Mari Jose Goñi, Donostialdeko ESIko gizarte-langilea: “Genero-indarkeriak giza eskubideak urratzen ditu eta osasun publikoko arazo global garrantzitsu bat da, bere tamainagatik, larritasunagatik eta eraginagatik”

Genero-indarkeria osasunarekin estuki lotuta dagoen gaia da, eta planetaren luze-zabalean osasun publikoko arazo larrienetako bat da. Errealitate hori dela-eta, Osakidetzako profesionalok prest egon behar dugu indarkeria egoera horiek diagnostikatu eta tratatzeko. Helburu hori betetzeko, 2019. urtean “Genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen aurrean Euskadin nola jardun jakiteko osasun arloko profesionalentzako jarduketa-gida“ argitaratu zen, eta argitalpen hori mugarria izan zen euskal osasun-sisteman, gai horrekin lotutako guztian. Jarduketa-gida horren emaitza da Donostialdeko ESIko Genero Indarkeriaren Aurkako Talde Teknikoa. Talde hau gida hori inplementatzeaz eta genero-indarkeria jasaten duten emakumeei eta haien seme-alabei arreta eta laguntza emateaz arduratzen diren hainbat profesionalek osatzen dute. Mari Jose Goñi Donostialdeko ESIko gizarte-langileak azaldu digu zertan datzan talde tekniko horren lana.

 

 

Azalduko diguzu nortzuk osatzen duzuen Donostialdeko ESIko Genero Indarkeriaren Aurkako Talde Teknikoa eta noiz sortu den talde hori?

Taldea 2019an eratu zen, eta Arreta Integratuaren Zuzendaritzako, osasun-zentroetako, Larrialdi Orokorretako, Pediatriako Larrialdietako, Ginekologiako eta Gipuzkoako Familia eta Komunitate Arretarako Irakaskuntza Unitate Multiprofesionaleko profesionalek osatzen dute. Osasun Mentaleko Sareko kide batek ere parte hartzen du.

 

Zein dira zuen helburuak?

Talde honen zeregina da Donostialdeko ESIan genero indarkeriaren gaiari heltzeko estrategia garatzea, koordinatzea eta estrategia horren jarraipena egitea.

Estrategiaren helburu nagusia da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haien seme-alabei ematen zaien arreta eta laguntza hobetzea, generoaren ikuspegitik integrala, jarraitua, ekitatiboa eta kalitatezkoa izango den arreta bermatuz.

Gure taldeak helburu espezifiko hauek ditu, bestalde:

  1. Genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen aurrean nola jardun jakiteko osasun arloko profesionalentzako gida komunikatu eta ezartzea.
  2. Pretakuntza-eskaintza profesional gehiagori zabaltzea.
  3. Donostialdeko ESIaren eremu geografikoan dauden erakunde arteko protokoloetan parte hartzea.
  4. Tokiko komunitate-jardueretan parte hartzea, eta osasunerako hezkuntza-jardueretan genero-berdintasuna eta indarkeriaren prebentzioa sartzea.

 

Zuen arreta- eta interbentzio-eredua Genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen aurrean Euskadin nola jardun jakiteko osasun arloko profesionalentzako jarduketa-gidan zehazten dena da. Nola egin da gida hori, eta zer garrantzi dauka osasun arloko profesionalentzat?

Gida hori 2019an argitaratu zen, eta Osakidetzako eta Osasun Saileko profesional talde batek –Gasteizko Udaleko, Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko, Emakundeko eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeko teknikarien berrikuspenarekin– 2 urtez baino gehiagoz egindako lanaren emaitza da.

Genero-indarkeriak giza eskubideak urratzen ditu eta osasun publikoko arazo global garrantzitsu bat da, bere tamainagatik, larritasunagatik eta eraginagatik.

OMEk, Erakunde Panamerikarrak eta bestelako nazioarteko erakundeek eta administrazioek, erakunde profesionalek, gizarte-eragileek eta emakume-elkarteek genero-indarkeriak emakumeen osasunean dituen ondorioak ikertu eta egiaztatu dituzte, eta horri buruzko datuak zabaldu.

Genero-indarkeria pairatu duten emakumeak osasun-zerbitzuetan artatu ohi dira, eta haien seme-alabak ere bai; hauek ere genero-indarkeriaren biktimatzat hartzen dira legea aldatu denetik. Bestalde, oraindik gutxi diagnostikatzen den osasun-arazoa da, eta, beraz, ez da behar beste ikusten, atzematen, erregistratzen eta jorratzen.  Garrantzitsua da emakume horiei arreta ematen dieten profesionalak ondo prestatuta egotea.

