Javier Martín, Donostialdeko ESIko Ahoko eta Aurpegi-masailetako Kirurgia Zerbitzuko burua: «Ahoko eta aurpegi-masailetako kirurgia espezialitate mediko bat da, eta horren xedea da aurpegi-egitura osoko sortzetiko eta hartutako gaixotasunen azterketa, prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua eta errehabilitazioa egitea»

Aurpegi-masailetako kirurgiaren espezialitatea aurpegi-egitura osoan agertzen diren arazo guztiez arduratzen da. Askotariko prozedurak eta jardun-eremuak biltzen ditu; espezialistak, horrenbestez, laguntza-prestakuntza osoa eta askotarikoa eduki behar du ezinbestean. Donostialdeko ESIko Aurpegi-masailetako Kirurgia Zerbitzuak horri lotutako zerbitzu-zorro handi bat eskaintzen du; BAME espezialisten prestakuntza gehitu berri da, gainera. Javier Martín, Donostialdeko ESIko Ahoko eta Aurpegi-masailetako Kirurgia Zerbitzuko buruak azaldu digu espezialitate horren nondik norakoak.

 

Tumoreak listu-guruinetan ere ager daitezke, nolakoa da tratamendua horrelakoetan?

Listu-guruinen tumoreak, gehienetan, guruin nagusietatik datoz (hauek dira: parotida, masailezurpekoa eta mihipekoa), eta % 80 parotidan egon ohi dira.

Horietatik % 80, halaber, tumore onberak dira.

Agindutako tratamendua kirurgikoa da, batez ere.

Parotidako tumoreen tratamendua berezia eta zaila da aurpegi-nerbioa guruinaren barrutik igarotzen delako; kirurgia horretan, funtsezko alderdi bat da, halaber, nerbioa kontserbatzea, betiere tumoreak eraginda ez badago.

Nerbioa kaltetuta dagoenean, askotariko berreraikitze-teknikak erabiltzen ditugu aurpegi-paralisia tratatzeko.

 

Zer teknika erabiltzen dituzue aurpegiko traumatismoak berreraikitzeko?

Kasu gehienetan, aurpegiko hausturen kirurgia-tratamenduan, hausturaren erredukzio irekia egiten da lehenik, eta, gero, osteosintesi bidez egonkortzen da, titaniozko miniplakak erabiliz.

Horiek sartzeko, ebakiak egiten dira aho barnean, bai eta, zenbaitetan, buruko larruazalean ere; horiek gero ez dira agerian gelditzen. Eskuarki, aurpegian ez dugu kanpoaldeko ebakirik egiten.

Energia handiko traumatismoak badaude, baita aurpegi-ehunen abultsioak ere, gorputzaren askotariko aldeetako zintzilikario baskularizatu mikrokirurgikoen bidez berreraiki beharra dago. Hezurra berreraiki behar izanez gero, peronea, gandor iliakoa edo eskapula erabili ohi dira.

Hezurra eta estaltzen duen larruazala atera, baita hori irrigatzen duten odol-hodiak ere, eta akatsaren aldean transplantatzen dira, hodi horiek lepoko hodiei anastomosatu ondoren.

 

Gaixotasun periodontala aski maiz gertatzen da, eta, gainera, beste gaixotasun batzuen konplikazioa da (diabetesena, adibidez). Zer egin behar dugu prebenitzeko?

Gaixotasun periodontala da hortzak galtzeko kausa nagusia.

Ehun periodontalen infekzio kroniko iraunkorra dakar, eta urrutiko infekzioak eragin ditzake horrek.

Deuseztatu ezean, hortzei eusten dieten egiturak galtzen dira (oia eta hezurra).

Immunoeskasia-egoerek eta sistema immunea arriskuan jartzen duten tratamenduek edo gaixotasunek baliteke hura larriagotzea.

Aho-garbiketa egokian datza haren prebentzioa.

Dentistaren esku dago haren tratamendua. Tratamendu horren barruan, garbiketa mekaniko egokia egiten da kuretajeak eta kirurgia periodontala erabiliz (zintzilikarioak eta mentuak barne), eta zenbaitetan antibiotikoak ematen ditugu, hura berriz larriagotuz gero.

 

Adituek ohartarazi dute nahasmendu tenporomandibularrak ugaritzen ari direla bizitzen ari garen egoerarekin lotutako estresaren eta antsietatearen ondorioz. Nabari al duzue paziente gehiago joaten direla kontsultara arazo horiek direla eta? Nola tratatzen dituzue?

Bai, hala da.

Arazo horiek etengabe gehitu dira azken urteotan.

Bi mekanismo fisiopatologikok eragiten dituzte nahasmendu horiek, eta uztartuta ageri dira maiz.

