Itziar Lanzeta, Donostialdea ESIko Prebentzio Medikuntzako zerbitzuburua: “Koronabirusa ez da desagertu, eta hori gogoan izan behar dugu, bai osasun-zentroetan, bai komunitatean”

Prebentzio Medikuntzako Zerbitzua gure erakundeko COVID-19aren zaintzan, prebentzioan eta kontrolean zentratu da azken asteetan. Herritarren zein profesionalen kutsatzeko arriskua murriztea, protokoloak eguneratzea eta zabaltzea eta informazioa biltzea izan dira, besteak beste, bere zereginetako batzuk. Itziar Lanzeta Donostialdeko ESIko Prebentzio Medikuntzako zerbitzuburuarekin hitz egin dugu, eta pandemia-egun hauetan egindako lanari nola aurre egin dioten azaldu digu.

 

Bazirudien dena kontrolpean zegoela, baina Txagorritxuko eta Basurtuko egunotako agerraldiek guardia ezin dugula jaitsi gogorarazten digute.

Koronabirusa ez da desagertu, eta hori gogoan izan behar dugu, bai osasun-zentroetan, bai komunitatean.

Hasieratik ziurgabetasun-maila handiarekin lan egin dugu, eta oraindik gauza asko ditugu jakiteko; beraz, erne egon behar dugu. Ezin dugu pentsatu hau pasatu dela eta ez dela itzuliko. Ikusi dugunez, berragertzeak izateko aukera benetakoa da, eta horretarako prestatu behar dugu. Eta, era berean, jarduerari normaltasunez berriro ekiteko prestatzen jarraitu behar dugu, arriskua ahaztu gabe.

Hiru hilabete igaro dira hau hasi zenetik. Zer balorazio egin dezakezu bizi izan dugun guztiaz?

Herritar gehienontzat berria zen egoera bati aurre egin behar izan diogu, pandemia bati, alegia. Horrek dena nahastu digu: lana, hezkuntza, familia- eta gizarte-bizitza… eta egokitu beste aukerarik ez dugu izan. Uste dut garrantzitsua dela alderdi positiboari begiratzea: honi esker ikasi duguna, profesionalen ahalegin-, sakrifizio- eta inplikazio-gaitasuna, gertatu diren aldaketa guztietara egokitu izana… baina ezin dugu ahaztu infekzio transmitigarria dela, pertsona askori eragin diena eta osasun-sistema muturreko egoera batean jarri duena.

Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko espezialistak izanik, pandemia batean lan egitea oso esperientzia aberasgarria izan da maila profesionalean. Era berean, zerbitzu eta unitate gehienetan modu ikusgarriagoan egoteko eta ezagunagoak izateko aukera eman digu. Baina ez da ahaztu behar horrek izugarrizko ahalegina eskatu diela zerbitzuko kide guztiei.

Hasiera batean lehentasuna birusa ospitaleetan ez sartzea izan zen, baina, zoritxarrez, hori hasieran gertatu zen. Horrek plan guztiak nahastu zituen.

Nik ez nuke esango planak nahastu zituenik, aspalditik ari baikinen prestatzen eta jarduera-planak egiten. Horiek egoerari egokitu behar izan zitzaizkion, aldatzen ari zen heinean.

Hasieran eusteko helburu bat zegoen, baina birusak biztanleriari eragiten bazion, uneren batean pazienteak iristen hasiko ziren, ezinbestean, eta horretarako ari ginen prestatzen.

Nolakoak izan ziren lehen egun haiek?

Egun nekagarriak izan ziren, lan-kargari aurretik inoiz bizi gabeko egoera baten tentsioa gehitzen baitzitzaion. Bazirudien lasterketa batean geundela, premia desberdinak sortzen ziren heinean eguneratzen, hainbat gauza gure egoeran aplika zitezkeen baloratzen eta zerbitzuaren jarduera antolatzen. Azken batean, zer eta nola egin pentsatzen, informazioa kontrastatzen, adosten, informatzen aritu ginen.

Zuen zerbitzuan, pandemia honen zein alderdi izan da kudeatzen zailena?

Zerbitzuaren jarduera guztia pandemiaren mende  egon da; beraz, pilatzen zihoazen eta ia berehalako erantzunak behar zituzten zereginak kudeatzea izan da zailena.

Pandemia hasi eta gutxira, profesionalek jarduteko protokolo bat izan dute eskura; horrek, zalantzarik gabe, segurtasuna eman die.

Lehen esan dudan bezala, prestatzen ari ginen, eta lehen kasua ospitalean izan aurretik ere bageneukan protokolo bat. Gainera, hainbat aldiz eguneratu da, egoera epidemiologikoak eta sortutako ezagutzak ekarritako aldaketen ondorioz.

Nire ustez, abiapuntu bat izateak lasaitasuna ematen du; izan ere, oinarri bat duzu lan egiteko eta, gainera, profesionalei informazioa emateko. Aldi berean, mundu guztiak jakin behar du dokumentuak dinamikoak direla, eta prestatu egin behar dela zalantzarik gabe gertatuko diren aldaketetara egokitzeko.

Emaitzak ikusita, badirudi Gipuzkoan ondo lan egin dela. Non eragin behar dugu emaitza horiek mantentzeko eta hobetzeko?

