Josune Retegi, Donostialdeko ESIko Berrikuntza eta Ezagutza Kudeatzeko Unitatea: «Gure gizarteak aurrekaririk gabeko erronka berriei aurre egin behar izan die, eta, gure unitateari dagokionez, sortu den egoera berriari ahalik eta ondoen aurre egiten saiatu gara, erantzun azkarrekin eta malgutasun handiarekin»

Aurtengo urtarrilean abian jarri zuten Izarki, aste gutxiren buruan COVID-19aren ondorioz aurreikusten ziren prestakuntza-beharrei erantzuna emateko. Izarki proiektuak Donostialdeko ESIko profesionalen eskakizun berrietara egokitzen eta moldatzen jakin du, prestakuntza egokiena eta eraginkorrena dutela bermatzeko. Online prestakuntzaren aldeko apustua egin dute, eta 4.000 profesional prestatu dituzte. Prestakuntza-tresna berriak ezagutzeari eta antolatzeko eta planifikatzeko gaitasunari esker, Donostialdeko ESIko edozein profesionalek eskura dezake lantalde horrek abiarazitako prestakuntza-eskaintza.

 

Zer moduz zaudete aste konplikatu hauen ostean?

Aste hauek zailak izan dira Donostialdeko ESIan eta Osakidetzan lan egiten dugun guztiontzat. Gizarte gisa, inoiz ikusi gabeko erronkei aurre egin behar izan diegu. Gure unitatearen kasuan, egoera berriari ahalik eta ondoen aurre egiten saiatu gara, oso azkar eta malgutasunez erantzuten, alegia. Gure unitatetik Donostialdeko ESIko unitate eta zerbitzu guztiei ematen diegu zerbitzua, eta konfiantzazko giroa sortzen saiatu gara, bizi izan dugun eta oraindik ere bizi dugun errealitate berrirako irtenbideak eskaintzeko.

 

Pandemian zehar, zuen unitatean egoeraren eta prestakuntza-beharrizanen jarraipena egin duzue egunero.

2020ko urtarril hasieran, Gaixotasun Infekziosoen Unitatearekin bildu ginen. Bertan dago Segurtasun Biologiko Handiko Eremua. Haiekin antolatu genuen haien unitaterako beharrezkotzat jotzen zuten prestakuntza mota eta ebolarekin izandako esperientziatik ikasitakoa oinarri hartuta; lehentasunezko eremuak zehaztu genituen. Ondoren, plangintza egiteari ekin genion Laneko Arriskuen Prebentziorako eta Medikuntza Prebentiboko Oinarrizko Unitatearekin batera, prestakuntza aldetik zein eduki landu beharko ziren zehazteko.

Otsailean hasi ginen plangintza hori ezartzen. Kateko aurrez aurreko prestakuntzarekin hasi ginen, baina martxo hasieran 10 profesionaletik gorako taldeentzako aurrez aurreko prestakuntza oro alde batera uztea erabaki zen erakunde osoan. Era berean, praktika guztiak eten ziren. Gure erakundean 6.000 profesionaletik gora gara, eta urtero 900 ikasle inguruk jasotzen dute aurrez aurreko prestakuntza. Horrenbestez, aldaketa handia izan zen, ahalik eta arinen konpondu beharrekoa.

Hori dela eta, online prestakuntzaren alde egin genuen argi eta garbi; izan ere, gaur egun bizi dugun egoera epidemiologiko berria dela eta, denbora luzean ezingo gara aurrez aurreko jardueretara bueltatu.

 

Zuzendaritzak zein sindikatuek prestakuntza nola eskaintzen ari ginen jakin izan dute une oro.

Ebolarekin izandako esperientziatik ateratako ikasbideetako bat prestakuntza antolatu eta erregistratu egin behar dela izan zen, gero hobetzen lagunduko diguten datuak eta informazioa lortu ahal izateko. Hori dela eta, beharbada batzuetan erregistroen formalitateekin tematiegiak ginela bazirudien ere, datu-bilketari esker langileak eta pazienteak koronabirusetik babesteari buruz egindako prestakuntza guztiaren inguruko informazioa eman dugu, Zuzendaritzari egunero eta Segurtasun eta Osasun Batzordeari astero. Era berean, COVIDaren bolada horretan funtsezkotzat jotzen ziren gaitasunen berri eman zitzaien, hala nola paziente kritikoen unitateetako erizainei eskaini beharreko arreta, online bideokonferentziak egiteko tresnak… eta, oro har, Zuzendaritzaren aburuz pandemiari ahalik eta modu onenean aurre egiteko landu beharreko gainerako gai guztiak.

