Lehenengo PCRak egin zituzten erizainak: “Hasieran, zalantza nagusitu zen gure artean”

Ainhoa Unzueta, Edurne Ollaquindia, Eli Marquina, Elena Oleaga, Miren Zuloaga eta Leire Rubio Amara Ospitalearen atzean ezarritako moduluetan lan egiten duten 6 erizain dira. Beste asko bezala, nor bere ahalegintxoa egiten ari dira pandemia hau amaitu dadin. Baina emakume hauek sekretu bat dute ezkutuan. Beraiek dira duela urtebete PCRak egiten hasi ziren lehenengo profesionalak. Motxilak hartu, babes-ekipamendua jantzi eta ezezagunari aurre egin zioten. Ez ziren une errazak, baina erantzukizunak gain hartu zion beldurrari, eta erizain hauen eta beste batzuen lanak esperantza eman zigun; gure itsasargia izan ziren, iluntasun beltzaren erdian bidea argitzen baitziguten. Gaur egun, errutinak ziurgabetasuna ordezkatu du (agian horregatik gaude, besteak beste, gauden egoeran). Gehienontzat, proba hau odol-analisi baten edo espirometria baten antzeko zerbait da; milaka egiten dira, eta gure txikiek ere peluxezko hartzatxoei PCRak egitera jolasten dute. Horregatik, beharrezkoa da proba hauek egin zituzten eta egiten dituzten pertsonen lana aldarrikatzea. Izan ere, funtsezkoak izaten jarraitzen dute, gaixotasun honi aurre egiteko tresna nagusietako bat dira. Urte asko barru, historialariak pandemia hau berreraiki nahi izango dutenean, emakume hauen argazkiak aurkituko dituzte, lehen PCRak egiten. Izan ere, gaixotasun hau diagnostikatzeko froga hau izan ez bagenu, gauzak oso bestelakoak izango ziren. Sei emakume hauek hasiera hura nolakoa izan zen kontatzen digute.

 

Urtebete daramazue PCRak egiten. Zer balantze egiten duzue lan-urte honetaz?

Hasieran, zalantza nagusitu zen gure artean. Ordena jakin batean eta urrats guztiak jarraituz egin behar genituen gauzak, NBEak janzterakoan eta, bereziki, eranzterakoan. Denboraren poderioz, garunak prozesu guztia automatizatzen du eta errutina bihurtzen da. Bestalde, ezinbestekoa da egunez egun etengabe egokitzen joatea. Zerbitzu honetan, egun bakoitza desberdina da, eta inoiz ez da jakiten zer aurkituko duzun bertara etortzean. Pandemia egoera honen ondorioz askoz ikusgarriago bihurtu da erizainen lana, eta jendeak elkartasun handia erakutsi digu. Eta, amaitzeko, TALDE-LANAren garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Taldean lan egin ez bagenu, oso zaila izango zen esperientzia gogor honi aurre egitea.

 

Nolakoa izan zen hasiera?

Hasiera kaotikoa izan zen. Autoan abiatzen ginen etxeetara, libreta batekin eta mugikorrarekin, eta Osasun Sailetik zein Epidemiologiatik deitzen ziguten, PCRak zein helbidetan egin behar genituen esateko. Materialez betetako motxilekin eta laginak garraiatzeko bilgarri hirukoitzeko edukiontziekin kargaturik ibiltzen ginen. Lan-txanda hastean, zereginak antolatu eta banatu behar genituen; bikoteka lan egiten genuen. Tentsio handia zegoen gure artean; izan ere, egunez egun handitzen zen PCR kopurua, eta ezinezkoa zen lan horri orduko baliabideekin aurre egitea. Bestalde, bagenekien zein ordutan sartuko ginen ospitalera, baina ez noiz aterako ginen. Lehenengo egunetan 08:00etan sartzen ginen, eta 22:00etan atera. Autoan ateratzen ginenean, errepideak hutsik aurkitzen genituen; berehala iristen ginen joan behar genuen lekura. Ordea, oso tristea zen Zarauzko hondartza, adibidez, hutsik ikustea, olatuak bakarrik ikustea, surflaririk gabe. Sinestezina. Haluzinatu egiten genuen bizimodua egun batetik bestera nola aldatu zen ikusita.

 

Nola aldatu da zuen jarduera urte honetan?

Hasteko, gutako bakoitza zerbitzu desberdin batetik gatoz: Larrialdietatik, ospitaleko hainbat unitatetatik eta lehen mailako arretatik. Lantaldea aldatuz joan da urtean zehar, eta beti ondo funtzionatu dugu. Hasieratik bat egin dugu eta hainbat gauza antolatu: agendak, karteldegiak, oporrak, etxeetako bisitak, material eskaerak… denetik egiten dugu eta oso autonomoak gara.

 

Eta zuek?

