Manuel Franco ikerlariari elkarrizketa

Joan den otsailaren 4an, Manuel Franco ikertzaileak Biogipuzkoa bisitatu zuen, eta institutuko hainbat ikerketa-talderekin bildu zen, “Investigación en salud urbana y cambio climático: de Madrid a Euskadi pasando por Europa” izeneko hitzaldia emateko. Jarduera hau Biogipuzkoak aldizka egiten dituen Mintegi Zientifikoen zikloaren barruan kokatzen da.

Manuel Franco medikua eta gizarte eta hiri epidemiologoa da. Gaur egun, Ikerbasque Irakaslea da Klima Aldaketari buruzko Euskal Ikerketa Zentroan (BC3). Johns Hopkins, City University of New York eta Alcalá de Henares unibertsitateetako irakasle laguntzailea ere bada. Bere ibilbidea biztanlerien osasuna eta haien arteko desberdintasunak baldintzatzen dituzten hiri-inguruneko faktore sozialekin lotuta dago.

Heart Healthy Hoods proiektuaren ikertzaile nagusia izan zen. Proiektu honek  elikadura-patroiekin, jarduera fisikoaren mailekin, tabakismoarekin eta alkoholaren kontsumoarekin lotutako hiri-ezaugarriak aztertzen ditu. Hirietako elikadurari buruzko Photovoice Villaverde proiektu parte-hartzailearen ikertzaile nagusia ere izan zen.

Manuelek interes handia du osasun publikoko ikerketaren hedapenean, eta, horretarako, nazioarteko eta nazioko komunikabide askorekin kolaboratzen du. El País egunkariko “La salud va por barrios” sailaren egilea da.