 

Nolakoa izan da prestakuntza pandemian, eta zenbat jendek jaso du?

2020ko uztailaren 16an eguneratutako datuen arabera, non koronabirusaren aurka Donostialdeko ESIko IZARKIk kudeatutako prestakuntza-jarduerak bildu baitira, COVID-19aren AURKAKO BABESA gaian 3.503 pertsonak jaso dute aurrez aurreko prestakuntza, eta 3.983k onlinekoa.  online

Gainera, COVID-19aren aurrean garatu beharreko gaitasunen inguruko online prestakuntza eskaini da. Alde batetik, “EREMU KRITIKOETAKO ERIZAINTZAKO ZAINKETA-LANAK (ERIZAINAK ETA ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILEAK)” gaiari buruzko online prestakuntza. Horretan, eskerrak eman nahi dizkiet Osakidetzako beste ESI batzuei, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIari esaterako, gurekin lankidetzan aritzeagatik. Izan ere, online ikastaroak eskaini dizkigute aipatutako gaien inguruan, eta 4.000 profesionalek baino gehiagok eman dute izena.

Bestetik, aurrez aurreko bilerak bilera birtualekin ordezkatzeko, Donostialdeko ESIak online ikastaro bat abiarazi zuen: «Enpresentzako Skype erabiltzeko gidaliburu praktikoa». Online prestakuntzaren eta bideokonferentzia bidezko bileren alde egindako apustua izan zen, eta 3.238 profesionalek egin zuten ikastaroa.

 

Hona hemen, COVID-19ari buruzko prestakuntzaren laburpena:

 

4.823

Parte-hartzaileak
(aurrez aurre)

3.503

Aurrez aurre prestatuak

3.983

Online prestatuak

4.289

Zaintza Kritikoen online ikastaroan izena emandakoak

3.238

Enpresentzako Skype
online ikastaroan izena emandakoak

 

Pandemiaren hasieratik, hau da, urtarriletik, Izarkin argi izan zuten COVIDari buruzko prestakuntza online eskaini beharko zela.

Gurea bezalako erakunde handi eta konplexu batean, 6.000 profesional ditugula kontuan hartuta, ezin diegu prestakuntza talde murriztuetan eskaintzeko beharrizan guztiei erantzun, edukiera-mugengatik. Hori luxu bat litzateke, eta guretzat ezinezkoa da.

Azken urteotan online prestakuntza bultzatzeko esfortzua egin dugu, nahi dugun tokian eta nahi dugun moduan prestakuntza jasotzea eta gaitasun berriak lortzea ahalbidetzen baitigu. Era berean, prestakuntza-jardueren beste formatu batzuetara egokitzea ahalbidetzen digu; izan ere, gaur egun ditugun tresna berriekin prestakuntza-jardueren egiaztapena hobetzeko gaitasunen ebaluazioa bultzatzea eta gure prestakuntza-eredua, zeina Kirkpatrick ereduan oinarrituta baitago, garatzen jarraitzea ahalbidetzen digute.

Nolanahi ere, orain arte eskaintza hori mugatua zen, ez geneukalako edukiak modu azkar eta erakargarrian garatu eta ebaluatzeko tresna erakargarririk. Horregatik, COVID-19ak ekarritako egoera berriaren aurrean, e-Learning software berri bat gehitu diegu gure tresnei, eduki berritzaileak sortu ahal izateko. Tresna berri horrek edukiak modu azkarrago eta intuitiboagoan sortzeko aukera eskaintzen du eta, aldi berean, kalitatezko eta konfiantzazko prestakuntza eskaintzen da.

 

Zer moduz egokitu dira gure profesionalak prestakuntzaren formatura eta alde teknologikoan izandako aldaketetara?

Nire ustez, oso ondo. Nire ustez, guztiok dakigu egoera aldatu dela eta gauza asko ez direla lehen bezala izango, tartean ikaskuntza, banakakoa zein erakunde mailakoa.