Gida honek 2008an argitaratutakoa eguneratzen du, eta funtsezkoa da arazo soziosanitario honetan hobeto inplikatzeko, aurreko gomendioak eguneratuz, zabalduz eta lege-aldaketetara egokituz, eraginkortasun eta efikazia handiagoa izan dezaten. Horiek horrela, gida honek biktimarekin bizi diren adingabeak (seme-alabak) indarkeriaren zuzeneko biktimatzat hartzen ditu.

Gida honen helburua da osasun-langileak sentsibilizatzea eta gure testuinguruan genero-indarkeriako kasuen detekzio goiztiarrean inplikatzea, eta, orobat, profesionalek osasun-esparrutik esku hartzeko irizpideak homogeneizatzen lagunduko duen lanerako tresna bat ezartzea. Estrategia komunak, jakintza, orientabideak eta baliabideak eskaintzen ditu, osasun-profesionalek arreta integratua eman diezaieten arazo hori jasaten duten emakumeei, eta, hartara, aurre egiteko aukera izan dezaten.

 

Zergatik da hain garrantzitsua genero-indarkeria osasun publikoko arazotzat eta giza eskubideen urraketatzat hartzea?

Emakumeen aurkako indarkeria beti egon da, eta emakume askorentzat haien bizi-sistemaren parte da. Gizonek emakumeak menderatu eta azpiratzeko erabili duten modua izan da. Denbora luzez ezkutuan egon izanaren arrazoia da sarritan familiako kideek ematen dizkietela tratu txarrak emekumeei. Emakumeen aurkako indarkeriaren ikusezintasuna lotuta dago familiak izan duen eta duen prestigio sozialarekin, eta haren barruan gertatzen direnak arlo pribatuaren esparrukoak direlako ustearekin.

Duela gutxi samar hasi da genero indarkeria ezagutzen eta ikusgai egiten, eta kontu pribatua izatetik arazo sozialtzat eta osasun-arazotzat jotzera igaro da. Genero-indarkeria giza eskubideen urraketatzat hartzen da (Nazio Batuen Batzarra – 1993ko abenduaren 20ko 48/104 ebazpena) eta osasun publikoko arazo global garrantzitsutzat ere bai, ondorioak dituen hedadura handiko arazo larria baita (Osasunaren Mundu Erakundea, OMS-1996). Agerikoak dira arazo sozial handi horrek osasunean eta osasun-sisteman dituen ondorio larriak. Azken urteetan genero indarkeriak hartu duen hedadura dela-eta, gaur egun osasunaren arloan lehentasunezko gai bat da. Beharrezkoa da, beraz, ahaleginak batzea, biktima diren emakumeekiko interbentzioetan prebentzioa, detekzioa eta arreta gero eta eraginkorragoak izan daitezen.

 

Zein printzipiotan oinarritu behar du osasun-sistemak genero indarkeriaren aurka borrokatzeko?

  • Genero-indarkeria osasun publikoko arazo bat eta giza eskubideen urraketa bat dela ulertu behar dugu.
  • Osasun-sistema funtsezkoa da genero-indarkeriaren arloko prebentzio eta jarduketarako, emakumeek zerbitzu horietara jotzen baitute zenbait osasun-arazo dela eta.
  • Emakume biktimentzako arreta ahalduntzearen eta erreparazioaren ikuspegitik garatu behar da, eta berdintasun-politika publikoetan txertatu.
  • Indarkeriazko harreman batetik irteteko arazoari ezin zaio heldu prisma bakarretik, emakumeei eskainiko zaizkien zerbitzuetako asko elkarren osagarriak baitira. Sarean jardun behar da, emakumeari segurtasun- eta konfiantza-giroa eskaintzeko.
  • Seme-alabei arreta eman behar zaie, genero indarkeriaren biktima zuzenak diren aldetik.
  • Genero-indarkeriaren prebentzioak eskatzen du komunitatean kontzientzia sortzea eta osasunerako hezkuntza-jarduerak garatzea, komunitateen eta osasun-zerbitzuen (batez ere lehen mailako arretaren) arteko loturak ezartzen dituen komunitate-eredu baten barruan.

 

Genero-indarkeria prebenitzeko, gizartean eragiteko aukera emango duen eredu komunitario bat behar da. Nola sor dezakegu kontzientzia, nola garatu dezakegu hezkuntza gure komunitatearen baitan, eta zein eremutan landu behar da prebentzioa?

