Max Pérez, 40 urte ospitaleari pultsua hartuz

Zer dira 40 urte? Nola igarotzen dira 40 urte? Zaila da galderari erantzutea. Beti bezala, ikuspegia non jartzen duzun, horren araberakoa da dena. Gure unibertsoaren bilakaeran 40 urte une bat dira, izarren eta zulo beltzen artean oharkabean gertatzen den dirdira labur bat. Guretzat, gizakiontzat, ordea, 40 urte bizitza oso bat da. Errukigabe igarotzen den denbora-tarte luze bat, eta oroitzapenak sortuz joaten gara horretan, egunen joanean lagunduko diguten oroitzapenak, bizitzea den abentura gozo honetan zer egin dugun, zer sentitu dugun argituko diguten oroitzapenak.

40 urte aldi luze samarra da; gauza asko gertatzen dira aldi horretan, pertsona asko igarotzen. Gure ospitaleak adin hori gainditu du jada. Hirurogei urte beteko ditu 2020. urte bitxi honetan. Eta 60 urte horietatik, 40ren lekuko izan da ondoren kontatuko dugun istorioaren protagonista. 40 urte gure ospitalean arnastuz, hura ukituz eta hari neurria hartuz. Pixka bat kokatzearren, duela 40 urte, egunkariak 25 pezeta balio zuen, ogi batek adina, Reala ligako txapeldunorde gelditu zen, eta egoera politikoa zaila eta nahasia zen. Garai hartan Max gazte bat hasi zen lanean Donostia Ospitaleko ikuztegian. Une honetan Máximo Pérez Gurruchaga izeneko gazte hori nor den azaldu beharko genuke. Baina uste dut ez dela beharrezkoa. Jende guztiak ezagutzen du Max, eta dirudienez, Maxek jende guztia ezagutzen du.

Esan dugun bezala, Maxek 26 urte zituen Donostia Ospitalera iritsi zenean, eta ez zuen inola ere imajinatzen bere bizitza erakunde honekin batera igaroko zela horren denbora luzean: «Ez, ez nintzen jabetzen hau guztia biziko nuela. Ni fisika ikasten hasi nintzen Nafarroako Unibertsitatean, gaur egun Koldo Mitxelena den horretan. Hor zegoen Fisika Fakultatea, eta Ingeniariena. Baten batek ospitalean oposizioak egiten ari zirela esan zidan, eta garai hartan Erizaintzako Eskolan egiten ziren. Hogeita hamar geunden, eta 4 arauak eta beste gauzaren bat gehiago sartzen ziren azterketan. Ez zen orain bezala. Eta han sartu nintzen. Lehenik behin-behineko gisa eta, 6 hilabeteren buruan, plaza hartu nuen. Begira, etorri nintzenean, gehienez 6 hilabeterako zela uste nuen. Uste dut 26 urte nituela, horregatik esaten dizut hemen 40 daramatzadala, ez baitut, egia esateko, ongi gogoratzen. Hasieran zeladorea izan nintzen; zeladoreen arduraduna, gero. Horren ondoren, ikuztegiko buru izatea eskaini zidaten. Han nengoela, zeladoreen burua izatea proposatu zidaten eta, harrez geroztik, kargu horretan egon naiz, bat-egiteak eta gerenteak nola igarotzen ziren ikusten. Nire ustez, asko ikusten ez nindutenez, hor geldi uzten ninduten. Ez nuen burua gehiegi ateratzen».

Gauza bat da Maxekin mintzatzea eta beste bat, zer esaten duen idaztea. Zoritxarrez, paperak ez du jasaten Maxek gauzak nola kontatzen dituen, garrantzitsuena nola kontatzen dituen baita. Haren ironiak, babes gisa erabilita, pertsona samur, sentibera bat ezkutatzen du. Guztiak badu nolabaiteko gibel-asmoa, baina gauzak zintzotasunez kontatzen ditu. Atsegina da Maxen ondoan egotea, eta harekin pixka bat solasean zaudenean ohartzen zara horretaz. Berehala konturatzen baitzara hari adituz irri arina azaleratzen zaizula ezpainetan, gauza serioak hizpide izan arren. Jendetasuna du eta hark ere badakiela uste dut.

