Irati Telleria eta Ibon Jaunarena: “Uste dugu azken urteetan aurrera pausoak egiten ari direla emakumeen osasuna hobetzeko”

Maiatzak 28an Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Eguna dela eta,  Irati Telleria eta Ibon Jaunarena Berdintasun Batzordeko kideei elkarrizketa bat egin diegu.  Irati Telleria zoru pelbikoan azpi-espezializatuta dago; Ibon Jaunarena, aldiz, tumore ginekologikoen arloan.

 

-Maiatzaren 28an Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza eguna ospatzen da. Nola ikusten duzue Euskadiko emakumeen Osasuna?

Uste dugu biok emakumeen osasunaren inguruko ikuspuntu orokor bat badugula, ospitaleko erditzeak eta larrialdiak artatzeaz gain osasun zentroetan ere lan egiten dugulako. . Orokorrean emakumeak kontsultetatik gustura ateratzen direneko sentsazioa dugu.

Ginekologoak eta emaginak, guztiok elkarrekin, emakumeei ematen diegun arretan bizitzako etapa edo aldi desberdinak jorratzen saiatzen gara; adibidez, haurdunaldia eta erditze ostea, menopausia etab. Horretaz gain, gaur egun ginekologian minbizien diagnostiko goiztiarrerako bi programa ditugu martxan, umetoki-lepoko minbiziarena eta bularreko minbiziarena. Gure ospitaleko Ginekologiako Minbizi Unitateak, gainera, akreditazio internazionala ere badu minbizi hauen tratamendurako, eta bestelako unitateetan detekzio sistema berriak ditugu martxan, hala nola jaio-aurretiko ekografietan erabiltzen dena haurdunaldian gerta daitekeen preeklampsia ekiditeko. Horretaz gain, egunerokotasunean oso gogoan dugu ikerketen beharra medikuntzan aurrerapenak eman daitezen, eta hainbat proiektutan ere sartuta gaude.

 

Estatistikek erakusten digute emakumeak gizonak baino luzaroago bizi direla, baina beren osasunari buruzko pertzepzio okerragoa dutela ere ikusi da. Zergatik uste duzu gerta daitekeela hori?

Espainiako emakumeen bizi-itxaropena 85 urtetik gorakoa da; alegia, gizonak baino 5,5 urte gehiago bizi dira.
Azken urteotan agerian geratzen ari dena da emakumeak desberdin gaixotzen direla, eta desberdinkeria dagoela horretan ere. Emakumeak gehiago bizi dira, gehiago zaintzen dira, gainpisu gutxiago dute, dieta hobea dute, gutxiago erretzen eta edaten dute. Hala ere, beren osasunaren autopertzepzio okerragoa dute, eta gehiagotan joaten dira medikuarengana. Biziraupen handiagoa izateak ez du nahitaez esan nahi osasun hobea dutenik (emakumeek gaixotasun kroniko gehiago dituzte, hala nola diabetesa eta artrosia,  eta desgaitasun-maila handiagoak dituzte). Beraz, bizi-itxaropena desgaitasunik gabeko urteekin doitzen denean, gizonenarekin berdintzen da. Beraz, bizi-itxaropenaren paradoxaz hitz egiten da: “gizonak beren gaixotasunengatik hiltzen dira, eta emakumeak gaixotasun horiek sufrituz hiltzen dira”. Espezialistek genero-arrakala aipatzen dute. Osasun-arretan genero-ikuspegia txertatzeak gure emakumeen osasuna hobetzen lagun dezakeela dirudi.

 

Azken urteotan emakumeen osasunean aurrera egin dela uste duzu? Emakumeek osasun hobea dute? Zertan egin dugu aurrera, eta zertan aurreratu genezake? Zer ekintza proposatuko zenituzke aurrerapen horiek gauzatzeko eta biztanleriaren erdiak duen osasuna hobetzeko?

 Uste dugu azken urteetan aurrera pausoak egiten ari direla emakumeen osasuna hobetzeko. Aurretik aipatuak ditugun behatze sistemez eta neurriez gain, oso positibotzat hartzen dugu emakumeen ahalduntzea. Gaur egun emakumeek informazio asko dute, eta beren gain hartua dute beren osasunaren kontrola. Prebentzio neurriak hartzen dituzte, dieta eta jatekoa asko zaintzen dituzte, badakite pisu egoki bat eta bizitza aktibo bat mantentzeak zer nolako garrantzia duten, eta askok egiten dute kirola. Hau guztia emaginekin erditze aurreko taldeetan ere garatzen da, eta komunitatearekin loturak indarberritzen ari dira, pandemia ondoren ahuldu egin baitziren. Ariketa fisikoak aipatutako onura horiez gain esfera psiko-afektiboan ere onura asko ditu, emakumeak berarentzat hartutako tartea baita, bere buruari eskaintzen dion denbora, eta hori oso garrantzitsua da. Urratsak egiten ari dira, baina gaur egun kontziliazioarena utopia bat da.

Urte askotan zehar menopausiaren arloa nahiko ahaztuta egon da, baina jada egiten dira emakumeentzako informazio hitzaldiak, eta gertatzen zaien hori normala dela jakitea askotan nahikoa izaten da hobeto sentitzeko. Gauza bera gertatzen da dismenorrea (hileroko mina), hilekoaren aurreko sindromea, endometriosia eta bestelako gaixotasunekin ere. Duela gutxi, apirilean Donostian egin berri den Zoru Pelbikoko Kongresu Nazionalean emakumeentzako ate irekien jardunaldi bat antolatu genuen emakumeen ezagutza zabaldu nahian; oso harrera ona izan zuen, eta oso balorazio positiboak jaso genituen aurrerantzean ere horrelako gauzak egiten jarraitzeko.

Laburbilduz, oso garrantzitsua da emakumeek dituzten sintomen aurrean kontsultetara jotzea, zenbait patologia adinarekin lotuta egon arren bizi kalitatea hobetzeko tresnak baditugulako.

Azkenik, ezin dugu ahaztu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen arreta indartzeko beharra, Osakidetza arlo horretan egiten ari den lanarekin jarraituz.