Benetan uste dut ondo lan egin dela, eta ziur nago gauza asko daudela hobetzeko. Eta puntu hau Zuzendaritzarekin lantzen ari gara: zer egin den ondo eta zer hobetu daitekeen.

Nire ustez, infekzioa prebenitzeko neurriak mantendu behar dira. Badakit behin eta berriz esatea dela, baina maskararen erabilera egokia, segurtasun-distantzia mantentzea eta, batez ere, eskuen higiene egokia dira ahaztu behar ez diren funtsezko neurriak. Eta neurri horiek guztientzat dira, bai herritarrentzat, bai langileentzat.

Hortik aurrera, osasun-zentroetara joaten diren paziente guztiei arreta estandarra aplikatzea, eta, infekzio transmitigarrien susmoa dagoenean, transmisio-mekanismoaren araberako arreta-neurriak areagotzea, bai Covid 19a saihesteko, bai beste infekzio batzuk saihesteko. Langileen nahiz pazienteen segurtasunean lan egin behar da.

Nola berrantolatu duzue zuen zerbitzua egoera honi aurre egiteko?

Lehenik eta behin, zerbitzuan lan egin duten pertsonen giza kalitatea eta kalitate profesionala nabarmendu nahi dut: erizaintzako profesionalak, administrariak, fakultatiboak, bai zerbitzuan zeudenak, bai laguntzera etorri zaizkigunak. Hasiera-hasieratik agertu dira inplikatuta, konprometituta, ikasteko eta lan egiteko gogo handiarekin eta erabateko prestutasuna eskainiz, eta horrek asko erraztu du zerbitzua berrantolatzea. Gure lan-ordutegia arratsaldeetara eta asteburuetara luzatu dugu.

Infekzioa zaintzera, prebenitzera eta kontrolatzera bideratu dugu gure jarduera, horixe baita gure ohiko zeregina, baina SARS-CoV-2an zentratu dugu. Horren ondorioz, zerbitzuaren ohiko jarduerak “baztertuta” utzi ditugu, hala nola infekzio kirurgikoak zaintzeko azterketak eta txertaketa-kontsulta, zeina kasu larrietarako bakarrik mantendu baita; ingurumen-biosegurtasuna profesionaletara egokitu da.

Instalazio zein tresnen higienearekin, garbiketarekin eta desinfekzioarekin zerikusia duen guztiari eman zaio lehentasuna, eta infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko neurriei.

Zuen zerbitzuan koronabirusari buruzko informazioa biltzeaz arduratu zarete. Nola egiten da lan hori?

Horrek lan-ordu asko eskatu dizkigu; informazioa biltzea, aztertzea, antolatzea eta forma ematea lan izugarria da, ikusten ez den lana. Baina pozgarria ere bada, beste lankide batzuekin orain arte ez bezalako harremana duzulako.

Sare-lana funtsezkoa izango zen.

Bai, ESIko beste profesional batzuekiko eta beste erakunde batzuetako Prebentzio Medikuntzako lankideekiko komunikazioa etengabea izan da: Skype eta Zoom bidezko bilerak, mezuak, telefono deiak…

Baina guk ospitale barruan aurrez aurreko lan bat egin dugu, edo behintzat horretan saiatu gara. Nire ustez, ikusgarritasunak, beste lankide batzuekin hitz egiteko bertara joateak, konfiantza handiagoa ematen du, eta gure zerbitzua eta egiten dugun lana gehiago ezagutarazteko aukera ematen du. Gainera, aukera ematen du jendeak galderak eta kexak zuzenean agertzeko, eta hori ez da beti atsegina izaten.

Gure erakundea prestatuago al dago berragertze bati aurre egiteko?

Zalantzarik gabe, ikasi dugu eta ikasten jarraitzen dugu. Orain badakigu Coviden kasuekin eta susmoekin lan egitea zer den, baina uste dut profesionalok nekatuta ere bagaudela, eta oporrak hartu ahal izango ditugula pentsatu nahiko nuke.

 Profesionalok zer informazio eskatu dugu gehien, eta zer zalantza izan ditugu?

Nik esango nuke, gure kasuan, bi gai izan direla ardatzak: norbera batesteko ekipamenduak (NBE) eta garbitasunarekin eta desinfekzioarekin zerikusia duen guztia. Horren inguruan konta ezin ahala galdera planteatu dira eta planteatzen dira.

Eta hemendik aurrera zer?

Lanean gogor jarraitzea. Oraindik asko dago egiteko eta jarduera asko daude atzeratuta.

Eta koronabirusari dagokionez, kasuen eta kontaktu estuen zaintza- eta kontrol-planean murgilduta gaude. Plan horren helburuak honako hauek dira: Covid-19 kasuen detekzio goiztiarreko sistema bat ezartzea, kasuen eta haien kontaktu estuen jarraipena egitea ikuspegi kliniko eta epidemiologikotik, eta pandemiaren ibilbidea monitorizatzea, transmisioa minimizatzeko.

Horretarako, jarduketa-plan bateko partaide gara, Osasun Publikoko , Lehen Mailako Arretako  eta Lan-Osasuneko langileekin, Covid-19 kasuak kudeatzen dituzten erizainekin, ESIko Zuzendaritzarekin eta beste prebentzio-zerbitzu batzuekin batera. ESI bakoitzean talde bana osatu da, eta, elkarrekin eta modu koordinatuan lan eginez, ezarritako helburuak bete ahal izatea espero dugu.