Egoera honek irakatsi digu aurkitu ditugun testuinguru desberdinetara egokitzen; adibidez, zerbitzu berri baten kudeaketa, edo oso desberdinak diren beste kolektibo batzuekin lan egitea, hala nola administrariak, laborategiko langileak, biltegikoak, zeladoreak, mantentze-lanetakoak eta abar. Zuzendaritzak beti lagundu digu gure eguneroko lanean, eta erabakiak hartzea erraztu digu.

 

Nolakoa izan da eta nolakoa da jendearekin duzuen harremana?

Lehenengo olatuan oinarrizko kidegoak etorri zitzaizkigun, hala nola Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Udaltzaingoa, militarrak… Denak musukorik gabe etortzen ziren, gainerako herritarrak bezala, orduan ez zeukatelako maskararik; beraz, maskarak, eskularruak eta gomendioak banatzen genizkien kit batean. Gutakoren batek kuartel militarrera joatean beldurra eta errespetu handia sentitu bazuen ere, bertan emandako tratu onak eta laguntzeko erakutsitako borondateak segituan desagerrarazi zuen beldurra. Bestelako gizarte-taldeetako kideei ere egin genizkien PCRak: okupei, iragaitzazko bidariei, kirolariei, politikoei, apaizei, hoteletako langileei, tenporeroei, arrantzaleei eta, nola ez, osasun-langileei –beste zerbitzu bateko lankideei, besteak beste–. Hainbat kasu positibo agertu ziren bi diskotekatan egondako jendea ere etorri zen Gure Mc Autora, eta orduan haiekiko haserrea sentitu genuen, ez baitzieten agintarien arauei jaramonik egin. Iruditu zitzaigun egoera ez zutela serio hartzen. Bestalde, gehien unkitu gintuena adinekoen egoitzetako egoera izan zen. Batzuk ez zeuden gure zerrendan; ordea, beste batera egunero joaten ginen. Bertakoen egoera danteskoa zen: alde batetik, bizitzaren amaierako bakardadearekin topo egin genuen; eta, beste alde batetik, adinekoak zaintzen zituzten langileen inpotentziarekin –egoerak gainditu egin zituen–. Gainera, kasu positibo dezente agertu ziren haien artean. Egoitza batzuetan erabaki zuten langileek ezingo zutela etxera joan, bertan geratuko zirela lotan. Esperientzia horrek jende horrek behar zituen baliabide humano eta materialei buruz hausnartzera eraman gintuen. Bestalde, gogoan dugu enpresa bateko langile talde bat ere: errespetua galdu ziguten, eta zuzendaritzak esku hartu zuen.

 

Nola egin diezue aurre olatu desberdinei?

Gure oroimenean, lehenengo olatua gogorrena izan zen; bigarrenean esperientzia eta konfiantza handiagoak genituen, nahiz eta uda oso estresagarria izan zen, alde bateko eta besteko agerraldiak zirela-eta. Gainera, birusa gertuagotik bizi izan genuen, gure senide eta lagun maiteak ere kutsatu baitziren. Sua bezala hedatu zen, eta ezustean harrapatu gintuen; positiboen indizeak nabarmen egin zuen gora, eta beldurrak hartu gintuen berriz. Hirugarren olatuak ez gintuen ezustean harrapatu, baina nekatuta geunden, eta apur bat gogaituta. Txertaketa hasi zen eta arnas pixka bat hartu genuen; gure adinekoak salbu daude behintzat. Aste Santuaren eta duela gutxiko kirol ekitaldiaren ondoren, zer gertatuko zain gaude, eta, nekatuta egon arren, etor daitekeen guztiari aurre egiteko prest gaude.

 

Gogoan duzue egin zenuten lehenengo PCRa?

Etxe batean egin genuen; presio handia sentitzen genuen, protokoloa zuzen bete eta urrats guztiak modu ordenatuan eman behar genituelako, ezin baikenuen akatsik egin eta lankidea edo geure burua arriskuan jarri.

 

Beldurrik sentitu duzue uneren batean?

Batez ere hasieran, birusari buruz ezer ez jakiteak edo informazio gutxi izateak ziurgabetasuna ematen baitzigun. Protokoloa etengabe egokitu beharrak ere ez zigun laguntzen, eta hedabideek ere ez, une oro berri txarrak eta kezkagarriak zabaltzen baitzituzten. Urtebeteko pandemia aldi honetan bizitako esperiantziatik nabarmendu nahi genuke nolako garrantzia izan duten talde-lanak eta lan interdiziplinarrak; gainera, beti itzalean egon izan diren kolektiboek parte hartu dute: administrariek, garbitzaileek, sukaldekoek, mantentze lanetakoek, laborategiko zein erradiologiako teknikariek… Guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, beti gogo onez lagundu baitigute.