Javier Mendicute, Donostialdea ESIko Oftalmologiako zerbitzuburua: “Aurrez aurreko kontsultek ia ohiko mailari eusten diote, horrelako kontsultek eskatzen dituzten babes-neurri guztiak hartuta”

Donostialdea ESIko Oftalmologia Zerbitzuko taldeak urtero egiten dituen 3.500 katarata-ebakuntzek erakusten dute zerbitzu honek nolako lan-bolumenari aurre egin behar dion eta zer garrantzi duen gure erakundearentzat. ESIko gainerako zerbitzuetan bezala, COVID-19ak bertako jarduera aldatu du, eta Javier Mendicute arduradunak adierazi duenez, “inprobisazioa dohain bihurtu” behar izan dute. Horrek euren lanari buruzko hausnarketa estrategiko garrantzitsu batera bultzatu ditu. Hala, Gaikuntza Espezifikoko Arloetan prestakuntza espezializatua eskaini ahal izateko akreditazioa prestatzen ari dira. Javierrek bere zerbitzua nola berrantolatu duten kontatu digu, eta, bidez batez, bere espezialitatearekin lotutako beste gai batzuei buruz galdetu diogu.

 

Urte zaila eta arazotsua izan da Donostialdea ESIko unitate guztientzat. Nola egin diozue aurre urteari?

Inprobisazioa dohain bihurtu behar izan dugu. Inork ez genuen pentsatuko honelako egoera bat bizi beharko genuenik. Langile guztien laguntzari esker, aldaketetara egokitu gara.

 

Oftalmologiako Zerbitzua nolabait berrantolatu behar izan da?

Agerikoa da martxoan eta apirilean egoera dramatikoa izan zela. Gure agenden bolumena zela eta, 6.000 paziente baino gehiago birkokatu behar izan genituen, konfinamendu hartan artatu beharrekoak. Atzeratu ezin ziren pazienteei arreta ematen jarraitu genuen, eta mantendu egin genituen erretinako patologiaren tratamendu intrabitreoak eta premiazko kirurgia, erretina askatzearena kasu. Bestalde, asistentzia-sistemak bultzatzeko aukera ere ikusi genuen, hala nola tele-erretina eta tele-glaukoma, maiatzaren hasieran jarri zirenak martxan.

 

Espezialitate askotan kontsulta presentzialak murriztu dira, eta telefono bidezkoak areagotu. Zuen kasuan ere bai? Horrela bada, zein izan da pazienteen erreakzioa?

Gure espezialitatea diagnostiko-lantaldeen mende dago neurri handi batean. Konfinamenduan, aurrez aurreko kontsulten ordez telefono bidezkoak egin genituen, eta horien bidez bereizi ahal izan genuen zein paziente ziren ikusi beharrekoak eta zein zeuden atzeratu ahal izateko bezain egonkor.  Gaur egun, telefono bidezko kontsulta testimoniala da, eta aurrez aurreko kontsultek ia ohiko mailari eusten diote, horrelako kontsultek eskatzen dituzten babes-neurri guztiak hartuta.

 

Begietako prozesu larriei eta patologia kroniko edo konplexuei jarraipena egin eta tratamendua jartzeak berebiziko garrantzia du, eta horiek atzeratzeak ikusmena eta bizi-kalitatea galtzea ekar dezake. Pandemia honetan posible izan da aipatutako jarraipen eta tratamendu horiek gauzatzea?

Bai, patologia urgente edota larri guztiak normaltasunez artatu dira: asistentzia hori eman ahal izan genuen, eta eman dezakegu.

 

Pandemia honetan gure begiek gehiegitan egokitu behar izan dute gertuko ikusmenera; aire libreko jarduera gutxi edo batere ez dugu egin; eta etengabe egon gara pantailen aurrean, bai telelanean, bai aisialdian, telebista eta gailu mugikorrak erabiliz. Egoera honen ondorioz ikusmen-nekearen eta begi lehorraren sintomek gorakada handia izan dute?  

Gailuei eta irakurraldi luzeei loturiko ikusmen-nekeak begi lehorra duten pazienteen sintomak larriagotu ditu. Kasu larri batzuetan izan ezik, begi-higieneari buruzko gomendioak eta malko artifizialak nahikoa izan dira.

