Maite Martínez-Zabaleta, Neurologia Ataleko burua eta Iktus Unitateko koordinatzailea: «Galtzen dugun minutu bakoitzeko, gure pazienteen garunean milioi eta erdi neurona baino gehiago hiltzen dira eta kalitate oneko bizitzaren zenbait hilabete galtzen dira»

Urriaren 29an Iktusaren Mundu Eguna dela eta, Maite Martínez-Zabaletarekin hitz egin dugu, Neurologia Ataleko buru eta Iktus Unitateko koordinatzailearekin. Iktusa zer den eta horren aurrean nola jokatu behar den azaldu digu. Ahal den neurrian iktusak saihesteko, dieta zaintzea, kirola egitea eta bizitza osasungarria izatea garrantzitsua dela gogorarazi digu sendagileak. Edozein iktus sintomaren aurrean bai pazienteak bai profesionalek azkar jokatzea funtsezkoa dela azpimarratu du. Beraz, iktusa izatearen sintoma argiak sumatuz gero, 112ra deitu behar dugu.

 

Zer da iktusa eta zergatik sortzen da?

Sistema arterialaren buxadura edo hausturatik eratorritako garuneko edozein gaixotasuni deitzen diogu iktus. Arteria bat, edozein arrazoirengatik, buxatzen bada eta garunaren zati bat irrigatzeari uzten badio, garuneko infartu deitzen diogu; garuneko odoljario esaten zaio, berriz, arteria hausten denean.

Iktusaren kausak askotarikoak dira, baina funtsezkoenak honako hauek dira: arteriosklerosia eta fibrilazio aurikularrak eragindako bihotzeko arritmia, infartuen kasuan; hipertentsio arteriala, malformazio arterialak edo arteria ahultzen duten bestelako gaitzak eta botika antikoagulatzaileak edo drogak hartzea, berriz, hemorragien kasuan.

 

Zer arrisku-faktorerekin dago lotuta iktusa?

Iktusa izateko probabilitatea handitzen duten faktoreetako batzuk adina eta genetika dira, hau da, ezaugarri aldaezinak. Baina beste batzuk, garrantzitsuenak, hain zuzen ere, bizi-ohiturekin lotutako faktoreak edo gutxienez kontrolatu edo zuzendu ditzakegun arazoak dira. Ildo horretan, HTA, diabetesa, tabakismoa, sedentarismoa, hiperkolesterolemia eta obesitatea nabarmendu nahi nituzke, duten garrantziagatik. Noski, beste asko daude.

 

Zer sintomak ohartarazten digute iktusa izaten ari garela?

Orokorrean, esaten dugu aurretik normala zen garunaren funtzio bat bat-batean galtzeak susmoa eragin behar digula. Nagusiki, hitz egiteko gaitasunaz, gorputzaren alde bateko indarraz edo sentsibilitateaz eta begi bateko ikusmenaz edo ikusmen eremuaren zati batez ari naiz. Beste sintoma batzuk ere badaude, adibidez: bertigoak eragindako zorabioa edo ezegonkortasuna ere iktusaren adierazleak izan daitezke, baina zehaztugabeagoak dira eta baloratzeko zailagoak. Oso bat-batean zefalea edo buruko min bizia sortzea ere iktusaren adierazlea izan daiteke.

 

Nola jokatu behar dugu iktusa izaten ari garela susmatuz gero?

Funtsezkoena azkar jakinaraztea da, kasu bakoitzean behar den tratamendua eskaintzen duen tokian edo ospitalean arreta jasotzeko. Azken urteetan frogatu denez, denboraren faktorea funtsezkoa da gaixotasun honen kudeaketan.

Denbora luzea daramagu lanean gure probintzian iktusa duten pazienteen arreta optimoa eta ekitatiboa izan dadin, bai fase akutu horretan bai ondoren. Profesional askok esku hartzen dugu lehenengo orduetan eta katean antolatuta gaude, paziente potentzial bat identifikatutakoan ahalik eta azkarren esku hartzeko, eta bakoitzak garbi dauka bere zeregina zein den.

Denak funtziona dezan, lehenengo sintoma nabaritzean 112 zenbakira deitzea komeni da.

 

Nola ari dira pandemia bizitzen iktusa izan duten pazienteak?

Nire ustez, gehienak bezala, beldur handiz, ahul sentitzen direlako. Obesitatea, hipertentsioa, diabetesa, bihotzeko gaixotasunak eta abar dituztenek COVID gaixotasun larria eta bilakaera txarrekoa izateko arrisku handiagoa izan dezaketela esan digute. Iktusa izan duten paziente gehienek gaitz horietakoren bat dute, beraz, beldur dira.

 

Azken hilabeteetan, iktusa izan duten pazienteen kopurua murriztu dela ikusi duzue?

Lehenengo olatuan, gure ospitaleetan oso deigarria izan zen iktusaren ondoriozko kontsulten eta ospitaleratzeen jaitsiera. Eta munduko edozein txokotan gauza bera gertatu zen, iktus mota guztien kasuan. Espainiako iparraldeko autonomia-erkidego guztietako beste ospitale askorekin batera, azterketa batean parte hartu genuen, eta gure ospitaleko jarduera % 30 txikitu zela ikusi genuen.

Honek hainbat eragile izan ditzakeen arren, eta konfinamenduan aktibo ez egoteak, estresa txikitzeak edo ingurumen-kutsadura murrizteak agian eragina izango zutela pentsatuta ere, gaur egun, uste orokorra da pazienteen kontsulta eta arreta atzeratu egin zirela, etxetik atera edo ospitalera joateko beldurrez zeudelako. Jendeak ez zuen kontsultarik egin eta etxean itxaron zuen.

