Lourdes Ochoa de Retana, Paziente Bizia-Paciente Activo programaren arduraduna: “Programa honetan 7.600 lagunek baino gehiagok parte hartu dute, eta gaur egun 340 monitore baino gehiago daude jardunean”

cof

Bere 10 urteko ibilbidean 7.600 lagunek baino gehiagok parte hartu dute Paziente Bizia – Paciente Activo programan.  Urte hauetan guztietan, programa hau jendeari bere gaixotasunarekin bizitzen laguntzen ahalegindu da, osasun-egoera hobetzen duten ohiturak eta zainketak irakatsiz. Proiektu txiki gisa hasi zena beste erakunde batzuetan ezarri den eta kongresu ospetsuetan aintzatetsi den programa bihurtu da. Lourdes Ochoa de Retanak, Paziente Bizia-Paciente activo programaren arduradunak, azaldu digu programa hori zertan datzan, zer programa eskaintzen dituzten eta zein diren ekimen honen helburuak.

Noiz jarri zen martxan Paziente Bizia – Paciente Activo programa? Zer helburu zituen martxan jarri zenean?

Paziente Bizia-Paciente Activo programa 2010ean sortu zen, Ekialde eskualdeko “berrikuntzaren foroan” parte hartzen zuen profesional talde baten proposamenaren eskutik. Beste proiektu batzuen artean, pazientea hezteko modu berriak bilatzen zituen. Berrikuspen bibliografiko zabal baten ondoren, Stanfordeko Unibertsitateak diseinatutako programa bat aurkitu zen, ebidentzia zientifikoan oinarritua. Une horretan, Euskadin kronikotasuna lantzeko estrategia global bat garatzen ari zen, eta estrategia horren barruan sartu zen, hasiera batean ikerketa-proiektu gisa, 4 eskualde sanitariotan.

2012an, eta lehen emaitzen ondoren, eskaintza Osakidetzaren sare osora zabaltzea erabaki zen, eta hori errazteko, programa-kontratuan sartu zen (Osasun Sailaren eta erakunde sanitarioen arteko kudeaketa-kontratuan, alegia).

  1. urtean, Stanfordeko programaren metodologia gure testuinguru soziokulturalera egokitu genuen, eta metodologia propioa sortu genuen. Harrezkero, metodologia hori lantzen ari gara.

 

Ordutik, zenbat lagunek parte hartu dute programa honetan?

7.600 lagunek baino gehiagok parte hartu dute, eta gaur egun 340 monitore baino gehiago daude jardunean.

 

Zer metodologia erabiltzen du Paziente Bizia – Paciente Activo programak?

Programaren metodologia Albert Banduraren autoeraginkortasunaren teorian oinarritzen da. Albert Banduraren autoeraginkortasunaren teoria kognitibo sozialaren arabera, jokabide-aldaketa arrakastatsuaren aldagai prediktibo giltzarriak honako hauek dira: ekintza bat burutzeko gaitasunaren gaineko konfiantza (autoeraginkortasuna), eta helburu jakin bat lortuko denaren itxaropena (emaitzaren itxaropena). Autozainketarako programetan, jokabide-aldaketarako kausen bidean ematen den lehen urratsa da autoeraginkortasuna. Autoeraginkortasuna areagotzea aurretiko baldintza da jokabidea aldatzeko, eta gaixotasun kronikoaren tratamendua hobetzearekin batera jokabidea aldatzean, osasun-laguntza gutxiago eskatzen da.

Metodo hori gaixotasun kroniko bat duten edo haien zaintzaile diren 2 lagunek zuzendutako tailerretan garatzen da.

Gaixotasun kroniko batekin bizi dena edota haren zaintzailea da funtsezko protagonista, eta, beraz, zainketaren parte aktiboa izan behar dute. Pertsona horiek gaixotasun kronikoarekiko antzeko esperientzia eta zailtasunak dituzte, ikuspegi fisiko, psikologiko zein sozialetik. Ezagutzaren balioari etekina atera behar zaio, kontuan hartuta, gainera, errazagoa izango dela ezagutza hori transmititzea, hizkera bera erabiltzen denean eta antzeko bizipenak izaten direnean. Jakituria eta esperientzia hori aprobetxatzen saiatzen gara; hala, ikastaroa egiten duten batzuk gai izaten dira, behin prestakuntza eta aholkuak jaso dituztenean, beste paziente-talde batzuk lideratzeko.