 

Pandemiako zailtasunak gorabehera, zuen zerbitzuak etekina atera dio 2020ari: jardunaldietan parte hartu duzue eta hainbat aitormen jaso…

Donostia Unibertsitate Ospitaleko Oftalmologiako Zerbitzuak zentzu horretan oso aktibo amaitu du 2020a. Jardunaldi eta mintegietan egoten jarraitu dugu, nahiz eta oraingoan gehienak modu birtualean egin diren.

Aitormenei dagokienez, Oftalmologiako Espainiako Elkarteak irailean egindako jardunaldian “Joaquín Barraquer irakaslearen hitzaldia” aurkezteko aukeratu ninduten. Bertan, pseudoexfoliazioaren sindromean eta kataraten kirurgian daukagun esperientzia klinikoari eta ikerketa-esperientziari buruz hitz egin nuen.

Inplante- eta Errefrakzio-Kirurgiaren Espainiako Elkartearen (SECOIR) 35. Jardunaldia ere irailera atzeratu zen. Oftalmologiako Zerbitzuko kideek hainbat hitzaldi eman eta komunikazio libreak egin zituzten. Leire Galdós egoiliarrak, zeinak Martínez-Soroa doktorea duen tutoretzat, komunikazio onenaren saria jaso zuen Korneako atalean, “Análisis retrospectivo de ectasias corneales primarias y secundarias tras la aplicación de cross-linking acelerado: resultados a un año” izeneko komunikazioarengatik.

Bestalde, Itziar Martinez-Soroa, Victoria de Rojas eta Ramon Lorente doktoreek elkarte horrek argitaratutako “Catarata, Córnea y Superficie Ocular” izeneko monografia aurkeztu zuten. Liburu hori korneako patologiaren arloan eragin handiena duten nazioko eta nazioarteko zirujauekin elkarlanean egin dute egileek, eta erreferentziazko eskuliburu bat egin dute korneako eta begi-gainazaleko patologiak dituzten pazienteen kasuan katarataren kirurgia nola landu eta tratatu jakin nahi duenarentzat. Egileek liburuaren hitzaurrea egitea ere eskaini zidaten; eskaintza ohore bat izan zen niretzat, eta zerbitzuburu gisa izan nuen lehen egoiliarraren lan bikaina gauzatuta ikusteko pozarekin egin nuen eskatutakoa.

Bilbo-Basurtuko ESIak aurten antolatutako Iparraldeko Oftalmologia Elkartearen 42. kongresuan ere hainbat hitzaldi eman zituzten Donostialdeko ESIko oftalmologoek, glaukomari, keratokonoari, ubeitisari eta erretinari buruz. Leire Galdos egoiliarrak, Itziar Martínez-Soroak, Aritz Bidagurenek eta Nahia Goñi Damboreneak komunikazio onenaren saria jaso zuten Aurreko Segmentuaren atalean, “Análisis densitométrico en queratocono tras la aplicación de Cross-Linking acelerado: resultados a un año” lanarekin.

 

Bizitzan zehar, ikusmena gastatzen doakigu?

Erabiltzen ez diren organoak atrofiatu egiten dira. Ikusmena ongi erabiltzen badugu, ez da gastatzen. Baina ikusmenak aldaketa fisiologikoak jasaten ditu adinarekin; adibidez, presbizia edo ikusmen-nekea agertzen dira, eta 50 bat urtetik aurrera betaurrekoak jantzi behar izaten ditugu; gainera, kristalinoa opakutu egiten da eta kataratak agertzen dira. Onartu beharreko aldaketa fisiologikoak dira. Bestalde, oftalmologiak baditu horientzako konponbide mediko eta kirurgikoak.

 

Zein dira gehien tratatzen dituzuen patologiak, eta zerk eragiten ditu?

Kataratak dira prozesu kirurgiko ohikoena; ospitale honetan urtero 3.500 kirurgia baino gehiago egiten dira. Ondoren, erretinarena, tratamendu atzeraezina eskatzen duena: astero 175 pazienteri egin behar izaten diegu erretinaren tratamendu intrabitreoa.

