Iñaki Villanueva, Donostialdeko ESIko kardiologoa: «Kalkuluen arabera, Euskadin sortzetiko kardiopatia duten 200 haur inguru jaiotzen dira urtean»

Joan den otsailaren 14an Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Eguna izan zen. Gaixotasuna eta pairatzen duten pazienteentzat dakarrena pixka bat hobeto ulertzeko, Iñaki Villanueva Donostialdeko ESIko kardiologoarekin hitz egin dugu.

 

Otsailaren 14ean sortzetiko kardiopatien munduko eguna izan zen. Paziente heldu askok daukate patologia hori?

Gero eta gehiagok. Kalkuluen arabera, Euskadin sortzetiko kardiopatia duten 200 haur inguru jaiotzen dira urtean. Duela hainbat hamarkada, ume askok ez zuten bizirauten. Medikuntza modernoa garatzearen ondorioz, gaur egun % 90 baino gehiago helduarora iristen dira. Hain zuzen, gaur egun heldu gehiagok dituzte sortzetiko kardiopatiak haurrek baino. Baina zerbait «zuzentzeak» ez du beti esan nahi «sendatu» denik. Bihotz horietako askok jarraipena behar dute bizitza osoan, balitekeelako askotariko konplikazioak agertzea urte batzuk geroago. Paziente kroniko bihurtzen dira. Ospitalean patologia honetarako berariazko kontsulta bat dugu, eta 500 pazienteri baino gehiagori jarraitzen diegu.

 

Nolako pazienteak ikusten dituzue kontsulta horretan?

Denetarik dago. Gure paziente gehienek kardiopatia arruntak dituzte, esaterako, aurikula arteko komunikazioak (AAK), bentrikulu artekoak (AAK), aortaren hertsadurak edo balbula aortiko bikuspideak. Kasu horiek konpondu ondoren, oso arraroa da arazoak sortzea. Baina askok kardiopatia konplexuak dituzte, hala nola Fallot-en tetralogia edo Odol-hodi Handien Transposizioa (OHT). Paziente horiek jarraipen zorrotzagoa behar dute, helduaroan berriz ebakuntza egitea behar izaten dutelako, izan balbulak aldatzeagatik edo arritmiak direla eta. Bestalde, kardiopatia oso konplexuak dituzten paziente batzuei ezin zaie konponbide kirurgiko sendagarria eskaini, baina halako gero eta paziente gutxiago etortzen dira. Aurrerapen handia ekarri du umetoki barruko diagnostikoa garatzeak. Jaio aurretik diagnostikatzeak aukera ematen die obstetriziako eta kardiologia pediatrikoko taldeei gauzak nola egin jaio baino askoz lehenago planifikatzeko, edo, kasu batzuetan, prozesuaren bideragarritasuna ulertzeko. Horrek aldatu egiten du etorkizunean jasoko ditugun pazienteen profila.

 

Antza une erabakagarria da haurtzarotik helduarora iragatea. Nola ziurtatzen duzue pazientea bidean «ez galtzea»?

Ezinbesteko unea da. Hori dela eta, harreman estua dugu pediatriarekin, eta elkarrekin egiten dugu trantsizio-kontsulta. Kardiologo pediatrikoak eta ni gazteekin eta haien gurasoekin elkartzen gara, helduen mundura erraz pasa daitezen. Ez da medikua aldatzea bakarrik, baizik eta hainbat gaiez hitz egiten hastea: autonomiaz, lanaz, ariketa fisikoaz edo familia-plangintzaz. Lankidetza hori ezinbestekoa da; zainketen jarraitutasuna nahi dugu, pazientea arretaren «linbo» batean ez geratzea bermatuko duena.

 

Kontsulta espezializatuaren testuinguru honetan, zer eginkizun betetzen du erizaintzak?

Funtsezko zutabea da. Erizaintza espezializatuak proben logistika kudeatzen du, eta, horrez gain, heziketa sanitarioaren eta autozainketaren buru da. Patologia kroniko hain espezifikoetan, erizaintzako profesionala da sintoma goiztiarrak detektatzeko lehen iragazkia eta jarraipenarekiko atxikimendua bermatzen duen konfiantza-lotura.

 

Adinarekin agertzen diren beste patologia batzuk ez bezala, paziente kronikoa da hau, bere bizitzako lehen minututik. Nola markatzen du horrek haren kudeaketa klinikoa?

