Julio Arrizabalaga, Biodonostia OIIko Zuzendari Zientifikoa: “Pandemiak agertoki berri batean jarri gaitu, non berrikuntza funtsezkoa eta erabakigarria izan den biziraupenerako”

Berrikuntzaren Astea ospatu berri da Donostian. Bertan, hizpide izan dituzte adimen artifizialaren garrantzia, teknologia berriak, zibersegurtasuna edo osasun arloko berrikuntza, sistema iraunkor baterako etorkizuneko erronkak diren aldetik.

Julio Arrizabalaga Biodonostia institutuko zuzendariak aditzera eman digu zer garrantzia duen osasunaren arloko ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak gizarteari ezagutarazteak. Gainera, Biodonostiako gaur egungo ikerketa- eta berrikuntza-jardueraren berri eman digu. Besteak beste, zelulen zahartze-mekanismoak ulertzen saiatzen ari dira; urteen poderioz agertzen diren gaixotasun batzuentzako tratamenduak aztertzen; zahartzearekin autonomia ez galtzeko esku-hartzeak lantzen, eta zahartzaroan ditugun behar konplexuei erantzun ona eman ahal izateko zerbitzuak antolatzen.

 

Zer garrantzi du erakundeek gizartearentzat –kasu honetan, gipuzkoarrontzat– Berrikuntzaren Astea antolatzeak?

Alderdi garrantzitsuenetako bat da gizarteari osasunaren arloko ikerketa eta berrikuntzaren berri ematea. Horrela, ezagutza, eskuratu ahala, besteei helarazten diegu, eta aldi berean gizarteak parte hartzeko eta osasun-arloko berrikuntzari bere ekarpena egin ahal izateko gune bat du.

Halaber, ezagutza helarazteak gure berrikuntza-ildo berberak edo teknologia osagarriak dituzten beste erakunde batzuekiko lankidetza-bideak urratzen ditu.

 

Zer gai izan dituzue hizpide Berrikuntzaren Astean?

Pandemiak agertoki berri batean jarri gaitu, non berrikuntza funtsezkoa eta erabakigarria izan den biziraupenerako. Orain, gelditzeko unea da, gurekin geratzeko etorri den berrikuntzak zer ekarri digun hausnartzeko, eta batez ere aztertzeko zer erronka ditugun zerumuga berrian, non ikusi den bai ikerketa eta bai berrikuntza erabakigarriak direla gizartearen aurrerapenerako.

Hala, hizpide izan ditugu adimen artifizialaren garrantzia, teknologia berriak, zibersegurtasuna edo osasun arloko berrikuntza, sistema iraunkor baterako etorkizuneko erronkak diren aldetik.

Halaber, oso garrantzitsua izan da bizi izan dugun egoera honetan alderdi gizatiarrari balioa eman izana. Pandemiak erakutsi du arlo guztietako profesionalek zer-nolako gaitasuna eta borondatea izan duten laguntzeko; nola lagundu duten guztiek heldu zaigun krisi hau konpontzen; eta nola lor daitezkeen helburu handiak, ezagutza desberdinak dituzten profesionalak elkartuz.

 

Berrikuntzari dagokionez, hauek dira gaur egungo gaiak, edo beste gai batzuk ere lantzen ari zarete Biodonostian?

Etorkizunerako kontuan izan beharreko erreferentziazko gaiak hauek badira ere, ez dute beren garrantzia galdu oinarrizko ikerketako azterlanek, zeinak gaixotasunaren mekanismoak argitzen lagunduko diguten, eta horietan jarri behar dugu arreta, bai gaixotasuna tratatzeko, bai prebenitzeko.

 

Zahartzeak kezka handia eragiten du gure gizartean; Biodonostiak gai hori jorratzen duten hainbat proiektu ditu…

Ez nuke esango zahartzearena gure gizartearen kezka bat denik. Aurrerapen sozial eta sanitario askori esker, luzaroago bizi gara. Horrek aukera asko ekartzen dizkigu, eta erronka asko ere bai. Biodonostian urteak daramatzagu zahartzeari buruzko ikerketan eta berrikuntzan lanean, eta 2013tik, gainera, lankidetzan eta zeharkakotasunez ari gara lanean institutuko hainbat arlotan.

 

Zer gai jorratzen ari da Biodonostia?

Besteak beste, zelulen zahartze-mekanismoak ulertzen saiatzen ari gara; urteen poderioz agertzen diren gaixotasun batzuentzako tratamenduak aztertzen; zahartzearekin autonomia ez galtzeko esku-hartzeak lantzen, eta zahartzaroan ditugun behar konplexuei erantzun ona eman ahal izateko zerbitzuak antolatzen.