Urte hauetan guztietan Max lekuko pribilegiatua izan da, zeladorearen eginkizuna nola aldatu den eta ospitalea nola aldatu den. Max serio jartzen da eta bere oroitzapenei heltzen die: «Nik korridoreetan oheak zeudenekoa ezagutu nuen. Pazienteak korridoreetan zeuden ohe batekin eta bionbo batekin. Baliabide materialak hobeak dira orain. Garai hartan oheek biradera zuten eta lau pertsona zeuden gela bakoitzean. Guztiak hobera egin du, argi eta garbi. Zeladorearen eginkizunari dagokionez, aldaketa gizartearen aldaketekin batera etorri da. Zeladoreen maila kulturala handitu da, eta, oro har, gainerako langileenaren parean da gaur egun. Prestakuntza eskasagoa genuen orduan, lanean ez ezik, baita arlo intelektualean ere. Orain jende askok ikasketak egin ditu eta kultura-maila handia du. Beste alderdi bat emakumeak zeladoreen lanean sartzea da. Ni sartu nintzenean ez zegoen emakumerik. Gainera, zeladoreak taldeetan sartu dira. Integratuago daude taldeetan eta solairuetan. Jendeak lanbidea ospitalean ikasi du, hor ikasten baituzu lan egiten».

Alderdi horiei dagokienez, iritzi berekoa da Juanjo, Gipuzkoa eraikineko zeladoreen arduraduna. Gaur egun Donostia Ospitalea osatzen duten eraikinetako lantaldeek bat egin zutenetik ezagutzen du Max. Juanjok adierazi duenez, «zeladoreen beste belaunaldi bat iritsi da ospitalera; ikasketak eginak dituzte, gaur egun ikasi eta LEP bat gainditu behar baita zeladore lan egiteko. Zeladore horien batez besteko maila, gaur egun, goi-mailako batxilergokoa izango da segur aski. Gauzak jada ez dira berdinak pertsonen maila horrekin. Zeladoreak motu proprio joan dira gauzetan gero eta gehiago inplikatzen. Unitate batean zeladorerik badago, nabaritu egiten da. Ez da mandatuez arduratzen den neska edo mutila, zerbitzu guztietan laguntzen duen pertsona baizik. Berdin lagunduko dizu ohe bat altxatzen, edo pazienteren bat oheratzen, eta biltegira joango da edozer gauzaren bila».

Juanjorekin hitz egiten, berehala ateratzen da hizpidera Maxen izaera. «Maxek dohain berezi bat du bizitzaren alderdi humanorako. Izugarri lagundu dit. Nire ustez, edozein pertsona, medikua edo zeladorea izan, dena dela, Maxengana badoa arazo bat duelako, hura arriskatu eta nolabait laguntzen saiatuko da. Ez da kikiltzen den pertsona bat. Nik arazo pertsonalak izan ditut eta hark ahal izan duen guztian lagundu dit. Eta jende guztiarekin egiten du. Hori onartua du egunerokoan. Laguntzea, alegia; hala alderdi teknikoan nola humanoan. Nik asko maite dut Max, erraza baita Max maitatzea. Eta alderdi teknikoan niri egiten utzi dit. Kongresuetarako lanak prestatzen utzi dit eta joatera animatu nau. Gainera, beti eman dit bere iritzia».

Iñaki Ayesa azken etapan sartu diren zeladore horietako bat da, aurretik aipatu dugun zeladore ikasietako bat, alegia. Iñakik, Juanjok bezalaxe, zalantzarik gabe nabarmentzen du Maxen profesionaltasuna. «Maxek, oroz gain, badaki taldeak kudeatzen. Gutako bakoitzaren ahalmena ezagutzen du eta badaki hori ateratzen. Haren hurbiltasuna eta giza berotasuna ezinbestekoak dira zeladoreena bezalako kolektibo batekin lan egiteko orduan. Pena da lehenago ezagutu ez izana».