Gainera, kanpoko eskaintza ere egoera berrira egokitu da, eta gehiengoa online da (webinarrak, bideokonferentziak, online ikastaroak simulazioarekin…), eta gure profesionalak horietara ohituta daude. Orain erronka barnekoa da, hau da, adi egon behar gara, eta prestakuntza planaren jarraipena egin, erakundeko pertsona guztien eskura egon daitezen haiek eskatutako tresnak.

 

Zer tresna erabiltzen dira gure erakundean online prestakuntza eskaintzeko?

Gaur egun, zenbait tresna dauzkagu. Alde batetik, Jakinsarea daukagu, hau da, prestakuntza kudeatzeko diseinatutako tresna korporatibo bat. OSAKIDETZAn egindako prestakuntza guztirako sarbidea ahalbidetzen digun plataforma da.

Saioak eta bideokonferentziak egiteko, SKYPE edo ZOOM dauzkagu; bolada honetan oinarrizko plataformak dira. Horregatik, Asistentziarako Zuzendariordetzekin eta Informazio Sistemen Zuzendariordetzarekin lankidetzan ari gara, tresna horiek hedatuz joan ahala ekipamendu berrien migrazioa egiten joan ahal izateko.

Prestakuntzarako plataforma horiez gain, baditugu beste tresna batzuk ere; PARTE HARTU eta OSAGUNE, adibidez. Horiei esker, modu irekian zein taldetan parte har dezakegu eta, hala, gure ezagutza partekatu.

 

Duela asko ezarri zen Jakinsarea plataforma. Pandemia-garaian indartu egin da, eta argi geratu da tresna hau prestakuntza eskaintzeko beharrezkoa dela.

Bai, halaxe da. Jakinsareari esker, profesional guztiengana heltzeko gai izan gara COVIDaren inguruko prestakuntza-eskaintzarekin. Egia da Osakidetzako pertsona guztiek ezagutzen duten tresna dela, baina zuek, Komunikazio Unitatekoek, emandako aukera aprobetxatu nahi dugu informazio-kanpaina bat egiteko. Guk uste dugu jada ezaguna dela, baina egia da ekipamendu informatikoarekin lan egiten ez duten profesional-taldeek zailtasun gehiago dituztela, erakundetik kanpo ere erabil ditzaketen tresnak izan arren.

 

Orain arte ez genituen Skype edo Zoom ezagutzen, baina badirudi tresna horietara ohitu beharko garela.

Erakundeak SKYPE edo ZOOM komunikazio-tresna berri gisa bereganatu ditu, eta, gainera, orain ditugun e-Learning tresnen osagarri gisa erabil daitezke. Horri esker, WEBINARRAK, WOCA ONLINE eta SAIOAK antolatu ahalko ditugu. Informazio-sistemen Zuzendariordetzari esker, Donostialdeko ESIarena zein erakundearena, gure beharrizanak eta tresnak eskaintzen dizkigun aukerak baliozkotzen ari gara, erakunde osoaren eskura jartzeko, modu seguru, fidagarri eta azkarrean.

 

Izarkik COVIDaren inguruko prestakuntza-saio batzuk egin ditu, beste ESI batzuetara eta Osakidetzara eraman direnak. Beste zerbitzu eta ESI batzuekin lankidetzan aritu zarete?

Unitate gisa ditugun helburuetako bat da gure ESIan daukagun ezagutzaren talentua identifikatu eta partekatzea. Hori dela eta, argi daukagu guk garatutako guztia beti egongo dela Donostialdeko ESI osoaren eta OSAKIDETZAko gainerako erakundeen eskura.

Horregatik, Gipuzkoako ESI guztiei irekia izan zen Koronabirusaren Aurkako Babeserako Ikastaroa, eta R0-entzako ikastaro korporatibo bat abiarazi dugu, gurean oinarrituta. Gipuzkoako Familiako BAME langileentzako ikastaro bat ere hasi da eta, maiatzaren 4ko asteaz geroztik, erakundera batu berri diren pertsona guztiak matrikulatzen ari gara.

Online eskainitako prestakuntzari dagokionez, beste zerbitzu-erakunde batzuekin lankidetzan aritzen gara sarritan, eta bakoitzaren prestakuntza-eskaintza partekatzen dugu. Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIa eta Bilbo-Basurtu ESIa dira online eskaintzarik zabalena dutenak, eta haiekin lankidetzan aritu gara. Hala, gure prestakuntza-eskaintza ere eskaini diegu. Eragile horiekin partekatu dugun prestakuntza guztiaren artetik, enpresentzako Skype bidez komunikatzeko modu berriei buruzko prestakuntzak oso harrera ona izan du.

