José Calparsoro, Lan Osasuneko Unitateko burua: «Pentsatzekoa da osasun-arloan finkatu egingo direla maskara, eskuen higienea, pertsonen arteko distantzia eta beste alderdi batzuk»

Gure erakundean, kontu estrategikoa izan da SARS-CoV-2 birusaren aurrean lan-segurtasuna eta lan-osasuna bermatzea; izan ere, profesional askok parte hartu dute gaixotasun horren aurkako borrokan. Lan Osasuneko Unitateak ohiz kanpoko jarduerari egin behar izan dio aurre azken asteotan, gure profesionalen eskariari erantzun ahal izateko. Egun hauetan, beharrezkoa izan da informazioa kudeatzea, aurrez aurreko nahiz telefonozko arreta ematea, materialak baliozkotzea, pertsonak prestatzea… Erotzeko moduko jarduerari aurre egin behar izan diote profesionalek, konpromisoz eta profesionaltasunez. José Calparsorok, unitateko buruak, egun hauek nolakoak izan diren azalduko digu.

 

Lan egiteko eta antolatzeko duzuen moduan COVID-19a mugarri bat izan dela pentsatzen dut, bai zuentzat bai ospitale honetako beste zerbitzu batzuentzat. Nola berrantolatu duzue Lan Osasuneko Zerbitzua pandemiari aurre egiteko?

Esan duzun bezala, ohiz kanpoko egoera bat izan da guztiontzat, bai kantitate aldetik, bai lanaren ezaugarrien aldetik. Gure unitatean programatuta zegoen ohiko jarduera mugatu behar izan dugu martxoaren hasieratik. Lan-istripuen arreta, arreta biologikoa eta abar mantendu badira ere, COVID-19an jarri dugu arreta ia erabat. Gainera, zenbait kategoriatako 12 profesionalekin indartu da unitatea aldi batez, eskari handiari erantzun ahal izateko. Antolaketan hainbat aldaketa izan dira, adibidez: informazio-jario handiaren eta erregistroen kudeaketa, aurrez aurreko eta telefono bidezko arreta eta balioespenak aste barruan eta asteburuan, prestakuntza eman beharra eta NBEekin loturiko guztia. Eremu teknikoaren zati batek telelana egin du, eta hori ere berritasun bat izan da.

Une honetan COVID-19aren aurkako zenbait jarduera ditugu, kasuen eta kontaktuen zainketa eta Covid-0 plana tartean. Hala ere, esan beharra dago ohiko jarduerara itzuli beharra, hala nola LEP azterketekin, eta oporraldiaren hasiera gehitu behar zaizkiela horiei.

 

Nolakoa izan da Lan Osasun Zerbitzuko lanegun arrunt bat pandemian?

Zaila da definitzea. Ez dut uste lanegun arruntik egon denik, ezta berdin-berdina izan den lanegunik ere. Lanegunak askotarikoak izan dira, pandemiaren faseen edo gure unitatearen barruko lan-eremuen araberakoak. Hala ere, ezaugarri nagusi batzuk egon dira: maila guztietan eskari handia izan da eta, oro har, larritasunezkoa. Zama emozionala ere handia izan da noiz edo noiz. Horren emaitza ezin konta ahala telefono-dei, mezu elektroniko, bilera eta prestakuntza izan dira, besteak beste.

 

Zer zailtasuni aurre egin behar izan diezue azken asteotan?

Mota askotako zailtasun askori, ezohiko egoera bat bizi izan dugulako. Zailtasun nagusia egoera aldakor batean erantzun egokia emateko moldatu beharra izan da (protokoloak maiz aldatu dira, babes eta prebentziorako arau eta estrategia berriak jarraitu behar izan dira, etab.). Profesionalen beharrei erantzuteko egin da hori guztia. Horretarako, besteak beste, beharrezko probak eta horien jarraipena balioetsi eta eskatu dira; egoera ebaluatzeko informazioa eta datuak eman dira; prestakuntzak, prestatu, eta online eta aurrez aurre eman dira; eta babes-ekipamenduk balioetsi dira. Hori guztia egiteko, ESIko beste eremu batzuekin eta erakundeen artean koordinazioa mantentzen saiatu da.

 

Zenbat profesional kutsatu dira Donostialdeko ESIan pandemian?

134 profesionalek eman dute positibo PCR proban, hau da, ESI guztiko profesionalen % 1,97k. Osakidetzan Covid-19ak gutxien eragin dien zerbitzu-erakundeen artean gaude.

 

Zer emaitza nabarmendu ditzakezu gure erakundean egin den azterketa serologikotik?

Baheketa- eta seroprebalentzia-azterketaren bidez, proba egin zuten profesionalen % 3,67k antigorputzak zituztela egiaztatu da.  COVID-19ari aurre egiteaz arduratzen den erakunde sanitario bat dela kontuan hartuz, Osasun Ministerioak Gipuzkoako populazio orokorrerako egin duen seroprebalentzia-azterketaren zifra (% 2,8) baino zertxobait altuagoa da.

 

Zein izan da zuen jarduketa-protokoloa COVID-19aren proban positibo bat atzematen zenean?