Mekanismo horietan lehena murtxikatze-muskuluen alterazioa da. Askotariko kausak (antsietatea eta estresa, besteak beste) bruxismoa eta hortzak estutzea eragiten dute, eta muskulu horien kontraktura gertatzen da horien ondorioz; horrek min hedatsua eragiten du, zeina barailan, lokian eta lepoko goiko aldean zabaldu ahal den.

Beste mekanismoa giltzadura tenporomandibularraren alterazioa da. Honako sintoma hauek eragiten dituzte: giltzadurako mina, ahoa irekitzeko zailtasuna eta giltzadura-hotsak.

Muskuluaren kontrakturak eragindako sintomen tratamendua honako honetan datza; hura larriagotzen duten jarduerari buruzko heziketa eta aholkuak (txikleak ez jatea, azazkalak ez ausikitzea, dieta gogorra saihestea…), higadura oklusaleko ferulak erabiltzea (muskuluaren kontraktura saihesten laguntzen dute), eta neurri fisikoak, fisioterapia, etab.

Giltzadura-alterazioen tratamenduak kirurgia-teknika artroskopikoak erabiltzea dakar. Gure zerbitzuan duela 3 urtetik ari gara teknika horiek aplikatzen; hori egiten duen Osakidetzako zerbitzu bakarra da. Lopez Vaquero eta Apellaniz doktoreak dira teknika horien mediku arduradun bakarrak.

 

Zer ekarpen egiten dio 3D teknologiak zuen espezialitateari?

Iraultza txiki bat ekarri du gure espezialitatera.

Alderdi bat baino gehiago ditu.

Batetik, oso baliagarria da kirurgia onkologikoak eragindako akatsak, traumatismoak eta aurpegiko deformazioak nola tratatu planifikatzeko.

Teknologia horrek irudi-proben bidez (OTA, EMN) lortutako informazioa hartzen du, DICOM artxiboen bidez, bai eta aho barneko egituren laser bidezko erreprodukzio digitala ere; hala bada, bi horiek bat egiten dute paziente birtual bat lortzeko, eta azken horren gainean egiten dira proposatutako tratamenduak eta berreraikitze egokiak.

Hori horrela, kasu onkologikoetan software-programa bereziak erabiltzen ditugu barailako tumorea –adibide bat ematearren– erauztea eta hura pazientearen peronearen segmentu baten bidez berreraikitzea planifikatzeko. Horri esker, berreraikitze horren askotariko alderdiak ezagutu ahal ditugu (hezur-segmentuetako ebaki zehatzak nola egin zehaztasunez egokitu daitezen; zintzilikarioaren pedikuluaren luzera egokia den jakitea; zatien angulatzea…).

Deformazioei dagokienez, egoera zehaztasun handienez zer mugimendu motak zuzentzen duen saiatzen dugu, eta gidak eta ferulak prestatzen ditugu interbentzioan kirurgialaria zehatz bideratzeko.

Horrez gain, berreraikitze-protesi eta -plana indibidualizatuak egin ditzakegu CAD-CAM teknologiaren bidez; emaitzak erraztu eta hobetzen dituzte horiek.

 

Aho-osasunari buruzko zer aholku emango zeniguke?

Aholku errazak dira, eta guztiok dakizkigu. Aho-higienea etenik gabe egin behar dugu. Ohitura kaltegarriak saihestu behar ditugu (tabakoa, alkohola), lotura zuzena baitute ahoko minbiziaren sorrerarekin. Aldian behin joatea dentistarenera, azterketa egitera.

Aho-barrunbean ultzerarik edukiz gero, eta 2 asteren buruan ez bada sendatzen, dentista edo medikuarengana joatea.

 

Zein dira, zure iritziz, aurrerapenik garrantzitsuenak aurpegi-masailetako kirurgiaren, ortodontziaren eta, oro har, aho-hortzen osasunaren zaintzan?

Aurreko galderetan aipatu ditugu dagoeneko haietako batzuk.

Adierazi ditugu jada plangintzaren eta berreraikitzearen arloko aurrerapenak.

Beste berrikuntza batzuk bidean gelditzen dira, ordea, nahi genuen efikazia ez baitute frogatu.

Zerbitzuko mediku guztiok engaiaturik gaude espezialitatearen aurrerapenarekin, eta pazienteek ahalik eta arretarik onena jasotzeko konpromisoa dugu, orobat. Lehendik aipatutakoez gain, Esnal, Rad, Vicuña eta Azkona doktoreen eskarmentua eta lana ere badugu. Herritarrei ahalik eta kalitate handieneko laguntza eskaintzen saiatzen gara horiei guztiei esker.