Manuela Pérpez Rizo, Donostialdeko ESIko Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuko arduraduna: “Etxeko asistentziak eragin onuragarria du pazientearengan; horregatik, norberaren etxea tresna terapeutikotzat har daiteke”

Etxeko ospitalizazioa Euskadiko osasun-sistemak ospitalizazio tradizionalarentzat duen alternatibarik garrantzitsuenetako bat da. Asistentzia-eredu honi esker, pazienteek ospitaleko tratamendu eta zainketen antzekoak jasotzen dituzte etxean. Mediku eta erizainez osatutako hainbat taldek egunero zainketa berezituak ematen dizikiete bestela ospitalean egon beharko luketen pazienteei. Goizero, auto elektriko txiki batzuk Oiartzun eta Zumaia arteko bidea egiten dute, inguruko 80 etxebizitza bisitatuz, eta pazienteek oso ondo baloratzen duten zerbitzu bat emanez. Esan beharra dago Euskal Autonomia Erkidegoa dela etxeko ospitalizazioko zerbitzua jasotzen duten paziente gehien dituen eta zerbitzu horretan tratatu daitezkeen patologien artean aniztasun gehien duen erdikegoetako bat. Manuela Pérez Donostialdeko ESIko Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuko arduraduna da. Berak azaldu digu nola egiten zaion aurre eguneroko lanari horrelako zerbitzu batean.

 

 

Azalduko zeniguke zer den etxeko ospitalitzazioa?

Gure zeregina hobeto zehazten duen azalpen bat ematearren, esan gezake etxeko ospitalizazioa osasun-eremuko alternatiba asistentzial bat dela, antolaketa-eredu zehatz bat, non mediku eta erizainek kuantitatiboki zein kualitatiboki ospitale mailakoa den arreta eta zaintza ematen dizkieten pazienteei haien etxeetan, paziente horiek dagoeneko ospitaleko azpiegiturarik behar ez dutenean, baina oraindik zaintza aktiboa eta asistentzia konplexua eskatzen dituztenean.

Asistentzia mota honen gakoa etxea da. Etxearen kontzeptua ulertzeko, bestalde, hiru dimentsio hartu behar ditugu kontuan: fisikoa (etxebizitza eta ekipamenduak), psikikoa (afektuak, sentimenduak) eta soziala (familia, bizilagunak eta lagunak). Etxeko asistentziak eragin onuragarria du pazientearengan; horregatik, norberaren etxea tresna terapeutikotzat jo daiteke.

Guk ulertzen dugun etxeko ospitalizazioak pazientearen arreta hobea eta baliabideen aprobetxamendu hobea ditu helburu, eta mailen arteko koordinazioan oinarritzen da.

 

Nola dago antolatuta zuen zerbitzua?

Duela 9 urtetik hona, Etxeko Ospitalizazio Zerbitzua Paziente Kroniko eta Eriondokoaren Kudeaketa Klinikoko Unitatearen barruan dago. Eta duela 5 urtetik hona, zerbitzua berrantolatu dugu; hala, antolaketa paziente motaren eta artatzen ditugun prozesuen araberakoa da orain, eremu geografikoen araberakoa izan beharrean.

 

Zuen lana talde-lana da. Zenbat lagunez daude osatuta etxeko ospitalizazioko lantaldeak?

Talde bakoitzean mediku bat eta erizain bat daude, bai eta graduarreko nahiz graduondoko prestakuntzako profesionalak ere.

Mediku batez eta erizain batez osatutako 10 talde ditugu, goizeko eta arratsaldeko txandetan eta asteburuetan lan egiten dutenak.

Bestalde, badaude medikuaren laguntzarik gabe etxeko bisitak egiten dituzten erizainak ere.

 

Zenbat profesionalek lan egiten dute zuen zerbitzuan?

21 erizainek, 15 medikuk eta administrari batek.

 

 

Zenbat prestona artatzen ditu egunero zuen zerbitzuak?

Batez beste 80 paziente artatzen ditugu. Gehienetan arreta presentziala ematen dugu, baina telefonoa ere askotan erabiltzen dugu, pazienteei kontrol kliniko ebolutiboa egiteko.

 

Noiz jarri zen martxan Etxeko Ospitalizazio Zerbitzua?

1995ean jarri zen martxan. 2020an 25 urte bete genituen.

 

Zein eremu geografikotan jarduten du Etxeko Ospitalizazioak?

Donostialdea osoan eta Urola Kostako zati batean (Oiartzundik hasi eta Zumaiaraino).

 

Familiako kideek edo zaintzaileek egiten dituzte etxeko zainketak. Nola lan egiten duzue beraiekin?

Paziente bati etxeko ospitalizazioaren zerbitzua emateko, pertsona bat behar izaten da –familiako kideren bat edo beste norbait–, mediku eta erizainei pazienteak eskatzen dituen zainketak ematen laguntzeko moduan izango dena.

Pertsona horri zaintzaile nagusia esaten diogu. Pazienteari jarraipena egin behar zaion aldian, bera arduratzen da pazientearen zuzeneko zainketaz (garbitasunaz eta elikaduraz), eta batzuetan lantalde sanitarioari laguntzen dio erabat teknikoak diren zereginak burutzen (adibidez, nutrizio parenterala konektatu eta deskonektatzen), aldez aurretik horretarako trebakuntza eta entrenamendua jaso ondoren.