Gida aipatuko dut:

Genero-indarkeria egiturazko arazo sozial bat da. ldo horretan, gizartea berdintasunezko jarrera eta ekintzetara bideratuko bada, ezinbestekoa da berdintasunaren inguruko balioak eraldatzea kultura-testuinguru aldakor batean.

Lehen mailako prebentzioaz hitz egiten dugunean, erronka sozial bikoitzarekin lankidetzan jarduteaz ari gara: batetik, indarkeriazko gizartean bizi gara, non indarkeria harremanak izateko eta gatazkak ebazteko erabiltzen den, eta, bestetik, gizarte patriarkal eta matxista batean bizi gara, non generoak baldintzatu egiten dituen gizarte-harremanak, interesak, motibazioak, jarrerak… bai eta gaixotzeko erak, arreta sanitarioa eta zainketen gizarte-antolaketa ere.

Hala, indarkeriari aurrea hartzea kontu korapilatsua da eta gizabanakoaren, familiaren eta komunitatearen esparruan esku hartzea eskatzen du. Eta osasun-sistemak hiruretan du eragina, baina ezin izango da ez bakarrik ez modu independentean bultzatu aldaketa hori. Ezinbestekoa da hezkuntza-sistema, komunikabideak, sistema judiziala eta politika horretan inplikatuta eta koordinatuta egotea. Berdintasunezko kultura bateranzko aldaketak egitura sozial osoan izan behar du eragina, eta gobernuen, instituzioen eta herritarren konpromisoa eskatzen du. Puntu horretan, plataforma sozial batzuetan zenbait kolektibok koordinatuta lan egiten dute berdintasunaren alde. Osasun-sistemak instantzia horietan parte hartu beharko du jarrera bikoitzarekin: besteek erakuts diezaguketena ezagutzea gure erakundera eramateko eta, bestalde, gure jakintzaren alor espezifikoa instantzia sozialetan ekartzea aldaketa bultzatzeko. Begirada komunitario horretan lehen mailako arretak funtsezko eginkizuna izango du bere esentziarengatik, profesionalen prestakuntzarengatik eta tokiko esparruetan jarduteko ahalmenarengatik.

 

Detekzio goitiarra funtsezkoa da gai honetan. Zein egoera dira bereziki zaurgarriak tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzat?

Indarkeria-egoeran dauden emakumeekiko jarduketek estereotipo sexistetatik libre egon behar dute; izan ere, indarkeriak edozein emakume har dezake eraginpean, ez dago tratu txarren egoeran dauden emakumeen profilik, eta, hortaz, egokiagoa da kalteberatasun handiagoko egoerez hitz egitea.

Osasun-langileek gogoan izan behar dute osasun-zerbitzuetara jotzeko zailtasun handiagoa duten emakumeak daudela. Emakume horiek identifikatzeko intersekzionalitatearen dimentsioa aipatzen da, eta hortik tratu txarrak klase, arraza eta/edo generoaren desparekotasun-ardatzen intersekzioaren eta interdependentziaren emaitza dira. Faktore horiek ezagutzeak indarkeria hori prebenitzen edo murrizten lagun dezake:

  • Bizi-aldaketekin erlazionatutako egoerak: ezkongaialdia, haurdunaldia, erditzea eta puerperioa, bereizteko prozesua eta erretiroa.
  • Mendekotasunarekin, aniztasun funtzionalarekin, migrazioarekin, laneko zailtasunekin edo langabeziarekin, bakartze sozialarekin eta mendekotasun ekonomikoarekin erlazionatutako egoerak. Azken batean, babesgabetasuneko, esplotazioko eta gizarte-bazterketako arrisku-egoerak.

 

Genero-indarkeriak erasoak gertatzen diren familia-ingurunean dauden haurrei ere eragiten die. Zer jarraibide hartu behar ditugu kontuan adingabeekin?

Lehenengo, arazoari hasieratik heldu behar diogu, genero-indarkeriazko harremanen testuinguruan, haurdunaldia etapa bereziki zaurgarria baita. Izan ere, lehen haurdunaldian hasten da bikotekidearen aldetik tratu txarren ehuneko handi bat. Bestalde, haurdunaldia emakumearen eta familiaren eta, bestetik, osasun-sistemaren arteko harreman-aldia da, eta bidea ematen du aurretiaz arriskuko faktoreak edo egoerak hautemateko. Ginekologiako eta erizaintzako pertsonala eta emaginak aparteko profesionalak dira egoera horiei aurre egiteko. Edozein motatako genero-indarkeriako egoera jaio aurreko tratu txarraren adierazletzat jotzen da.

