Iván Carbajo, Donostialdeko ESIko Errehabilitazioko zerbitzuburua: «Astean zainketa mediko intentsiboetako (ZMI) 2-3 interkontsulta jasotzetik 10-15 jasotzera igaro gara»

Donostialdeko ESIko Errehabilitazio Zerbitzuak lan garrantzitsua egiten du ospitaleratuta dauden pazienteen errehabilitazioan, bai Amara eraikineko bulegoetan, bai gure ospitaleko beste edozein zerbitzutan. Gainera, Lehen Mailako Arretatik eta arreta espezializatutik bideratutako paziente anbulatorioak ere artatzen dituzte. Hori gutxi balitz bezala, pandemia-hilabete hauetan, COVID-19a izan duten pazienteak batu zaizkie gainerako pazienteei, batez ere zainketa intentsiboetako unitateetan sedatuta eta intubatuta luzaroan egon diren paziente kritikoak. Iván Carbajo Donostialdeko ESIko Errehabilitazioko zerbitzuburuak pandemiaren bigarren olatu hau nola bizitzen ari diren azaldu digu.

 

Nola dago antolatuta eta zer zerbitzu eskaintzen ditu Donostialdeko ESIko Errehabilitazio Zerbitzuak?

Donostialdeko ESIko Errehabilitazio Zerbitzuan lan egiten dute gaur egun 14 mediku espezialistak, 4 BAMEk, 40 fisioterapeutak, 5 terapeuta okupazionalek eta 2 logopedak. Zerbitzu-zorro oso zabala eta askotarikoa dugu. Desgaitasuna (eta batzuetan mina) sortzen duten prozesu oso desberdinak tratatzen ditugu eta bi alderdiak hobetzen saiatzen gara. Funtsezko helburua pazienteen susperketa funtzionala da.

Gure jarduera, funtsean, bi asistentzia-eremutan egituratzen da:

  • Ospitaleratutako pazienteei laguntzea: alde batetik, Errehabilitazio Zerbitzuaren ardurapean dauden pazienteak (egonaldi ertaineko/luzeko ospitalizazio-solairua, Amara eraikineko 3. solairuan). Hor, paziente hauek dira nagusi: neurologikoak (iktusa izan dutenak batez ere), anputatuak, politraumatismoak, ZMIetan hartutako ahultasuna duten pazienteak, hainbat motatako narriadura funtzionalak, eta abar. Bestetik, beste edozein ospitale-zerbitzutan ospitaleratutako pazienteak artatzen ditugu, interkontsultaren edo protokolizazioaren bidez.
  • Paziente anbulatorioei laguntzea: Lehen Mailako Arretatik eta arreta espezializatutik bideratutako pazienteak, eta DUOn ospitaleratu ondoren alta hartu duten pazienteak. Prozesu muskuloeskeletiko akutuak edo kronikoak, arazo neurologikoak, linfedemak, gernu-inkontinentzia, aurpegiko paralisia, BGBK, kardiopatia iskemikoa, edozein arrazoirengatiko beherakada funtzionalak eta abar dituzten pazienteak dira. Horretarako, kontsulta medikoak eta terapia-eremuak ditugu DUOn bertan (Fisioterapia, Logopedia, Terapia Okupazionala) eta Amara Berriko osasun-zentroan (fisioterapia, Logopedia, Terapia Okupazionala), Larzabalgo osasun-zentroan (Fisioterapia), Altzako osasun-zentroan (Fisioterapia), Tolosako osasun-zentroan (Fisioterapia) eta Pasai San Pedroko osasun-zentroan (Fisioterapia).

 

Nola ari zarete moldatzen pandemiaren bigarren olatu honetan? Zer moduz daude zure zerbitzuko langileak?

Uste dut biztanle gehienak bezala, nahasita. Ezin dugu sinetsi egoera honetara itzuli garenik. Baina, aldi berean, erantzukizunez jokatzen ari gara; jakin badakigu horrelako pazienteentzat gure esku-hartzea oso garrantzitsua dela, eta gure lana ahalik eta ondoen egiten jarraitzeko gogoa dugu, bai COVID pazienteekin, bai gainerakoekin. Azpimarratu behar dut zerbitzuko profesionalen erantzun bikaina eta pandemiaren une bakoitzeko egoeretara egokitzeko duten gaitasuna.

