Maximo Goikoetxea buru, aho eta bihotzean

Duela 21 urte Donostia Ospitalera iritsi nintzenean (ene, zahartzen ari naiz), ia guztiz erdalduna zen ingurua. Topatu nituen euskararen erabilera bultzatu nahi zuten pertsona batzuk, eta haiekin bilduz, gure ahaleginarekin hasi ginen. Txikia zen, baina, gure eragina.

Handik pixka batera, gerente berria iritsi zitzaigun ospitalera. Ez genuen bere berririk, Maximo Goikoetxea omen zen, Foru Aldunditik etorria. Eta epe laburrean, Euskara Batzorde bat antolatu zuen, lehen lehendakari Santi Larburu zela, lantalde batekin. Ni ez nintzen lehen bileretan izan, baina handik gutxira jaso nuen bilera haietara biltzeko gonbita. Baiezkoa eman, eta non zen galdetu nuenean, gerentearen bulegoan zela esan zidaten. Egia esan, ez nintzen sekula hirugarren solairuan izan, Zuzendaritzako aldean, eta ondo non zen ere ez nekien. Gogoan daukat mahai luze hura, gizon irribarretsu bat buru zela, Maximo bera. Benetako liderra zen Maximo, hitzaren zentzu zabalenean. Berak bultzatu zuen Euskara Batzordea, Euskara Planak halakorik jasotzen ez zuenean; berak izendatu zuen idazkari bat (Koro, langile fina bera), berak eman zion aurrekontua, eta batez ere, bere itzalak babestu zituen gure lehen ekintzak.

Halakoa zelako gure funtzionamendua: ideiak proposatu, eztabaidatu, bideratu eta aurrera eraman, beti ere gerentearen, Maximoren, bultzadarekin eta babesarekin.  Horrela sortu zen langile euskaldunak pin batez identifikatzeko ideia, nola irtengo zen ere ez genekiena, baina berehalakoan zabaldu zena, euskararen erabilera biderkatuz. Horrela etorri ziren lehen gidak, Joanes Etxeberri saria, eta beste hainbat ekimen, gaur normaltasunez hartzen ditugunak, baina orduan ideia soilak baino ez zirenak. Lider batek sortarazi zuen taldea, babestu, eta indar eman.

Oraintsu hil zaigu Maximo, Donostia Ospitaleko euskararen lehen liderra. Beti izango dugu gure buru eta bihotzetan. Eta egin geniezaiokeen omenaldirik onena, ahoan (eta laster, espero dugunez, gure idatzizko lanean) euskara izatea da. Mila esker!

Felix Zubia (Langileen Euskara Batzordeko Lehendakaria)