Zaintzaile nagusiak trebatu egin behar du hainbat zeregin burutzeko; adibidez, ohean dauden pazienteak gorputz-jarrera egokiak zainduz mugitzeko, zain barneko terapeutikaren oinarrizko maneiua eta kontrola ezagutzeko, zundak zaindu eta garbitzeko eta nutrizio parenteralerako bonbak maneiatzeko. Zaintzailea izateko egonkortasun emozionala izan behar da, pazienteak behar dituen zainketak ulertzen eta gauzatzen jakin behar da, eta pazientea zaintzeko prestasuna izan behar da.

Gure zerbitzuko profesionalek ezingo lukete pazienteen etxeetan lan egin, zaintzaile horien laguntzarik gabe. Bide batez,  nire miresmena azaldu nahi nieke.

Talde sanitarioak babes osoa ematen die zaintzaileei eta familiakoei, haiengan gehiegizko zama jartzea saihestuz, eta beharrezko trebakuntza eta entrenamendua eskaintzen dizkiete. Azkenik, laguntza emozionala ere ematen diete, izan ditzaketen zalantza, beldur eta kezkak uxatzeko.

 

Osasunaren ikuspegitik, zein dira etxeko ospitalizazioak erabiltzaileentzat nahiz gure ESIarentzat dituen abantailak?

Hainbat helburu betetzen direla. Alde batetik, ospitaleko alta goiztiarrarekin laburtu egiten dira alta klinikora bitarteko tratamendu eta zainketa konplexu eta etengabeak. Bestalde, ospitaleko tratamendua behar duten baina ospitaleratu nahi ez duten mendeko pazienteak ospitaleratzea saihesten da, etxearen eta zaintzailearen baldintzak egokiak direnean. Halaber, osasun-arreta “leku terapeutiko onenean” ematea bermatzen da, eta arreta hori integrala, humanoa eta indibiduala izateaz gain, areagotu egiten dira autonomia funtzionala, independentzia sozio-familiarra eta autozainketa. Bukatzeko, gure zerbitzuak lehen mailako arretaren eta ospitalekoaren arteko komunikazio-zubiak eraikitzen laguntzen du.

 

Asistentzia-eredu hau nolako patologiei ezarri dakieke, eta zein da arreta hau jasotzen duen pazientearen profila?  

Alde batetik, ospitaleko egonaldiak laburtzen edo saihesten saiatzen gara, ospitalizazio konbentzionala ordeztuz. Gertaera akutu baten ondoren eriondoan dauden pazienteak artatu ohi ditugu etxean, edo eboluzio luzeko terapia parenterala behar dutenak, bai eta patologia akutuentzako tratamendua jaso behar dutenak edo berriro beste gertaera akuturen bat izan dutenak ere. Bestalde,  etxeko tratamendu paliatiboa eskaintzen diegu gaixotasun aurreratuak, progresiboak edo terminalak dituzten gaixo ezegonkorrei eta aurretiko borondatea errespetatzeko plangintza egina dutenei, guztiei arreta integrala, indibidualizatua eta jarraitua emanez. Azkenik, epe luzeko zainketa konplexuak behar dituzten pazienteen trebakuntzaz eta kontrolaz ere arduratzen gara.

 

Gero eta jende gehiagok erabakitzen du heriotzaren uneari etxean aurre egitea, maite dituztenengandik gertu. Etxeko Ospitalizazioko zerbitzuak asistentzia integrala eskaintzen du, laguntza emozionala barne.

Zainketa aringarrien oinarrizko zutabeak dira diagnostikoari eta pronostikoari buruzko informazioaren eta komunikazioaren maneiua, sintomen kontrola eta pazientearen eta familiakoen euskarri emozionala.

Paziente paliatiboei eta haien familiakoei arreta ematen dieten Etxeko Ospitalizazioko lantaldeek ezin hobeto dakite nola komunikatu behar duten, eta bizitzaren amaierarena bezalako une hain intimoetan aurrean duten pertsonarekiko errespetu sakon bat erakusten dute.

Funtsezkoa da pazienteen eta familiakoen erritmoari adi egon eta entzutea, bizi duten prozesuan lagundurik sentitu daitezen. Eta horrek denbora eskatzen du, behar den beste denbora…

 

Zainketa aringarriak oso garrantzitsuak izango dira zuen eguneroko zereginean…

Jakina. Dauzkagun 10 lantaldeetatik 5ek paziente paliatiboen etxeko osasun-arretan jarduten du, berariaz. Lantalde horietan psikologo bat aritzen da lanaldi partzialean, eskatzen dutenei etxeko laguntza emanez. 2020an 580 paziente paliatibo artatu ziren; horietatik % 59 paziente paliatibo onkologikoak ziren, eta % 41 organoren  bategatik gaixo paliatibo zirenak.

 

Zer eragin izan du COVID-19ak zuen eguneroko lanean?

Covid-aren presentziak gorabeherak izan ditu gure zerbitzuan. Lehenengo olatuan, ospitaleko oheak libratzeko, paziente batzuei alta eman zitzaien gure zerbitzuan sartzeko, nahiz eta artean ez genekien oso ondo nolakoak izango ziren gaixotasunaren pronostikoa eta eboluzioa. Hurrengo olatuetan, Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuan kasu puntualetan bakarrik izan ditugu covid pazienteak, eta gure lana batez ere izan da azken maila terapeutikora iritsi eta bizitzaren amaieran etxean egon nahi zuten pazienteak artatzea.

Gure bisita guztietan neurriak zorroztu behar izan ditugu, covid-aren aurkako isolamendu-neurri estandarrak eta espezifikoak hartuz, etxeetan kasu susmagarriren bat egonez gero.