Oraingoz, COVID ez diren prozesuetan, ohiko jarduera ez da asko aldatu, eta horri sekuelak dituzten COVID pazienteen arreta gehitu behar zaio. Bigarren fase honetan, 60 COVID paziente inguru artatu ditugu, ospitaleratze-interkontsultaren bidez, batez ere ZMIetatik bideratutakoak, baina baita Barne Medikuntzatik edo Pneumologiatik ere.

 

Pandemiaren lehen olatuan, errehabilitazio-solairua itxi egin zuten koronabirusari aurre egiteko oheak izateko. Nola berrantolatu zineten orduan eta nola ari zarete berrantolatzen bigarren olatu honetan?

Martxoaren erdialdean gure solairua 48 ordutan «hustu» behar izan genuen, COVIDak eragindako ospitalizazio mordoari lekua egiteko, eta Amara eraikinean zentralizatu zen zerbitzua. Solairuko langileek (erizainek eta laguntzaileek), egun batetik bestera, ez zekiten zeri egin behar zioten aurre. Eta bikain erantzun zuten. Gainera, itxialdiarekin, anbulatorioetako kontsulta asko eta gimnasio guztiak itxi ziren, eta, ondorioz, nabarmen murriztu zen gure ohiko jarduera. Egoerara egokitu eta geure burua berrasmatu behar izan genuen: Zerbitzuko 5 mediku (2 adjuntu eta 3 egoiliar) aritu ziren elkarlanean Barne Medikuntzako Zerbitzuarekin COVID solairuetan. Fisioterapeutak eta terapeuta okupazionalak behar handiena zuten pazienteen etxeetara joan ziren, hainbat prozesutarako laguntza-dokumentuak egin zituzten, logopedek tratamenduak egin zituzten online, gimnasioetako laguntzaileek eta zeladoreek COVID solairuetan lagundu zuten… Ziur asko gauza batzuk hobeto egin zitezkeen, baina, oro har, uste dut egoerak eskatzen zuen bezala jardun genuela.  Ondoren, lehen fase hori igarota, egoera aldatuz joan zen. Aste Santuan, Medikuntza Intentsiboko profesionalekin adostuta, ZMIetara joaten hasi ginen, gaixotasunaren fase akutua gainditu arren ondorio larriak (paziente kritikoak hartutako ahulezia) zituzten pazienteak baloratu eta tratatzeko. Gero eta gehiago ziren, eta horietako asko, behin ZMIetatik kanpo eta negatibizatuta, gure solairuan sartzen ziren; hala, pixkanaka COVID akutua zuten paziente gero eta gutxiago genuen. Ordutik aurrera, ohikoaren antzeko jarduera berreskuratu genuen poliki-poliki. Lehen olatu hartan, COVIDa zuten 60 paziente kritiko artatu genituen gutxi gorabehera.

 

Zer garrantzia du errehabilitazio-zerbitzuak COVID-19a gainditu duten pertsonentzat?

ZMIetatik igaro diren eta sedazio eta intubazio luzeak behar izan dituzten paziente kritikoek, neurri handiagoan edo txikiagoan, lehen «paziente kritikoaren polineuropatia» deitzen zena izaten dute; orain «ZIUan hartutako ahultasuna» esaten zaio. Indar-galera larria gertatzen da maila guztietan, eta hitz egiteko, arnasa hartzeko, irensteko, mugitzeko zailtasuna eta, oro har, autonomiaren galera larria eragiten ditu. Argitu behar da koadro horiek ez direla COVIDak sortutakoak bakarrik. Aldea handia izan da: astean ZMIetako 2-3 interkontsulta jasotzetik, 10-15 jasotzera igaro gara. Badakigu paziente kritikoaren mobilizazio goiztiarrak, ahal bada, ZMIetako egonaldia eta ospitaleko egonaldi osoa murrizten eta ospitaleko alta hartzerakoan egoera funtzionala hobetzen lagun dezakeela. Ez da gutxi.

 

Nolakoa da pertsona horien errehabilitazio-prozesua?