Lehen Mailako Arretako kontsultek haurdunaldia eta puerperioa kontrolatzeko duten funtsezko egitekoaz gainera, batez ere Pediatriako taldeek dute harreman erregularra haurrarekin eta haren familiarekin. Horrek egoera pribilegiatuan jartzen ditu haiek, bereziki familia-esparruan sortzen diren arazoak aurretiaz antzemateko eta prebenitzeko.

Horretarako funtsezko tresna da Haurren Osasun Programa. Horren helburua da osasuna gainbegiratzea eta sustatzea, programatutako bisitaldietan egiten diren jardueren bitartez.

Susmatzen denean edo atzematen denean indarkeria jasaten duen emakumeak seme-alabak dituela, beharrezkoa da egoera Lehen Mailako Arretan erreferentziakoak diren profesionalei horren berri ematea: zentroko pediatrei (14 urtetik beherako adingabeen kasuan) edo familia-medikuei (adinez nagusiak badira), erizainei eta gizarte-langileei.

Garrantzitsua da emakumeari prozesu pertsonalean laguntzea, baina, era berean, ezinbestekoa da tratu txarrek seme-alabengan duten eraginaz jabetu dadin laguntzea. Emakumearen suspertze-erritmoa oinarrizkoa da emakumearekin lanean jarraitu ahal izateko, baina kontuan hartu behar da seme-alabek izan dezaketen arrisku-maila.

 

Esango zeniguke, oro har, zer den tratu txarrak jasan dituzten emakumeekin interbentzio profesional egoki bat egitea?

Interbentzio profesional egoki bat honetan oinarritzen da:

  • Arretaren ardura izatea arazoa hasierako oinarrizko jardun batean detektatzen duen edozein profesional eta zerbitzurena.
  • Osasun-laguntzaren luzetarakotasun eta jarraitutasun handieneko zerbitzuek egoki lagun egitea sostengua eta jarraipena emateko jardunean.
  • Emakumeek eta seme-alabek arreta-prozesuan igarotzen dituzten osasun-zerbitzuak eta –baliabideak behar bezala koordinatzea.
  • Babes sozialeko sistemaren beste baliabide batzuekin, zerbitzu juridikoekin eta polizia-zerbitzuekin koordinatzea, arazoari alderdi guztietan eraginkortasunez aurre egiteko.
  • Interbentzioak erregistratzea.

Hemen, garrantzitsua da aipatzea, halaber, ‟NOT TO DO” edo zer ez den egin behar genero-indarkeriaren arretan:

  • Minimizatu
  • Norberaren ardura ez dela uste izan
  • Indarkeria justifikatu
  • Arriskua gutxietsi
  • Jarrera paternalista izan
  • Botikak preskribatu
  • Bikote-terapia indikatu
  • Seme-alabak biktimatzat ez hartu
  • Beste nonbaitera deribatzea lehen neurri bakar gisa
  • Komunikazio judizialaren beharra ez erregistratu eta ez baloratu

 

Sexu-erasoen kasuak, non eta nola artatu behar ditugu?

Sexu-erasoa edo -abusua honelakoa izan daiteke:

  1. Oraintsukoa: 120 ordu (5 egun) baino gutxiago igaro direnean.
  2. Oraintsukoa ez dena: 120 ordu (5 egun) baino gehiago igaro direnean.

Denbora-muga hori ez da muga hertsitzat hartu behar. Igarotako denbora 120 ordu horietatik gorakoa denean, baina lege-intereseko laginak hartu ahal izateko zantzuak edo susmoak daudenean (kasuaren inguruabar partikularrak direla eta), sexu-erasoa edo -abusua oraintsukoa balitz bezala jardun behar da.

Oraintsuko sexu-eraso edo -abusua: oraintsuko sexu-erasoa jasan duela susmatzen den pazientearen balorazioa ospitaleetan egingo da. Pazienteak dagokion lehen mailako arreta-zentrora jotzen badu, tratamendu medikoa berehala ematera behartzen duen larritasun-egoerarik ezean, lehenbailehen igorriko da hurbilen dagoen ospitalera, garbiketarik edo arropa-aldaketarik egin gabe.