Iñakik hau ere gehitu du: «Lanbidearen nondik norakoak irakatsi dizkit niri. Maxen ondoan ikasi dut nik zeladorea izaten. Egia esateko, gauza asko eskertu behar dizkiogu Maxi».

Hitz egin dugun jende gehienak Maxen izaera atsegin eta hurbil hori nabarmentzen du, eta guztiek ongi hitz egiten dute hari buruz. «Bai, egia esateko, jendearekin oso harreman ona izan dut, beste batzuekin, ez. Normala da, eta ez dut esan nahi azken hori ez dela, neurri batean, nire errua izan. Ez dut nahi jende guztiak maite nauelako sentsazioa gelditzea, ez baita egia. Gogo handia jarri dudala uste dut nik. Gogoa eta prestasuna. Jende guztiak nirekin hitz egin ahal izan duelakoan nago. Eta jendearen arazoei ere egin diet kasu. Jendeaz arduratzen ahalegindu naiz. Naturaltasunez jokatu dudala ere uste dut. Ospitale handi batean, horrenbeste jenderekin, inork ezin du esku gogorrarekin agindu. Estropezu egingo duzu askotan. Jendea eramaten jakin dudala uste dut. Eta pertsona ona izan naizelakoan nago, ezta? (ironia). Zenbaitek esan didate ezen, hasieran, ezagutzen nindutenean, beldurra zidatela, beldurra kakotx artean. Ikusi ninduten lehen aldian errespetua ematen niela, nire seriotasuna dela-eta. Barregarria da beti jendeak nola ikusten zaituen jakitea. Eta, begira, serio naizenik ez dut inoiz pentsatu nik».

Maxi galdetu diogu ea zertarako balio izan duten 40 urte hauek, ea lan honetatik zer eramango duen, eta, dudarik gabe, dio: «Jendea. Adiskide asko egin ditut maila guztietan. Kaleko jende askok ezagutzen nauela uste dut. Nolabaiteko presentzia izan dut eta dezente ikusi naute ospitale honetan. Uste dut pazienteei eta senideei laguntzeko lana ongi egin dudala eta hori pozgarria da». Loreto Marquetek Erizaintzako zuzendariordeak ongi ezagutzen du Max eta adierazpen hori berretsi du: «Ospitalean erretiroa hartutako jende asko, kalean topatzen duzunean, esaten dizu eskerrak Max dugun, lagundu egingo dizun erreferentziako pertsona bat dugula adierazi nahian edo». Eta nabarmentzen duenez, «beno, erretirodunak eta jende guztia, pertsona guztiei laguntzeko prest baitago beti. Haren ezaugarri nagusiak pazientzia eta jende guztiarekin atsegina izatea dira».

Loretok nolabaiteko harrotasunez esaten du Max betidanik ezagutzen duela, eta adiskidetasun-harremana ere izan duela, gainera. Baina adiskidetasun horren gainetik, haren hitzei zintzotasuna darie, esker onez beterik daude: «Max hor egon da beti. Beti. Dei egiten zenionean, eta libre baldin bazegoen, hura bera joaten zen zerbitzu hori egitera. Laguntzeko prest agertzen da beti eta hor dago arazo edo atzerapen oro eragozteko. Erabateko arduraldia izan du. Iganderen batean, ez zegokion arren, goizeko zazpietan ospitalera etorri beharra izan badu, etorri egin da. Ez da larunbat edo iganderik egon ospitalean pare bat ordu gutxienez egon ez denik. Profesional handia».

Maxekin solasean ari garen bitartean, joka eta joka ari da telefonoa. Dirudienez, pazienteren bat ebakuntza-gelara eraman beharra dago eta Maxek nolabaiteko etsipenez erantzun dio telefonoari; izan ere, hasieran, gurekin hitz egiteaz oso ziur ez bazegoen ere, elkarrizketa solasaldi adiskidetsu bilakatu da berehala, eta gustura sentitzen hasi da.