Errehabilitazio-zerbitzuak, Medikuntza Intentsiboko Zerbitzuarekin lankidetza estuan, honela artetzen ditu paziente horiek: interkontsulta jasotzen dugunean, lehenik eta behin, errehabilitazio-medikuak balorazio bat egiten du ZMIetan. Balorazio hori kontuan hartuta, tratamendua eta helburu zehatzak proposatzen dira. Helburuok pazientearen aurrerapenaren arabera berrikusi eta eguneratu behar dira. Entrenamendu hori pazienteek egiten dute fisioterapeuten, terapeuta okupazionalen eta logopeden laguntzarekin. Mailakatua, indibidualizatua eta pazienteek une bakoitzean dituzten beharretara eta aukeretara egokitua izan behar du. Indarra, erresistentzia, arnasketa-funtzioa, esku-trebetasuna eta gero eta autonomoagoak izateko beharrezkoak diren zeregin funtzionalak lantzen dira (ohean biratu ahal izatea, aulkian luzaroago irautea, zutik egotea, pauso batzuk egitea, eskuak norberaren burua zaintzeko oinarrizko zereginetarako erabiltzea…). Askotan, irensketa eta komunikazioa ere entrenatu behar izaten dira. Prozesu horrek hilabete asko iraun ditzake: ZMIetan hasi, ospitalizazio-solairuan egon bitartean jarraitu eta anbulatorioan amaitzen da, egoera funtzional hobea berreskuratzen dutenean eta beren kabuz entrenatzen jarrai dezaketenean.

 

COVID pazienteek, ospitaleratuta egon direnek zein etxean egon direnek, galera handiak izan dituzte muskulu-masan. Nola egiten dio aurre arazo horri errehabilitazio-zerbitzuak?

Guk, lehen esan dudan bezala, kritikoekin lan egin dugu batez ere, ZMIetako egonaldiaren ondoren narriadura funtzional askoz nabarmenagoa izan dutenekin. Solairuan ospitaleratutako batzuk ere tratatu ditugu, baina ez etxean ospitaleratu dituzten kasu arinak.

Ikusi dugu, ordea, COVIDa izan ez duten pazienteek okerrera egin dutela jarduerarik ez delako egon eta itxialdiak iraun bitartean errehabilitazio-terapiak eten egin direlako. Beraz, berreskuratu zituzten gaitasunak galdu dituzte, edo ez dituzte lortu ohiko baldintzetan lortuko lituzketen hobekuntzak. Horregatik, bigarren fase honetan, funtsezko helburu bat COVID pazienteak ondo artatzea izan behar da, baina gainerakoak alde batera utzi gabe.

 

Pandemian zehar, triptiko bat egin zenuten ospitaleratutako pazienteentzako ariketekin.

Bai, zerbitzuko fisioterapeutek egin zuten. Ospitaleratze-aldian ariketa fisikoa egiteko gomendioak jasotzen ditu. Oso ondo azalduta dago. Ospitaleratutako pazientearen jarduera fisikoa sustatzeko beste tresna bat da. Ospitaleratutako paziente guztiek irakurri ahal izatea gustatuko litzaiguke, erabateko atsedena agintzen zaienek izan ezik, jakina.

 

 Zergatik dira garrantzitsuak horrelako ariketak ospitaleratuta egon bitartean?

Gai hori estrategikotzat jotzen dugu zerbitzuan, pandemia alde batera utzita: ospitaleratutako pazienteak fisikoki aktibo mantentzea, ahal duten neurrian.  Kasu batzuk askotan errepikatzen dira ospitalean. Adibide bat jarriko dut:  Adineko pertsona arnasketa-infekzio edo antzeko prozesu bategatik ospitaleratu dute. Ospitalera sartzen da, ohean egoten da 4-5 egunez, ospitaleratzea eragin zuen prozesua sendatzen da, baina alta ematean ikusten dugu ezin dela ibili, ohean egondako aldiak eragindako ahuleziagatik. Ospitaleratzea ohean atseden hartzearekin lotu ohi dugu. Eta egungo egoeran, bisitarik gabe eta gelatik irteteko aukerarik gabe, arazoa okerragotu egin da. Agindu mediko argirik ez badago pazientea ohean egoteko agintzen duena, ospitaleratutako pazienteek jarduera fisiko erraza eta segurua egin beharko lukete egunero, bakoitzaren egoerara egokituta. Horrela, ohean egoteak eta jarduerarik ezak sor ditzaketen ahuleziak eta autonomia-galerak prebenitu nahi ditugu.

 

 Zer ariketa mota egitea gomendatzen diozu COVIDa izan duen eta sendatu den pertsona bati?

Behin sendatuta, gainerako biztanleei gomendatzen diegun gauza bera gomendatzen diegu: intentsitate ertaineko ariketa fisikoa egitea aldizka, gehiegi nekatu gabe, eta bakoitzak nahiago duena: erritmo onean oinez ibiltzea, bizikletan ibiltzea, igeri egitea, dantza egitea, gimnasiora joatea… Elikadura osasungarria edukitzea eta ez erretzea. Eta zoriontsu izaten saiatzea. Oraingoz ez dugu ezer hoberik asmatu.