Tailerrak taldeka antolatzen dira; talde bakoitzean 12-15 lagun biltzen dira asteroko saioetan (7/8 saio, 2,5 ordukoak), eta  material hezigarria jasotzen dute: autozainketei buruz, osasunaren sustapenari buruz eta gaixotasun kronikoei buruz azalpen ulergarriak ematen dituen eskuliburu bat, erlaxazio-ariketei buruzko audioak eta ariketa fisikoko taulei buruzko bideoak.

Tailerretan, gaixotasunari buruzko oinarrizko ezagutzez gain, honako hauek sustatzen dituzten tresnak eta trebetasunak eskaintzen dira: “proaktibitatea”, bizi-ohitura osasungarriak (elikadura, ariketa, atsedena, etab.), emozioen maneiua, sexualitatea, sintomen maneiua eta osasuna hobeto kontrolatzen lagunduko dieten trebetasunak, hala nola ekintza-planen ezarpena, arazoen konponbidea, komunikazio-teknikak, estresa kontrolatzeko teknikak eta erabaki partekatuak, hori guztia berdinen arteko elkarlaguntzaren esparruan.

Ereduak zaintzaren ikuspegi holistikoa garatzen du, osasunarekin eta gaixotasunarekin lan egiteko modu berriak irakatsiz eta, une bakoitzeko helburuak egokitzeko, interesa pertsonaren beharretan, sentimenduetan eta bizipenetan zentratuz, ezagutza teorikoak ez ezik pertsonak bizi duen momentua ere kontuan hartuta.

 

Zein da Paziente Bizia – Paciente Activo programaren helburu nagusia?

Programaren helburu nagusia gaixo kronikoak edota haien zaintzaileak areago ahalduntzea da, autozainketari eta gaixotasunaren kudeaketari buruzko prestakuntza-tailerren bidez, gaituago egon daitezen haien gaixotasuna ulertzeko, haien osasunaz arduratzeko eta osasun arloko profesionalekin erabaki partekatuak hartzeko.

 

Zertan datza ahalduntze hori?

Pazientearen ahalduntzea honela definitzen da: osasunari buruzko erabakietan inplikatu edo parte hartzeko gaitasuna (ezagutza eta trebetasunak) eta motibazioa (kontzientziazioa eta jarrera) lortu edo aktibatzea.

Ahalduntzea areagotuko duten esku-hartzeetan, pazienteak ez dira informazioaren edo preskripzioaren hartzaile pasibo soilak; aitzitik, harreman hezigarriaren subjektu aktiboak dira.

Pazienteen aktibazioa ikertu duten azterlanek dokumentatu dutenez, pazienteek zenbat eta aktibazio handiagoa izan, orduan eta atxikimendu handiagoa izango dute portaera osasungarriekiko, orduan eta osasun-emaitza hobeak izango dituzte, eta orduan eta gehiago murriztuko dira arretaren kostuak.

 

Zein dira programa honen tailer nagusiak?

Paziente Bizia-Paciente Activo programak tailer hauek eskaintzen ditu:

  1. Nire osasuna aktiboki zainduz: edozein gaixotasun kroniko duten pertsonei edo haien zaintzaile nagusiei zuzendua. Astean behin, 2 ordu eta 15 minutuko saio bat egiten da, 7 astez. Aldez aurretik, 1,5 orduko informazio-saioa egiten da.
  2. Nire diabetesa zainduz: 2. motako diabetesa dutenentzat edo gaixo horien zaintzaile nagusientzat. Astean behin, 2,5 orduko saio bat, 7 astez.
  3. Osasuna zaintzen ijitoen herrian: ijitoen komunitateko kideei zuzendua. Astean behin, 2 orduko saio bat, 8 astez. Aldez aurretik, ordubeteko informazio-saioa egiten da.
  4. Minbiziaren ondoren nire osasuna zainduz: prozesu onkologiko bat pasatu dutenei edo haien zaintzaile nagusiei zuzendua. Astean behin, 2,5 orduko saio bat, 7 astez.
  5. Entrenamendu aktiboaren onlineko ikastaroa. Herritar guztiei heziketa-eskaintza zabaltzeko aukera ematen duen eredu berria, ikastaroa modu erraz eta erosoan egiteko aukera ematen duena.