Oraintsukoa ez den sexu-eraso edo -abusua: oraintsukoa ez den sexu-erasoa jasan duela susmatzen den pazientearen balorazioan ez da beharrezkoa izango pazientea ospitalera igortzea, baldin eta dagokion Lehen Mailako Arretako zentrora jo badu. Izan ditzakeen kalte fisiko eta/edo psikikoetarako laguntza emango zaio eta dagokion jardun diagnostiko-terapeutikoen plana abian jarriko da: serologiak eskatzea, sexu-transmisiozko infekzioak hautematea, B hepatitisaren aurka txertatzea…

 

Beharrezkoa al da tratu txarrak ematen dituenarekin ere lan egitea?

Genero-indarkeriari buruz aritzean, emakumeei buruz hitz egin ohi da. Baina, gutxitan aipatzen da indarkeria hori eragiten duten gizonak; hala, badirudi haiek ez dutela erantzukizun sozialik.

Ez dago gizon erasotzailearen edo gaitz-egilearen profilik, ezta horrekin lotutako osasun mentaleko patologiarik ere. Baina badira emakumearen gaineko botereari eta bikotean inposaketa-jarrerei eusteko jokabideak. Horrek guztiak zerikusia du maskulinotasun hegemonikoaren ereduarekin. Osasunaren Mundu Erakundeak adierazten duenez, erasotzaileak gizarte-klase, arraza, kultura, erlijio, jatorri eta herrialde guztietakoak dira. Hainbat azterketatan adierazten da berrerortzea oso handia dela.

Gizonak indarkeria eragitearen erantzule dira, eta aldatu egin daitezke.

Erasotzaileekiko arreta ez da erraza osasun-profesionalentzat, eta horrek batzuetan segurtasun falta eragiten die. Lehen Mailako Arretako osasun-langileek, oro har, tratu txarren emaileari eta emakumeari (edo seme-alabei) aldi berean ematen diete arreta.

Horrek berekin dakar tratu txarren emaileak jarduteko aukerak izatea eta laguntza eskatzea, zuzenean edo zeharka, sorrarazten ari den egoeraren jakitun denean.

Jarduketa hauen helburua da gizonei dagokien erantzukizuna beren gain hartzen laguntzea, errehabilitatzeko aukera eskaintzea eta laguntza psikoterapeutikoko terapiekin euskarria ematea. Gogorarazi beharra dago, lehenik eta behin, biktimaren integritatea zaindu behar dela. Ezein esku-hartzek ezin du haren bizitza eta ongizatea arriskuan jarri, eta ez da biktima errudun sentiarazi behar.

Esku hartzeko programez gainera, beharrezkoa da lehen mailako prebentzioa, eta ulertarazi behar da gizonak direla, hain zuzen, genero-indarkeriarekin lotutako arazoaren konponbidearen zati bat.

 

Sistema sanitarioa eta soziala dira genero-indarkeria jasan duen emakumeari arreta emateko hurbilen dauden bi eremuak. Nola koordinatzen dira bi eremu horiek?

Udalerri askotan erakunde arteko koordinazio-protokoloak daude.

Tokiko protokoloetan, udal-sail ugarik parte hartzen dute (gizarte-zerbitzuek, berdintasunekoek, Udaltzaingoak…), baita Ertzaintzak eta Osakidetzak ere, funtsean. Instituzio horiek, halaber, euren jardun-protokoloak dituzte. Horregatik, dokumentu hauetan beharrezko prozedurak zehazten dira erakundeen arteko kordinazio horrek bete ditzan zuzentasun-printzipioak, indarkeria jasaten duten emakume eta adingabeekiko arretarean benetako hobekuntza lortzeko. Horrez gain, lortu nahi da protokolo horiek jasotzen dituzten hitzarmenak beteko direla ziurtatzeko gauzatzen diren instantziak eta mekanismoak aurrera eramatea.  Koordinazio horren azken helburua da sare bat sortzea. Sare horrek emakumeei lagundu behar die eta haientzat sostengu izan behar du. Horrek bigarren mailako biktimizazioa saihestu behar du; baina, orobat, funtsezkoa da instituzioen arteko lana erraztuko duten irizpideak eta esperientziak trukatzeko espazio bat sortzea. Izan ere, horrek aukera emango du sare hori sendoagoa izateko.

Asmoa da jardunbide normalizatua eta homogeneoa ezartzea aurretiazko hautematean udalerrian diharduten ageenteentzat; baita atzemandako kasuak baloratzea eta horien jarraipena egitea ere. Helburu horrek berekin dakar profesionalei jarraibideak ematea emakumearenganako indarkeria-egoerari erantzuteko, gaur egun dauden baliabideekin, ahalik eta arreta onena emanda.