Protokoloa aldatuz joan da fasearen, ebidentzien eta eskuragarri zeuden laborategi-proben arabera.

Lehen fasean, pazienteen kasuen kontaktu posibleei ematen zitzaien arreta. Pandemia gehiago hedatu zenean, klinika bateragarria zuten kasuetan eskatzen zen proba. Horren ondoren, profesionalen baheketa egin zen, PCR probaren eta antigorputzen bitartez. Une honetan, klinika bateragarria duten profesionalei ematen diegu arreta. Gainera, kasuen eta kontaktuen zainketa- eta kontrol-fasean gaude, eta arreta berezia eskaintzen ari gara agerraldiei. Hasierako fasearen antzekoa da hauxe, baina jarduketa azkarragoarekin eta esku hartzen duten alderdien arteko koordinazio handiagoarekin.

Gainera, pazienteak artatzen ditugunean ez ezik, lankideekin biltzen garenean edo haiekin espazioa eta denbora partekatzen dugunean ere modu egokian jokatzeko ari gara lanean, maskara derrigor jantzita, pertsonen arteko distantzia gordez edota edukiera kontrolatuz.

 

 Lan Osasunaren Zerbitzua, halaber, gaixotasun hau kudeatzeko behar den materiala baliozkotzeaz arduratu da. Nola egiten dira baliozkotze horiek?

Eskatu diguten guzti-guztia baliozkotu dugu, eta horretan jarraitzen dugu; asko dira baliozkotu ditugun NBEak. Medikuntza prebentiboak ere parte hartu du. Jarduketa hori, gaur egun, Osakidetzako zerbitzu-erakundeen artean egiten da modu koordinatuan.

Prozesu horren bidez, ekipamenduak arauekin bat datozen balioesten da; horretarako, azterketa bat egiten zaie, dokumentazioa berrikusten da, eta bete behar duten funtziorako erabilgarriak diren hartzen da kontuan.

 

Nola erantzun diote profesionalek pandemiari?

Erantzun orokorra oso ona izan da, ardura, konpromiso eta profesionaltasun handia erakutsi baitute. Gizartearen parte diren aldetik, beldurrak, ezbaiak eta nekeak ere izan dute eragina.

 

Nola eragin die pandemiak profesionalei ikuspuntu psikologikotik?

Ezin da esan eragina denengan bera izan dela. Parte bat lehen lerroan egon da, estres eta zama emozional handiagoekin. Beste zerbitzu batzuen esku-hartzea, aldiz, txikiagoa izan da, baina ez dira aparte egon. Epe motzera, neke fisiko eta mentala izan dira eragin nabarienak; hala ere, epe ertainera eta luzera neurtu beharko dira. Bide horretan, azterketak egiten ari dira jada. Alerta egoeran zehar, arreta psikologikoa jasotzeko aukera izan dute profesionalek, beharrezkoa izan denean.

 

Zer zerbitzuk eta kategoriak izan dute arrisku handiena gaixotasunari dagokionez?

Zaila da zehatza izatea, baina, jakina, kasu posibleen arretan esku-hartze zuzenena izan dutenak, lehen mailako arretan, etengabeko arretarako guneetan (EAG), larrialdietan, kasu larrien arreta espezializatuan (zainketa intentsiboak, gaixotasun infekziosoen unitatea –GIU– edo Amara) eta kasu ez hain larrien arretan. Era berean, diagnostiko-probak egiteaz arduratu diren erizainen lana ere nabarmendu behar da. Ez dugu ahaztu behar laguntza- eta babes-egitura guztia, denak ondo funtzionatzeko ezinbestekoa da-eta. –Arrisku handiagoan egon izanak ez du esan nahi zerbitzu edo unitate horietan kaltetu gehiago egon denik.

 

Prebentzio-neurriak funtsezkoak izango dira egoera berri honetan. Pentsatzen dut maskarak eta beste kontu batzuk gure errealitatearen parte izango direla denbora luzez.

Pentsatzekoa da, osasun-arloan, maskaren erabilera, eskuen higienea, pertsonen arteko distantzia eta beste alderdi batzuk finkatuko direla. Beste kontu bat da gizartean zer gertatuko den ikustea.

 

 Koronabirusaren ondoren, funtsezko beste zer aldaketa egingo dira lan-osasunaren arloan?

COVID-19aren pandemian sortu diren egoerek edo aurretik egon diren beste batzuek argi utzi dute prebentzio-egitura sendoa duen osasun publiko indartsua izatearen beharra, lan-osasunaren, prebentzio-medikuntzaren, osasun publikoaren eta epidemiologiaren arloan. Egitura horiek indartu behar dira, eta gizarteak, oro har, eta osasun-arloak, zehazki, prest egon behar dute bizi izandako egoeren antzekoak atzemateko eta horiek bermeekin geldiarazteko.

Lan-arriskuei dagokienez, azkenaldian garrantzi gero eta handiagoa hartzen ari direnei heltzeaz gain (arrisku ergonomikoa eta psikosoziala tartean), arrisku biologikoaren ebaluazioak eta kontrolak garrantzi berezia izaten jarraitu behar dute.