 

Zertan datza “Entrenamendu aktiboaren onlineko ikastaro” berria?

Gaur egun, Covid-19aren pandemiaren ondorioz, prebentzio-neurriak hartu dira pazienteen eta profesionalen segurtasuna bermatzeko; ondorioz, Paziente Bizia programako tailerrek teknologia erabiliz indartu dute prestakuntza-eskaintza. Aurrez aurreko tailerrak Osakidetzan integratutako Zoom plataformara igaro dira, astean behingo maiztasunari eutsiz.

Entrenamendu Aktiboaren onlineko ikastaroak, anonimotasunaz gain, ikastaroa erraz, eroso eta ordutegirik gabe egiteko aukera ematen du. Metodologia oinarritzen da irakurketetan; taldekideekin arazoei, lorpenei, emozio zailei eta ekintza-planei buruz aritzeko elkarrekintzan, eta nork bere burua zaintzeko trebetasunen ikaskuntzan. Horiek guztiek bizi-kalitate hobea lortzen eta osasuna hobetzen laguntzen duten, jarduera fisikoari eta eguneroko errutinei eusteko aukerak murritzagoak diren unean.

Eredu berri hau ona eta erabilgarria izan da pazienteentzat/zaintzaileentzat, eta, gainera, programaren eraginkortasun klinikoari eutsi zaio.

 

Non ematen dira prestakuntza-saio hauek?

Aurrez aurreko prestakuntza-saioak Osakidetzaren osasun-zentroetan nahiz kultur etxeetan, udaletxeetan, auzo-elkarteen lokaletan, erretiratuen etxeetan eta abarretan ematen ziren. Ordea, gaur egun, eta prestakuntza-modalitate horri berrekin artean, modalitate telematikoa baliabide eraginkorra izaten ari da.

 

Zer paziente motak erabiltzen du programa hau?

Paziente Bizia-Paciente activo programa herritarrei zuzenduta dago, bereziki osasun-egoera hobean bizi nahi dutenei eta gaixotasun kroniko batekin bizi direnei edo haien zaintzaile nagusiei.

 

Zer eragin du programak, hura burutzen duten pertsonen bizitzan?

Tailerretan parte hartu ostean, pertsonak osasuna zaintzeko subjektu aktibo sentitzen dira, parte hartzen dute, partekatu egiten dute, gaixotasunarekin duten esperientzia ikuspegi positiboago batetik bizi dute, zailtasunak non dituzten ikusten dute eta konponbideak bilatzen saiatzen dira; azken batean, beren burua zaintzeaz arduratzen dira.

Programak pazienteen bizitzan duen eragina laburbildu daiteke esanez haietan parte hartzen duten pertsonak beren gaixotasunaren jabe sentitzen direla, arduratsuago sentitzen direla eta gai direla osasunean eragiteko. Bere burua subjektu aktibo gisa ikusten hasten dira gaixotasunaren tratamenduan, eta beren erabakiek osasunean duten eraginaz jabetzen dira.

 

Nola eragin dizue pandemiak?

Programa gisa, pandemiak “berrasmatzera” behartu gaitu, gure prestakuntza-eskaintza teknologiaren erabilerarekin indartuz. Gure erronka aurrera egiten jarraitzea da, osasun-arloko profesional guztiekin lankidetzan lan egitea, eskaintzen ditugun zerbitzuak hobetuz eta pertsonen beharrei erantzunez. Azken batean, herritarren ahalduntzea areagotzea,osasun-sistema iraunkorragoa izan dezagun.