Funtsezko ñabardura da. Gure aurrean ez daukagu «gaixotzen den» paziente bat, jaiotzetik kardiopatia bat duen norbait baizik. Hori dela eta, haren historia klinikoa ez da argazki finko bat, hainbat hamarkadako pelikula bat baizik. Lesioa tratatzeaz gain, aurretiko kirurgien ondorioak kudeatu behar ditugu, eta tratamendua funtsezko etapa bakoitzera egokitu. Gainera, klinika hutsaz harago, kontsultan funtsezko beste alderdi batzuk ere jorratzen dira; esaterako, jarduera fisikorako trebetasuna edo guraso izateko nahia. Gaur egun, gure paziente askok arrakastaz egin diezaiokete aurre haurdunaldiari, baina horretarako beharrezkoak dira, besteak beste: arriskua ebaluatzea, kontzepzio aurreko plangintza zehatza eta jarraipen estua egitea obstetriziarekin batera.

 

Zer eginkizun dute pazienteen elkarteek?

Elkarte horiek balio ukaezina dute. Klinikak lortzen ez duen lana egiten dute: laguntza emozionala, lan-orientazioa eta laguntza logistikoa eskaintzen dituzte, eta hori bereziki baliotsua da pazientea kirurgia baterako lekualdatu behar denean. Euskadin Bihotzez izeneko elkarte bat laguntzeko eta zabaltzeko lan izugarria egiten ari da. Estatuan Menudos corazones elkartea daukagu; nerabeen kanpamentuak eta guzti antolatzen dituzte, osasun-langileekin eta kardiologo espezializatuekin. Hondarribiko zentro batera etorri ohi dira, bitxia badirudi ere.

 

Jaiotzetik beti dakigu arazo hori dagoela?

Ez beti. Gehienei diagnostikoa jaiotzean egiten dieten arren, ehuneko bati helduaroan aurkitzen diogu zuzenean. Paziente horiek azaleratu ez den akatsa batekin biziraun dute, eta murmurioengatik edo bestelako arrazoiak direla eta egindago proben bidez detektatzen dira. Paziente horietako askok interbentzioak beharko dituzte etorkizunean arazoak saihesteko.

 

Eta non egiten dira interbentzio horiek?

Kasu batzuk sinpleak dira eta hemen egiten dira, esaterako, aurikula arteko komunikazioa ixtea edo balbula aortikoan interbentzioak egitea. Baina interbentzio batzuk konplexuak dira, eta espezialiazio- eta esperientzia-maila handia eskatzen dute. Horregatik, horrelako interbentzioak zentro gutxi batzuetan egiten dira. Ohituta gaude sarean lan egitera. Gure erkidegoan, prozedura konplexu horietarako erreferentzia-zentroa Gurutzetako Ospitalea da. Hemen jarraipen kliniko zorrotza egiten dugu, eta, pazienteak interbentzioa behar duela hautematen dugunean, zuzenean koordinatzen gara erreferentziazko zentroekin. Horri esker, gertuko kontsultaren erosotasuna eskaini dezakegu egunerokotasunerako, eta bermatu tratamendu oso konplexu bat behar izanez gero pazientea behar den unean iritsiko dela erreferentziazko zentrora, eta informazio guztia prest egongo dela.

 

Etorkizunari begira, zer eginkizun betetzen ari da berrikuntza paziente horien tratamenduan?

Garai-aldaketa izaten ari gara: lehen aukera bakarra kirurgia irekia zen, eta orain tratamendu minimoki inbaditzaileak azaldu dira. Lehen ebakuntza kirurgiko konplexuak behar izaten ziren balbulak aldatzeko edo akatsak ixteko, eta gaur egun, berriz, kateterismo interbetzionista bidez konpontzen dira. Horrek izugarri murrizten ditu errekuperazio-denborak eta konplikazioak. Biriketako hipertentsioaren tratamenduan ere aurrera egiten ari da, paziente horien bizi-kalitatea asko hobetzen ari diren farmakoekin.

 

Amaitzeko, zer mezu bidaliko zenieke ospitaleko kideei munduko egun honetan?

Bada, esango nieke garrantzitsua dela arreta ematen dieten espezialistak ―Larrialdietakoak, zainketa intentsiboetakoak, anestiakoak, baita Ginekologian, gaixotasun infekziosoetan edo digestio-aparatuan espezializatuak ere― jabetzea paziente horiek bestelako anatomia eta fisiologia dituztela. Paziente horiek behar espezifikoak dituzte; behar dute profesionalok diziplina anitzen artean lan egitea eta haien berezitasunaz jabetzea.