Hartutako erabakiek helburu espezifiko hauek dituzte:

  • Indarkeriaren biktima den emakumeari arreta ematea eta hura babestea. Horretarako, lankidetza-bideak ezarri behar dira erakunde guztien artean, hark ahalik eta eragozpen txikienak izan ditzan eta informazio ulergarria eta erabilgarria izan dezan tramite eta prozesu guztietan, laguntza duela eta bere erabakiak hartzean babestuta dagoela sentiarazita.
  • Biktima diren eta ahalduntzearen ikuspegitik indarkeriari aurre egiten dieten emakumeei arreta ematea. Horrek balio behar du emakumeen indarra erreskatatzeko eta toki-mailan, foru-aldundien mailan, maila autonomikoan eta Estatu-mailan ezartzen diren berdintasun-politika publikoen barruan integratzeko.
  • Emakumeei, beren seme-alabei eta euren zaintzapean dituzten mendeko pertsonei ematea indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen baliabide guztiak, eta koordinazio-jarraibideak finkatzea esku hartzen duten zerbitzuen artean.
  • Esku hartzen duten erakundeen baliabide egokiak ahalbidetzea eta koordinatzea.
  • Proposatzea dauden zerbitzuak hobetu daitezen, eta komenigarritzat hartzen diren zerbitzu berriak sor daitezen, kontuan izanik ikusten diren gabeziak eta planteatzen diren premia berriak.
  • Sustatzea beste agente sozial batzuen hurbiltzea eta parte-hartzea, sartuta daudenena bai indarkeria matxistaren prebentzioan, bai indarkeria hori agertzen den beste modu batzuen arretan. Izan ere, arreta hori ez da iristen ari biktimekiko arretan sartu ohi diren erakundeengana. Adibidez, horien artean daude gazteekin edo beren indarkeria-egoera jendaurrean jakinarazteko zailtasun handienak dituzten emakumeen sektoreekin lan egiten duten erakundeak.
  • Datuak biltzeko tresnak sortzea. Horiek ahalbidetuko dute emakumeenganako indarkeriatik irteteko ibilbideak ezagutzea eta analisi hobeagoa egitea, baita prozesu horretan topatzen dituzten zailtasunei dagokienez ere.

 

Osasun-hezkuntzako zer jardueratan sar dezakegu genero-berdintasuna eta indarkeriaren prebentzioa?

  • Erditzeko prestakuntza-taldeetan, guraso-eskoletan, honako hauek landuz: gurasoen inplikazioa haurdunaldian eta erditzean; erantzukizun partekatua hazkuntzan, etxeko lanetan; tratu on eta txarra bikote-harremanetan.
  • Eskola-osasuna: berdintasunezko heziketa, eskola-jazarpenaren prebentzioa familiakoekiko eta lagunekiko tratu onaren sustapena, sexualitate osasungarria… landuz
  • Berdintasunerako/prebentziorako tokiko mahai-inguru eta jarduketetan parte hartzea.

 

Pandemia eta genero-indarkeria. Binomio horri dagokionez, badugu zer esan gure arloan…

Azken asteotan kasu asko eta bereziki larriak izaten ari gara.

Bestalde, 2020an erregistratu zen hilketa matxisen kopururik txikiena (2003). Adituen ustez, murrizketek erasotzaileen menderatzea erraztu dute, hori baita indarkeriaren azken helburua.

Berdintasun Ministerioaren arabera, zifrek “agerian uzten dute pandemiak eta konfinamenduaren ondoriozko neurriek erasotzaileei beste indarkeria mota bat erabiltzea ahalbidetu diétela”, hain zuzen ere, “indarkeria psiklogikoa eta kontrolekoa”, “emakumeen eta haien seme-alaben osasun mentalean ondorio larriak eraginez”.

Pandemia aldian, mugikortasunari ezarritako mugak, lan egiteko modu berriak eta osasun-sistemaren arreta-lehentasunak direla-eta, indarkeria jasaten duten emakume gutxiago heldu da kontsultetara, eta egoera horren ondorioak ikusten joango gara.

 

On line ikastaro bat diseinatu da Donostialdeko ESIko profesional guztientzat. Zertan datza ikastaro hori, eta nola egin dezakegu?

On line arituko den talde bat diseinatu dugu, eta espero dugu irailetik aurrera ikastaroa eskaini ahal izatea. Funtsean, Gidaren aurkezpena egingo da.