Zorionez, berriz ere une txarrean gauden arren, gaur egun jarduerari eutsi egiten zaio eta gure inguruneko garai honetako ohikoa da.

Nolanahi ere, nire ustez, herritarrei mezu argi bat helarazi behar diegu eta azaldu gure ospitaleetan gaixotasun larri eta urgenteen arretari ohiko moduan eusten diogula eta kontsultara etorri behar direla.

 

Zer egin dezakegu iktusa, ahal den neurrian, prebenitzeko?

Zenbait kalkuluren arabera, iktusa izateko arriskua % 50 baino gehiago murriztea lortuko genuke erretzeari eta alkohola hartzeari utzi, ondo jan (dieta mediterraneoa), egunero kirol arina egin (oinez ibili, pedalei eragin, igeri egin edo poliki korri egin) eta aipatutako gainerako arrisku-faktoreak kontrolatuz gero (HTA, kolesterola, DMa), gure sendagileek gomendatutako botikak ondo hartuta.

Baina ez dugu ondo egiten, ezta iktus bat edo gehiago izan ondoren ere. Nire ustez, dagoeneko ez dago gomendio horiek ezagutzen ez dituen inor. Gainera, kardiologoak miokardioko infartuaren kasuan egiten dizkigun berberak dira, baita tumore batzuk eta gaixotasun degeneratiboak saihesteko gomendatutakoak ere. Horiek betetzea da zailena eta, batez ere, luzaroan bizimodu osasungarria izatea, kaltegarriak direla jakin arren plazera sortzen dizkiguten gauzak saihestuz.

Iktusa izan duten pazienteei arreta ematen urte asko eman ondoren, gomendatzea ez dela nahikoa ikasi dut, ezta behin eta berriz eskatzea ere. Nire ustez, erabilgarriagoak dira beste gomendio batzuk: pazienteen komunitateetan parte hartzea edo tabakoa erretzeari uzteko kontsultetara joatea, lagundu diezaieten; edo janaria gatzik gabe prestatzeko trikimailuak azaltzea.

 

Gaur egun zer tratamendu daude iktusa duten pazienteei arreta emateko?

Funtsezkoenaz hitz egin dugu, prebentzioaz. Hala ere, urtean iktusa izan duten gutxi gorabehera 1.600 pazienteri arreta ematen jarraitzen dugu; gehienek garuneko infartuak edo iktus iskemikoak izaten dituzte. Azken hamarkadan, garunean etendako fluxua azkar berrezartzen duten botiken edo aplikazio endobaskularreko tekniken bidezko hainbat tratamendu sortu dira. Tratamendu horiei, paziente horiek lehenengo egunetan jasotzen dituzten zaintza orokorrak hobetzeari eta errehabilitazioan izandako aurrerapenei esker, gaixotasun horren historia naturala aldatzen ari da. Ospitale barruko hilkortasuna eta epe luzerako desgaitasuna nabarmen murriztea lortu dugu. Hala ere, gaixotasun larria da oraindik ere, tratamendua hobetu behar dugu, eta, batez ere, gaixotasuna saihestu.

 

Iktus iskemiko akutua duten pazienteei arreta emateko denbora murriztea funtsezkoa da hilkortasuna eta ondorio larriak mugatzeko.

Paziente horiei arreta emateko denbora murriztea giltzarria da. Aipatutako edozein tratamendu aplikatzeak ekarritako onurak denboraren mende daude. Galtzen dugun minutu bakoitzeko, konturatu behar gara gure pazienteen garunean >1,5 milioi neurona hiltzen direla eta kalitate oneko bizitzaren zenbait hilabete galtzen dituztela pasatzen uzten dugun minutu bakoitzeko.

Nahiz eta azken urteetan hainbat mailatan esku hartu dugun eta arreta emateko denbora asko hobetu den, hori da gainditu behar dugun erronka handienetako bat.

 

Zer da iktus kodea?

Ustez iktusa izanik tratamendu horiek mesedegarri izango zaizkion edozein paziente identifikatzeko “zigilua” da iktus kodea. Paziente bat iktus kodea dela esaten dugunean, urgentzia handiz eta lehenbailehen tratatu behar dugun arazo bat daukala adierazten ari gara.

 

Zer lan egiten ditu iktus-unitate batek?

Iktus-unitate bat zainketa erdikritikoen unitate bat da, patologia horretako aditu talde batek ematen du arreta eta gaitz hori duten pazienteak bakarrik sartzen ditugu bertan, zaintza protokolizatu, espezializatu eta estua emateko, gaitzak aurrera ez egiteko eta konplikaziorik ez sortzeko. Frogatuta dago mota horretako arreta emateak pazienteen hilkortasuna murrizten duela eta gure pazienteak berriz ere autonomo izateko probabilitatea handitzen duela. Zaintza horietan, erizainen lana funtsezkoa da.

 

Zertan datza iktusa duten pazienteentzako tratamendu errehabilitatzailea?

Errehabilitazioa, esan dudan bezala, paziente horien tratamenduko funtsezko zutabeetako bat da. Goiztiarra, espezializatua eta ahalik eta osoena izan behar da, pazienteak onartzen duen bezain osoa, pazienteak galdu dituen gaitasunak berreskuratzeko, lesionatutako egiturak osatzea erraztuz eta garunaren plastikotasuna sustatuz.