 

Oraindik ere koronabirusa gure artean dago, baina birusarekin lotuta ez dauden zein proiektu garatzen ari zarete momentu honetan?

Zaila da koronabirusaren gaia bereiztea, oraindik ere pandemia behatu eta kontrolatzea baita lehentasuna. Une honetan testuingurua hori bada ere, egia da etorkizunera begira jarraitzen dugula, orain arte ezagutzen genuenaz bestelakoa izango den egoera batera begira, lehen esan bezala. Ildo horretatik, proiektuak garatzen ari gara zenbait arlotan:

  • Gerentziari erakundearen estrategiarekin laguntzen dion unitate gisa, COVIDak erakundearen estrategian izandako eraginari buruzko analisi teknikoa egin dugu, eta Zuzendaritzak denbora-tarte honetan erantzuteko baliatutako estrategia jaso da (estrategia hori laburtzen duen txosten bat argitaratuko da laster, datu eta mugarri garrantzitsuenekin). Horrek 2020-2021erako Plan Estrategikoaren lehentasunak aldatzeko beharra dakar.
  • Proiektuen zuzendaritzarako laguntza metodologikoa emateko unitate gisa, pazienteekiko harremanetarako eredua aldatzea ahalbidetuko diguten proiektuak lantzen ari gara, pazienteentzako prestakuntza eskaintzen duten unitate eta zerbitzuekin batera. Aurrez aurreko prestakuntza eskaintzeko zailtasunak profesional-pazienteen esparruari ere eragiten dio. Praktika-komunitateen metodologia oinarri hartuta, Bihotzeko Errehabilitazio Unitatearekin eta haurdunaldiaren, erditzearen eta puerperioaren arloetan diharduen profesional-taldearekin lanean ari gara, aurrez aurrekoa ez den harreman mota berri bat ezartzeko.
  • Ezagutzarekin lotutako beharrizanei buruzko inkesta bat egin dugu, gure erakundean talentua hautemateko helburua ere baduena. COVIDak eragindako egoera dela eta, atzeratzeko gomendatu digute, baina urteko azken hiruhilekoan erakunde guztira zabaldu ahal izatea espero dugu.
  • Gaitasunak eta ahalmenak aurrez aurrekoa ez den modu batean garatzeari dagokionez, horiek ebaluatzeko erabiltzen ari garen tresna berriak aipatu ditut arestian. Simulazioan oinarritutako ikaskuntzaren kasuan gaitasun-esparru guztietan aurrera egin ahal izatea erronka galanta da.

 

Donostialdeko ESIan, Prestakuntza Astea da ekintza garrantzitsuenetako bat. Nola planteatzen duzue aste hori pandemiaren urte honetan?

ONLINE PRESTAKUNTZA ASTEA egitea erabaki dugu. Formatua sinpleagoa izango den arren, oso prestakuntza interesgarria izango da. Hiru formatutan egingo da:

  • ONLINE IKASTAROAK, COVIDaren arretaren ingurukoak batez ere (Ospitalizazioa, Lehen Mailako Arreta, Medikuntza Intentsiboko Zerbitzua…), koronabirusaren aurkako babes-neurriekin eta prebentzio-neurriekin. Horiez gain, proiektuak gidatzeko metodologia berrien inguruko ikastaroak ere eskainiko dira, hala nola Agile eta Patient Centric (pazienteen segmentazioa, enpatia-mapa, pazientearen bidaia).
  • ZOOM BIDEZ ZUZENEAN EGINDAKO SAIOAK, Donostialdeko ESIko profesionalekin. Batez ere COVIDaren arretaren inguruko saioak izango dira, saio orokorragoak eta arlo transbertsaletakoak ere egingo badira ere.
  • ZOOM BIDEZ ZUZENEAN EGINDAKO WEBINARRAK, kanpoko profesional ospetsuekin. Hiru gairen ingurukoak izango dira:
    • COVID GAITZA
    • TELEMEDIKUNTZA
    • BIOETIKA

Irailean iragarriko dira.

 

Ikasle askok egiten dituzte praktikak gure erakundean. Pentsatzen dut koronabirusak praktikak egiteko modua aldatu duela.