Lanean 40 urte arituta, une zailak bizitzea ezin saihestuzkoa da. Baina Maxek ez ditu oso garbi gogoratzen. «Ez dut une zail horien oroitzapen argirik. Ez dut gogoan une izugarriak bizi izana. Modu orokor batez barneratu ditut, egun zail modura. Baina ez datorkit burura une berezi bakar bat. Ezta bizitzea egokitu zaigun pandemia honetan ere». Pandemiaren gaia hark atera duenez, horri buruz galdetzeko baliatu dugu, baina Max azaletik igarotzen da gai horretatik, argibide asko eman nahiko ez balitu bezala. Zegoen desinformazioa zela-eta une zailak egon zirela baino ez du esan. Eta ebola eta HIESarekin gauza bera gertatu zela gehitu du. Gogoan du garai hartan ikuztegian zegoela eta gaixo haien arropa garbitzearen oso beldur zela jendea. Une onei dagokienez, Maxek zera dio: «Oro har bizitza ona izan dela baino ezin dut esan. Eta bizitza on horren momentu asko pertsonekin eta langileekin izan direla».

Topikoa bada ere, azken 40 urteetan lan berean aritu den pertsona bati ezinbestean galdetu behar zaio hemendik aurrera zer egin behar duen. Maxek argi du: «Hemendik aurrera ez dut planik. Ez zait gustatzen planak egitea. Nire lagun batzuk unibertsitatera joan dira, baina nagi naiz ni adiskide berriak egiteko. Baina, egia esan, ez dut deus pentsaturik. Kirola egiteko esaten didate, baina kirol asko egin dut nik beti. Irakurtzeko ere, beste batzuek. Irakurle ona izan naiz ni. Bidaiatu ere egin dut, baina orain nagi naiz nolabait. Ez dut uste 65 urte bete arte itxaron behar denik gauza batzuk egiteko. Dibertitzeko esaten didatenean… Bada, begira, ez baduzu egin adin horretara arte, gaizki zabiltza. Gaur tarte batean administrari batzuekin barrezka aritu naiz eta esan diet berriz ere ez esateko disfrutatu behar dela eta orain beste etapa bat hasten dela. Zintzotasunez esanda, ez dut planik, ez zait ezer bururatzen. Etorkizunean zer egingo dudan ez dakit. Alferkerian arituko naiz, agian».

Erretiroa hartzeak ez diola burua aztoratzen adierazi du. «Duela sei hilabete pentsatu nuen, bai, baina orain ez diot buelta askorik ematen. Nahiko nuke baliagarri izan eta jarduera bat eduki. Oraintxe bertan uste dut gehiago nagoela zerbait egiteko, ez egiteko baino. Gauzak egiteko erabil nazakete oraindik. Baina hau horrela da. Okerragoa izan zen duela bi urte, jarraitzea edo ez erabaki behar izan nuenean. Une honetan ez diot bueltarik ematen. Pentsatzen dut azken laneguna egun bitxia izango dela, bai.

Maxek arantzatxo bakar bat baino ez du iltzaturik, agurrik ez izatea, alegia. «Ez dut uste maitasunak hau igarotzen denean agurrik egiteko lain iraungo digunik, baina batek daki. Zeladoreen agur-festa gehienetara jende asko joaten da, nirera jende asko ere joango zela uste dut, beraz. Edo agian ez. Baina pena dut ezingo ditudalako pertsona batzuk besarkatu eta malko batzuk isuri. Hori nahi nuen, bai, baina gela eman, eskua eta berriz gela dagokigu orain gehienez. Horrek pena pixka bat ematen dit, bai.

Ordubeteko solasaldia. Ordubete, barreez beterik, hemen idatzi ezin diren gauzez (eta ez da izango inori buruz gaizki hitz egin duelako, elkarrizketa osoan, zaila badirudi ere, Max ez baita inori buruz gaizki-esaka aritu, eta ez dio inori ezer aurpegiratu), eta, batez ere, gure ospitaleko bizimodua azken urteotan zer izan den azaltzen duten xehetasunez beterik. Haren adiskide Loretok esaten duen bezala, «Maxen falta nabarituko dugu ospitalean. Erreferentea izan da ospitaleko sarbidean».

Guztiok nabarituko dugu haren falta. Jende onaren falta nabaritzen da eta.

Gero arte, Max.