 

Zein dira ikusmenerako arrisku-faktorerik handienak?

Tabakoa, elikadura desegokia eta diabetesaren kontrol eskasa daude gure patologia gehienen oinarrian. Genetikari dagokionez, epigenetikak zerikusi handia du.

 

Posible da begiko hainbat gaixotasun prebenitzea? Nola?

Zalantzarik gabe, elikadura-ohitura onak izatea eta toxikoak ekiditea funtsezkoa izan daiteke, bai eta eguzkiarekiko gehiegizko esposizioa ekiditea ere.

 

Nola zaindu behar ditugu gure begiak eta ikusmena, eta zer maiztasunekin egin behar dugu ikusmen-azterketa?

Begien zainketa onak beharrezko kasuetan preskripzio optiko egoki bat izatea eskatzen du, eta ikusmen-ohitura onei buruzko funtsezko arau batzuk jarraitzea, hala nola lantokietan argiztapen- eta hezetasun-baldintzak optimizatzea.

Osasun-azterketak garrantzitsuak dira 6 urtetik beherakoetan, “begi nagiak” atzeman ahal izateko, eta 50 urtetik aurrera ere 2-3 urtean behingo azterketak garrantzitsuak dira glaukomak atzemateko. Gainerako kasuetan, sintomak agertzean joan behar da kontsultara.

 

Garrantzitsua da eguzkitako betaurreko on batzuk erabiltzea? Umeen kasuan ere bai?

Bai, eguzkitako betaurreko on batzuk beharrezkoak dira eguzki-esposizioa eta altitudea handiak diren guneetan, non izpi ultramoreak ez diren ongi iragazten. Bestalde, pentsatu behar dugu argia funtsezkoa dela hainbat prozesu biologikoren erritmo niktemerala mantentzeko, eta eguzkitako betaurrekoak gehiegi erabiltzea ere kaltegarria izan daitekeela. Nik neuk, haurren kasuan, eguzkitako betaurrekoak esposizio handiko jardueretan bakarrik erabiltzea gomendatzen dut; adibidez, eskiatzean.

 

Zein dira zerbitzuaren erronkak epe ertain eta luzerako?

Hausnarketa estrategiko batean murgilduta gaude. Hori ekartzen digute krisiek.

Osasun Ministerioaren datozen urteetarako planaren arabera Gaikuntza Espezifikoko Arloak direnetan prestakuntza superespezializatua eman ahal izateko akreditazioa lortzeko prestatzen ari gara.

Egoiliarrekin ditugun irakaskuntza-konpromisoekin jarraitzen dugu. Bidaguren, Gibelalde, Gallego eta Martinez-Soroa doktoreek, egoiliarren tutore diren aldetik, haien prestakuntza gainbegiratzen dute. Eta Martinez-Soroa doktoreak arestian aipatutako aitormena merezi izan duten egoiliarren komunikazio eta argitalpenen ardura du.

Erretinako distrofietan Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitate (CSUR) gisa akreditazioa jasotzeko zain gaude, azaroan auditoria pasatu ostean, Cristina Irigoyen doktoreak eta Erretinako ataleko kideek sustatutako proiektu baten baitan.

Eta ikerketa-unitate bat dugu, Arantxa Acera doktoreak koordinatua, lehiakortasun-proiektuetan zein saiakuntza klinikoetan jarduten dena.

Eta Oftalmologiako Zerbitzurako nire erronka pertsonala? Nire konpromisoa beti izan da hemen aurkitu nuen egoera asistentziala hobetzea, eta bertako langile guztien proiektuak gauzatzen laguntzea.

 

Esateko beste ezer?

Bai, lerro hauek aprobetxatu nahi nituzke Oftalmologiako Zerbitzuko profesional guztiei proiektu honetan erakutsi duten dedikazioagatik eskerrak emateko. Gaurko elkarrizketa honetan denek izan behar lukete leku bat.

Azkenik, Oftalmologiako Zerbitzuak Donostia Unibertsitate Ospitaleko eta Donostialdea ESIko erronka eta langile guztiekiko duen konpromisoa agertu nahiko nuke.