

 

Gaixo larrienen arnas gutxiegitasuna izan da arazo nagusietako bat. Nola egin zaie aurre?

Pazientea odoleko oxigeno-maila egokiak mantentzeko gai ez denean, oxigenoa kontzentrazio altuetan emanda ere, kanpoko laguntza behar izaten du makinen (haizagailuen) bitartez, oxigeno-maila horiek maila onargarrietan mantentzeko eta, hala, organismoak infekzioa gainditu arte denbora irabazteko.

 

Arnasgailuak pandemiaren izarretako bat bihurtu dira. Hain garrantzitsuak izan al dira?

Paziente askok aldi berean eta denbora luzez behar izan dute aireztapen mekanikoa, eta horrek izugarri gainditu ditu pandemia aurreko egoeran zeuden haizagailuen beharrak. Osasun-sistema guztiek haizagailu horiek aldi berean erosi nahi izanak agortu egin ditu fabrikatzaileen stock guztiak. Hala ere, gure ospitalean ez da hornidurarik eza izan, eta ez da etxean fabrikatutako haizagailurik erabili behar izan. Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiot erosketa-zerbitzuari, garai zail hauetan materiala (haizagailuak, suntsikorrak, iragazkiak…) bilatzeko egindako ahaleginagatik.

 

Nola eragiten die birus honek birikei?

Birusak biriketako hantura eragiten du eta biriketako baskulatura kaltetzen du. Horrek alterazio handia eragiten du biriken funtzionamenduan, ez baitira gai oxigenoa gorputzeko gainerako ataletara eramateko.

 

Zer desberdintasun dago COVID-19aren eta pneumonia arrunt baten artean?

Pneumonia larriagoak eragiten ditu, kudeatzea oso zailak direnak, eta momentuz ez dago birusaren aurkako tratamendu espezifikorik.

 

Zein pazientek dute biriketako ondorioak jasateko arrisku gehien?

Pneumonia oso larriak dituzten pazienteek, ZIUn aireztapen mekaniko luzeak behar izan dituztenek.

 

Zer nolako alterazioak baieztatu dira COVID-19a gainditu duten pazienteengan?

Ahalegin bat egitean nekea eragiten duten ondorioak eta arnasketako proba funtzionalak eta irudi erradiologikoak alteratzen dituzten ondorioak ikusten ari gara (patologia interstiziala eta biriketako enbolismoak), pazienteei alta eman eta hilabete asko geroago.

 

Zergatik da garrantzitsua maskara erabiltzea?

Kutsatzeko arriskua txikiagotzen du. Gure zerbitzuan oso kontzientziatuta gaude eta mundu guztiak erabiltzen du maskara; lanaldi osoan zehar erabiltzen dugu, eta ez pazienteei laguntzen zaienean bakarrik.

Geratzeko iritsi den praktika bat da, eta pandemia amaitzean ere berdin erabiltzen jarraituko dugula uste dut.

 

Maskara erabiltzeak eta eskuak ondo garbitzeak arnas infekzioak hartzeko arriskua txikiagotuko du, ez COVID-19aren kasuan bakarrik.

Hego hemisferioan, gripearen intzidentzia askoz txikiagoa izan da. Gure inguruan ere gauza bera gertatuko den ikusi beharko dugu.

 

Nolakoa izango da pandemiaren etorkizuna?

Txertaketak tunel luze honen amaiera ikusteko aukera ematea espero dut.