 

Biodonostia berrikuntza-zentro txikia izanik, nola egiten da lan beste erakunde batzuekin, ESIekin…? Talde-lana lehentasunezkoa izango da, ezta?

Biodonostian irmoki sinesten dugu zeharkakotasunean eta elkarlanean; horregatik, Gipuzkoako ESI guztiak batuko dituen berrikuntza-taldeen sare bat sortzen saiatzen gara, guztion artean Gipuzkoako lurralde bakoitzeko behar espezifikoei erantzun ahal izateko.

Era berean, lankidetza publiko-pribatuak sustatzen ditugu, enpresei laguntza emanez beren garapenetan, eta inguruko erakundeekin lankidetzan arituz osasun-sistematik sortutako proiektuetan. Horrela, industrializazioan eta ingurunearen aberastasunean gure aletxoa jartzen saiatzen gara, jopuntuan osasun-sistema jasangarri bat izanik.

 

Gainera, Biodonostia inguruko beste industria batzuen sarrera atea da. Zertan dihardute gure enpresek?

Guk osasunaren arloko enpresei buruz hitz egin dezakegu soilik; arlo horretan, robotikaren esparruko garapen garrantzitsuak ditugu, hala nola ingurune kirurgikoko asistenteak, gaixotasunaren diagnostikoan laguntzeko adimen artifiziala, pazientearen bizi-kalitatea zaintzeko osasun digitala edo profesional sanitarioen garapenerako errealitate birtuala.

Era berean, garrantzi handia du pazienteentzako farmako edo terapia pertsonalizatuen  garapenak, bai eta diagnostiko-sistema zehatzago eta errazagoen garapenak ere.

 

Biodonostia Donostialdeko ESIan dago. Zer harreman du Donostialdeko ESIarekin eta Gipuzkoako gainerako ESIekin?

Biodonostiak, osasun-ikerketako edozein institutu akreditatuk bezala, unibertsitate-ospitale bat eta lehen mailako arretako eremu bat barne hartzen dituen osasun-erakundea du ardatz. Erakunde hori Donostialdeako ESIa da, eta elkarren artean harreman estua izateaz harago, osotasun komun baten parte gara. Azken finean, erakunde honetako I+G+b departamentua gara. Baina, gainera, Gipuzkoako gainerako ESIentzako erreferentziazko institutua izateko zortea dugu. Zortedunak gara, ezaugarri desberdinak dituzten ospitaleekin lan egiteko aukera dugulako, bai eta ingurune desberdinetako osasun-zentroekin ere, hala nola landa-ingurunekoekin. Zentroen aniztasun horrek ikerketa-galderen eta berrikuntza-ideien aniztasuna ekartzen du. Gure egitekoa da proiektu eta ideia horiek garatzen laguntzea, pazienteengana eta gipuzkoarrengana irits daitezen.

 

Gipuzkoa erreferentea da terapia aurreratuetan. Zer dira? Zertan dautza? Zer proiektu daude arlo horretan? Unitate bat sortzea…

Terapia aurreratuak –adibidez, terapia genikoa, terapia zelularra edo ingeniaritza tisularra– hainbat gaixotasun prebenitzeko edo tratatzeko sendagai berritzaileak dira, eta geneen, zelulen edo ehunen erabileran oinarritzen dira.

Terapia hauek zelula, ehun edo gene egokituak edo eraldatuak erabiltzen dituzte, eta paziente bakoitzari gaixotasunaren tratamendu pertsonalizatua ematen diote.

Gipuzkoa terapia aurreratuetako erreferenteetako bat da Euskadin. Bertan, terapia genikoen garapenean zentratutako hainbat enpresa daude, bai eta Biodonostia ere, non terapia zelularrean eta genikoan espezializatutako unitate bat eta ehunak ingeniaritza tisularraren bidez inprimatzeko bioinprimaketa-plataforma bat ditugun. Zentzu horretan, Gipuzkoak terapia aurreratuen aldeko apustu irmoa egin du.

 

Next Generation funtsei buruz hitz egiten da; zer dira? Zer onura ekarri diezaguteke? Ikerketaren etorkizuna dira?

Europatik datozen funtsak dira, hainbat alderdi jorratzeko, hala nola suspertzea eta erresilientzia. Beste osagai bat ere badago, Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoena (PERTE), printzipioz doitasunezko medikuntza pertsonalizatuaren alderdien aurrerapenerako balioko lukeena; eta hor sartzen dira terapia aurreratuak, zeinak, daukagun ekosistemari esker, Gipuzkoan sortzen diren, Euskadiko gainerako lurraldeetara zabaltzeko.

Hilaren 19an, Biodonostiaren urteurreneko jardunaldian, Next Generation Europe funtsekin zerikusia duten hainbat alderdi argituko dituen ponentzia bat egongo da.