Etorkizuneko profesionalen kasuan (eta ez praktikak egiten ari diren ikasleen kasuan bakarrik, langile egoiliarren kasuan ere bai), egoera berria dela eta, bertan behera geratu dira aurrez aurreko praktika eta prestakuntza-saio gehienak, lehen esan bezala. Horrek etorkizunera begira praktikak eta gaitasun eta ahalmen batzuen inguruko prestakuntza nola gauzatu beharko liratekeen hausnartzera garamatza, aurrez aurreko praktikak simulazio-ereduetan egindako praktikekin konbinatuz adibidez, eta Izarkiren Kontseiluan gogoeta hori egiten ari gara jada. Une honetan egiten dira jada, eta oraingo erronka praktika mota horiek zein arlotara zabal daitezkeen zehaztea da, guztion onurarako, hau da, oraingo zein etorkizuneko profesionalen onurarako.

 

Krisi honetan ezagutza zabala partekatu duzue gure erakundean. Nolabait, beharrezkoa litzateke ezagutza hori biltzea, birusaren beste olatu bati aurre egin ahal izateko esperientzia oinarri hartuta. Eskuratutako ezagutza hori guztia nola kudeatu pentsatu duzue?

Aukerarik onena aurkitzeko lanean jarraitzen dugu. Egia esan, pandemiaren hasieran kontu hori planteatu genion Zuzendaritzari, ezinbestekoa iruditzen zitzaigulako ikasten ari ginen guztia nolabait jasota geratzea. Hori dela eta, harremanetan jarri ginen Paziente Zaurgarrien eta Eriondoen Kudeaketa Klinikoko Unitatearekin (EOM/PKRON). Eskerrak eman behar dizkiogu Jose Artetxe sendagileari, hasiera-hasieratik ulertu baitzuen gure kezka. Berarekin eta bere taldearekin batera, COVID pazienteari eman beharreko arretaren inguruko edukiak lantzen hasi ginen, eta laster zabalduko ditugu, online egingo den ikastaro batean. Hasierako lan horrek balio izan digu gurekin harremanetan dauden beste zerbitzu batzuekin batera eduki osagarriak garatzeko oinarri gisa. Hona hemen zerbitzu horietako batzuk: Medikuntza Intentsiboko Zerbitzua, Lehen Mailako Arreta, Larrialdiak, Gaixotasun Infekziosoak, Laborategia eta Osasun Publikoa. Edukiak garatzen ari diren profesionalen artean izandako harrera oso ona izan da eta diziplina anitzeko lankidetza horren emaitza laster argitara ematea espero dugu.

 

Zer ikasi dugu azken asteotan gertatutakotik?

Erakundean ikasitakotik ateratako ezagutza guztia bildu du Zuzendaritzak, eta txosten batean bildu da. Erakundeko arduradun guztiei bilera batzuetan aurkezteko prestatu dugu txostena. Hau bezalako muturreko egoera batean ikasitakoa biltzea oso garrantzitsua da eskuratu dugun ezagutza kritikoa kudeatzeko, geure burua ebaluatzeko eta, inoiz antzeko egoerarik bizi badugu, erantzuteko estrategia hobetzeko.

IZARKIn bildu dugun ikasbideetako bat da hau bezalako krisialdietan entzuteko eta konponbide erraz eta azkarrak emateko prest egon behar garela. Azkar eta malgutasunez erantzun behar dugu erronken eta egoera zailen aurrean, betiere iritzi eta egoera guztiak errespetatuz.

 

Aldaketa hauek betiko izango dira edo bizi izan dugun osasun krisiagatik baino ez dira izan? Nolakoa izango da pandemiaren osteko prestakuntza?

Osasun-krisiarekin bizi izandako egoerak gure lanaren alderdi askoren inguruko gogoeta egitera eraman gaitu, aldaketak egin, eta haietara egokitu behar izan dugulako. Zalantzarik gabe, prestakuntzaren eta ezagutzaren kudeaketaren kasuan, berritzea eta profesionalen beharrizanei aurrea hartzea ahalbidetzen diguten tresnen erabilera da premisetako bat. Banaka zein erakunde gisa ikasteko modu berri horietarako, gaitasun eta ahalmen berriak garatu eta geureganatu beharko ditugu. Egoera berriak irtenbide berriak eskatuko ditu. Egoerak eskatzen duen mailan egotea espero dugu.